61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 27koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko. IDEIA 2024". DDBN identifikazioa: 746301.

Kulturaren hirugarren sektorea eta hura osatzen duten irabazi-asmorik gabeko eta interes orokorreko egiturak funtsezkoak dira kultur jarduera garatzeko eta, azken batean, herritarrek kultura berdintasunez eskura dezaten. Kontu horrek munta handia du; izan ere, Espainiako Konstituzioak berak garrantzi handia ematen dio kulturari: aitzinsolaseko bosgarren paragrafoan aipatzen du, aurrerapenaren dimentsio kulturalaz ari dela, eta hari buruzko artikulu bat ere badu, 44.a, non ezartzen baitu botere publikoen obligazioa dela kultura herritarren eskura izanen dela bermatzea eta kultura bultzatzeko betebeharra dutela, espainiar guztien eskubide besterenezina delako. Printzipio horiek, halaber, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 2. artikuluan jasota daude.

Kultur egitura horiek funtsezkoak dira kulturaren jarduna egiteko eta, azken batean, herritarrek kultura parekotasunez eskuratzeko.

Deialdi honetan jasotako dirulaguntza lerroek eta laguntza neurriek helburu dute herritarrek kulturarako irispidea eta bizitza kulturalean parte-hartzea izan dezaten bultzatzea, baita kalitatezko arte eskaintza bat faboratzea ere, askotarikoa, berritzailea eta herritar guztientzako interesgarria dena, eta, azken batean, Nafarroako kulturaren hirugarren sektorearen sorkuntza jarduerari laguntzea.

Deialdi honen xedea da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunari laguntzea, bai kultur sektorean bai herritar guztien artean.

Kontuan harturik gastua baimentzeko helburua eta baldintzak betetzen direla, bai eta legez ezarritako betebeharrak ere, eta ikusirik espedientean jasota dagoela Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak proposatu du onets daitezela "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko. IDEIA 2024" izeneko deialdia eta haren oinarri arautzaileak, 140.000 euroko gastua baimendu dadila 2024ra luzatutako 2023ko gastu-aurrekontuko "IDEIA: Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kulturaren hedapenerako eta dibulgaziorako" izeneko A20002 A2500 4816 334104 partidaren kargura, eta foru agindu hau eta eranskina argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Baimendutako kredituari 5.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko. IDEIA 2024" izeneko deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdiaren konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira, zeinak handitzen ahalko baitira foru agindu honetan adierazitako eran:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4816-334104: IDEIA: Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kulturaren hedapenerako eta dibulgaziorako

2024

140.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 27an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–"KULTUR ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZAK, KULTUR HEDAPENERAKO PROIEKTUAK EGITEKO. IDEIA 2024" DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da kultur entitate eta elkarteen kultur proiektuetarako laguntzak arautzea, Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparruan, jarraitutasunez egin ditzaten kultura hedatzeko jarduerak, Nafarroako Foru Komunitatean konferentziak, hitzaldiak, erakusketak, sariketak eta biltzarrak antolatuta, horien bitartez pertsona guztiek kulturarako irispidea izan dezaten eta bizitza kulturalean libreki parte har dezaten laguntzeko, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearekin bat.

1.2. Deialdi honen xedea da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunari laguntzea, bai kultur sektorean bai herritar guztien artean.

1.3. Irismen soziala eta inklusiboa duten elkarteek gauzatuko dituzte proiektu horiek. Gizarte ehuna eta Nafarroako kultura sortzen, mantentzen eta sustatzen lagundu behar dute, eta biztanleria osoari zuzenduak egon.

1.4. Proiektuak 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 1era bitartean egin beharko dira (bi egunak barne).

Gastua eta ordainketa frogatzeko agiriek 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

1.5. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

1.6. Jarduera hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Arte eszenikoetako eta musikako emanaldiak, euskarri digitalean egindakoak barne.

b) Zinemako eta ikus-entzunezko arteetako erakusketak.

c) Liburuak eta aldizkariak argitaratzea, bai ohiko euskarrian bai euskarri magnetiko edo informatikoan, edo argitalpen diskografikoak, artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak direnak.

d) Nafarroako kultur ondare immateriala dokumentatzeko, ikertzeko, transmititzeko, iraunarazteko, hedatzeko eta sustatzeko proiektuak.

