61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

Deialdia, basogintzako langile izateko lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, 2024ko otsailaren 15ean egin ohiko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

–Deialdi bat eta bere oinarri arautzaileak onestea, basogintzako langile izateko lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin. Era berean, enplegu poltsa bat ere sortuko da, egon daitezkeen premiak asetzeko, Zaraitzuko Ibaxaren Batzorderako hautapen-prozesua gainditzen duten pertsonekin.

–Erabakia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ezkarozen, 2024ko otsailaren 15ean.–Batzordeko burua, Gustavo Goiena Agirre.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da basogintzako langile izateko lanpostu bat betetzea, lan-kontratu finkoarekin eta oposizio-lehiaketa bidez.

Era berean, enplegu poltsa bat sortuko da, egon daitezkeen premiak asetzeko, hautapen-prozesua gainditzen dutenekin (edo behintzat proba teorikoa gainditzen dutenekin), lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran. Poltsa indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

Bertatik aterako dira behar diren kontratazio guztiak (lanpostu hutsetarako, behin-behineko langileak eta kontratazio puntualak), basogintzako kanpainaren barruan, zerikusia dutenak basogintza edo abeltzaintza sektoreko landa-lanekin.

1.2. Deialdi honen ondorioz kontratatzen den izangaia lan-kontratudun finko bilakatuko da, eta Gizarte Segurantzan inskribatuko da eta bertan alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere; hori dena, bat etorriz xedaturik dagoenarekin uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari aplikatu behar zaizkion gainerako xedapenetan.

1.4. Lanaldia osoa izanen da, 9 hilabete urtean, eta une oro da zerbitzuaren beharretara. Administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Nolanahi ere, berariaz jasotzen da zerbitzua lehentasunez goizeko ordutegian emateko aukera.

1.5. Lanpostuan bete beharreko eginkizun orokorrak, oro har, izanen dira beren mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizunak eta lanak; zehatz-mehatz, honako hauek:

–Basogintzako lanak egitea (inausketak, sasi-garbiketak, garbiketak, miaketak, areken garbiketa, zabor-bilketa), makineria erabiliz eta ingurune naturala kontserbatuz.

–Baso-azpiegituren mailan beharrezkoak diren jarduketak kontrolatzea eta proposatzea: bideak markatzea, ateratze-bideak, banalerroak pintatzea, baso-pistak mantentzea (pistak, estoldak, ur-irteerak,...).

–Mendiko baso-ustiapenak eta obrak zaintzeko eta haien jarraipena egiteko lanak egitea, eta baso-unaden/-loteen kokapena erakustea.

–Nafarroako Gobernuko zaindariarekin lankidetzan aritzea bakantzeak markatzeko.

–Batzordearen jabetzako lorategiak eta berdeguneak mantentzea eta hobetzea.

–Larreak zaintzeko lanetan laguntzea, honako gai hauetan: itxiturak, itxitura elektrikoak, alanbre-hesien, asken eta putzuen mantentze-lanak; azpiegituren mantentze-lanak; abereen kontrola; mugaren kontrola.

–Basogintzako erremintak eta makineria, oro har, zehaztapen teknikoei jarraituz maneiatzea eta mantentzea.

–Ingurune naturalaren eta jabetza naturalaren aurka egindako arau-hausteak hautematea, eta legeria betearaztea, bere erantzukizunaren esparruan.

–Bere jarduerarekin lotutako gorabeherak jakinaraztea eta ebaztea, horien sorburuak identifikatuta, bere eskumen- eta autonomia-esparruaren barruan.

–Zereginak eta gorabeherak egunero erregistratzea eta iradokizunak aurkeztea aldizkako txostenak eta urteko memoria egiteko.

–Batzordeak eskatzen dion guztian laguntzea.

1.6. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak kontratua deuseztatzen edo desegiten ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak eta jokaerak ez direla Batzordeak nahi bezala bete.

1.7. Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezte hutsak ziurtatuko du interesduna ados dagoela deialdiaren oinarri guztiekin.

