61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Deialdia, aparejadorearen edo arkitekto teknikoaren lanpostu bat aldi baterako betetzeko

Alkatetzaren martxoaren 1eko 237/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, aparejadorearen edo arkitekto teknikoaren lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat eratzeko, Barañaingo Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura.

Hautapen-prozesu hori gauzatuko da gaiari buruz honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren beraren oinarriak.

Barañainen, 2024ko martxoaren 6an.–Alkatea, María Lecumberri Bonilla.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdia iragartzen da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten du), Barañaingo Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko aparejadorearen edo arkitekto teknikoaren lanpostuan, Barañaingo Udalean eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzun beharrez.

Izangaien zerrenda hori bost urtez egonen da indarrean. Indarraldia luzatzen ahalko da, premiarik izanez gero.

Zerrendak indarrean dauden bitartean, halako lanpostuetarako beste zerrendaren bat osatzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

Edonola ere, kasuan-kasuko lanpostuan lan-kontratudun finko edo funtzionario gisa sartzeko hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin osatutako zerrendak izanen du lehentasuna.

Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera kudeatuko da zerrenda.

1.2. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Barañaingo Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren pertsonek beteko dituzte ondoren agertzen diren eginkizunak, bai eta, oro har, gaur egun eta etorkizunean haien lanbide-kategoriari atxikitakoak, eta lanbideen bilakaeraren, erabiltzen diren tresna eta baliabideen eta antolamendu sistemetan eta ematen diren zerbitzuetan gerta daitezkeen aldaketen ondorioz sor daitezkeenak ere:

–Aparejadorearen edo arkitekto teknikoaren eginkizunak:

  • Obra txikirako lizentziei buruzko txostenak egitea.
  • Txostenak, inspekzioak, irizpenak, memoria baloratuak, balorazioak, azterlanak, peritazioak, analisiak, eta/edo proposamenak egitea.
  • Etxebizitza, merkataritza-lokal, industria pabiloi eta bestelakoetan egindako obrak ikuskatzea.
  • Emandako obra-lizentzien jarraipena eta kontrola.
  • Ingurumen ukipenen ikuskapena eta analisia eta kontrol txostenak.
  • Partikularren obretan exekuzio-faseak zertan diren berrikustea eta kontrolatzea.
  • Lehen aipatu eginkizunetatik eratorritako txostenak egitea eta espedienteak ebaztea.
  • Beste teknikari batzuei laguntzea eta haiekin lan egitea, txostenak, azterlanak, proiektuak, etab. prestatzen, bakoitzak bere eskumenaren barnean.
  • Bere ezagupen berariazkoetan eragina duten ordenantza fiskalen eta hirigintzakoen ondorioz zerga arloan indarrean dauden xedapenak zehazki aplika daitezen laguntzea.
  • Aholkularitza eta laguntza ematea balorazio teknikoa egin beharreko kontratazio mahaietan, bai eta Hirigintzako Informazio Batzordean ere, beharrezkoa bada.
  • Bere eskumenekin ikusteko duten bilera, batzarre eta abarretara joatea eta haietan parte hartzea, bai Udaletxekoetara bai kanpokoetara, baldin eta gobernu organo eskudunari iruditzen bazaio Udalak bertan egon behar duela.
  • Aurretik aipatu eginkizunetatik eratorritako azterlanak, programak, txostenak, estatistikak, katalogoak eta proposamenak egitea. Oro har, Udalak eskatzen dion guztia, bere lanbide trebakuntzaren barnean sartzen bada.
  • Esleitzen zaizkion bestelako aldi baterako eginkizunak egitea, dela arrazoi justifikatuengatik edo premiazkoengatik, edo arrazoi funtzional eta organikoengatik, Udalaren lan planetan edo interesetan ezarritako balioaniztasun irizpidea aplikatzearren.
  • Partikularrek sustatzen dituzten urbanizazio eta eraikuntza lanetan segurtasun eta osasun neurriak betetzen direla berraztertzea, ikuskatzea eta exijitzea, bai eta altzarien eta instalazioen mantentze eta berrezartze lanetan ere.
  • Beren kargura dauden langileak (obretakoak, lorezainak, etxezainak, garbiketakoak) koordinatzea, elkarlana behar den jardueretan, honako hauek barne direla: egin beharreko jarduketak berrikustea eta antolatzea, materialetarako eta lanetarako eskaintzak egitea eta erosketa-txartelak izapidetzea.
  • Hiriko, kaleetako, urbanizazio elementuen eta azpiegituren mantentze-lanen eta hiri altzarien, lorategien eta kale garbiketaren plangintza eta jarraipena.
  • Obretako, lorategietako eta oro har garbiketa planetako txostenak, ikuskapenak, azterlanak, analisiak, eta proposamenak egitea.
  • Udal eraikinen, lokalen eta zerbitzuen mantentze lanak kontrolatu, programatu eta ikuskatzea, horien alderdi teknikoak eta eraikuntza alderdiak, eta segurtasun, osasun, eragimen eta hobekuntza energetikoaren neurriak, eta irisgarritasuna eta egoerari dagozkienak. Mantentze-lanetan ari diren enpresen jarduna, bai eta Udalaren berezko zerbitzuena ere (elektrizitatea, iturgina...), gainbegiratzea. Udal eraikinak hobetzeko egin beharreko jarduerak gainbegiratzea.
  • Laguntzea baldintza-agiriak egiten obra-kontratuetarako, makineria, materialak, hornidurak, altzariak eta abarrak erosteko, zerbitzu anitzen arloan.
  • Aipatutakoez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