1.7. Deialdiaren helburua da Nafarroako kultur jarduera biziagotzea, kultur entitateei laguntza emanez interes publikokotzat jotzen diren eta aurreko ataletan aipatzen diren xedea eta epea betetzen dituzten berariazko jarduerak egiteko.

2.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauek eskatzen dituzten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio edo entitate bat izatea, estatutuetan ezarria daukana bere xede eta helburuen artean dagoela deialdi honetako xedearekin lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei. Ezin izanen dira onuradun izan, orobat, zehapen administratibo irmoak edo kondena-epai irmoak betetzen ari diren entitateak, edo zehapen eta kondena-epai bat betetzeko zain daudenak, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.3. Kanpoan gelditzen dira:

a) Toki erakundeak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretan partida izenduna duten entitateak.

c) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak, aldi baterako baimenduta daudenenak barne.

d) Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta lanbide elkarteak.

3.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek, 140.000 euro gehienez, finantzatuko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2024ra luzatutako 2023ko gastu-aurrekontuko A20002-A2500-4816-334104 partidaren kargura ("IDEIA: Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kulturaren hedapenerako eta dibulgaziorako" izeneko partida).

Baimendutako kredituari 5.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, ez eta 15.000 eurotik gorakoa ere.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa eskatutako bera izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Proiektuak aurkeztu eta bakoitzaren aurrekontuak onartu ondoren, unitate kudeatzaileak proiektuen artean banatuko du dirulaguntza, puntuazioaren arabera zerrendan duten hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte, 7.3.4. a) oinarrian adierazitakoarekin bat.

3.5. Dirua geratzen bada, baina ez hurrengo proiektuak eskatutako dirulaguntza emateko adina, eskatzaileari eskatzen ahalko zaio hasiera batean aurkeztutako proiektua berregin dezala, eta horretarako 7.3.4. b) oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

3.6. Entitate onuradunen batek laguntzari uko eginez gero, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Uko egitearen ondorioz eman gabe gelditzen den dirulaguntza puntuazio ordenaren arabera dagokionari ematen ahalko zaio.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitate batek, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa.

4.2. Proiektua aurkezteko, 8. oinarrian aipatzen diren atalei jarraituko zaie (bertan adierazitako izenarekin eta ordenarekin), eta, nolanahi ere, alderdi hauek izanen ditu:

a) Izena.

b) Deskribapen zehatza. Atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira. II. eranskineko eredua erabiliko da.

c) Aurrekontua. Atal honetan proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi gelditu behar da koherenteak direla entitateak proiektuari aurre egiteko dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak). Aurrekontuaren deskribapena III. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak eskuragarri daude "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko (IDEIA) 2024" deialdiaren fitxan, tramiteen bilatzailean.

5.3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, dela Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez zein tramiteen bilatzailean dagoen "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko (IDEIA) 2024" deialdiaren fitxaren bidez. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat adierazi beharko da, bide hori erabiliko baita zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

5.4. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Dokumentazio guztia eskaneatua aurkeztuko da, ongi bereizitako eta behar bezala identifikatutako agirietan:

a) Entitatearen estatutuak.

b) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 orritan egin beharko da, eta hedapen planak horietatik 6 beteko ditu gehienez. DIN A4 neurriko orriak izanen dira, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin. Luzera horretatik gorako informazioa ez da baloratuko.

e) Aurrekontu zehaztua. Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

f) Entitate eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia (8.1.e puntuan aipatua) egiaztatzen duten agiriak.

5.5. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten kultur entitateek ez dute aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharrik, non eta ez den aldaketaren bat izan agiri horietan.

5.6. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 5. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

5.7. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak badira eta 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 1era bitarte egiten badira, biak barne. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak egindako gastu hauek hartuko dira kontuan:

6.1.1. Zuzeneko kostuak:

a) Eginkizun tekniko-administratiboetarako eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetarako kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza-araubidean egiten den kasuetan. Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartzen dira gisa horretako eginkizuntzat: administrazio lanak, lan teknikoak, kudeatzailetza, komisario lanak, zuzendaritza teknikoa, zuzendaritza artistikoa, zuzendaritza exekutiboa, prestakuntza lanak eta antzekoak, proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak direnak, betiere. Onartutako guztizko gastuen %15 izanen da, gehienez.

