61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OBANOS

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuen bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Obanosko Udaleko alkateak, 2024ko martxoaren 6ko 2024/0072 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, zerbitzu anitzetako enplegatuaren bi lanpostu betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Hona hemen deialdiaren:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Obanosko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren bi lanpostu, Obanosko Udalaren zerbitzura.

1.2. Izendapenak funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, eta izanen dituzte dagozkien eskubide eta betebeharrak, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitatearen administrazio publikoko funtzionarioei buruzko xedapenei.

1.3. Lanpostuek izanen dituzte D mailako lansariak, hots, Ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamenduan ezarritakoak (erregelamendu hori onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez), eta Obanosko Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Eginkizunak:

Mantentze-lan orokorren eta obren lantaldearen berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzetako lanak, baita udal instalazioetako berezko jarduketekin ikusteko dutenak ere, haiek egoki funtziona dezaten begiratzea eta haien artatze eta mantentze-lanak eramatea; hona hemen haietako batzuk, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe, besteak beste:

–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta horien mantentze-lanak; bai eta iturgintza, elektrizitate, pintura eta zurgintza lan txikiak ere.

–Instalatzea eta mantentzea hiri barneko altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, eta abar.

–Jai eta ekitaldi publikoetan hiri barneko altzarien eta tresnen garraioa eta ezarpena: karpa, agertokiak, hesiak eta gainerako tresnak.

–Lorezaintza lanak: landatzea zuhaitzak, hesiak eta landareak, eta horien ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioa egitea, zuhaitzak eta zuhaixkak inaustea, lorategiak atontzea eta belarra moztea eta abar.

–Garbiketa lanak: erratza pasatzea, zakarrontziak hustutzea, sakanak garbitzea eta abar.

–Komunikazioak eta deialdiak banatzea, jakinarazpenak eskura ematea, iragarkiak, bandoak eta udal publizitatea jartzea.

–Herri-lurrak zaintzea eta kontrolatzea.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Kontrolatzea eta begiratzea ea Udalaren ordenantzak betetzen ote diren, eta ikuskapenak egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea araudia betetzen ote den arlo hauetan: obra-lizentziak, eremu publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Era guztietako udal zerbitzuak ematea, eta betetzea hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzek aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzeko ere balioko dute.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan parte hartzeko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, bete beharko dituzte abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan zehaztutako baldintzak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. Hona hemen, laburtuta:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen den estaturen batekoa. Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) B motako ibilgailuetarako gidabaimena izatea.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Obanosko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, bai aurrez aurre (Udaletxeko plaza, 1 jendaurreko ordutegian, 12:00etatik 14:00etara) bai egoitza elektronikoaren bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 30 egun naturaleko epean. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

–NANaren fotokopia.

–2. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.

–Indarrean dagoen B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiri jatorrizkoak edo autentifikatuak. Lanbide-esperientzia frogatzeko, lan-kontratuak eta enpresa-ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Baztertutakoek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo akatsak zuzendu, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean.

4.2. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta horiek ebatzita, alkateak ebazpena emanen du, onesteko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta adierazteko oposizioaldiaren lehenbiziko ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia. Orobat, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Gero, epaimahaiak argitaratuko ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduz ezarrita dagoen moduan.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Arantxa Hernández Lacalle, Obanosko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Mikel Bilbao Calderón, Obanosko Udaleko zinegotzia.

1. epaimahaikidea: Jesús María Puy Lanas, Obanosko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Susana Elorz Apesteguía, Obanosko Udaleko zinegotzia.

2. epaimahaikidea: Carlos Nieto Cacho, Larragako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Ordezkoa: Javier Taínta Ugarte, Garesko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

3. epaimahaikidea: Francisco Agustín Francés Olloqui, Obanosko Udaleko arkitekto aholkularia.

Ordezkoa: Rosa Francés Olloqui, arkitektoa.

