6. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORTES

2024ko lan egutegia

Cortesko Udaleko alkate udalburuak, 2023ko abenduaren 15ean emandako ebazpenaren bidez, Cortesko Udalaren zerbitzuko langileen 2024ko lan egutegia onetsi du.

Cortesko Udaleko alkate udalburu María Concepción Ausejo Gómez naizen honek,

Aintzat hartuz zer xedatzen duten abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.6 artikuluak (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina), ezartzen baitu enpresak urtero prestatu behar duela lan-egutegia.

Bat etorriz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen 4. artikuluan xedatutakoarekin (foru-lege horren bidez aldatu zen 13/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzkoa), ezartzen baitu Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen urteko benetako lanordu kopurua 1592 izanen dela.

Kontuan hartuz zer eskumen ematen dizkidaten apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak, eta ikusirik eta onetsirik langileen ordezkariek egindako proposamena 2024ko lan egutegiaren gainean,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–2024an izanen diren aste barreneko jaiegunen egutegia onestea Cortesko Udalaren zerbitzuko langileendako; hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 28a: Ostegun Santua.

–Martxoaren 29a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 1a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago apostolua.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Irailaren 30a: San Migel egunaren ondorengo astelehena.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioa.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Egutegia arautzeko, horiez gain, ondotik ematen diren egunak ere ez dira lanegun izanen udal bulegoetako langileendako:

–Urtarrilean: 5a.

–Ekainaren 24a.

–Uztailean: 26a.

–Abuztuan: 16a.

–Urrian: 1a, 2a, 3a eta 4a.

–Abenduan: 2a, 24a, eta 31.

Zerbitzu osagarrietako langileentzat aurrekoak ere lanik gabeko egunak izan dira, salbu eta urtarrilaren 5a. Hain zuzen, egun horren ordez, abenduaren 23an izanen dute jai.

Aparteko orduen ordain, plantilla organikoan lanaldiaren luzapeneko osagarria esleiturik ez daukaten langileendako, jaieguneko lanalditzat hartuko dira egiten direnak igandeetan, Nafarroako Gobernuak izendatutako jaiegunetan (lehen apartatuan aipatuak), eta irailaren 30ean, San Migel.

San Joan eta San Migel festetan, Alkatetzak zehazturiko zenbait udal zerbitzutan egiten diren zerbitzuak lanaldiaren urteko lanordu kopurutik aparte geldi daitezke plantilla organikoan lanaldiaren luzapeneko osagarria esleiturik ez daukaten langileendako; halakoetan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 51. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko dira.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1592 da, jarraikiz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari eta abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuari, eta haren banaketa honela eginen da:

a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 30 minutu izanen da. 07:30etik 15:00etara nahitaez lan egin beharko da.

b) Zenbaki honen aurreko apartatuan adierazitako lanaldiaren ordu banaketa ez zaio aplikatuko kirol koordinatzaileari, ez eta, haien lan baldintzak direla eta, lan egutegi berariazkoa duten beste langileei ere.

c) Alkateak aurretiaz baimena emanik, aparteko orduak egiten dituzten langileek asteko gaztigu-orri batean jaso beharko dituzte, horien ordaina bil dezaten, dela diruz dela denboraz, baldin eta lanaldiaren luzapeneko osagarria esleiturik ez badaukate. Hala eta guztiz ere, lanaldiaren luzapeneko osagarri hori esleiturik daukatenek ere jaso beharko dituzte ordu horiek orrian, urtean egiten duten lanaldi-luzapenaren jarraipena egite aldera.

d) Orduen gehieneko kopurura iristeko (1592), beste 2 orduz egin beharko da lan. Aldez aurretik eskaera egin eta alkateak horretarako baimena eman beharko du, eta ondoren, egutegia onetsi eta 20 egunera jakinarazi beharko da.

Laugarrena.–Egun baliogabeak izanen dira, 2024. urtean epeak zenbatzeari dagokionez, larunbatak, igandeak eta ebazpen honen lehen xedapenean jaiegun deklaraturikoak.

Bosgarrena.–Lan-egutegi hau aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, langilearen baldintzen gainean gaur egun indarra duen araudiari jarraikiz.

Seigarrena.–Administrazio honen zerbitzuetako premiak direla eta, eta horiek behar bezala jardun ahal izateko, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eta Zerbitzu Osagarrietan, bertako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Zazpigarrena.–Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa baino luzeagoa duten langileek 30 minutuko atsedenaldia izanen dute gehienez. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari eta, orokorrean, 10:00etatik 13:00etara bitartean hartzen ahalko da. Langileek ez dute zertan erabili asistentziaren kontrolerako sistema.

Cortesen, 2023ko abenduaren 15ean.–Alkate udalburua, María Concepción Ausejo Gómez.

Iragarkiaren kodea: L2317763