59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Zerga kontrolerako udal plana 2024-2028 aldirako

Irunberriko Udalak, 2024ko otsailaren 28an egin osoko bilkuran, onetsi zuen Zerga kontrolerako plana 2024tik 2028ra bitarteko ekitaldietarako, Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluarekin.

Irunberrin, 2024ko martxoaren 4an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

IRUNBERRIKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA 2024-2028 EKITALDIETARAKO

Atarikoa

Lehenbizikoa.

Irunberriko Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2023tik 2026ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako udal plana funtsezko tresna da, planifikatu dadin udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak; horiek ahalbidetuko dute ekitaldian ezarritako helburuak lortzea.

Bigarrena.

Zerga kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duenarekin bat, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: "Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera, tributu-sistema justu baten bitartez; berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituko da sistema hori, eta ezein kasutan ez da iritsiko konfiskatzeraino". Bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki-erakundeen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: "Toki-ogasunek behar adina baliabide izan beharko dute legeak korporazio bakoitzari esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzeko. Baliabide horiek, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomia-erkidegoenetan parte hartuz bilduko dituzte". Beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga iruzurrak atzematera eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, eta arreta eta ardura bereziz zainduko dira ekonomia-jardueren gaineko zerga, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan aipatzen dira xedatzen diren jarduera ildo nagusiak, eta, orobat, zer arlotan zentratuko diren, lehentasunez, zerga kudeaketa eta ikuskapeneko udal zerbitzuen ekintza nagusiak, deusetan ukatu gabe ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskuordetzea behar duten eskumenak. Jarduera horiek zein diren zehaztuko dute aplikatzekoa den araudiak, udalerriaren errealitate fiskalak eta udalerriak erabilgarri dituen baliabideek.

Finean, kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez, aztertu eta ikertuko da ea zergapekoek ongi betetzen dituzten Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak.

Bestalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahal da. Jarduketa orokorrak eginen dira zergapekoaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, toki ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, honelakoak eginen dira: zerga kudeaketako egiaztapen eta ikerketa lanak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo, kontraesanezko peritu-tasazioko prozesuak baliatuz, balioak egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezkoa bada.

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko departamentuek, beren jarduketetan, ikertu beharko dute ea zehatzak eta egiazkoak diren zergapekoek adierazitako egitateak eta inguruabarrak, tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpen eta jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko dute ea baden egitatezko elementuren bat edo zergen arloan garrantzitsua den beste aurrekariren bat, administrazioak ezagutzen ez duena osoki edo hein batean. Azkenik, aztertuko dute ea zehatzak diren zergapekoek egindako zerga likidazioko eragiketak eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran egokitzat jotzen duten erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketen helburua da ezagutzea pertsona edo erakunde baten eskuetan dauden datu edo aurrekariak, informazio hori garrantzitsua denean zerga arloan, beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, eta informazio hori, oro har, ez denean Zerga Administrazioari jakinarazi beharrekoa aitorpen bidez.

Deusetan ukatu gabe administrazioko beste organo batzuen eskumenak, emanen dira argibideak eta aholkuak, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatzekoa den legeria

Udal zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, jakiteko ea zehazki betetzen dituzten Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: 13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Udal zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak egokituko dira organo eskudunak onetsitako zerga kontrolerako planetara.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar da zer irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta planaren barnean sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako plan bakoitzak oinarritzat dituen irizpide orokorrak, eta, horrela, betetzen da ezartzen den betebeharra hala Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan nola ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua).

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: "Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia ahalmenaren arabera".

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor tributuen udal administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzea bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Plana 2024tik 2028ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira, eta ez zaie publizitaterik emanen.

Zerga kontrolerako plana baimen orokor bat da, epe jakin batean ekin ahal izateko egiaztapen eta ikerketa jarduketei, edo informazioa lortzeko jarduketei, zergapekoen gainean. Hark biltzen ditu zergapekoak hautatzeko erabiliko diren irizpideak, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, bai eta jarduketen iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari dagokionez, zergak kontrolatzeko planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, berma dadin behar bezala banatuko dela zergen karga. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina bideratuz ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara.

Ikertu beharreko zergapekoak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, bai eta departamentuko gainerako langileek ere, bete beharreko zeregin bat izanen dute, lan-karga batzuk finkaturik horretarako, hots: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta jarritako ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean honako alderdi hauek landu behar dira:

–Ausazko alderdia:

  • Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk egiten bazaizkie itxuraz nabarmenak ez diren zenbait zergapekori.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

  • Alderdi honetan, kontuan hartuko da zer kontu deigarri agertzen dituzten zergapekoek, aitorpenetako datuak konparatzean, susmarazten dutenak iruzurra egin dela.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

  • Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ratio normalak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinaletzat har litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datu zehatzen alderdia:

  • Kasu honetan, gauza jakina da jarduera izan badutela, baina ez dutela bidezko den aitorpenik aurkezten.

Zergen kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak

Baliabide materialak.

