59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAUN

Etxebizitzak zaharberritzeko ordenantza aldatzea. Behin betiko onespena

Larraungo Udalak Alde zaharreko etxebizitzak zaharberritzeko ordenantzako aldaketa onetsi zuen hasiera batez, 2023ko irailaren 21ko osoko bilkuran.

Onesteko erabakia 2023ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 7an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Mugiron (Larraun), 2024ko otsailaren 29an.–Alkatea, Mikel Uharte Martija.

LARRAUNEN ALDE ZAHARREKO ETXEAK ZAHARBERRITU ETA BESTE ERAIKIN BATZUK EGITEKO ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Larraungo kontzejuetako alde zaharrak sustatzea, gizarte, kultura eta historia arloko arrazoiengatik eta guztien interesagatik. Hartara, Larraungo herritarrei dirulaguntzak emanen zaizkie udal zerga jakinetarako, antzinako etxebizitzak zaharberritzeko edo ustiategiak handitu edo hobetzeko lanak nahiz obra berriak edo jarduera osagarriak egin ditzaten.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Larraungo mugapea osatzen duten kontzejuak dira.

3. artikulua. Dirulaguntzak har ditzaketen obrak.

A) Dirulaguntzak jasoko dituzte Larraungo herrietako higiezinak zaharberritzeko eta sustatzeko.

obrek, betiere alde zaharrean badaude edo horietatik gertu diren lurzatietan, indarrean den udal planaren edo hura ordezkatzen duen hirigintzako tresnaren arabera. Orobat, eraikin horiek gutxienez 50 urteko antzinatasuna izan beharko dute.

Ordenantza honi dagokionez, zaharberritzea da etxebizitzen bizigarritasuna egokitzeko obra oro, indarra duten foru dekretuek definitzen dutenarekin bat, teknikari eskudunaren partaidetza behar duena, eta estalkiei, egiturei eta etxebizitzak bizilagunen minusbalioei egokitzeko lanei dagokiena.

Aurri egoerako etxebizitzatzat hartuko da Hirigintzako Udal Planean horrela hartuta dagoena edo teknikari eskudun batek prestatutako txostenaren bitartez horrela egiaztatuta dagoena. Ordenantza honen ondorioz diruz lagundu daitezkeen jarduketei dagokienez, hirigintzako aurri egoera nahiz aurri ekonomikoa delakoa onartuko dira.

Ez dira inola ere diruz lagunduko legez kontra egindako obrak legeztatzeko jarduketak, ez eta legezko arrazoiak direla-eta geldiaraziak izan diren obrak ere (udal lizentziarik ez izateagatik, lizentzia oker erabiltzeagatik edo bestelako arrazoiak).

B) Diruz lagundu ahalko dira, halaber, udalerriko ustiategi edo jarduera osagarriak handitzeko edo hobetzeko obrak edo haietan egiten diren obra berriak, bai eta erabiltzen ez diren eraikuntzak (siloak eta antzekoak) eraistea ere.

4. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Ondoko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan ahalko dira onuradun:

a) Eskatzailea udalerrian erroldatua egon beharko da.

b) Udaletxean aurkeztu beharko da obren proiektu teknikoa.

c) Familia unitateko kide guztiek (6. artikulua) Larraungo Udalarekiko eta haren kontzejuekiko betebehar fiskalak ordainduta edukitzea.

d) Zein obretarako eskatzen den laguntza, bada obra hori eginen den higiezinaren titularra edo usufruktuduna izan beharko da eskatzailea.

5. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzetan zenbateko hauek ordainduko dira, obraren arabera:

a) Eraikinen kanpoaldea edota barrualdea zaharberritzea, Larraungo Kontzejuko alde zaharretako etxebizitzak zaharberritzen direnean betiere: EIOZren %50eko hobaria.

Aurri egoeran deklaratutako eraikinetako etxebizitzak zaharberritzen direnean, EIOZaren %100ekoa izanen da hobaria.

b) Larraungo udalerriko ustiategiak edo jarduera osagarriak handitzeko edo hobetzeko obrak, edo obra berriak: EIOZren %50eko hobaria.

c) Erabiltzen ez diren eraikinak eraistea (siloak eta antzekoak): EIOZren %100eko hobaria.

6. artikulua. Familia unitatearen kontzeptua.

Ordenantza honen ondorioetarako, familia unitatetzat hartuko da higiezin berean bizi eta erroldako orri berean dagoen pertsona multzoa.

7. artikulua. Eskabideen tramitazioa eta laguntzen kobrantza.