4. epaimahaikidea: Joaquín Legarra Albizu, Izarbeibarko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Sonia García Milton, Garesko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da bertan egotea epaimahaiburu edo idazkari lanak egiten dituztenak eta, gutxienez, kideen erdiak.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedaturikoaren arabera.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehendabizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan azaltzen den moduan. Aurreikuspenen arabera, 2024ko maiatzetik aurrera eginen da.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Obanosko Udalaren iragarki-tauletan eta web-orrian emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea. Betiere, merezimenduek zuzeneko lotura izan behar dute deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin. Gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

–Lanbide-esperientziagatik, gehienez ere 10 puntu, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

–Prestakuntza arautuagatik, 5 puntu gehienez, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

–Prestakuntza osagarriagatik, 5 puntu gehienez, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

7.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko. Zozketaren emaitzak iragarki-taulan argitaratuko dira.

7.3. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak, noiznahi.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 80 puntu lortzen ahal dira:

8.2. Lehenbiziko proba galde-sorta teoriko-praktikoa izanen da, deialdi honetako II. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Proba honetan 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

8.3. Bigarren proba praktikoa izanen da, eta honako gai hauei buruzko proba praktiko bat edo gehiago eginen dira: makineriaren erabilera, igeltserotza, iturgintza eta elektrizitatea, soldadura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineriaren erabilera, edota bestelako edozein, betiere deialdi honetako 1. oinarrian aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuekin zerikusia dutenak. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala eginen da, alegia, 40 puntu horien eta egin beharreko proba kopuruaren zatidura izanen da; betiere proba guztiak hartuta 20 puntu lortu behar dira (eta horietako bakoitzari emandako balioaren %30 gutxienez). Aipatutako 20 puntu horiek lortzen ez dituen izangaia baztertu eginen da.

8.4. Epaimahaiak finkatuko du probak eta ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Haien iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aurretik.

8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, bai Udalaren iragarki-taulan bai probak egin diren tokian, haiek gainditzen dituztenen zerrenda eta lortutako kalifikazioak; halaber, oposizioko hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

8.6. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak nortasun-agiri nazionala (NANa) aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

9.1. Proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera. Zerrenda horrekin batera beste zerrenda bat eratuko da, egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.

9.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez.

9.3. Obanosko Udalak izendatuko du epaimahaiak proposatutako izangaia, eta aginduko du izendapen proposamena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Proposaturiko izangaiek honako agiri hauek ekarri beharko dituzte, izendapen proposamena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dionik.

b) Zinpeko deklarazioa, erakusten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

9.4. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkien erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra esateagatik.

9.5. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

9.6. Hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Obanosko Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, bat etorriz deialdi honen oinarrietan ezarritakoarekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin. Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

10.–Aldi baterako kontratazio zerrenden kudeaketa.

–Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte gutxienez, eta informazio hori uneoro eguneraturik eduki beharko dute.

2. Izangaiak honela lokalizatuko dira:

–Kontratazioa presakoa ez bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira, eta bi saioen artean 12 orduko tartea izanen da gutxienez.

–Lanpostuan beranduenez bi egunetan hasi behar bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira egun berean, tartean gutxienez 2 ordu utzita.

–Lanpostuan gehienez 24 orduren buruan hasi behar bada, izangai guztiei segidan deituko zaie, une horretan kontratazio zerrendan duten hurrenkeraren arabera, proposatutako kontratua onartzeko izangai eskuragarria aurkitu arte.

3. Lokalizatzeko lehen saioa telefonoz deituta eginen da, eta bigarrena, beharrezkoa balitz, mezu elektronikoa bidalita.

4. Betiere, dei bakoitza artxibo batean jasoko da, adierazita hura zer egoeratan, zer egunetan eta zer ordutan egin den. Langileen ordezkariek sarbide zuzena izanen dute artxibo horretara.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa/k denari/direnei deituko zaio/e, harik eta eskaintzen den/diren lanpostua/lanpostuak bete arte. Izangai batekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuen postuari eutsiko dio.

6. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da.

7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta ez den gutxienez 6 hilabeteko kontratuetarako edo lanpostu hutsak betetzeko, edo lanaldia luzatzeko.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangaia lanpostuan aritu bada aldi baterako kontratu baten bidez eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 egunean, baimentzen bada antzeko lanpostu bat aldi baterako betetzea, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, dei egiten zaion unean baldintza hauek betetzen badira:

a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.

c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Kasu guztietan agiri bidez frogatu behar da badela arrazoi bat, 15 egun naturaleko epean, uko egin zaion lanpostua eskaintzen den egunaren biharamunetik hasita.

–Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira izangaiak deiari dagokion zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

c) Probaldia ez gainditzea, baldin aurretik zerbitzuaren arduradunak txosten arrazoitua egiten badu, eta langileen ordezkariekin adosten bada.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, nahiz eta behin eta berriz egin kontratatzeko deiak, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez.

f) Lanpostua bertan behera uztea.

g) Kontratua azkentzea diziplina espediente baten tramitazioaren ondorioz, baldin bukatzen bada azkentzea onesten duen ebazpen irmo batekin.

h) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa; hain zuzen, kontratatzen den langileak ez izatea lanpostuan aritzeko gaitasunik edo ez egokitzea, baldin horrek berekin badakar errendimendu eskasa, galarazten duena lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea. Betiere, behar dira zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta adostasuna langileen ordezkariekin.

Oinarri hauetan arautzen ez den orotan, aplikatuko da abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira izangaien zerrendak kudeatzeko, aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan.

11.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, aukeratutako izangaia izendatuko du Obanosko Udalak.

11.2. Izendapen horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

11.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badute, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Obanosko Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko dituzte, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.

12.–Errekurtsoak.

12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

12.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Obanosen, 2024ko martxoaren 6an.–Alkatea, María Aránzazu Hernández Lacalle.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Obanosko udalerria: kaleen eta auzoen izenak, bai eta mendiena, alderdiena eta ibaiena ere.

2. gaia.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.

3. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuari buruzko ezagutza.

4. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Lanabesak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak eraikitzea.

5. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

6. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

7. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemen ezagutza.

8. gaia.–Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.

9. gaia.–Lorategiak eta berdeguneak zaintzea eta mantentzea: oinarrizko kontzeptuak. Erremintak: eskuzkoak, elektrikoak eta motordunak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Ureztatzea, ongarritzea eta inaustea.

10. gaia.–Igerilekuetako mantentze-lanak. kontzeptu orokorrak. Igerilekuen baldintza higieneko-sanitarioak eta segurtasun baldintzak Nafarroako Foru Komunitatean. 86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa; 6/2022 Foru Dekretua, otsailaren 9koa; eta 742/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa.

11. gaia.–Informatika, erabiltzaile mailakoa. Word, Excel eta posta elektronikoa.

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

1. Lanbide-esperientzia (10 puntu gehienez):

Merezimenduen baloraziorako, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

Administrazio publikoetan edo enpresa pribatuetan egindako lanengatik, baldin lanpostuak zerikusia bazuen bete beharreko lanpostuarekin erlazionatutako zerbitzu anitzetako edo antzekoen enplegatuari dagokion lan-arloarekin, puntu 1 urte bakoitzeko. Administrazioen kasuan, dagokion erakunde ofizialak emandako ziurtagiriaren bidez frogatutako merezimendua. Enpresa pribatuen kasuan, hasiera- eta amaiera-kontratu bisatuaren bidez (autonomoen kasuan, lana egin duten kotizazio-epigrafearen frogagiriaren bidez) eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak frogatzen baititu lan-aldia eta egindako eginkizunak. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira. Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

2. Prestakuntza arautua (5 puntu gehienez):

Erdi-mailako, goi-mailako edo maila baliokideko Lanbide Heziketako titulazio akademikoengatik: 5 puntu.

3. Prestakuntza osagarria (5 puntu gehienez):

Lanpostuaren eginkizunekin lotutako prestakuntza (makinen erabilera, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, soldadura, lorezaintza, mantentze-lanak edo fitosanitarioak): ikastaro guztietako orduak batuko dira eta 0,01 puntu emanen dira ikastaroak irauten duen ordu bakoitzeko, gehienez 5 puntu. (Ezinbestekoa izanen da aprobetxamendu-ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri horretan, prestakuntzaren xedea eta iraupena zehaztuko dira).

Iragarkiaren kodea: L2403925