Behar den laguntza teknikoa emanen dute honako udal alor hauek: Hirigintzak, Ogasunak eta Ondareak.

Funtzionarioei utzi eginen zaie zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen, behar-beharrezkoa baitute ezagutzea zergapekoen egoera aitortua, jakiteko nolako egoeran dagoen zergapekoa tributuen aldetik, bai ikuskapena hasi aurretik, bai haren tributu egoera erregularizatzeko orduan, azken hori bidezkoa balitz. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, lehiaketa jakin batzuetan aurkezteari buruzkoak.

Funtsezko informazioak dira honako hauek: obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergan izena ematen dutenen kontrola; esan bezala, horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira kontrolatzeko ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko, eta izanen dituzte beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak.

Alkatetzak txartela edo lanerako beste identifikazio-agiriren bat emanen die ikuskatzaileei.

Giza baliabideak.

Zerga Administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak; zehazki, zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako halako lanpostuetan aritzen direnek. Era berean, funtzionario ez diren langileen esku uzten ahal dira prestakizunak egiteko ardura eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketen ardura, baldin zerga administrazioaren zerbitzura ari badira.

Ikuskaritza

Puntu honetan, erabaki da Irunberriko Udaleko alkateak betetzea Ikuskaritzako buruaren kargua, eta Udaleko idazkari-kontu hartzaileak, berriz, ikuskatzaile aktuarioarena.

Laguntza jasoko dute ikuskapen lanetan aritzeko.

Alkateak edo, eskuordetza emanik, hura ordezkatzen duenak izanen ditu errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren Alorra eta Hirigintza Alorra.

Prestakuntza

Baimena emanen da erakunde publikoek nahiz pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko.

Helburu orokorrak

1. Egiaztapen eta ikerketa jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan sartu dira jarduketa partzialak eta laburtuak. Halakoek, gehienbat, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan izaten dute abiaburua.

3. Jarduketa osagarriak. Txostenak egiteko eta aholku emateko jarduketak.

2024-2028 bitarteko ekitaldietako zergen ikuskapenerako plan orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko berezko eginkizunak aurrera eramanen dira kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituz, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, bat etorriz eraginkortasun eta egokitasun irizpideekin.

Sektore edo jarduerak:

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritza sektorea, 100 metro koadrotik gorako lokaletan.

–Fabrikazio jarduerak.

–Azalera handietako merkataritza misto edo integratuko jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendeari irekitako bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zergen kontrola beharrezkoa da ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatutako zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak. Izan ere, subjektu pasiboak aitortu behar du zer aldakuntza izan den aurreko urtean besterendu diren metro koadro eraikietan edo eraikitzekoetan, urbanizatuetan edo urbanizatzekoetan. Horretarako, aitorpena aurkeztu behar dio zerga administrazio eskudunari, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean. Zergapekoak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, bere diru-sarreren zati handi bat eskuratu gabe gelditzen ari da Udala.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen higiezinen sustapena lurrei dagokienez; alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatien metro eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, erabiliko dira hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, eta jarraipena ere bai, Gobernu Batzarrak eman dituen lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman ote duen higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbestekoa izanen da koordinatzea Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat izanen da 100 metro koadrotik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu beharko da behar bezala aitortzen ote duten beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, xedetzat hartuko dira kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan atzematen baitira. Alde batetik, ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz eta, bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan; izan ere, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Jakiteko ea fabrikazio jarduera horiek benetako egoerarekin bat datozen, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, halakoak Industriako espedienteetan egoten baitira, irekitzeko lizentzien eskaerak direla eta.

Udalen diru-sarreren artean, garrantzitsua da ekonomia-jardueren gaineko zerga kontrolatzea. Izan ere, zerga horretan edozein erregularizazio egiten denean, une horretako diru-sarrerak handitzeaz gain, etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, hautatzen diren sektoreak hautatzen direla, eta deusetan eragotzi gabe kudeatzaileen ekimena, zergapekoen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri guztian.

Lurraldean oinarritutako estrategia

Udalerriko kale, sektore edo esparru hauetan egiaztatuko da jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan gauzatzen dira udalerriko industriako eta merkataritzako jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, egiaztatu dadin ea industria eta merkataritza establezimenduek betetzen dituzten segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak, eta erregularizatu dadin haien zerga egoera edo, hala behar denean, departamentu eskudunak itxiaraz dezan jarduera.

Zerga-oinarrian oinarritutako estrategia

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergapekoei, baldin eta horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien izapidetzeari buruz indarrean den ordenantzan, edo haren ordezkoan.

Ahalik eta hobekien kudeatu nahi dira zerga Ikuskaritzak dituen giza baliabide nahiz baliabide material urriak, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta hautatu beharko da zer zerga egitate ikuskatu. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina bideratuz ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara; kasu honetan, bideratuko da hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik astunenak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, bereziki zenbateko jakin bat gainditzen dutenak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2403879