61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa. Erregelamendu Batzordeak onetsita.

Nafarroako Parlamentuko Erregelamendu Batzordeak, 2024ko martxoaren 8an egindako bilkuran eta Legebiltzarreko Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa onetsi zuen. Horren testua erantsitako dokumentuan doa.

Haren azken xedapena betez eta Legebiltzarreko Erregelamenduaren 125. artikuluarekin bat, agintzen da aipatu aldaketa Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Iruñean, 2024ko martxoaren 8an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

ERANSKINA.–NAFARROAKO PARLAMENTUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN ALDAKETA

HITZAURREA

Langileen Estatutuaren aldaketa honen arrazoia da Nafarroako Parlamentuko negoziazio-mahaian honako puntuei buruz iritsitako akordioa: kasuko langilearen eskuerako aukera gisa arautzea erditzeagatiko, adopzioagatiko edo adopziorako edo harrerarako zaintzagatiko lizentzia bat hartuta duten edo ama biologikoaz bestelako gurasoaren baimen bat hartuta duten izangaien kargu-jabetzearen geroratzea; ezartzea, aukeratzat, borondatezko eszedentziako egoeratik maila-igoeran parte hartu ahal izatea, enplegatua Nafarroako Parlamentuko aldi baterako beste lanpostu batean zerbitzu ematen ari denean; gradu-igoera aldatzea, muga 8. graduraino igoz; eta 18 hilabeteko lanpostu erreserbadun borondatezko eszedentziako egoeraren araubide berria ezartzea, arauak aurreikusten dituen kasuak gehituz, eta destino-itxaronaldia ere ukituz.

Langileen Estatutu indardunaren laugarren xedapen gehigarriak ezarritako prozedurari eta Parlamentuko Erregelamenduko hirugarren xedapen gehigarriari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua aldatzen da.

Artikulu bakarra.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua aldatzen da, nondik norako hauekin:

Bat.–11. artikuluko d) letra aldatzen da. Testu hau izanen du:

"d) Karguaren jabetza hilabeteko epean hartzea, izendapenaren jakinarazpenetik aurrera zenbatua, salbu eta behar adina justifikaturiko arrazoi bat dagoenean. Funtzionario-lanpostuaren jabetzaren hartzea geroratzen ahalko da, baldin kasuko izangaiak hartuta badauka erditzeagatiko, adopzioagatiko edo adopziorako nahiz harreran hartzeko zaintzagatiko lizentzia bat edo ama biologikoz bestelako gurasoaren baimen bat. Geroratzeak iraunen du kasu bakoitzean etenik gabe hartuta dagoen aldiak bezainbeste.

Izangaiak gerorapena aukeratzen badu, lanpostuaren jabetza hartzeko epearen zenbaketa hasiko da interesdunak erditzeagatik, adopzioagatik edo adoptatzeko edo harreran hartzeko zaintzagatik duen lizentzia edo baimena etenik gabe hartzen ari den aldia igaro eta gero, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, beti errespetatuko da erditzearen ondoko nahitaezko atsedenaldia.

Kasu horietan, emandako zerbitzuen aldi gisa onartuko da lanpostuaren jabetza hartzeko gerorapenaren iraunaldia. Onarpen hori postuaren jabetza hartzeari egonen da baldintzatuta, eta data horretatik aurrerako efektuak sortuko ditu.

Apartatu honetan ezarritakoa aintzat hartuko da aldi baterako kontrataziorako deialdietan, kontratazio horren berariazko ezaugarrien araberako egokitzapenekin".

Bi.–12. artikuluko 3. apartatuko c) letra aldatzen da, eta hauxe izanen du testu berria:

"c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzu ematen ari denean Nafarroako Parlamentuko aldi baterako beste lanpostu batean".

Hiru.–12. artikuluaren 9. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

"9. Goragoko hurren-hurrengo gradurako igoera eginen da gradu berean bost urte ematearekin, salbu eta 8. gradua erdietsi dutenen kasuan".

Lau.–19. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"19. artikulua.

1. Borondatezko eszedentzia deklaratzen ahalko da, funtzionario den langileak eskatuta, ondoko kasu hauetan:

a) Funtzionario bezala edo aldi baterako lan-kontratudun bezala Nafarroako Parlamentuko beste kidego edo eskala batean, beste administrazio publiko batean edo administrazio publiko baten menpeko nortasun juridiko berekidun entitate batean zerbitzu ematera igarotzeko, hasierako hemezortzi hilabeteetan jatorrizko postuaren erreserbari eutsirik.

g) Funtzionarioaren interes partikularrarengatik, jatorrizko postuaren erreserbari hasierako hemezortzi hilabeteetan eutsirik, zerbitzuaren beharrek horretarako modua ematen badute eta interesdunak frogatu egiten badu bere eskaera egin aurreko urtebetean, gutxienez, jardunean edo egoera parekatuan aritu dela.

c) Alderdi politiko, sindikatu edo lanbide-erakundeetan zuzendaritza-karguak betetzeko, funtzio publikoan aritzearekin bateraezinak direnak.

2. Zilegi izanen du borondatezko eszedentzia eskatzea postua lortu duenak Nafarroako Parlamentuko lanpostu baterako hautaprozedura batean, funtzionario nahiz aldi baterako lan-kontratudun gisa Nafarroako Parlamentuan edo beste administrazio publiko batean zerbitzu ematen segitzeko. Kasu horietan, borondatezko eszedentzia deklaratuko da Nafarroako Parlamentuko funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartua izan ondoren. Eszedentzia onartzeak ez du postuaren gaineko inolako erreserbarik ekarriko, eta postu hori beteko du gaindituen zerrendan jarraian dagoen hurrengo izangaiak.

3. Borondatezko eszedentzia, betiere, denbora mugagabe baterako emanikotzat joko da.

4. Behar bezala justifikaturiko beharrizana dagoenean izan ezik, borondatezko eszedentziako egoeran dauden funtzionarioek ezin izanen dute eskatu zerbitzu aktiborako itzulera, harik eta egoera hartan urte oso bat bete duten arte. Itzulera onartua izan ondoren, hilabeteko epean gauzatu beharko da. Hala egin ezean, langileak galdu eginen du funtzionario izaera.

5. Borondatezko eszedentziako egoeran dauden funtzionarioek eutsi eginen diete eskuratuta dauzkaten maila, gradu eta antzinatasunari, baina ez zaie eskubide ekonomikorik sortuko, eta egoera hartan eman duten denbora ere ez zaie inolako ondoriotarako aintzat hartua izanen.

6. Noiz eta borondatezko eszedentziak berekin jatorrizko postuaren erreserba baitakar, funtzionarioek zilegi izanen dute, aipatu egoeran hemezortzi urte betetzean, nork bere posturako itzulera eskatzea, eta itzulera hori hilabeteko epean gauzatuko da".

Bost.–13. artikuluko e) letra aldatzen da. Hona testu berria:

"e) Zerbitzu aktibora ez itzultzea, eszedentzia berezia edo borondatezkoa amaitu ondoren".

Sei.–15. artikuluko e) letra kentzen da.

Zazpi.–23. artikulua kentzen da.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Aldaketa honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da.

Hala ere, hirugarren apartatua, 12. artikuluaren 9. apartatuaren testu berriari dagokionez, ondorio ekonomikoekin 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2404305