59. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita haur eta nerabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdia eta gastua baimentzen baita 2024. urterako. DDBN identifikazioa: 743049.

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa da, bere lurralde esparruan, haur eta nerabeen prebentzio eta babesaren arloan eskumena duen erakunde publikoa. Bestetik, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, bere jarduketa programen artean, haur eta familiei oinarrizko arreta emateko programa bat du.

Horri dagokionez, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, jasotzen du funts horien bidez lagundu beharreko taldeen artean dagoela babesik gabe dauden adingabeena.

Bestalde, hala xedatzen baitu apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, balorazioa egiteko, berdintasuneko klausulak txertatuko dira dirulaguntzen oinarri arautzaileetan, baita laguntza publikoak ematea eragozten dutenak ere sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileei.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuek xedatzen dutenez, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari dagokio Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen betearazpena eta garapena sustatzea.

Azkenik, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari esleitzen dio aipatu departamentu horren aurrekontuen kargura emanen diren dirulaguntzen deialdia egiteko eskumena.

Espedientean jaso dira Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren proposamen txostena, txosten juridikoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren eta Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluaren ziurtapena eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean haur eta nerabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako dirulaguntzen 2024ko deialdia, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. 657.674 euroko gastua baimentzea, 2024rako luzatu den 2023ko gastu aurrekontuko "PFEZaren %0,7ko funtsa. Adingabeen esparruko dirulaguntzen deialdia" izeneko 920008 93300 4819 231702 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau, deialdiaren oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau igortzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 22an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburuak.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean, babesgabetasun arriskuan dauden familia, haur eta nerabeen esparruan, bai eta familia-harreraren eta adopzioaren sustapenean ere, aritzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamendurako eta jardueren sustapenerako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea 2024. urterako.

Aipatu dirulaguntzak emanez, babesgabetasun arriskuan dauden familia, haur eta nerabeen arloan diharduten elkarteen nahiz entitateen prebentzio-jarduera komunitarioak bultzatu eta sustatu nahi dira, sentsibilizazioa handitzeko, haurren eta nerabeen ongizatea eta tratu ona aldezteko eta arrisku egoerak murrizteko.

Deialdiaren xedea da, halaber, harrera-familien eta adoptatzaileen elkarteen jarduerak bultzatu eta sustatzea, familia-harreraren eta adopzioaren gaineko sentsibilizazioa, sustapena eta dibulgazioa areagotzeko prebentzio-neurri izaten ahal diren aldetik.

2. Ekintza diruz lagungarriak.

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA) diruz lagunduko ditu honako ekintza hauek, zeinen gauzapenean genero ikuspegia eta haurren eskubideen gaineko ikuspegia kontuan hartuko baitira:

a) Familia-harrerari loturiko sentsibilizazioa, sustapena eta dibulgazioa.

b) Adopzioari loturiko sentsibilizazioa, sustapena eta dibulgazioa.

c) Zaurgarritasun egoeran dauden familia, haur eta nerabeei zuzendutako esku-hartze sozioedukatiboa, eta/edo babesgabetasun-arriskuaren prebentziora bideratutako programak edo jarduerak, eta, zehazki, haur eta gazteen ongizatea bermatzera bideratutako programak.

2. Ez dira diruz lagungarriak babesgabetasunaren ondoriozko zaurgarritasun egoeran edo arriskuan ez dauden haurrei edo nerabeei zuzendutako programak edo ekintzak, ez eta haur eta nerabeen babesgabetasun egoeren prebentziora bideratuta ez daudenak ere, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearekin bat.

3. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia deialdi hau argitaratzen den unean garatzen ari den ekintzak, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren arabera nahitaez eskaini behar dituenak, prestazio bermatuak izateagatik.

4. Era berean, ez dira deialdi honetan diruz laguntzen ahalko ekintza edo xede berdintsuetarako PAGNArekin hitzarmenen bat duten entitateak, ezta beste deialdi publiko batzuen bidez berariaz finantzatzen diren entitateak edo beste administrazio publiko batzuen eskumenekoak ere.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta norgehiagoka.

1. Entitateek deialdi honetako bigarren oinarriko lehen atalean adierazitako ekintza diruz lagungarrien barnean sartutako programa bakar baterako dirulaguntza jasotzen ahalko dute.

