59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, errauts-kolunbarioen emakida arautzen duena. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2023ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Uharteko udal-mugartean errauts-kolunbarioen emakida arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2024ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 23an.

Jendaurreko epea iragan denez eta ez denez jaso inolako erreklamaziorik, kexarik edo oharrik, behin betiko onetsita gelditu da aipatutako ordenantza, ondoren ematen dena; hori dena, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.

Uharten, 2024ko martxoaren 11n.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

ERRAUTS-KOLUNBARIOEN EMAKIDA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria

Ordenantza hau honako lege testuen babespean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduko 93-96 artikuluak, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak.

Udal hilerriko zerbitzua arautzen duen ordenantza 2021eko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 18an, eta 5. artikuluan ("Instalazioak eta sailak") honako hau dago jasota: errauts-kolunbarioa, errauts-nitxoa edo errausketatik heldu diren errautsak dauzkaten kutxatilak gordetzeko tokia.

Definizioa

Errauts-kolunbarioak dira gorpuak edo gorpuzkiak erraustetik heldu diren errautsak gordetzeko tokiak.

Hilotzak erraustetik heldu diren errautsak kutxetan sartu beharko dira, kanpoaldean zenduaren izena ageri dela.

Eskaerak

Kolunbarioa erabili nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Udalaren Erregistro Orokorrean, Udalak emandako inprimakian, honako agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen NANaren edo IFZren fotokopia.

–Errausketa erraustegi batean egin izanaren ziurtagiria.

–Heriotza Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria.

Ebazpena jakinarazi ondoren, baiezkoa bada, errautsak gehienez hamabost eguneko epean utzi behar dira, ebazpena jakinarazten den egunetik hasita. Horrela egin ezean, Udalak besterik gabe ulertuko du kontzesioari uko egiten zaiola. Kontzesioaren aldeko ebazpenak datu hauek izanen ditu, gutxienez: kontzesiodunaren izen-abizenak, kolunbarioaren zenbakia, kontzesioaren data eta epea.

Kontzesioa

Honela emanen dira kontzesioak:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Bi ezkontideren izenean, lehen eskuraketaren unean. Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira; udal administrazioak emanen du hura.

Kontzesioaren tituluetan honako hauek jasoko dira:

–Kolunbario zenbakiduna eta titularra identifikatzeko datuak.

–Kontzesiorako udal erabakiaren data eta horren epea.

Interesdunek aurretik eskatuta, Udalak osoko bilkuran emanen du kolunbarioen kontzesioa, eskaeren ordenari jarraikiz.

Adinez nagusia den orok eskatzen ahalko du kontzesioa.

Ez da inoiz epe-mugarik gabeko kontzesiorik emanen, inola ere.

Kontzesioaren epea

Errauts-kolunbarioaren erabilera-epe (aldi baterako kontzesioa) 20 urtekoa da, kontzesioa ematen den egunetik hasita.

Interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, kontzesioa ezeztatzen bada epea bukatu baino lehen, interesdunak ez du ordaindutakoa (osorik zein partez) itzultzeko eskubiderik izanen.

Kontzesio epea luza daiteke, hamar urtez, hala eskatzen bada kontzesio epea iragan baino hilabete bat lehenago gutxienez, eta indarrean dagoen tasa ordaintzen bada. Udalak eskaera ebatziko du; luzapena uka dezake, uste baldin badu hurrengo urteetan sor daitezkeen beharrei erantzuteko toki nahikoa ez dagoela.

Epe horietakoren bukatu eta hilabete iraganda, inork ez badu eskatzen errautsak emateko, Udalak hezurtegi orokorrera eramanen ditu.

Errautsak gordetzeko modua

Errautsak modu ordenatuan gordeko dira kolunbarioetan, goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Lerro bat ez bada osorik bete, ezin izanen dira erabili hurrengo lerroko kolunbarioak. Ordena bat jartzearren, aintzat hartuko da erabileraren kontzesioaren data.

Errauts-kolunbarioen erregistroa

Udalak kolunbarioen erregistroa kudeatuko du. Gutxienez honako hauek jasoko dira horretan: eskatzailearen izen-abizenak, kolunbarioaren zenbakia, kontzesioaren data eta epea, eta bertan utzitako erraustuen izen-abizenak.

Zerga-egitatea

Zerga-egitatea da kolunbarioen edjudikazioa edo kontzesioa egitea lurzoru publikoan.

Ordaintzera behartuak

Adjudikazio edo kontzesio hori eskatzen duen pertsona natural edo juridikoak ordaindu behar du prezioa.

Zenbatekoa

Udalbatzak finkatuko du urtero ordenantza honen xedea den prezio publikoaren zenbatekoa, legeak kontzesio mota honetarako finkatzen duen denbora mugarekin.

Ordaindu beharra

Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da aprobetxamendua baimentzen denean, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza honetan ezarririk ez dagoen guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea izanen da aplikatzekoa.

Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2404165