61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Zuzenbide Lizentziadunen 6 lanpostu lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak, 2024ko martxoaren 8ko ebazpenaren bidez, deialdia onetsi du, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Zuzenbideko lizentziadunen 6 lanpostu lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea.

Deialdiaren xede diren plazak honako zenbaki hauen bidez identifikatzen dira plantilla organikoan: 100505-1, 100505-3, 100505-4, 100505-5, 100505-7 eta 100505-17.

1.2. Era berean, lanpostu horiek deialditik kanpo uzten ahalko dira, dela birkokatze prozesuei lotuta gelditzen direlako, dela jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleitzen zaizkielako, nahiz antolamenduan aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

Halaber, lehiaketan lanpostua lortzearen ondorioz izangaiek hutsik utzitako lanpostuak ere beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan.

Hori gorabehera, ez dira eskainiko lekualdatze-lehiaketan beste lanpostu bat lortu duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak, baldin eta lanpostu horiek "iraungitzekoak" direlako bete behar ez badira edo antolakuntza-arrazoiengatik horiek betetzea beharrezkoa ez bada.

Deialdiko zazpigarren oinarrian aipatzen den lanpostu hutsak hautatzeko epean, deialdiko lanpostuen ordez, organo eskudunek egin ahal izan dituzten aldaketen arabera egoki direnak jartzen ahalko dira, zerbitzuaren beharren arabera.

1.3. Deialdi hau gaiaren inguruan honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

2. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartzen dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko unean:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak izatea, haien egoera administratiboa edozein dela ere.

b) A maila edo taldean egotea, Zuzenbideko lizentziadun lanpostuan.

2.2. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, betiere eskatutako baldintzak betetzen badituzte, lanpostu-erreserbarik gabeko borondatezko eszedentzian daudenek, bai eta nahitaezko eszedentzian daudenek ere, baldin eta administrazio-egoera horretan gutxienez urtebete eman badute. Horrela, zerbitzu aktibora itzultzea eta lanpostu bat behin betiko esleitzea lortuko dute.

Zerbitzu aktibora lanpostu huts bati behin-behinekoz atxikita itzuli diren langileak nahitaez aurkeztu beharko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdi honetara, behin betiko destinoa esleitu dakien.

2.3. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3. Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraiki: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera telematikoki aurkezteko unean, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Deialdi honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak. Horretatik salbu geratuko dira Iruñeko Udalean emandako zerbitzuen inguruko merezimenduak, horiek ofizioz egiaztatuko baitira.

3.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Administrazioak edonoiz eskatzen ahalko dizkie izangaiei deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak zein fotokopia konpultsatuak.

Izangaiek behar bezala ordenaturik aurkeztu eta justifikatu beharko dituzte merezimenduak, I. eranskineko baremoan ageri den puntuazio-eskemari jarraituta.

4. Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiz, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, bost egun naturaleko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko. Erreklamazioak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten den bidetik aurkeztuko dira.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.4. Baztertutako izangairik ez balego, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendaritzak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

5. Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Victoria Borja Etayo, Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Juan Luis Guijarro, Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrari Laguntzeko organoaren titularra.

Epaimahaikidea: Rosa Chaler Blasco, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Ainhoa Larrañeta Zaratiegui Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Paula Unanua Albéniz, Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoko legelaria.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Zuzendaria.

5.2. Epaimahaia onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratu beharko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez, kideen gehiengoa bildu gabe.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko du deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen ahal diren arazo guztiei buruz.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezializatuak edukitzen ahalko ditu, eta aipatu aholkulariak zein bere espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Merezimenduen balorazioa.

6.1. Kalifikazio-epaimahaiak eginen du merezimenduen balorazioa, honako baremo honekin bat:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 30 puntu bitarte.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 10 puntu bitarte.

6.2. Izangai bakoitzak aurreko bi apartatuetan alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen I. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

Merezimendu guztiak -Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen ingurukoak barne- agiri bidez alegatu eta frogatu beharko ditu izangai bakoitzak lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, salbu eta Iruñeko Udalean egindako zerbitzuei dagozkien merezimenduak, Administrazio horrek ofizioz egiaztatuko baititu.

6.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

6.4. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiaketan parte hartzen duten izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.

6.5. Behin merezimenduen kalifikazioa amaituta, epaimahaiak Udalaren webgunean argitara emanen ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

6.6. Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, adin handieneko lehiatzailearen alde ebatziko da.

7. Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, eta lanpostu hutsak hautatzea.

7.1. Behin kalifikazio-epaimahaiak aurkezten diren erreklamazioak ebatzita, horrek Udalaren webgunean argitaratuko ditu izangai guztien behin betiko puntuazioak, eta izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, igorriko dio, espediente osoarekin batera, Giza Baliabideetako zuzendariari; azken horrek, hala badagokio, bidezkoa den ebazpena emanen du, lanpostuak gehitzeko aukerari buruz deialdi honetako lehen oinarrian xedatutakoarekin bat.

Behin aurreko izapidea beteta, parte-hartzaileen eskura jarriko da hautatzen ahal duten lanpostuen zerrenda, Udalaren webguneko deialdiaren fitxan argitaratuta, eta hamar egun balioduneko epea emanen da interesatutako parte-hartzaileek eskaera telematikoki egin dezaten, erregistro elektronikoaren bidez.

Deialdia egin duen organoak hautaketa- eta esleipen-ekitaldia eginen du, puntuazio-ordena kontuan hartuta.

Hautaketaren emaitzari buruzko informazioa Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko da.

Adierazitako epearen barruan eskaera igortzen ez duten izangaiek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Lanpostuak hautatzeko epea amaitu ondoren, lehiatzaileek ezin izanen diote uko egin egindako hautaketari.

8. Lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak interesdunen eskaeren arabera esleituko ditu lanpostuak, betiere horiek lortu duten puntuazioarekin bat.

Birkokatutako lehiatzaileei dagokienez, Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen hitzarmen kolektiboaren II. eranskineko hamaikagarren artikuluan eta Iruñeko Udaleko langile lan-kontratudunen Hitzarmen kolektiboan xedatutakoa beteko da.

Lanpostu hutsak hautatzeak esan nahi du lehiatzaileak berariaz onartzen duela berak adierazitakoen artean esleitu zaion lanpostua, eta ezin izanen dio uko egin.

8.2. Behin lanpostu hutsak esleituta Giza Baliabideetako zuzendariak dagozkion izendapenak eginen ditu, eta horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

8.3. Izangaiek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, eta deialdia egin duen organoak ebazpenean bertan ezartzen ahalko du lanpostuaz jabetzeko egun zehatza.

9. Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta haiek aplikatzeko epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetako bat paratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2024ko martxoaren 8an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.

I. ERANSKINA

a) apartatua. Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, urte bakoitzeko puntu bat emanen zaio dagokion deialdia argitaratzen den egunera bitarte aintzat hartutako antzinatasunari.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Honako a) apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

b) apartatua. Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 8 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua ageri ez den ziurtagiriei 1 kredituko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.

5. Apartatu honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo sariren bat jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: Puntu bat, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).

3) Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edo/eta halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere, 1 puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

Oharrak, b) apartatu osorako

1. Deialdi honen xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko 1. puntuan.

2. 10 puntukoa izanen da gehienez ere b) apartatu honi dagokion puntuazioa.

Iragarkiaren kodea: L2404272