58. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

59E/2024 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez abiatzen baita "Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) aldaketaren tramitazioa. Aldaketak erabilera araudiari eta sektorizatze akustikoari eragiten die, eta NASUVINSA enpresa publikoa da sustatzailea.

I.–Xedea eta justifikazioa.

NASUVINSA enpresa publikoak, hots, gaur egun Iruñeko Garraioaren Hiriaren sustatzaileak, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) aldaketa bat aurkeztu du, zeinak erabilera araudiari eta sektorizatze akustikoari eragiten baitie, tramita dadin.

Aldaketa Iruñeko Garraioaren Hiriko 3. eta 4. faseei dagokie, eta bi helburu ditu.

Alde batetik, fase horien sektorizatze akustikoa aldatzea proposatzen da, "hirugarren sektorekoa" izateari utzi eta "nagusiki industria erabilerako lurralde sektorea" izan dadin, "bat etorriz bertan nagusi den eta, hortaz, gailentzen den erabilerarekin, hau da, industriako logistika erabilerarekin".

Bestetik, erabilerei buruzko arauzko determinazioak aldatzea planteatzen da. Zehazki, Iruñeko Garraioaren Hiriko 3. eta 4. faseetan industria-ekoizpen arineko erabilera txertatzea proposatzen da; askotariko erabilera logistikoa duten Iruñeko Garraioaren Hiriko lurzatietan txertatuko litzateke, erabilera onartu gisa, hura definituta eta gehieneko azalera eraikia mugatuta.

Erabilera berri eta bateragarri horren –industria-ekoizpen arineko erabilera– definizioaren arabera, "aukera izanen da industria-ekoizpen ez-astuneko instalazioak ezartzeko, hau da, jarraian aipatzen direnen edo antzekoen ez bezalakoak: zementu-fabrikak edo agregakinen edo konglomeratu mineralen ekoizpen instalazioak, koke-lantegiak, galdategiak, erraustegiak, ijezteko makinak edo metalak ekoizteko edo eraldatzeko bestelako instalazioak, hiltegi handiak, paper-fabrikak, beira ekoizteko instalazioak eta hidrokarburo-findegiak".

Erabilera hori bi parametro hauekin mugatzen da:

–Gutxieneko azalera eraikia, erabilera nagusietara bideratu beharrekoa: lurzati bakoitzeko azalera eraikiaren %25.

–Gehieneko azalera eraikia, "industria-ekoizpen arineko erabilera" delako erabilera onarturako bideratu beharrekoa: Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSaren esparruko azalera eraikiaren %40.

Aurkeztutako dokumentuaren arabera, askotariko eremu logistikoan industria-ekoizpen arineko erabilera txertatzea beharrezkoa da Iruñeko Garraioaren Hiriaren bilakaerarako,epe laburrean jarduera ekonomikoko gune izan dadin baina haren berezko ezaugarria alde batera utzi gabe: logistika eta garraio sektorera bideratutako gunearen espezializazioa. Halaber, hornidura kateen bizkortasuna eta segurtasuna aldeztu nahi dira, eta horrekin batera, Iruñeko Garraioaren Hirian jardunen diren garraio eta logistika operadoreen instalazioen kualifikazioa eta lehiakortasuna ere lagundu.

Aldaketak (hau da, erabilera berria Iruñeko Garraioaren Hiriko 3. eta 4. faseetan soilik txertatzeko proposamenak) espazioari dagokionez duen irismena dela-eta, aurkeztutako dokumentuan jasotzen denez, asmoa da eremu horretan erabilera logistikoa izatea erabilera nagusia aurrerantzean ere, eta hortaz, industria-ekoizpen arineko erabilera zedarritzea. Horregatik planteatzen da komenigarria dela horren irismena eremu batzuetara mugatzea, hain zuzen, Iruñeko Garraioaren Hiriko azken bi faseetara soil-soilik, "izan ere, horren hirigintza garapena UGPS propio bat abiapuntu harturik egin da, Iruñeko Garraioaren Hiriaren UGPStik aparte, esparru edo sektore mugakidea izanagatik hirigintzako arau nabarmen desberdinak baititu".

