61. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

149E/2024 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Ergoieneko udal planaren determinazio egituratzaile eta xehatu batzuen aldaketa puntualari buruz (bizitegi-lurzoru urbanizagarrian 5. sektore berria). Aldaketaren sustatzailea Jesus Echarri Luis da.

Aldaketak Ergoieneko Udalaren hasiera bateko onespena du, 2023ko azaroaren 20an emana, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2023ko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 14koan.

Aldaketaren helburua Lizarragako herrigunea handitzea da, 1.195 m²-ko azalera gehituz, 1. poligonoko 36A azpilurzatiaren zati bati dagokiona, etxebizitza bat eraikitzeko.

Lurzatia Lizarragako herrigunearen iparraldean dago, eta Telleriako bidetik sartzen da bertara. Bide horrek lurzatiaren muga finkatzen du ipar-mendebaldetik, 349. lurzatian dagoen etxebizitzarekin batera, eta hegoaldetik beste bide bat du mugakide. Lurzatiaren gainerako eremua belardiz inguratuta gelditzen da.

Indarrean dagoen plangintzaren arabera, aldaketak lurzoruaren azpikategoria aldatzea dakar, produktibitate ertaineko nekazaritza- eta abeltzaintza-lurzoru urbanizaezina izatetik lurzoru urbanizagarria izatera igarotzeko.

Lizarragako herrigunea handitzeak ez du ingurumenean ukipenik eraginen. Aldaketaren xedeko lur eremua txikia da, eta herrigunearekin muga egiten du. Beraz, ez da ukipen berririk aurreikusten oinarrizko azpiegiturekiko loturei dagokienez. Jarduketa nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilera duten lurretan eginen da, eta bertan ez da identifikatu ingurumenaren aldetik nabarmentzen den baliorik eta/edo elementurik. Bestalde, proposamena bat dator gaur egun izapidetzen ari den udal plan orokor berriaren aurreikuspenekin.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematen da, aldekoa, Ergoieneko udal planaren determinazio egituratzaile eta xehatu batzuen aldaketa puntualari buruz (bizitegi-lurzoru urbanizagarrian 5. sektore berria), ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Jesus Echarri Luis da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ergoieneko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2403880