Entitate eskatzaileari lotutako pertsonen kontratazioaren kostuei dagokienez (proiektua osorik edo partez gauzatzeko), honako hauetan araututakoa bete beharko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68.2 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7.d) artikulua.

b) Kontratatutako artista edo hizlarien soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak direnenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza araubidean egiten den kasuetan. Eginkizun tekniko-administratiboetarako eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetarako kontratatutako langileek –hots, aurreko puntuan aipatzen direnek– ezin izanen dute artista gisako gasturik aurkeztu.

c) Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola tokien, ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

d) Proiektuan sartutako jarduerak zabaltzeko, digitalizatzeko eta komunikatzeko gastuak. Onartutako guztizko gastuen %15 izanen da gehienez.

e) Artista edo hizlarien ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietakoak.

Gastu horiek jarraian adierazten diren mugak izanen dituzte:

I.–Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik datozenentzat; gau bakoitzeko, 75 euro gehienez.

II.–Mantenu gastuak: eguneko mantenu bakoitzeko (bazkaria eta afaria baino ez), 20 euro gehienez. Ez dira onartuko gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko kontzeptuak.

III.–Joan-etorriak:

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, gehienez, 0,34 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

–Ibilgailua alokatzen denean, alokairuaren kostua baino ez da diruz lagunduko.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Oinarri honetan araututakoa betetzen den baloratu ahal izateko, entitate onuradunak gastu horien xehetasunak aurkeztu beharko ditu justifikazio fasean, V. eranskinean horri buruz eskatutako informazioaren arabera.

f) Proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuak diruz lagungarriak izanen dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, sozietateen gaineko zergaren erregelamendua onesten duena).

6.1.2. Zeharkako kostuak:

Zeharkako kostuen barnean daude bai gastu aldakorrak, entitate onuradunek egiten dituzten jardueretako bati baino gehiagori egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuak egon beharko dute, eta ezin dira izan proiekturako onartutako guztizko gastuen %15 baino gehiago.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1.1 g) puntuan ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Zeharkako zergak (BEZa, adibidez), berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino gehiago badira.

e) Eginkizun administratiboak eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunak dituzten langileen ostatu, mantenu (bazkari-afariak) eta joan-etorrien gastuak, ezta gosariak, kafeak, hamaiketakoak eta antzeko kontzeptuak ere.

f) Sariak, ordezkaritzako, protokoloko eta luxuzko gastuak, elikagaiak edo edariak erosteko gastuak eta antzekoak.

g) Autobide-gastuak (bidesaria), aparkalekuak eta kilometraje-gastuak, ibilgailua alokatzen bada.

7.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Ebazpen hori tramiteen bilatzaileko "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko (IDEIA) 2024" deialdiaren fitxan argitaratuko da. Honako hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat. Hura izan ezean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat. Hitza izanen du, baina botorik ez.

c) Batzordekideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo, hura izan ezean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko atalburu bat, eta kultura edo ekonomia arloetako bi aditu. Aditu horietako bat, gutxienez, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide bat izaten ahalko da.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua:

7.3.1. Batzordekideek eskatzaileen proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte, baloratzeko.

7.3.2. Balorazio prozesu osoan, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bide erabiliz, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

Entitate eskatzaileek zilegi dute proiektua azaltzen duen bideo artxibo bat eranstea dokumentazioarekin batera, 15 minututik beherakoa betiere.

7.3.3. Behin onartutako aurrekontuak ezarririk, ebaluazio batzordeak proiektuen balorazioa eginen du, eta zehaztuko du zer zenbateko dagokien 8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

7.3.4. Proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako mugak:

a) Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak proiektuen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, partidako diru erabilgarria agortu arte.

b) Gerakinik izanez gero, eta gerakina txikiagoa baldin bada puntuazioaren arabera hurrengo den proiekturako eskatutako aurrekontua baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Horrelakoetan, entitate onuradunari eskatzen ahalko zaio eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan ematen ahal den dirulaguntzara, haren xedea eta ezaugarriak bere horretan utzita betiere.

7.3.5. Batzordeak irizpen lotesle bat emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

7.3.6. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskineko inprimakian beteko da.

Oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte osotara, eta horietatik 12 puntu, gutxienez, 8.1.a) "Proposamenaren interesa eta kalitatea" azpiatalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Proiektuak baloratzeko, memoriaren ataletan eta III. eranskinean adierazitako datuetan oinarrituko da batzordea, eta irizpide hauek erabiliko ditu:

8.1. Proposamenaren kalitate artistikoa (50 puntu gehienez):

a) Proposamenaren interesa eta kalitatea, deialdi honen oinarriei eta Kultur Ekintza Zerbitzuaren eginkizunei dagokienez (20 puntu gehienez). Irizpide honetan, proposatutako programazioa baloratuko da (urteko programazioa edo proiektu zehatzak; jarduera finkatuak edo jarduera berritzaileak), interes eta kalitate artistikoaren arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

20 arte

Ongi

15 arte

Nahikoa

12 arte

Hala-holakoa

9 arte

Eskasa

3 arte

Oso eskasa

0

b) Proposamenaren ekarpena Nafarroako kultur eskaintzari, eta bereziki, pertsona guztiek kulturarako irispidea izatera eta bizitza kulturalean libreki parte hartzera bideratutako proposamenena.

Baloratuko da nolako ekarpena egiten den Nafarroako kultur eskaintza orekatzeari begira (5 puntu gehienez). Horretarako, kontuan hartuko da antzeko proposamenik dagoen Nafarroan, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Ez dago antzeko proposamenik

5 arte

Antzeko proposamenak, 5 baino gutxiago

3 arte

Antzeko proposamenak, 5etik 10era

1 arte

Antzeko proposamenak, 10 baino gehiago

0

c) Proiektuaren lurralde-eremua. Baloratuko da nolako irismena duen programak Nafarroako maparen gainean, kultur eskaintza orekatua izan dadin lurralde osoan (5 puntu gehienez). Horretarako, honako honen arabera baloratuko dira kultur programak edo jarduerak: proiekzioa, hedapen eremua eta beste udalerri batzuetan, eskualdean edo Nafarroan duten eragina:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

2,5 arte

Oso eskasa

1,0

d) Proposamenaren esperimentazio eta berrikuntza maila (teknologiaz kanpo), Nafarroan lehendik zegoen kultur eskaintzaren aldean (5 puntu gehienez). Baloratuko da noraino den berritzailea Nafarroako oraingo panoramaren aldean, kontuan izanik ikuspegi berriak eta originalak dituen (gaiak, formatuak, metodologiak, jardueraren eragina gisa horretako ekimenak ohikoak ez diren eskualde batean, etab.):

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

2,5 arte

Oso eskasa

1,0 arte

e) Entitate eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia (5 puntu gehienez). Irizpide honetan, entitatearen ibilbidea baloratuko da, baita haren jarraitutasuna eta egonkortasuna ere, taula honen arabera. Alderdi hori ebaluatzeko, entitate eskatzaileak eraketa-akta aurkeztu behar du elkartea bada; eta, aldiz, fundazioa bada, eraketaren eskritura publikoa Fundazioen Erregistroan inskribatu zeneko data egiaztatzen duen agiria:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

20 urtetik gorako ibilbidea

5,0

10 eta 20 artean

4,5

5 edo gehiago eta 10 baino gutxiago

3,5

3 edo gehiago eta 5 baino gutxiago

2,5

3 baino gutxiago

1,0

f) Gaitasuna partaidetzarako bideak irekitzeko eta mantentzeko eta lankidetza sareak osatzeko beste eragile batzuekin (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko dira beste eragile batzuekin parte hartzeari edo lankidetzan aritzeari lotuta dauden ekimenak, proposatutako jardueran jasota daudenak, proposatutako programa diseinatu, kudeatu eta egiteko orduan:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

2,5 arte

Oso eskasa

1,0

g) Marketina eta komunikazioa (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko da nolako koherentzia duen proposamenaren komunikazio planak:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

2,5 arte

Oso eskasa

1,0

8.2. Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa) (25 puntu gehienez):

a) Bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez). Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako kultur jarduera aurrera eramateko:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

%0tik %20ra arte

15

%20 baino gehiago, %30 arte

10

%30 baino gehiago, %40 arte

8

%40 baino gehiago, %50 arte

6

%50 baino gehiago, %55 arte

4

%55 baino gehiago, %60 arte

2

%60 baino gehiago, %70 arte

1

b) Aurrekontu-zorroztasuna (10 puntu gehienez). Aurrekontuetan jasotako partidak zehatzak eta egokiak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatuta egotea ekonomia, efizientzia eta jasangarritasun irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea, koherenteak eta elkarren artean orekatuak:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