2. Hona hemen programa eta entitate bakoitzerako aurreikusitako zenbatekoak guztira:

a) Familia-harrerari loturiko sentsibilizazioa, sustapena eta dibulgazioa: 70.000 euro.

b) Adopzioari loturiko sentsibilizazioa, sustapena eta dibulgazioa: 52.000 euro.

c) Zaurgarritasun egoeran dauden familia, haur eta nerabeei zuzendutako esku-hartze sozioedukatiboa, eta/edo babesgabetasun-arriskuaren prebentziora bideratutako programak edo jarduerak, eta, zehazki, haur eta gazteen ongizatea bermatzera bideratutako programak: 535.674,31 euro.

3. Dirulaguntza, gehienez ere, 27.000 eurokoa izanen da urtean, entitate eta programa bakoitzeko.

4. Nolanahi ere, dirulaguntza emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako krediturik izatea.

5. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

6. Programetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, kreditu-gerakina aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiltzen ahalko da, programa bakoitzean aurreikusitako zenbatekoarekiko modu proportzionalean.

4. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dirulaguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira. Zehazki, diruz lagungarriak dira egin beharreko ekintzei lotutako gastuak eta ekintzak garatzen dituzten langileei lotutakoak.

2. Egin beharreko ekintzetan sartzen dira lokalen alokairua edo erabilera, haiek entitatearenak izan edo ez.

3. Langileen gastuaren atalean, entitateak ekintza gauzatzeko propio kontratatzen dituen langileen gastuak sartzen ahal dira, edo entitateko langileek beraiek ekintzan duten dedikazioaren portzentajeari dagokiona; kasu horretan, zehatz-mehatz identifikatu beharko dira langile horiek.

4. Entitatearen lokal edo langileei buruzko justifikazioak aurkeztuz gero, entitateak berariaz ziurtatu beharko du zenbateko dedikazioa izan den dirulaguntzaren xedeko ekintzetan.

5. Lokalak edo izendatutako langileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak diruz laguntzen edo kontratatzen duen baliabide bati atxikita daudenean, ezin izanen da dirulaguntzarik eman gastu horretarako.

6. Gastu diruz lagungarritzat joko dira hornitzaileei pagatzeko bideen ondoriozko interesak eta komisioak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari zuzenean lotuta badaude.

7. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

8. Gastu diruz lagungarriak 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte entregatutako ondasunenak edo emandako zerbitzuenak izanen dira (fakturen berandueneko data 2024ko abenduaren 31 izanen da), 2025eko otsailaren 28rako ordaindutakoak.

5. Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta kasuan kasuko erregistroetan inskribatuta egotea.

b) Dirulaguntza jasoko duen jarduera Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

d) Entitatearen xede izatea, bere estatutuetan xedatuaren arabera, sentsibilizaziorako, tratu onaren sustapenerako eta babesgabetasunaren prebentziorako jarduerak gauzatzea, zaurgarritasun egoeran edo babesgabetasun arriskuan dauden familia, haur eta nerabeei zuzenduta.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

g) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena edo zigorra jaso ez izana sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik.

2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

6. Programa gauzatzeko epea.

Laguntzaren xede diren programak gauzatzeko epea urtebetekoa da (2024. urtean egin behar dira). Edozein egunetan hasten direla ere, diruz lagunduko diren jarduerek 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen bukatuak izan behar dute.

7. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari zuzenduak. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistroetan ere aurkezten ahal dira eskaerak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan. Gainera, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari, mezu elektroniko bat bidaliz admimenores@navarra.es helbidera.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari iragarri beharko diote eskaera igorri dutela, mezu elektroniko baten bidez.

8. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera egiteko eskabide orokorra aurkeztu beharko da, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsonak sinatua, espresuki adierazita zein programatarako den. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

A) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

–Entitatearen estatutuak.

–Dirulaguntzaren eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

–Kasuan kasuko inskripzioak bidezko diren erregistroetan egin direla frogatzen duten agiriak.

–Identifikazio fiskaleko txartela.

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

–Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena ezen ez entitateak, ez administratzaileek edo ordezkariek ez dutela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik urratzen. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira (eredua II. eranskinean).

–Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea ez dela betetzen ari, edo, hala badagokio, ez daukala betetzeko zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik.

–Entitateak Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak ordainduta dituela frogatzen duen ziurtagiria, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin dituen zorrak ordainduta dituela; ziurtagiri hori eskaera aurkeztu eta, gehienez ere, bi hilabete lehenagokoa izanen da.