1.8. Zaraitzuko Ibaxaren Batzorde Orokorrak ez du bere esku dagoen dokumentaziorik emanen, ez eta kopiarik ere. Interesdunak, beraz, alegatu nahi duen eta eskura duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Datu horiek ematen dituzten Batzordeko langileak indarreko araudian ezarritako arau-hausteengatik zehatu ahal izanen dira.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea eta autoa edukitzea.

d) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailako titulua edo lanpostuarekin zerikusia duen baliokidea (basogintzako lanak) izatea. Azken horretan, baliokidetasun hori egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, erakunde eskudunak emana, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

e) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

2.2. Izangaiek aurreko betebeharrak frogatuta izan beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta haien jabe izan beharko dute hautapen-prozesuak dirauen bitartean, harik eta izendatu arte eta kontrataziorako zerrenda indarrean egon arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

Eskabideak Ibaxaren Etxearen bulegoetan aurkeztu behar dira, edo posta elektronikoz bidali (junta@valledesalazar.com), 15 egun naturaleko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta azken eguneko 14:00ak arte.

Deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari egokituko zaizkio eskabideak.

Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eta honako dokumentu hauek erantsi beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Eskatutako tituluaren fotokopia.

c) B motako gidabaimenaren fotokopia.

Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria, organo eskudunak emana. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Behin-behineko zerrendak: Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Batzordeko presidenteak ebazpena emanen du, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartzeko, eta zerrenda hori Batzordeko iragarki-taulan argitaratzeko eta posta elektronikoz bidaltzeko aginduko du, epeak murrizteko eta izapideak sinplifikatzeko.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak: Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Batzordeko buruak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Batzordearen iragarki-taulan argitaratzeko eta posta elektronikoz bidaltzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Batzordeak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dela ikusiz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Burua: Gustavo Goiena Aguirre, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko burua.

Ordezkoa: Koldo Vicente Eseberri, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko epaimahaikidea.

–Epaimahaikidea: arlo horretako langile kualifikatuak, zehazteke.

Ordezkoa: arlo horretako langile kualifikatuak, zehazteke.

–Epaimahaikide-idazkaria: Silvia Pena Lorente, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko idazkaria.

Ordezkoa: Zaraitzuko udal bateko idazkaria, izendatzeke.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da elkartzea mahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izanen du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek epaimahaiarekin lankidetzan arituko dira, beren espezialitate teknikoen barnean, eta haien txostena loteslea izanen da.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero.

A) Oposizioaldia:

A.1. 50 galderako azterketa bat, test gisakoa, Irati, Zabaleta eta Erremendia mendien oinarrizko ezagutzei buruzkoa; inguruko zuhaitzei eta faunari buruzkoa; basoetako laneko arriskuen prebentzioari buruzkoa; baso-lanetan erabili beharreko makineriari buruzkoa (motozerrak, sasi-garbitzeko makinak, etab.). Azterketa honetan gehienez 25 puntu lortu ahal izanen dira, eta gutxienez 7,5 puntu lortu beharko dira merezimenduen baloraziora pasatzeko (puntuazioaren %30).

Epaimahaiak ezarriko du proba horren gehieneko iraupena, eta baztertzailea izanen da.

Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Batzordearen iragarki-taulan jarriko emaitzen zerrenda, eta posta elektronikoz bidaliko du.

A.2. Proba praktiko bat, mendian. Batez ere, honako hauek baloratuko dira: zuhaitzak aizkoraz markatzea, mendiko zuhaitz-espezieak bereiztea eta Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen jabetzakoak diren mendiei buruzko ezagutzak, bai eta basogintzari eta abeltzaintzari lotutako beste alderdi batzuk ere.

Proba hori baloratuko dute horretarako izendatutako teknikari eskudunek, eta haien txostena loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba praktikoaren puntuazioa 55 puntu izanen da gehienez ere.

Proba mendian bertan eginen da, eta izangaiei 48 ordu lehenago jakinaraziko zaie posta elektronikoz. Izangaiek Batzarrak deitzen dituen lekura joan beharko dute beren ibilgailuetan eta adierazitako orduan.

B) Lehiaketa-fasea.

B1. Epaimahaiak teknikari aholkularien esku utziko du izangaiek alegatutako merezimenduen balorazioa, merezimenduen baremo honen arabera. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

B.2. Merezimenduak. Gehienez 20 puntu emanen dira.

a) Curriculuma: deialdia argitaratu arte egindako basogintzako lanak baloratuko dira (administrazio publikoetan, enpresa publiko eta pribatuetan, elkarteetan eta abarretan), gehienez 8 punturaino, 0,80 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

b) Basogintzako gaiei buruzko prestakuntza-ikastaroak eta lanpostuan balio dezaketen beste batzuk edukitzea: gehienez 9,2 puntu.