10 arte

Ongi

7 arte

Nahikoa

5 arte

Eskasa

2 arte

Oso eskasa

0

8.3. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak). (25 puntu gehienez):

a) Proposamenean euskara erabiltzea (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko da zenbatekoa izanen den euskararen erabilera proposatutako programazioan:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5,0 arte

Ertaina

2,5 arte

Oso eskasa

0

b) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea, bai entitatearen antolamenduan (rol profesionalen banaketa sexuaren arabera, eta barne-ekintzak), bai programaren helburu eta ekintzetan (5 puntu gehienez):

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Desparekotasunaren gaiari modu espezifikoan eta kritikoan heltzen dioten proiektuak, edo genero-rolak eta -estereotipoak haustearekin eta gizonen eta emakumeen berdintasun eraginkorrari ekarpena egitearekin zuzenean lotutako ekintza positiboak garatzen dituztenak.

2 puntu

Sorkuntzako, zuzendaritzako eta kudeaketako rolen banaketa parekidea aurreikusten duten proiektuak.

2 puntu

Desparekotasun egoerak detektatzen eta zuzentzen laguntzen duten barne ekintzak egiten dituzten entitateak (prestakuntza, berdintasun planak, jazarpenari aurre egiteko protokoloak, familia-kontziliaziorako erantzunkidetasuna sustatzea eta antzekoak).

1 puntu

c) Proposamena bazterketa arriskuan daudenengana eta/edo dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko neurriak sartzea (5 puntu gehienez). Irizpide hau baloratzeko, oinarri hartuko dira eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak. Baloratuko da dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko neurriak sartzea aurkeztutako programazioan:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

1,5 arte

Oso eskasa

0

d) Entitateak egindako ahaleginak publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0 eta 11 urte bitarteko haurrak, 12 eta 35 urte bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez). Baloratuko da aurkeztutako programazioa publiko berriei zuzenduta egotea eta haiek parte hartzea, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

1,5 arte

Oso eskasa

0

e) Adierazleak erabiltzea proposatutako programaren interes soziala eta kulturala baloratzeko (5 puntu gehienez). Baloratuko da neurketarako eta ebaluaziorako tresnak sartu diren, nolako adierazleak erabiltzen diren eta haien inpaktua (kulturan eta tokiko kultur eragileengan, lurraldean eta herritarrengan, ingurumen jasangarritasunean, desberdintasunean...), taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5,0 arte

Nahikoa

2,5 arte

Oso eskasa

0

9.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori iragaten bada berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

9.2. Dirulaguntza hauek esleitzeko prozeduran ematen diren ebazpen guztiak "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko (IDEIA) 2024" deialdiaren fitxan argitaratuko dira, tramiteen bilatzailean. Halaber, ebazpenak pertsona edo entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete pertsona edo entitate interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak gizarte interesekotzat hartuko dira legegintzako foru dekretu horretan ezarritako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako, baldin eta haren 25.f) artikuluan adierazten diren pertsonek egiten badituzte. Horretarako, entitate eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete beharko dute maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritakoa. Foru agindu horren bidez, kultura proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten entitate onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko bukaerako memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Gardentasun betebeharren gaineko adierazpenak egiteko ezarri diren ereduak tramiteen bilatzaileko "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko (IDEIA) 2024" deialdiaren fitxatik bertatik betetzen ahalko dira.

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

11.3. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

11.4. Entitate onuradunak diruz lagundutako proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren dirulaguntza jaso duela.

11.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; baimen hori emanen da baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, karteletan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta honako hau deskribatzen duen testu bat ezarri: "Diruz lagundua", Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Proiektua dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.10. Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

11.11. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaitutakoan. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotako adierazleekin alderatuta.

11.12. Entitateak konpromisoa hartu beharko du hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabiltzeko jardueraren komunikazioa eta zabalkundea egiteko publizitate- edo informazio-euskarrietan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad", helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

12.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Ordaintzeko eskaera hori proiektua bukatzean edo proiektuaren zati bat gauzatu ondoren egiten ahalko da (entitate bakoitzeko, ordainketa partzialeko 3 eskaera gehienez).