Ez da agiririk aurkeztu beharko, baldin eta ziurtapena egitea Foru Komunitatearen administrazioko organoei badagokie, edo behar diren datuak jada haren esku badaude. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

B) Proiektu teknikoa baloratzeko dokumentazioa:

b.1) Proiektuaren memoria, euskarri informatikoko inprimaki ofizialean, zeina entitate interesdunen eskura izanen baita gobernuaren webgunean eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren helbide elektronikoan (eredua II. eranskinean).

b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

C) Agiri ekonomikoak (eredua III. eranskinean):

–Programako gastuen eta diru-sarreren guztirako aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua: egin beharreko ekintza zehatzak eta ekintza horiek eginen dituzten langileak.

–Kasua bada, zer beste baliabide dituen programa osoa finantzatzeko, kontuan hartuta ezen diru-sarrerak, jaso daitekeen dirulaguntza barne, ezin direla izan programaren kostu osoa baino handiagoak.

–Kasua bada, dirulaguntza osorik aurreratzeko, zinpeko aitorpenaren bidez egindako justifikazio txosten bat, non frogatuko baita entitateak ez duela irabazi-asmorik, ezta behar adinako baliabiderik ere diruz laguntzen den jarduera behin-behinekoz finantzatzeko.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari esleitu zaizkio oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak.

Instrukzio organoak administrazio publikoko arlo juridikoko teknikari baten eta arlo ekonomikoko beste baten laguntza izaten ahalko du.

2. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3. Eskaeren balorazioa batzorde tekniko batek eginen du. Honako hauek osatuko dute batzorde hori: Familiaren eta Adingabeen zuzendariordeak, Babesgabetasun Egoeren Balorazio Ataleko buruak eta Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Ataleko buruak. Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio dirulaguntzak emateko eskumena duen organoari.

10. Eskaera baloratzea eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak bereiz eta zein bere aldetik baloratuko dira, 3. oinarrian adierazitako modalitate bakoitzeko, 0tik 100 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek, guztira, 60 puntu lortu behar dituzte gutxienez, eta 40 puntu zortzigarren oinarriaren lehenbiziko ataleko b) letran aurreikusitako programaren balorazioan.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da, 3.3 oinarrian ezartzen den gehieneko mugarekin.

4. Dirulaguntzak emateko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

5. Eskaera guztietarako behar adinako krediturik ez badago, ez da hainbanaketarik eginen.

6. Eskaeran aurkeztutako kalkulu ekonomikoa benetan justifikatutakoa bezalakoa ez bada, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aurreikusitakoaren arabera erregularizatu beharko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

7. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiak baturik aurrekontuetan horretarako dagoen kreditua gainditzen bada, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera dirulaguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuarentzat eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko dagoen zenbatekoa, dirulaguntza ematea proposatuko da efizientea bada, eta, kasu horretan, 11. oinarriko 2. atalean aurreikusitako tramitea eginen da.

8. Jarduketa modalitate berean proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortu eta guztietarako aurrekontu kreditu nahikorik ez balego, II. eranskineko B atalean puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna. Berdinketak bere horretan badirau, B.1 apartatuko puntuazioaren arabera ebatziko da. Proiektua baloratzeko irizpideak.

11. Alegazioetarako tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, eta dirulaguntza ematea efizientea bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du. Nolanahi ere, eskaerak berregiten direnean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaera edo eskariak direla-eta ezarritako balorazio-irizpideak ere, konpromisoak eta baldintzak bat etor daitezen ematen ahal den dirulaguntzarekin. Berregindako eskaeraren aurrekontua ez da txikiagoa izanen bi hauen arteko batura baino: proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, halakorik badago, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoa, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).

12. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. Prozeduraren instrukzioa eginda eta ebazpen-proposamena igorri ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio ebazpena ematea. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, ebazpen hori aldatzen ahalko da.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

13. Dirulaguntzaren ordainketa.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, hau da, ordainketa aurreratu bakar batean dirulaguntzak emateko ebazpenarekin batera, baldin irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek aski baliabiderik ez badute diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko, eta, betiere, hala dela behar bezala frogatzen badute.

Ordainketa aurreratua egin behar ez den kasuetan, programa bete izana justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, 15. oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Bi justifikazio partzial aurkeztu beharko dira, lehena 2024ko ekainaren 30ean beranduenez, eta bigarrena 2024ko abenduaren 31n beranduenez. Ordainketa partzialak kasuan kasuko gastuak justifikatu ondoren eginen dira, proportzionalki betiere.

14. Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuradunak egindako jarduerei buruzko urteko memoria tekniko bat aurkeztu beharko du justifikazio ekonomikoarekin batera.