–10 eta 19 ordu bitartekoak: 0,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–20 eta 39 ordu bitartekoak: 1 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–40 eta 80 ordu bitartekoak: 2 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–80 ordu baino gehiagokoak: 4 puntu ikastaro bakoitzeko.

Iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

c) Euskara jakitea: gehienez ere 2,8 puntu emanen dira. C1 maila, 2,8 puntu; B2 maila, 2,24 puntu; B1 maila, 1,68 puntu; A2 maila, 1,12 puntu; eta A1 maila, 0,56 puntu. Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Curriculumean alegatutako merezimenduak puntuatu ahal izateko, hori justifikatzen duen dokumentazioa izan beharko dute.

–Euskara jakitea: Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiriaren bidez egiaztatuko da, edo ofizialki baliokidea den beste tituluren baten bidez, edo maila zehazteko proba eginez.

B.3. Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu noiznahi.

C) Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

D) Idatzizko ariketak plika itxien sistemaren bidez eginen dira, eta aldez aurretik jakinaraziko den jendaurreko ekitaldian irekiko dira. Ekitaldi horren ondoren, iragarki-taulan eta posta elektronikoz argitaratuko da izangaiek lortutako puntuazioa. Era berean, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ezarriko dira, hala badagokio.

E) Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria.–Emaitzak. Epaimahaiaren proposamena eta dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Ariketa teorikoaren kalifikazioa eta proba praktikoaren emaitzak lortu ondoren, epaimahaiak argitaratuko du izangaiek lortutako kalifikazioak batu eta gainditu dutenen zerrenda, puntuazioaren hurrenkeraren arabera, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen iragarki oholean eta posta elektronikoko bidez, eta gainditu duten izangaien aldeko izendapen proposamena eginen du.

Izangai batek baino gehiagok puntuazio global bera lortzen badute, epaimahaiak ebatziko du hautapen-prozesuko proba praktikoan puntu gehien lortu duenaren alde.

7.2. Epaimahaiak proposatu dituen izangaiak izendatuko ditu Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, eta agindua emanen du izendatzeko proposamena argitaratu dadin Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Batzordearen iragarki-taulan. Proposaturiko izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko 10 egun naturaleko epean:

a) Osasun txostena, egiaztatzeko ez duela karguaren betebeharrak betetzeko ezgaitzen duen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearena, eta inongo administrazio publikoaren zerbitzutik berezia ez izanarena.

c) Zin egitea edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetuko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.

7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Batzordeak lanpostua beteko du zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, hots: hautaprobak gainditu dituztenen zerrendan (7.1 apartatuan aipatzen den horretan) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.

7.5. Hori egiteko, telefonoz deituko da. Izangaiak bi telefono eman ahal izanen dizkio Batzordeari. Batzordeak zerrendaren hurrenkeraren arabera deituko die hautagaiei. Gehienez bi dei eginen dira, eta interesdunak 48 orduko epean erantzun beharko du enkargua onartzen duen ala ez. Ezetz erantzunez gero, hurrengo izangaiari pasako zaio, eta horrela zerrenda osatu arte. Lan berri baterako, berriz ere zerrendaren printzipiotik deituko da, eta ulertuko da puntuazio handiena duten izangaiak direla lanposturako gaitasun handiena dutenak, hau da, egin beharreko lan berriak ekarriko du zerrendatik dei egiten hastea.

8.–Kontratazioa eta probaldia.

8.1. Batzordeko buruak, ebazpen bidez, aginduko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen hautagaia kontratatzea, basogintzako langilearen lanpostua betetzeko.

8.2. Hautatutako pertsonak 5 eguneko epean formalizatu beharko du kontratua, kontrataziorako agindua jakinarazten denetik aurrera. Epe horretan kontratua formalizatzen ez bada (salbu ezinbesteko kasuetan), galduko dira kontratatuak izateko eskubide guztiak. Horrelakorik gertatuz gero, 7.4. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta horretan administrazio kontratatzaileak bere iritziaren arabera ezeztatzen ahalko ditu prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak.

8.4. Probaldia gaindituz gero, kontratatutako langilea lan-kontratudun langile finko bihurtuko da.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_e.pdf

Iragarkiaren kodea: L2404114