61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAIBAR

Ordenantza, herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Olaibarko Udalak, 2023ko irailaren 13an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena Olaibarko Udaleko herri-lurren aprobetxamenduak.

Hasierako onespenaren erabakia 2023ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 3an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Olaibarren, 2024ko otsailaren 22an.–Alkatea, María Carmen Lizoain Osinaga.

ORDENANTZA, OLAIBARKO UDALEKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, erregula daitezen Olaibarko udal-mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain. Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Olaibarko Udalaren ahalmenak dira herri-ondasunen gainean xedatzea, haiek administratzea, aprobetxamendu-araubidea ezartzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den eran.

Herri-ondasunen inguruan Olaibarko Udalak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Olaibarko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; azken bi horiek izanen dira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Olaibarko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Olaibarko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta aurka eginen dio haien kalterako pribatizazio saio edo ekintza orori.

8. artikulua. Olaibarko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Olaibarko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Olaibarko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz, Olaibarko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Olaibarko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Kontratuak interpretatzeko erabaki horiek betearazleak izanen dira lehen unetik, horrek galarazi gabe kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Olaibarko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da 6/1990 Foru Legean zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

14. artikulua. Debekatuta dago ezer eraikitzea herri-lurretan. Ordenantza honek indarra hartu baino lehen ziren eraikuntzetan mantentze lanak egin ahal izanen dira, Olaibarko Udalak aldez aurretik baimena emanda eta behar den obra lizentzia ordainduta.

Olaibarko Udalak aztertutako du beharrezkoak diren abeltzaintzako azpiegiturak (uraskak, jateko askak eta abar) edo aldi baterako bestelako instalazioak paratzeko aukera. Horretarako, adjudikaziodunak aldez aurretik eskatu beharko dio Udalari, eta Udalak berariaz onetsi beharko du.

IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDU MOTAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

15. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Epaitzen aprobetxamenduak.

16. artikulua. Olaibarko Udala ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori bateragarri eginen du duten izaera sozialarekin.

17. artikulua. Oro har, Olaibarko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Benetan bizitzea Olaibarren urtean bederatzi hilabetez gutxienez.

d) Udalhonekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Azienda alta emanda izatea Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, ustiapenaren liburuan agertzea eta Olaibarko Udalaren baimena izatea jarduera hori egiteko.

f) Bestelako azienda izanez gero, hala nola erleak, txerriak, hegaztiak edo beste batzuk, Olaibarko Udalak kasu bakoitza baloratuko du.

Lursail bererako bi eskaera badaude, eta lursail horren zatiak adjudikatzeko irizpideak berberak badira, kontuan hartuko da abelburuen kopurua. Aprobetxamendua zatitzea badago, zatiketa modu proportzionatuan egiteko aukera aztertuko da; bakoitzak daukan abelburu kopuruaren arabera, alegia.

18. artikulua. Zuzenean adjufikatutako lur guztiak erregistratzeko liburua eramanen du Olaibarko Udalak, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokaera eta izandako aldaketak.

II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

19. artikulua. Olaibarko Udalaren herri-lurretako larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren baitan udalerriaren titulartasuneko herri-lur guztiak sartzen dira.

20. artikulua. 1.–Herri-lurretako aprobetxamenduez baliatzeko epea 10 urte izanen da. 5 urtez jarraian luzatzen ahal da, Olaibarko Udalaren osoko bilkurak aurretik berrikusita.

21. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez eginen da.

Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak dira herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

22. artikulua. Herri-lurretako larreen adjudikazioan, Olaibarko Udalak abeltzaintza, nekazaritza eta gizarte arloko irizpideak erabiliko ditu. Lehentasuna emanen zaie jarduera nagusia abeltzaintza edo nekazaritza duten familia-unitateei eta ekonomikoki apalenak direnei.

23. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu bezala, familia-unitateen maila ekonomikoa zehazteko, irizpide objektiboak erabiliko ditu Olaibarko Udalak, hala nola pertsona fisikoen errenta, nekazaritzaren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

24. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena.

Herri-lurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskaria egin gabe eta Olaibarko Udalak baimenik ematen ez badu.

Hori dela eta, Olaibarko Udalak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, familia-unitateko bizilagun titularrek beren aziendari baja ematen diotenean Nafarroako Gobernuaren animalien abeltzaintza zentsuan.

25. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.

26. artikulua. 1.–Adjudikatutako herri-lurretan itxiturak egiteko Olaibarko Udalaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak zurezkoak izan daitezke edo taketak burdin hariekin eta landareekin ere. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, hormigoi-blokezkoak edo antzekoak, eta dagokion txaparekin identifikatuko dira.

27. artikulua. Herri-lurrak jabego pribatuko lurrekin batera itxi ahal izanen dira, betiere mugarriekin behar bezala seinalatuta eta herri-lurrak direla adierazten duten txapak jarrita.

28. artikulua. Olaibarko Udalak, onuradunei hiru hilabete aurretik iragarri ondoren, eraginik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin bultzatzen badute herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk.

Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela ekarriko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

29. artikulua. Olaibarko Udalak honelako baliokidetzeak finkatu ditu azienda mota bakoitzeko:

a) Bai behi-aziendako buru helduek bai zaldi-aziendako buru helduek AzLU bateko (1) balioa dute (azienda larriko unitatea).

b) Heldua ez den behi-aziendako edo zaldi-aziendako buru batek, edo zaldi-azienda txikiak (poneyak) 0,7 AzLUko balioa du.

c) Ardi-aziendako edo ahuntz-aziendako buru batek 0,15 AzLUko balio du.

Baliokidetasun eta baldintza horiek Olaibarko Udalak aldatzen ahalko ditu, ingurumen arloko legedia edo gainerako araudia aplikatu behar izanez gero, edo Nafarroako Gobernuak horixe gomendatzen duenean, edo komenigarritzat jotzen bada herri-lurretako larreak eta mendiak egoera onean mantentzeko.

30. artikulua.

1.–Larreetan txerriak bazkatzeko aukera berariaz aztertuko da. Horretarako, aldez aurretik egin beharko dira jasangarritasunari buruzko txostenak.

2.–Erlauntzak paratzeko baimena Olaibarko Udalaren osoko bilkurak onetsi beharko du.

31. artikulua. Tarifak.

Urteko tarifa hauek ezartzen dira azienda mota bakoitza larratzeko (modu automatikoan luzatuko da haien indarraldia, salbu eta Olaibarko Udalak kontrakoa erabakitzen badu):

–Aziendako buru heldu bakoitzeko, 15 euro urtean.

–Aziendako buru txiki bakoitzeko, 10 euro urtean.

–Ardi-aziendako buru bakoitzeko, 3 euro urtean.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Olaibarko Udalak egoki deritzonean, teknikari eskudun bati kontsulta egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten.

Adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onetsi eta hilabeteko epean ordainduko dira tarifak.

Azalera baliokidearen ziurtagiria: ordainketa egin ondoren, Olaibarko Udalak ziurtagiri pertsonalak emanen dizkie horiek eskatzen dituzten adjudikaziodunei.

III. KAPITULUA.–EPAITZEN APROBETXAMENDUA

32. artikulua. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Olaibarko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

33. artikulua. Olaibarko Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko etxerako epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

34. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

35. artikulua. Adjudikatu diren epaitzetatik kanpora, botatzeko arbolen enkantea eginen du, urtero, Olaibarko Udalak.

36. artikulua. Orbaibarko Udalak urtero finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona, epaitzak markatzea, bideak konpontzea eta lanak ekartzen dituen beste gastu batzuk kontuan hartuta, betiere behar bezala justifikatzen badira eta zuzenean epaitzei egozten ahal bazaizkie. Gerta liteke Olaibarko Udalak ez finkatzea kanonik, mendia garbi egon dadin errazteko eta sustatzeko.

37. artikulua. Zozketa publikoaren bidez adjudikatuko dira epaitzak. Behar adina epaitzarik ez badago, daudenak zozketatuko dira, eta hurrengo epaitzetan zerrendako gainerako eskatzaileek izanen dute lehentasuna.

38. artikulua. Epaitza biltzeko epea zortzi hilabete da zozketaren egunetik hasita, Alkatetzak baimen esplizitua eman ezik.

Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, Olaibarko Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Debeku da zaborrak botatzea mendian (plastikoak, latak etab.). Horiek bildu eta dagozkien zaborrontzietara bota beharko dira.

3.–Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetez ukatuko zaie aprobetxamendu honen kontzesioa, eta %100eko errekargua izanen dute kanonean.

Adjudikaziodun batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion epaitza eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa adjudikatuko zaio, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, adjudikaziodunak ezin izanen du etxerako beste loterik eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.

Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, bai eta zehapenak ordaintzera ere, halakorik ezartzea bidezkoa izanez gero.

V. TITULUA.–ADJUDIKAZIORAKO PROZEDURA

39. artikulua. Aprobetxamendu eskabideei erantsiko zaie honako hauen gaineko zinpeko deklarazioa:

a) Olaibarko biztanle izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Betebehar fiskalak ordainduta izatea bai udal honekin bai beste toki entitateekin ere, eskatzailea haiei loturik badago.

c) Udal honetan zein beste batzuetan, jabetzan duen lurraren azalera eta zein laborantza mota (baratzeak, euntzeak eta abar).

d) Errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrak.

e) Abelburuen kopurua eta haien espeziea; larreak baliatzea eskatuz gero, osasun ziurtagiria erantsiko da.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Aipatutako zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Olaibarko Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatzeko.

VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

40. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

c) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Olaibarko Udalak finkatzen dituen epeen barnean.

d) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.

e) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

f) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

g) Bazkatzeko epeak eta eremuak ez errespetatzea.

h) Edozein eraikuntza mota eraikitzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

41. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

Lehenbizikoari, adjudikazioa kenduko zaio, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak. Gainera, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak bahituko dira.

TARIFEN ERANSKINA

–Erlauntzak 1,15 euro unitate bakoitzeko.

Baldin horien titularrak badira gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda daudenak: 0,58 euro unitate bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2403336