15. Justifikazioa.

1. Entitate onuradunek txosten tekniko eta ekonomiko partziala aurkeztuko dute, edo amaierakoa, zein dagokion, diruz lagundu den proiektuaren exekuzioa azalduz.

2. Amaierako txostenak edo txosten partzialak justifikazio kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu:

a) Tarteko ordainketak egiteko txosten partzialak:

a.1) Proiektuaren bilakaerari buruzko tarteko txosten laburra, kronograma batean diruz lagundutako jardueren exekuzioa adieraziz, finkatutako helburuen eta gastatutako diru kopuruaren arabera. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatutakoan.

a.2) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horri behar diren gastu- eta ordainketa-egiaztagiriak gehituko zaizkio. Egiaztagiri gisa, kontu laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.

b) Proiektua bukatu ondoko amaierako txostena:

b.1) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan jasotakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Sexuaren arabera xehakatutako datuak.

–Lortutako emaitzak.

–Egindako jarduerak.

–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

Txosten teknikoa hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliz idatzi beharko da.

b.2) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.

b.3) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.

3. Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts propioekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan, edo partzialetan (behar balira), funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jardueretan erabili direla.

4. Dirulaguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala aurkezteko muga-eguna 2024ko abenduaren 31 izanen da.

5. Amaierako txostena, eta diruz lagundu den proiektuan egindako gastu guztien ordainagiriak, 2025eko otsailaren 28an aurkeztu beharko dira beranduenez, egun hori barne.

16. Entitate onuradunen betebeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen dibulgazioa egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen frogagiria aurkeztu beharko da; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: "Nafarroako Gobernuak-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak diruz laguntzen dute". Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

h) Programa egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, dirulaguntzaren entitate onuradunak behar den bezala frogatu beharko du hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Horretarako, entitateak aski izanen du frogatzea programa egiteko hiru aurrekontu aurkeztu direla, hori egiterik dagoenean.

i) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du hartuko emandako diruaren %25 baino gehiago.

j) Pertsona fisikoei buruzko datu guztiak sexuaren arabera xehakatuta ematea (programaren onuradunak, parte hartzen duten profesionalak... eta abar).

k) Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektuaren exekuzioa nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira.

Funtsezko aldaketatzat joko dira helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina dutenak, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, gastu diruz lagungarri guztien %5eko desbideratze ekonomikoa ekartzen dutenak. Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari dagokion justifikazio txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

l) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

17. Itzulketak.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da. Dena dela, entitateak bere borondatez eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela frogatzen duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, kontuan hartuta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino ez diren bete.

18. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honen xede diren dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako emandako beste batzuekin, betiere horien zenbatekoa ez bada inola ere –berez edo beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide propioekin– onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Beste laguntza edo diru-sarrera batzuk lortzearen ondorioz diruz lagundutako proiektuaren edo programaren zenbatekoa gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio.

19. Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude arau honetan ezartzen diren gardentasun betebeharrak betetzera, baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

20. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat.

21. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA.–2024KO DIRULAGUNTZETAKO PROIEKTUAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

A) Entitatearen gaineko balorazioa, 15 puntu gehienez.

A.1. Helburuak, ezarpena eta ahalmen operatiboa, 10 puntu gehienez.

A.1.1. Helburuak, 3 puntu gehienez.

  • 3 puntu, deialdiaren helburua entitatearen estatutuen helburuen artean ageri bada, zerrendako lehen edo bigarren tokian.
  • 2 puntu, deialdiaren helburua zerrenda horretako hirugarren edo laugarren tokian agertzen bada.
  • Puntu 1, deialdiaren helburua zerrenda horretako laugarren tokitik aurrera agertzen bada.

A.1.2. Esperientzia, 3 puntu gehienez.

  • (0,25 puntu egiaztatutako esperientzia urte bakoitzeko, edo entitatea erregistratu zen egunetik aurrerako urte bakoitzeko. 3 puntu gehienez).

A.1.3. Zuzendaritzako edo erantzukizuneko karguren bat duen emakumeen kopurua, 2 puntu gehienez.

  • %50 eta gehiago, 2 puntu.
  • %20 edo gehiago eta %50 baino gutxiago, puntu 1.
  • %20 baino gutxiago, 0 puntu.

A.1.4. Prestakuntza praktiketan ari diren pertsonak, puntu 1.

A.1.5. Genero berdintasunerako plan bat ezarria badute, puntu 1.

A.3. Azpiegiturak eta ekipamendua: 2 puntu gehienez.