Eskatzaileak bere eskabidea egin beharko du, eta hori aurkeztu proiektu teknikoarekin edo oinarrizko osasun eta segurtasun azterlanarekin batera, teknikari eskudun batek sinatua eta ikus-onetsia. Ondotik obra lizentzia emanen zaio, betiere udal planari egokitua bada.

8. artikulua. Dirulaguntza behin-behinekoz onartzeko baldintzak.

Dirulaguntza behin-behinekoz onartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Ordenantza honen bidez diruz laguntzen diren jarduketa guztiek hirigintzako lizentzia izan beharko dute aldez aurretik.

b) Legeak ezartzen duenetan, higiezina lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskuratu beharko da.

c) Kasu guztietan idatziz jakinaraziko da obren bukaera. Jakinarazpena bilduta, Udalaren zerbitzu teknikoek ikustaldia eginen dute egindako obrak egiaztatzeko eta txosten bat eginen da, emandako lizentziarekin bat datozela eta ordenantza honetako 3. artikuluan ezarritako ildotik diruz lagundu daitekeen hirigintzako jarduketa dela dioena, hala bada.

9. artikulua. Dirulaguntzaren behin-behineko onarpena.

Aurreko baldintzak beteta, dirulaguntzarako eskubidea eta haren zenbatekoa onartuko dira, alkatearen ebazpen arrazoituaren bidez, 5. artikuluan ezarritako ildotik. Onarpen hori behin- behinekoa izanen da. Behin betiko onarpena eta dirulaguntzen ordainketa urtebetea igaro ondoren etorriko da, artikulu horretan aipatzen diren baldintzak bete direla frogatutakoan.

10. artikulua. Epea.

Dirulaguntzak ordaintzeko epea urtebete izanen da eta honela kontatuko da:

a) Onespenerako lehen aldiz erabiltzeko lizentzia behar baldin bada, hura ematen denetik.

b) Gainerakoetan, hau da, lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren ordez 8. artikuluan aipatzen denaren moduko txostena behar baldin bada, epea txosten hori ematen denetik hasiko da kontatzen.

11. artikulua. Agirien aurkezpena.

Dirulaguntza kobratzeko eskubidea izateko, ordenantzako 10. artikuluak aipatzen duen urtebeteko epea igarota, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen erroldatze agiria, dirulaguntza eskabidea aurkeztu denetik Udal Erroldan modu jarraian egon dela erakusten duena.

b) Dirulaguntzaren xede den higiezinaren titularra dela erakusten duen agiria.

c) Udalaren ziurtagiria, familia unitateko kideek Larraungo Udalarekiko eta haren kontzejuekiko betebehar fiskalak ordainduta dituztela frogatzen duena.

12. artikulua. Inguruabarren aldaketa.

Dirulaguntza kobratzeko epean familia unitateko kide kopuruan gorabeherarik baldin bada eta ordenantza honetako 4. artikuluan aipatu diren inguruabarretan beste edozein aldaketarik izan bada, onuradunak horien berri eman beharko du.

13. artikulua. Dirulaguntza bat baino gehiago eskuratzeko debekua.

Etxebizitza berria bada, titularra ezin izanen da, ordenantza honen ondorioz, dirulaguntzako espediente bat baino gehiagoren onuradun izan.

14. artikulua. Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Ordenantza honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste foru dekretu batzuek arautzen dituztenekin eta zehatz-mehatz etxebizitzak zaharberritzeko laguntzei buruzkoekin.

15. artikulua. Eskualdatzea debekaturik.

Dirulaguntza emateko espedientea abiarazi ondotik eskatzaileak etxebizitza eskualdatzen badu, espedientea bukatutzat joko da. Eskualdaketa 9. artikuluan aipatutako behin-behineko onarpenaren epean gertatzen bada, eskatutako dirulaguntzarako eskubidea galduko da.

16. artikulua. Egiaztatzeko eta ikertzeko ahalmena.

Dirulaguntza behin betiko ordaindu arte, Udalak aztertuko du laguntzaren onuradunak momentu horretan ere betetzen ote dituen 4. artikuluan zehaztutako baldintzak, edota 11. artikuluan eskatutako agirien balioa urteak iragan ahala bere horretan dagoen. Horrela ez bada, ez da ordainduko kobratzeko dagoen dirulaguntza.

17. artikulua. Behin betiko onarpena.

Ekarritako agiriak azterturik eta behar diren egiaztapenak eginik, Udalbatzak, osoko bilkuran,

dirulaguntza behin betiko onartuko du eta hura ordaintzeko erabakia hartuko du.

18. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

19. artikulua. Indarra hartzea eta iraunaldia.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra eta indarraldi mugagabea izanen du.

Iragarkiaren kodea: L2403794