59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

67/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, familia gurasobakarrei eta diru-sarrera nahikorik ez duten beste familia batzuei etxebizitza alokatzen laguntzeko 2024. urterako deialdia onetsi, eta horretarako gastua baimentzen duena. DDBN identifikazioa: 746854.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren abuztuaren 17ko 175/2021 Foru Aginduaren bidez, familia gurasobakarrei eta diru-sarrera nahikorik ez duten beste familia batzuei etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren 2021etik 2024ra bitarteko urteetarako.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Gobernuaren 2021eko ekainaren 16ko erabaki baten bidez baimendu zen laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Familia gurasobakarrei eta diru-sarrera nahikorik ez duten beste familia batzuei etxebizitza alokatzen laguntzeko 2024. urterako laguntza ekonomikoen deialdia onestea, Eskubide Sozialetako kontseilariaren abuztuaren 17ko 175/2021 Foru Aginduak onetsitako oinarri arautzaileen arabera.

2. 65.000 euroko gastua baimentzea 2024ra arte luzatutako 2023ko gastu-aurrekontuko "Familia gurasobakarrentzako laguntzak" izeneko 920006 93300 4809 231500 partidaren kargura.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. Honako hauek izanen dira 2024. urterako:

a) Bi pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarri osoa OAEAPa halako 2,3 baino handiagoa ez bada: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %60, eta urtean gehienez 4.680 euro etxebizitzako.

b) Hiru pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarri osoa OAEAPa halako 2,5 baino handiagoa ez bada: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %70, eta urtean gehienez 5.460 euro etxebizitzako.

c) Lau pertsonak edo gehiagok osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarri osoa OAEAPa halako 2,75 baino handiagoa ez bada: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %80, eta urtean gehienez 6.240 euro etxebizitzako.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, gehienez 100.000 euro gehituz, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

6. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

7. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 5ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2403915