1.4. Kontratazioaren bidez zer premiari erantzun nahi zaion, horren araberakoa izanen da lanaldia.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

c) Arkitekto tekniko/aparejadorearen tituluaren jabe izatea edo Eraikuntzaren ingeniaritza gradu tituluarena, edo horien baliokidea, arkitekto teknikoaren eskumenak betetzeko, eta kasu horretan harekin batera aurkeztu behar da aipatu baliokidetza frogatzen duen ziurtagiria, erakunde eskudunak luzaturikoa, edo eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Titulua atzerrian eskuratu baldin bada, haren homologazioa frogatzen duen ziurtagiriaren jatorrizko agiria edo notario batek edo administrazioak berak konpultsaturiko kopia.

d) Enplegu eskaeran alta eman izanaren edo hura berritu izanaren agiria edo enplegua hobetzeko agiria (DARDE) edukitzea.

e) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik diziplinako kaleratze bidez bereizia ez izatea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozedurak eta kontratuak iraun bitartean.

2.3. Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 32.1 artikuluan.

2.4. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Barañaingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Udaletxeko plaza, z.g.), herritarren arretarako bulegoan, goizeko 08:30etik 14:00etara, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari hori ziurtatu aurretik.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Barañaingo Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://sedeelectronica.baranain.es/). Parte hartzeko eskaera behar bezala beteta eta sinatuta aurkeztu behar da Erregistro Orokorrean, eta ezinen da aurkeztu eskaera sinatzeko aukerarik ematen ez duen identifikazio-bide bat (cl@ve) erabiliz. Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera; hura Barañaingo Udalaren Herritarrarendako Harrera Bulegoan eskuratzen ahalko da (Udaletxeko plaza, z.g.), edo bestela Internet bidez, www.baranain.es eta www.baranain.eus helbideetan.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta eskatzen den titulazioarena edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten den agiriarena aurkeztu beharko dituzte. Orobat, ES 84 2100 5181 14 2200064922 kontuan 20,00 euro sartu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak ordaintzeko. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Eskabidea Herritarrendako Arreta Bulegoan bertan aurkezten duten izangaiek tasaren ordainketa eskudirutan egiten ahalko dute, unean bertan.

Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria, organo eskudunak emana. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean, Herritarrendako Harrera Bulegoan (Udaletxeko plaza, z.g., 31010 Barañain), edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere eskaintzaren berri emanen du, eta Barañaingo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian paratuko da. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Barañaingo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da Barañaingo Udalaren iragarki-taulan, bai eta Udalaren web-orrian ere.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Iragarki-taulan agertzen denetik hasita, izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Barañaingo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Barañaingo Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik, aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan ohartuz gero ez dela betetzen baldintzaren bat, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia izendatuko da deialdi hau onetsi ondoren eta onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi aurretik. Epaimahaikide bakoitzerako ordezko bana izendatu beharko da. Izendapen hori deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Barañaingo Udalari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaproba hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatu ahal izanen du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

8.–Hautapen-espedientearen nondik norakoa.

8.1. Barañaingo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian iragarkia jarriz eginen zaie probaren deialdia izangaiei. Hori aski izanen da hitzordua egina dela ulertzeko.

8.2. Hautapen-prozesuak bi proba izanen ditu, II. eranskineko gaiei buruzkoak. Lanposturi lotutako ezagutza teorikoak eta praktikoak baloratuko dira.

Lehendabiziko proba teorikoa eta praktikoa izanen da, eta izangaiek 50 galderari erantzun beharko diete, idatziz. Hiru erantzun emanen zaizkie, eta horietatik bat soilik izanen da zuzena. Erantzun baliozko bakoitzak puntu bateko balorazioa izanen du; erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren 0,33ko zigorra izanen dute. Gehienez ere 50 puntu lor daitezke eta baztertuak izanen dira, gutxienez ere, 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du zenbat iraunen duen gehienez.

