59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARLEGIKO KONTZEJUA

Ordenantza, pilotalekuaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Arlegiko Kontzejuko Batzarrak, 2023ko azaroaren 29an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Arlegiko pilotalekuaren erabilera arautzen duen ordenantza (2024ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 23an).

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako erabakia behin betiko bilakatu eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325,1. artikuluari jarraikiz.

Arlegin, 2024ko otsailaren 6an.–Kontzejuko burua, Christian Waskonig Caro.

ARLEGIKO PILOTALEKUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua.

Ordenantza hau aplikatu beharko da Arlegiko Kontzejuko pilotalekuko kirol instalazioan.

2. artikulua.

Arlegiko pilotaleku estalia Kontzejuaren jabetzako ondasuna da, nagusiki herriko bizilagunei zerbitzu egiteko dena, aisialdiari, kirolari, kulturari eta arlo sozialari loturiko helburuetarako.

Arlegiko Kontzejuak instalazioen erabilera esklusiborako eskubidea izanen du beste ekitaldi edo jarduera batzuetarako, komenigarri iruditzen bazaio.

3. artikulua.

Ordenantza honen xedea da arau multzo bat ematea, Kontzejuko pilotalekuaren erabilera arautu beharrez, honako onura hauek lortzearren:

–Instalazioak era egokian eta ordenatuan erabiltzea, guztiek izan dezaten horiek erabili eta aprobetxatzeko aukera.

–Jardueren koordinazioa eta kontrola.

4. artikulua.

Arlegiko Kontzejuari dagokio:

–Esku-hartze administratiboa, kontrola, zainketa eta haren eskumeneko gainerako zereginak, Kontzejuko pilotalekuan egiten den jarduera edozein delarik ere.

–Kontzejuan sustatzea jarduera sozialak nahiz kirol jarduerak gauza daitezen, eginiko ahalegin eta ekimen guztiak koordinatuz, ikuspegi orokor bat harturik.

–Gastuak xedatzea, bere eskumenen eta aurrekontu-kredituen barnean, instalazioak kontserbatu eta hobetzearren.

–Instalazioak erabiltzeko prezio publikoak ezartzea.

–Instalazioak erabiltzeko ordutegia ezartzea, modu arrazoituan, eta ordutegiok aldatzea.

–Instalazioen erabateko erreserba baimentzea egun zehatzetan, Kontzejuaren, kanpoko beste erakunde batzuen nahiz partikularren ekimenez.

–Dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea Nafarroako Gobernuari, korporazio publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei, eta haiek ematen dituztenak onartzea.

–Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak ebaztea.

–Ordenantza hau onetsi, aldatu edo indargabetzea.

–Aplikatzekoak diren gainerako arauek ezartzen dituzten bestelako eginkizunak.

5. artikulua.

Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Doakoa izanen da instalazioetan antolatzen diren kirol, kultura eta gizarte arloko ekitaldietarako sarrera. Jarduerarik egin nahi bada sarrera ordainarazita, Kontzejuaren berariazko baimena beharko da aurretiaz.

b) Erabiltzaileek eskubidea dute instalazioak erabiltzeko, kontuan izanda nolakoak diren baimendutako jarduerak. Bete beharko dituzte instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak.

c) Erabiltzaileek konpromisoa hartzen dute Kontzejuko pilotalekuko instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko. Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren legezko ordezkariak ordainduko ditu.

d) Erabiltzaileek instalazioetan ikusten duten anomalia edo kalte oro komunikatu behar diote Arlegiko Kontzejuko Batzarrari.

e) Behar duten materiala jarri beharko dute erabiltzaileek, eta, gero, jaso beharko dute, eta instalazioak aurkitu bezala utzi beharko dituzte.

f) Instalaziotik ateratzeko aginduko zaie ordenantza honetako arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan instalazioan dauden pertsonak edo ondasunak errespetatzen ez dituztenei.

g) Bete beharreko arauen zerrenda instalazioan bertan jarriko da ikusgai. Ordenantza honen eranskinean jasota dago zerrenda hori.

6. artikulua.

Instalazioak erabiltzeko, aldez aurretik prezio publiko bat –euro 1 orduko– ordaindu beharko da argindarragatik.

Urte bakoitzaren amaieran, Arlegiko Kontzejuak erabiltzaileei komunikatuko die urtean zenbat orduz, guztira, erabili den pilotalekua. Horretarako, erabiliko dituzte aplikazioko erregistroko datuak. Aplikazio horreni bidez, hain zuzen, pilotalekurako erreserbak egiten dira, eta haren bidez ordaintzen da dagokion prezioa.

Arlegiko Kontzejuak antolatutako jardueretan edo Kontzejuaren partaidetza dutenetan, ez da zenbateko hori ordaindu beharko.

Azken xedapena.–Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan jasotako izapide guztiak egin, eta haren testu osoa argitaratzen denean Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori guztia, oinarri hartuta 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua.

ERANSKINA.–ERABILERA ARAUAK

1. Arlegiko pilotaleku estalia Kontzejuaren jabetzako ondasuna da, nagusiki herriko bizilagunei zerbitzu egiteko dena, aisialdiari, kirolari, kulturari eta arlo sozialari loturiko helburuetarako.

2. Pilotalekuaren erabilera arautzen dute haren ordenantzak eta aplikagarri den gainerako arauek. Erabiltzaileek horiek guztiak errespetatu beharko dituzte.

3. Arlegin erroldaturik daudenek lehentasuna izanen dute, erroldatuta ez daudenen aldean, pilotalekua erabiltzeko eta gozatzeko.

Halaber, Kontzejurako diren jarduera antolatuek lehentasuna izanen dute, gainerakoen aldean.

4. Jarduera bat baino gehiago egin nahi bada egun eta ordutegi berberetan, interesdunak saiatuko dira erabilera-akordio bat egiten. Akordio horrek ahalik eta onuragarriena eta ekitatiboena izan behar du. Akordiorik lortzerik ez badago, Arlegiko Kontzejuko Batzarrak ebatziko du arazoa, interesdunei entzun eta gero.

5. Pilotalekua erabiltzeko ordutegia da, urte osoan, 7:00etatik 22:00etara. Kontzejuak ordutegi hori aldatzeko eskubidea izanen du, egokitzat jotzen duenean edo inguruabarrengatik hala komeni denean.

6. Pilotalekua erabili nahi dutenek alta eman beharko dute horretarako berariaz gaitutako web-orrian. Orri horretatik kudeatzen ahalko dituzte erreserbak.

7. Kontzejuak ez ditu bere gain hartuko erabiltzaileek esparruan izandako kalteak, halakorik izanez gero.

8. Pilotalekuaren erabiltzaileek konpromisoa hartu behar dute egoki erabiltzeko, bai instalazioa, bai esparru barneko ondasunak ere.

9. Erabat debekaturik dago pintada oro, lurrean zein paretetan, edo eranskailuak edo baimendu gabeko kartelak jartzea, esparruaren estetikaren kaltetan.

Iragarkiaren kodea: L2403966