59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

241/2024 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baitira "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zaraten mapa estrategikoak (4. fasea)".

Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 1022/2023 Ebazpenaren bidez, "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zaraten mapa estrategikoak (4. fasea)" jendaurrean jarri ziren hilabeteko epean, Europako legedian (2002/49/EE Zuzentaraua) eta Estatuko antolamendu juridikorako transposizioan (Zaratari buruzko 37/2003 Legea eta hura garatzen duten 1513/2005 eta 1367/2007 errege dekretuak) xedatutakoari jarraikiz.

Jendaurreko aldia bukaturik, alegazio bat jaso da, Oltza Zendeako Udalak aurkeztua. Hona hemen alegazioa eta erantzuna:

1.–Adierazi du planoen orientazioak nahasketa eragiten duela.

2.–Informazioa eskatu du bide ardatz handitzat hartzeko irizpideari buruz.

3.–Eskatu du jaso dadila AP-15 autobideak Oltza Zendean duen ukipena.

4.–Eskatu du azterlanean sar dadila Ororbiatik Kybse fabrika dagoen industrialdera doan NA-7010eko zatia.

5.–Adierazi du ez dela aztertu NA-700 errepideak Aratzuriko zeharbidean duen ukipena.

6.–Adierazi du ez dela aztertu NA-700 errepideak Ororbiako zeharbide osoan duen ukipena.

7.–Katalogazio-akatsak atzeman ditu erabileran, Aratzurin eta Ororbian.

8.–Akatsak atzeman ditu Ororbiako musika-eskolan, mediku-kontsultategian eta haur-eskolan.

9.–Informazioa eskatu du jakiteko non kontsulta daitezkeen eremu garatuetako zein garatu gabeetako bateraezintasun-eremuak.

Erantzuna:

Eskaera kontuan hartuta, plano guztien orientazioa aldatuko da. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren webgunean argitaratuko dira.

1.–Indarrean dagoen legeriaren arabera, bide ardatz handitzat hartzen dira urtean hiru milioi ibilgailu baino gehiago dituzten errepideak eta errepide tarteak, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren azken aforo ofizialari jarraituz. Zehazki, 456,518 km aztertu dira guztira. Zarataren mapetan sartuta ez dauden errepideak eta errepide tarteak ez daude sartuta irizpide hori betetzen ez dutelako, edo Iruñerriko hiri aglomerazioko zarataren mapa estrategikoan (IV. fasea) kontuan hartu direlako.

2.–A-15eko tartea kontuan hartu da Iruñerriko hiri aglomerazioko zarataren mapa estrategikoan (IV. fasea), eta Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean argitaratuta dago.

3.–NA-7010 ez dago sartuta "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zarataren mapa estrategikoetan (4. fasea)", ez baitu bide ardatz handia izateko irizpidea betetzen.

4.–Aratzuriko zeharbidea ez dago jasota bikoiztasunak saihesteko, sartuta baitago Iruñerriko hiri aglomerazioko zarataren mapa estrategikoan (IV. fasea).

5.–Ororbiako zeharbidearen tartea, sartuta dagoena "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zarataren mapa estrategikoetan (4. fasea)", bai dago bide ardatz handiaren eraginpean (urtean hiru milioi ibilgailu baino gehiago ditu). 8,0 KP-tik aurrera, NA-700 errepideak jada ez ditu trafiko-dentsitatearen baldintzak betetzen, adarkatu egiten baita dauden bidegurutzeekin, eta, beraz, ez da mapetan jasotzen.

6.–Eremu akustikoen edo zonifikazio akustikoen mugaketari dagokionez, eskaera kontuan hartu da, eta, beraz, mapetan dauden desadostasunak zuzendu dira.

7.–Musika-eskolaren, haur-eskolaren edo mediku-kontsultategiaren kokapenari dagokionez, eskaera kontuan hartu da, eta, beraz, mapetan dauden desadostasunak zuzendu dira.

8.–Leku gatazkatsuak zarataren aurkako ekintza-planean sartuko dira, non zarata-mailak gainditzen diren eremuak agertzen baitira.

Horrenbestez, bat etorriz Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak txostenean jaso eta proposatu duenarekin, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak xedatzen duenarekin,

EBAZTEN DUT:

1. "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zaraten mapa estrategikoak (4. fasea)" direlakoen jendaurreko epea bukatzea, azalpen zatian adierazi bezala.

2. Behin betiko onestea "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zaraten mapa estrategikoak (4. fasea)".

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuaren web-orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia bidaltzea Foru Komunitatean hedapen handiena duten egunkarietako bitara.

4. Ebazpen hau jakinaraztea alegatzaileari eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute honen aurka, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 5ean.–Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro Andrés López Vera.

Iragarkiaren kodea: F2403916