59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MUEZKO KONTZEJUA

Bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Muezko Kontzejuak Bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza hasiera batez onetsi zuen 2020ko abuztuaren 5ean.

Onespena 2024ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 11n. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin, eta, beraz, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Muetzen, 2024ko martxoaren 11n.–Alkatea, María Carmen Vidaurre Azcona.

BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauzko erregulazioa ezartzea Muezko mugarteko mendiko bideen arloan.

2. artikulua.

Muezko Kontzejuaren meneko bideetan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearekin bat ibili beharko da.

Seinalerik ez duten bidegurutzeetan, trafikoari buruzko arau orokorrek aginduko dute eta, beraz, eskuinetik dabilenak izanen du lehentasuna.

3. artikulua.

Debeku da arras:

1.–Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematera.

2.–Harriak eta nekazaritzako hondakinak bidera, arekara eta erretenera botatzea.

3.–Bideko arekara lurra bota eta hura betetzea, lursailetan nekazaritzako lanak egitean.

4.–Nekazaritzako hondakinak areka, bide eta erretenetan erretzea.

5.–Bide-zorutik herrestan eramatea goldeak, areak edo kaltea edo hondaketa eragiteko moduko beste elementu batzuk, edo bideetako goiko geruza kaltetzen ahal dutenak.

6.–Bideetan egitea bidea hondatzen ahal duten lanak, eta bideon azalera inbaditzea edo murriztea.

7.–Bideetan defentsak paratzea, baldin eta defentsok bideak hondatu, inbaditu edo murrizten badituzte.

8.–Administrazioaren baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

4. artikulua.

Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten. Horretarako, beren baliabideak erabili beharko dituzte (brabana eta abar).

5. artikulua.

Adarrek areka ez gainditzeko maneran landatuko dira arbolak bide ondoan.

Bidearen mugatik 2 metrora, gutxienez, landatu behar dira Fruta fruta arbolak Fruta arbolak ez direnak zuhaitzak, berriz, bidearen mugatik 4 metrora, gutxienez, eta landare-heskaia 2 metrora, gutxienez.

6. artikulua.

Muezko mendiko bideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura mantsotuko beharko da topo egitean ibilgailu bereziekin, ibilgailu motelekin, animalia saldoekin edo oinezkoekin, are gehiago hautsa pilatzen deneko aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatzen dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Betiere, 30 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

7. artikulua.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Udalari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko, eta eginen dituzte gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin, beren kontura egin ere. Kontzejuak fidantza eskatzen ahalko du, egokitzat jotzen duena, lursailetarako sarbidea behar bezala egiten dela bermatzeko.

8. artikulua.

Mendiko bideetan ibiltzeko gehieneko pisua 30.000 kilo da.

9. artikulua.

Sei metro baino gutxiagoko okupazio-zabalera duten bideetan, finketako itxiturek –obrazkoek zein hesi metalikoen bidezkoek–, baldin eta 50 zentimetroko altuera gainditzen badute, gutxieneko distantzia errespetatu beharko dute; hau da, bidearen erditik 6 metroko tartea utzi beharko dute dagokion lursailaren ertzera.

10. artikulua.

Kontzejuak zirkulatzeko muga bereziak ezartzen ahalko dizkie ibilgailu-mota eta erabiltzaile jakin batzuei edo guztiei, hala eskatzen dutenean bidearen baldintzek, segurtasunari, ingurumen-babesari edo osasunari lotutako arrazoiek edo inguruabar zehatzek.

Mugak izan daitezke, adibidez, baldintza zehatz batzuetan ibiltzeko debekua edo betebeharra edo aldez aurretik behar izatea administrazio-baimen bat. Mugak bidearen zati bati edo bide osoari eragiten ahal dio, eta ahal dela, aldi baterako izanen da.

11. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

12. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza hau hausten duenak 300 euroko zehapena izanen du, aparte utzirik egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

13. artikulua. Erabilera-motak eta baimendutako erabilerak.

Muezko Kontzejuak bideak erabiltzeko baimena ematen ahalko die honako herritar hauei, galarazi gabe bideen erabilera mugatzen duten bestelako arauak, nahitaez betetzekoak baitira:

–Muezko Kontzejuan erroldatuak.

–Muezko Kontzejuko higiezinen jabe direnak. Txartel bana emanen da higiezin bakoitzeko.

–Gesalatzen zirkulazio-zerga ordaintzen duten ibilgailuetako jabeak.

Baimenak Muezko Kontzejuak emanen ditu, Kontzejuaren ebazpen baten bidez. Autoen eta udal erroldaren kasuan, Udalaren aldez aurreko txostena beharko da.

Baimenak urtebeterako emanen dira.

Ibilgailuan ongi ikusteko moduan jarri beharko dira, agintari eskudunek behar bezala egiaztatu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: L2404162