Bigarren proban, berriz, ariketa praktiko bat edo batzuk egin beharko dituzte, erakusteko egin beharreko lanaren berezko tresnak ezagutzen dituztela eta horiek nola erabili dakitela eta gai direla lanpostuari lotutako zereginak aurrera eramateko. Epaimahaiak ezarriko du proba horren gehieneko iraupena; 50 puntu izanen ditu gehienez, eta gainditzeko 25 puntu, gutxienez, lortu beharko dira.

8.3. Probarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute. Bazterturik geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Hautapen prozesua bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Barañaingo Udalaren iragarki-taulan web-orrian, proba gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta Tokiko Gobernu Batzarrari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, behin betiko onets dezan.

Izangai bi edo gehiago puntuetan berdindurik badaude, berdinketa hausteko izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Gainditu duten izangaiei dagokion espezialitatean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

Betiere, azkar eginen dira deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Hortaz, pertsona batekin harremanetan jartzerik ez badago, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Deia jasotzen duten izangaiek deialdian eskatutako titulu akademikoa (jatorrizkoa edo kopia konpultsatua) aldean dutela agertu beharko dute, aldez aurretik egiaztatu dezaten.

9.3. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko da eta bertan kidetuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

9.4. Barañaingo Udaleko Giza Baliabideen Arloaren lana izanen da horrela eraturiko zerrendaren kudeaketa.

10.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

d) Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien partaidetza. I. kapitulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua. II. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. I. kapitulua: Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan. VI. titulua: Kontratazioa.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua. I. kapitulua. Xedapen orokorrak; II. kapitulua. Administrazio publikoetako organoak. VI. kapitulua. Hitzarmenak. III. titulua. Administrazioarteko harremanak.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea. III. titulua. Administrazio egintzak: I. kapitulua. Administrazio egintzen betekizunak. II. kapitulua. Egintzen eraginkortasuna. III. kapitulua. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapen orokorrak.

4.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Kontratistak. III. kapitulua. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. V. kapitulua. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

5.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedura. II. titulua: Dirulaguntzak itzuli beharra.

6.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. I. titulua. Administrazio publikoen eskumenak. I. kapitulua. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumenak. II. kapitulua. Antolaketa administratiboa. III. kapitulua. Administrazioarteko harremanak. IV. kapitulua. hirigintzako hitzarmenak. II. titulua. Lurraldearen eta hirigintzaren antolamendua. II. kapitulua. Hirigintzako udal-plangintza. III. titulua. Lurzoruaren hirigintza-araubidea. IV. titulua. Planeamanduaren exekuzioa. V. titulua. Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina. VI. titulua. Lurzoruaren merkatuan esku hartzeko tresnak. I. kapitulua. Lurzoru-ondare publikoak. 1. atala. Udalaren lurzoru-ondareak.

7.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. I. titulua. Ondasunak, oro har. II. kapitulua. Kalifikazio juridikoa. Aldakuntza. Atxikipena. III. kapitulua. Ondasunak eskuratzea. IV. kapitulua. Defendatzea, begiratzea eta berreskuratzea. V. kapitulua: Ondasunak erabiltzea eta aprobetxatzea. VI. kapitulua. Ondasunen besterentzea eta karga.

8. gaia.–Eraikuntzaren Kode Teknikoa. DB-SUA: Erabilerari eta irisgarritasunari buruzko segurtasunaren oinarrizko agiria. DB-SI: Segurtasunaren oinarrizko agiria surik piztuz gero. DB-HE: Energia aurrezteari buruzko oinarrizko agiria. DB HR: Zarataren aurkako babesari buruzko oinarrizko agiria.

9.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.

10.–26/2022 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua (17/2020 Foru Legeak arautzen ditu Ingurumenean Eragina duten Jarduerak).

11.–Uztailaren 23ko TMA/851/2021 Agindua, zeinaren bidez garatzen baita irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa, espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egon daitezen.

12.–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, Eraikuntza Lanetako Segurtasunari eta Osasunari buruzkoa: I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Berariazko segurtasun eta osasun xedapenak obren proiektu eta exekuzio faseetan. Segurtasunari eta osasunari buruzko azterketa. Laneko segurtasun eta osasun plana. Obra gauzatzen den bitartean, segurtasun eta osasun arloko koordinatzailearen betebeharrak. Gorabeheren liburua. Lanak etetea. III. Kapitulua. Langileen eskubideak. Eranskinak.

13.–38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, eraikingintzaren antolamenduari buruzkoa.

14.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. III. kapitulua: Tributuz kanpoko baliabideak. 3. azpiatala. Urbanizazio kuotak. II. titulua. Udal zergak. II. kapitulua: Lurraren kontribuzioa. VI. kapitulua: Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga.

15.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

16.–12/2012 Legea, abenduaren 26koa, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: L2404074