  • Puntu 1, deialdiaren xede diren jarduerak egiteko lokalak baditu.
  • Puntu 1, oinarrizko ekipamendua badu.

A.4. Kofinantzaketa: 3 puntu gehienez.

  • 3 puntu, Nafarroako Gobernutik kanpoko ekarpena > %20 bada.
  • 2 puntu, Nafarroako Gobernutik kanpoko ekarpena ≤ %20 bada.
  • Puntu 1, Nafarroako Gobernutik kanpoko ekarpena ≤ %10 bada.

B) Proiektuaren balorazioa, 75 puntu gehienez.

B.1. Proiektuaren koherentzia, 30 puntu gehienez.

b.1.1. Oinarriak eta jarduketa eremua, 6 puntu gehienez.

  • 6 puntu, guztiz koherentea bada.
  • 3 puntu, hein batean inkoherentea bada.
  • 0 puntu, inkoherentea bada, edo oso gutxi zehaztuta badago.

b.1.2. Helburuak, 6 puntu gehienez.

  • 6 puntu, guztiz koherenteak badira eta ongi zehaztuta badaude.
  • 3 puntu, koherenteak badira baina gutxi zehaztuta badaude.
  • 0 puntu, inkoherenteak badira eta gutxi zehaztuta badaude.

b.1.3. Jardueren deskribapena, 6 puntu gehienez.

  • 6 puntu, zehatz deskribatuta badaude.
  • 3 puntu, ez badaude zehatz deskribatuta.
  • 0 puntu, ez badaude deskribatuta (aipatuak besterik ez).

b.1.4. Espero diren emaitzak, 6 puntu gehienez.

  • 6 puntu, zehatz deskribatuta badaude.
  • 3 puntu, ez badaude zehatz deskribatuta.
  • 0 puntu, ageri ez badira.

b.1.5. Jardueren egutegia, 6 puntu gehienez.

  • 6 puntu, zehatz deskribatuta badago.
  • 3 puntu, ez badago zehatz deskribatuta.
  • 0 puntu, ageri ez bada.

B.2. Ebaluazioaren azterketa, 9 puntu gehienez.

b.2.1. Adierazleak, 3 puntu gehienez.

  • 3 puntu, oso egokiak badira (5 adierazle baino gehiago).
  • 2 puntu, egokiak badira (3 adierazle baino gehiago).
  • Puntu 1, hala-holakoak badira (gehienez 2 adierazle).
  • 0 puntu, desegokiak badira edo ez badago halakorik.

b.2.2. Egiaztapen iturriak, 3 puntu gehienez.

  • 3 puntu, oso egokiak badira.
  • 2 puntu, egokiak badira.
  • puntu 1, hala-holakoak badira.
  • 0 puntu, halakorik ez badago.

b.2.3. Jarraipen eta ebaluazio prozesua badago, 3 puntu gehienez. 3 puntu, oso zehaztua badago.

  • 2 puntu, zehaztua badago.
  • Puntu 1, behar beste zehaztua ez badago.
  • 0 puntu, halakorik ez badago.

B.3. Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen azterketa, 16 puntu gehienez.

b.3.1. Giza baliabideen egokitasuna, gehienez 4 puntu (profil teknikoen definizioa eta esleitutako eginkizunak baloratuko dira).

  • 4 puntu, oso egokia bada.
  • 3 puntu, egokia bada.
  • 2 puntu, hala-holakoa bada.
  • 0 puntu, desegokia bada.

b.3.2. Boluntarioen parte-hartzea proiektuan, 4 puntu gehienez (boluntariorik ba ote den, eta esleitu zaizkien eginkizunen azterketa).

  • 4 puntu, boluntarioek parte hartzen badute, eginkizun zehatzekin.
  • 2 puntu, boluntarioek parte hartzen ez badute, eginkizunak zehaztu gabe.
  • 0 puntu, boluntariorik ez badago.

b.3.3. Baliabide tekniko egokiak izatea, 4 puntu gehienez (materialak, lokalak, eta abar).

  • 4 puntu, oso egokiak badira.
  • 2 puntu, egokiak badira.
  • 1 puntu, hala-holakoak badira.
  • 0 puntu, desegokiak badira edo ez badago halakorik.

b.3.4. Aurrekontua behar bezala xehakatuta badago, 4 puntu gehienez.

  • 4 puntu, oso egokia bada.
  • 2 puntu, egokia bada.
  • 1 puntu, hala-holakoa bada.
  • 0 puntu, desegokia bada.

