61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

11E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 27koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Ibargoitiko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, Abintzaoko UE-6 unitatea zabaltzeari buruzkoa. Aldaketaren sustatzailea Luis Ignacio Domeño Buldain da.

Ibargoitiko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da Abintzaoko hiri-lurzorua handitzea 6. poligonoko 135. lurzatiko lur batzuk erantsiz, zeinak lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuak baitaude. Lur horiek poligono bereko 25. lurzatiarekin batuko dira, zeina hiri-lurzoru gisa sailkatua baitago (U6 unitatea osatzen du gaur egun), eta unitate horren mugaketa berria eginen da.

Espediente berean, Eraikigintzako Ordenantza Orokorraren 10. artikuluko 2. atalaren aldaketa sartu da, Abintzaon biltegietarako okupazio-muga salbuesteko (300 m² oinplanoan).

Ingurumeneko zuzendari nagusiak martxoaren 6an emandako 202E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa eman zen, aldekoa, Ibargoitiko Udal Plana 6. poligonoko 25. eta 135. lurzatietan aldatzeari buruz, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Luis Ignacio Domeño Buldain da.

Ebazpen hori 2023ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 13koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Ibargoitiko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, Abintzaoko UE-6 unitatea zabaltzeari buruzkoa. Aldaketaren sustatzailea Luis Ignacio Domeño Buldain da.

2. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari jakinaraztea eta Ingurumen Eraginaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Ibargoitiko Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 27an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2404084