59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

51C/2024 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, erabakitzen duena erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Zizur Nagusiko Udalaren eta udaleko funtzionario eta administrazio-kontratudunen arteko enplegu-baldintzei buruzko 2015-2016 hitzarmena aldatzeko akordioa.

Aztertu da Zizur Nagusiko Udalaren eta udaleko funtzionario eta administrazio-kontratudunen arteko enplegu-baldintzei buruzko 2015-2016 hitzarmena aldatzeko akordioaren testua (hitzarmenaren kode zenbakia: 31100042132013). Akordio hori udalaren ordezkariek eta ordezkari sindikalek sinatu zuten 2023ko abenduaren 5ean, eta 2023ko abenduaren 27an sartu zen erregistro honetan.

Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen arloko lan agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena baino ez du, Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboetarako ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela egiaztatzeko.

Aurrekoa gorabehera, ohartarazi behar da toki erakundeak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren eta hura garatzeko erregelamenduen aplikazio eremuaren mende daudela, eta haietan jasotako arauak aginduzkoak direla, eta ez gutxienekoak.

Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluarekin, baita Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuekin eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuarekin ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Agintzea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadila Zizur Nagusiko Udalaren eta udaleko funtzionario eta administrazio-kontratudunen arteko enplegu-baldintzei buruzko 2015-2016 hitzarmena aldatzeko akordioa (kode zenbakia: 31100042132013).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko otsailaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

ZIZUR NAGUSIKO UDALAREN ETA UDALEKO FUNTZIONARIO ETA ADMINISTRAZIO-KONTRATUDUNEN ARTEKO ENPLEGU-BALDINTZEI BURUZKO 2015-2016 HITZARMENAREN ARTIKULUAK ALDATZEKO AKORDIOA

Zizur Nagusiko Udalaren ordezkaritzak eta udaleko funtzionario eta administrazio-kontratudunen ordezkaritza sindikalak 2023ko abenduaren 5ean egindako negoziazio mahaiak erabaki zuen Zizur Nagusiko Udalaren eta udaleko funtzionario eta administrazio-kontratudunen arteko enplegu-baldintzei buruzko Akordioaren 9.7.2 eta 26. artikuluak aldatzea, jarraian adierazten den moduan:

Bat.–.9.7.2. artikulua aldatzen da eta honela idatzita geldituko da:

9.7.2 artikulua.

"Lanaldi murrizketa honako kasu hauetan ere onartzen ahalko da, zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute:

a) 55 urteko edo gehiagoko langilea izateagatik.

b) Langileak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, edo osasun arrazoiak direla-eta denbora luzea pasa ondoren lanera itzultzen bada, lan arriskuen prebentziorako zerbitzuak hari buruz emandako txostenaren arabera.

c) Langileak, legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu badu 12 eta 16 urte (biak barne) bitarteko haurren bat.

d) Langilearen interes partikularrengatik.

Lanaldi murrizketaren kasu honetan eta haren balizko luzapenetan, ez da inola ere baimenduko murrizketa-aldia aldez aurretik bukatzea, non eta funtzionarioak ez duen hasten amatasunagatik edo aitatasunagatik ordaindutako baimen bat edo ez zaion aitortzen jardunekoa ez den beste administrazio egoera bat".

"Aplikatzekoa den araudiak onartzen dituen lanaldi murrizketen kasuetan, soldataren murrizketa proportzionala dakartenetan, kotizazio-oinarriei eutsi ahal izateko eta dagokion hitzarmen berezia sinatu ahal izateko, udalak Gizarte Segurantzan %100 kotizatzen jarraituko du, erretiroan ehunekorik ez galtzeko, betiere langileak Gizarte Segurantzarekin dagokion kotizazio-hitzarmen berezia eskatu eta sinatu ondoren".

Bi.–26. artikulua aldatzen da eta honela idatzita geldituko da:

26. artikulua.

"Enplegu publikoa sustatzeko, pribatizatu diren lanak Zizur Nagusiko Udalera itzultzeko modua aztertuko da, esaterako garbiketa zerbitzuak, etab., eta bertako langileek egin ditzaketen lanak ez dira kanpora bideratuko.

Era berean, lan edo zerbitzu bat kanpoan kontratatu behar izanez gero, enpresa adjudikazio-hartzaileari eskatuko zaio Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea bete dezala eta, lan edo zerbitzu horiek kanpoan kontratatzean, aintzat har dezala tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa".

Andoni Serrano Zabalza jauna.

Jose María Dios Viéitez jauna.

Olatz Arizaleta Azcona andrea.

Fco. Javier Severiano Pecharromán jauna.

Pablo Fermín Salvatierra Beorlegui jauna.

Francisco García Pérez jauna.

Iragarkiaren kodea: F2403573