B.4. Aurkeztutako proiektuak beste entitate eta baliabide sozial batzuekin duen osagarritasunaren eta koordinazioaren azterketa, 8 puntu gehienez.

b.4.1. Zerbitzu publikoekin (gizarte, osasun eta hezkuntza arlokoekin eta beste batzuekin) aldian aldiko koordinazioa egiteko egitura bat planteatu du, 4 puntu gehienez.

  • 4 puntu, koordinazioa sistematikoa eta erregularra bada.
  • 2 puntu, koordinazioa badago baina sistematikoa ez bada.
  • Puntu 1, harreman puntualak badaude.
  • 0 puntu,ez badago ez koordinaziorik ez harremanik zerbitzu publikoekin.

b.4.2. Antzeko entitateekin aldian aldiko koordinazioa egiteko egitura bat planteatu du, 4 puntu gehienez.

  • 4 puntu, koordinazioa sistematikoa eta erregularra bada.
  • 2 puntu, koordinazioa badago baina sistematikoa ez bada.
  • Puntu 1, harreman puntualak badaude.
  • 0 puntu,ez badago ez koordinaziorik ez harremanik antzeko entitateekin.

B.5. Onuradunen parte-hartzearen azterketa, 12 puntu gehienez.

b.5.1. Profilaren analisia eta zenbatespen kuantitatiboa, 3 puntu gehienez.

  • 3 puntu, oso egokia bada.
  • 2 puntu, egokia bada.
  • 1 puntu, hala-holakoa bada.
  • 0 puntu, desegokia bada.

b.5.2. Pertsonen sarbiderako erabilitako prozedura, 3 puntu gehienez.

  • 3 puntu, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen edo beste baliabide publiko batzuen bidez soilik egiten bada.
  • 2 puntu, gehienbat Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen edo beste baliabide publiko batzuen bidez egiten bada.
  • Puntu 1, gehienbat gizarteratze eta laneratze enpresen bidez egiten bada.
  • 0 puntu, halakorik ez badago.

b.5.3. Pertsonentzako irisgarritasuna, 3 puntu gehienez.

  • 3 puntu, irisgarria bada jende ororentzat.
  • 2 puntu, irisgarria bada kolektibo batzuentzat.
  • Puntu 1, irisgarria bada kolektibo jakin batentzat bakarrik.
  • 0 puntu, irisgarritasun arazo larriak baditu.

b.5.4. Proiektuaren onuradunek parte hartzeko bideak izatea (iradokizunetarako postontzia, gogobetetasun inkestak, ebaluazioko galde sortak, etab.), 3 puntu gehienez.

  • 3 puntu, halakorik bada, eta nahikoa zehaztuta badaude.
  • 1 puntu, halakorik bada baina ez badira nahikoak edo ez badaude nahikoa zehaztuta.
  • 0 puntu, halakorik ez bada.

C Beste batzuk, 10 puntu gehienez.

C.1. Haurren eskubideen ikuspegia noraino dagoen txertatuta, 2 puntu gehienez.

  • 2 puntu, eskubideen ikuspegia txertaturik badago proiektuan.
  • 0 puntu, txertaturik ez badago.

C.2. Genero ikuspegia noraino dagoen txertatuta, 2 puntu gehienez.

  • Puntu 1, hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzen bada idazketan (gaztelaniaz): izen generikoak ("profesorado", "alumnado"…), bi generoen aipamena ("trabajadoras/ trabajadores").
  • Puntu 1, datuak sexuaren arabera bereizita jasotzen badira.
  • 0 puntu, txertaturik ez badago.

C.3. Proiektuaren jarduketaren lurralde eremua, 4 puntu gehienez.

  • 4 puntu, Iruña eta Iruñerria ez den Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean bakarrik gauzatzen bada.
  • 3 puntu, Iruñean edo Iruñerrian eta Foru Komunitateko gainerako lurraldean gauzatzen bada.
  • 2 puntu, bakar-bakarrik Iruñean eta/edo Iruñerrian gauzatzen bada.
  • Puntu 1, bakar-bakarrik Iruñean gauzatzen bada.

C.4. Programa berritzailea, 2 puntu gehienez.

  • 2 puntu, berritzailea bada, ez baita halakorik inoiz egin Foru Komunitatean.
  • Puntu 1, berritzailea bada zentzu honetan: berrikuntzak dakartza metodologian, helburuetan, erabilitako baliabideetan, etab.
  • 0 puntu, ez badu inolako alderdi berritzailerik.

Iragarkiaren kodea: F2403398