59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

877/2024 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, museoetako goi mailako teknikarien lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko da, eta bestea aldi baterako kontratazioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat, museoetako goi mailako teknikarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, izangaien beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzeko abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Museoetako goi mailako teknikarien lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetarako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2024ko martxoaren 4an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

I.–DEIALDIA, MUSEOETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARI GISA PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hauek dira:

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da museoetako goi mailako teknikari lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun titulua edukitzea, edo horren baliokide aitortutako titulua, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

e) Museoetako goi mailako teknikari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

f) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

2.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, MUSEOETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARIEN LANPOSTUETAN ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hauek dira:

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da museoetako goi mailako teknikari lanpostuetan ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun titulua edukitzea, edo horren baliokide aitortutako titulua, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehendabizikoa.–Eskaerak eta dokumentazioa.

1.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdiotan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdiok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honen aipamenean sartuta.

Eskaera-orrian, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaera-orrian; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean. Pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren datuak kontsultatuko ditu (nortasuna, adina eta titulazioa). Datuetara sartuko da, hain zuzen, Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko (SVCD) Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez edo sistema baliokideen bidez, salbu eta izangaiak uko egiten badio modu arrazoituan. Uko egiten badio, nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko du, eskaneaturik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.–Izangaiak onartzea.

2.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila www.nafarroa.eus helbidean.

Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

2.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak egiteko epea amaituta, eta horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko dira izangaien behin betiko zerrendak. Zerrendok www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko dira, deialdian adierazitako hautaproba zer egun, ordu eta tokitan eginen den zehaztuta.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi hauetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Susana Irigaray Soto andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Museoen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Susana Herreros Lopetegui andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: Mercedes Jover Hernando andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Marta Arriola Rodríguez andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Nafarroako Museoaren Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.

Epaimahaikidea: Celia Martín Larumbe andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Museoen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Ignacio Urricelqui Pacho jauna, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.

Epaimahaikidea: Ainara Elarre Belzunegui, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Nerea Macuso Moreno andrea, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Idazkaria: Elena Úriz Sucunza andrea, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezko idazkaria: Juan Carlos Orenes Ruiz jauna, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

3.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

3.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak idazkariak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da, baztergarriak diren bi ariketa hauekin:

A) Lehenbiziko ariketa: ariketa teorikoa izanen da; gehienez 50 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gai-zerrendako edukiari buruz. Test moduko galderak izanen dira: galdera bakoitzari erantzuteko, lau aukera eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Gehienez ordu bat emanen da ariketa hau egiteko. Erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzen baten balioaren erdia kenduko da. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira.

Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) lortzen ez duten izangaiak.

B) Bigarren ariketa: praktikoa, gai-zerrendako edukiari buruzko kasu praktiko bat ebatzi beharko da.

Ariketak gehienez 90 minutu iraunen du.

Ariketa honek, gehienez ere, 50 puntuko kalifikazioa izanen du.

Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) lortzen ez duten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

4.2. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.3. Proba egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskaera-orrian eskatu badute.

Bosgarrena.–Emaitzak.

5.1. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

5.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, kalifikazio epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak ebazteko zozketa bakarra eta berariazkoa eginen du kalifikazio epaimahaiak. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak deialdiaren web fitxan argitaratuko dira.

5.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzi ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean argitaratutako ditu honako zerrenda hauek, bereizita:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

5.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Seigarrena.–Museoetako goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta lanerako dei egitea.

6.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da.

6.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

6.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

6.4. Deia jasotzen dutenek eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hala bada, museoetako goi mailako teknikariaren unibertsitate-tituluaren edo araututako lanbide horretan aritzeko gaitzen duen unibertsitate-graduaren eta -masterraren kopia aurkeztu beharko dituzte, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Era berean, egiaztatu beharko dute betetzen dituztela, hala badagokio, deialdiarekin bete nahi den lanpostuaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Zazpigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Museologia eta museografia. Museoa: kontzeptua, bilakaera eta eginkizunak. Plan museologikoa.

2. gaia.–Museoetako funtsen arrisku faktoreak. Segurtasuna, prebentzioko kontserbazioa eta zaharberritzea.

3. gaia.–Museoetako funtsen dokumentazioa.

4. gaia.–Erakusketa museoan.

5. gaia.–Hezkuntza eta zabalkundea museoan. Didaktika eta bitartekaritza museoan.

6. gaia.–Nafarroako museo eta bilduma museografiko iraunkorrak. Titulartasuna eta kudeaketa. Eraikinak eta bildumak.

7. gaia.–14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa.

8. gaia.–10/2009 Foru Legea, uztailaren 2koa, Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzkoa.

9. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

10. gaia.–1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2403990