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du ordainketa eskatzeko:

a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota (guztizkoa edo partziala) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori V. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

d) Egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. 100 euroko edo hortik gorako gastuen ordainketak banku-ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori banku-erakundeak emanen du, eta bertan identifikaturik ageriko dira jaulkitzailea, hartzailea, ordainketa-data eta zenbatekoa. Zenbateko hori baino txikiagoak badira, honako hauen bidez justifikatzen ahalko dira: banku-ordainagiriak, "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuta eta zigilatuta, edo dagokion faktura edo gastu-frogagiria ordaindu dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta V. eranskineko dagokion fitxan zenbakitutako zerrendan zehaztu beharko dira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten erabilera adierazita.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria.

Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuan sartuko dira, b ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako informazioaren xehetasunak eman beharko ditu.

Dokumentazio hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa bat eskatzeko epea bukatuko da bukaerako justifikazioa aurkezteko epea bukatu baino hilabete bat lehenago (hots, 2024ko urriaren 8an, egun hori barne).

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Eskaera, adierazita zer ordainketa mota den (konturako ordainketa) eta zer diru kopuru eskatzen den.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda V. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Faktura guztiak PDF formatuan sartuko dira, b ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako informazioaren xehetasunak eman beharko ditu.

Agiri horiek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintzako Zerbitzuari egin beharko dio eskaera, eta adierazi zer ordainketa mota eskatzen den (aurrerakina), eta zer zenbateko.

Aurrerakin hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez eskatu behar da.

Aurrerakina eskatzeko epea hilabetekoa da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

13.–Justifikatzeko epea eta modua.

V. eranskina bete behar da, eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera.

13.1. Nolanahi ere, edozein dela aurreko ataleko aukeren artean hautatzen den ordainketa modua, dirulaguntza likidatzeko, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte jarraian adierazten diren justifikazio-agiriak, 2024ko azaroaren 8ra arte (egun hori barne).

Bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez:

a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota eta eskatutako zenbatekoa.

b) 12.1 oinarriko b), c), d) eta e) letretan eskatutako dokumentazioa.

c) Proiektuaren bukaerako memoria.

d) Proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena, 11.11 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

e) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. V. eranskinean dagoen Excel txantiloian aurkeztu beharko dira horiek.

Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

Gastu diruz lagungarrien barruan 2024ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2024ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, beranduenez 2025eko otsailaren 15ean; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

V. eranskinean jakinarazi behar da balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu edo konpentsatu daitekeen, eta hainbanatuz gero, hainbanaketaren ehunekoa adieraziko da, eranskineko jarraibide-orrian azaltzen den eran.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazio-kontua ematea entitate onuradunak nahitaez bete beharreko egintza da, eta 13. oinarri honetan eskatutako dokumentazioa sartu behar da bertan, entitate deklaratzailearen erantzukizunpean eta deialdian ezarritako epean.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 13. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Dirulaguntzaren espedientea kudeatzen duen unitateak argibideak eskatzeko jarduketaren bat egiten badu, jarduketa horrek ezin du ekarri dokumentu batzuk beste batzuekin ordezkatzea, ez eta, oro har, gerora sortutako dokumentuak aurkeztea ere.

14.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

14.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak eginen duen jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Justifikazio-betebeharra 13.1 oinarrian zehaztutako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze-irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:

–Egiaztagiriak azaroaren 8a baino geroago baina azaroaren 18a bitarte (egun hori barne) aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Egiaztagiriak azaroaren 18a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

16.–Entitate hornitzaileen kontratazioa.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, entitate onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

17.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.

18.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

20.–Eredu edo txantiloien zerrenda.

Eskaeraren ereduak eta aurkeztu beharreko gainerako agiriek deialdi honen eranskinen araberakoak izan behar dute. Horiek guztiak eskuragarri daude "Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko (IDEIA) 2024" deialdiaren fitxan, tramiteen bilatzailean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

–Eskaera aurkezteko fasea:

I. eranskina.–Eskaeraren eredua.

II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. eranskina.–Eskaeraren datu ekonomikoak.

–Laguntzak emateko fasea (entitate onuradunek soilik):

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoa.

Gardentasunari buruzko adierazpena (deialdiaren fitxaren bidez bete behar da). Atal hauek ditu:

  • Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Hala badagokio:

  • Organoen osaketari eta dedikazioari buruzko adierazpena.
  • Karguen ordainsariei buruzko adierazpena.
  • Urteko azken kontuen kopia.

–Justifikazio fasea (entitate onuradunek soilik):

V. eranskina–Justifikazioen informazio ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: F2403787