Bestetik, dokumentuan proposatzen eta justifikatzen dira industria-ekoizpen arineko erabilera gaitu eta mugatzeko baldintzak batzuk. Lehenik eta behin, definizioaren bitartez zedarritzen da erabilera hori; "onartutako jarduera eta instalazio motak" mugatzen dira, "kontuan harturik komeni dela jarduera batzuen ezarpena murriztea, haien funtzionamendua ezin denean bateragarri egin Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko proiektuan askotariko eremu logistikorako ezarri den erabilera nagusiari dagozkion jarduera eta instalazioekin –dela erabiltzen dituzten lehengaiengatik, sektorean aurreikusi gabeko azpiegitura berezien beharragatik edo inguruko eraginkortasunean eragin handia izateagatik–. Izan ere, eremu edo sektore hori logistika eta garraio sektoreak espazio aldetik dituen beharrei erantzuteko diseinatu eta sortu da, batez ere". Horrenbestez, industria-ekoizpen astuna egiten ez duten industria-ekoizpeneko instalazioak bakarrik ezartzen ahalko dira (honako hauek egiten dute industria ekoizpen astuna: zementu-fabrikak edo agregakinen edo konglomeratu mineralen ekoizpen instalazioak, koke-lantegiak, galdategiak, erraustegiak, ijezteko makinak edo metalak ekoizteko edo eraldatzeko bestelako instalazioak, hiltegi handiak, paper-fabrikak, beira ekoizteko instalazioak eta hidrokarburo-findegiak).

Gainera, erabilera hori mugatzeko, erabilera onartu gisa ezartzea proposatzen da. Noain Elortzibarko Udal Planaren Hirigintzako Araudiak honela definitzen du erabilera onartua: "aurreko erabilerekin batera garatu daitekeena, baina aurreikusitako erabilera gainditu gabe". Horren ildo beretik, bi arau proposatzen dira erabilera onartuek ez dezaten erabilera nagusia gainditu. Ondorio horietarako, batetik, erabilera nagusira bideratutako azalera eraikiaren gutxieneko bat arautzen da, lurzati bakoitzeko azalera eraikiaren %25, "nahikotzat jo baita testuinguru sektorial honetan", eta erabilera onartura bideratutako azalera eraikiaren gehieneko bat, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSan eraikitako azaleraren %40koa, "gerta daitekeelako proposatzen diren ezarpen batzuetan erabilera onarturako azalera eraiki handiagoa behar izatea, lurzati horretan aurreikusitako erabilerarako baino, kontra egin gabe erabilera onartuaren definizioari".

Azkenik, azken 15 urteotako eskualdaketak eta dagoen eskaintza-eskarian oinarrituta, sustatzaileak uste du badagoela askotariko lurzoru logistiko nahikoa eskuragarri, industria-ekoizpeneko erabilera ezartzeak etorkizunean ekar dezakeen eskariari erantzuteko.

II.–Txosten sektorialak.

Aplikatzekoak diren araudi sektorialetako xedapenekin bat etorriz, txostenak eskatu zaizkie eta sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioa telematikoki eskuratzeko modua eman zaie honako organo eta entitateei: Iruñerriko Mankomunitatea, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusia, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

2024ko otsailaren 27an, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena egin zuen proposatutako aldaketaz, "kontuan harturik, batetik, emandako arrazoiak, zeinek justifikatzen baitute UGPSa aldatzeko beharra, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko eremuan industria-ekoizpen arineko erabilera barne hartu ahal izateko, eta, bestetik, NASUVINSAk emandako datuak, ondorioztatzen dutenak aldaketa egin ostean Iruñeko Garraioren Hirian erabilgarri egonen den askotariko industria-lurzoru logistikoa nahikoa eta egokia izanen dela aurreikusitako eskaerari erantzuteko".

Men egin beharko zaio oraindik iritzirik eman ez duten organoek egiten dituzten txostenetan xedatutakoari.

III.–Ingurumen arloko tramitazioa.

2024ko otsailaren 9an, Ingurumen Ebaluaziorako Atalera igorri zen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua abiatzeko aurkeztu zen eskaera eta hari erantsitako agiriak.

IV.–Kontuan hartu beharrekoak.

Edukia agiriei dagokienez.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, egiaztatu da dokumentazio horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak eta sektoreko legeriak eskatutako edukiak biltzen dituela.

Nolanahi ere, arlo ekonomikoko edukiei dagokienez, adierazi behar da ez dela aldaketaren bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoaren azterketarik behar, aldaketak ez duelako planteatzen hirigintza-eraldaketako jarduketarik edo eraikingintza-jarduketarik, eta ez dakarrelako hirigintza-zama gehiagorik. Dokumentua ohar hauei egokitu behar zaie, bereziki bideragarritasun ekonomikoari buruzko atala edo txostena.

Horrez gain, zuzendu beharreko akats hauek atzeman dira:

–33. artikuluan erabilera onartuen epigrafe berri bat txertatzea planteatzen da. Dokumentuan, aldiz, artikulu hori erabilera baldintzei buruzkoa (PM) da, eta UGPSaren 32. artikuluan dago aipatu edukia. 33. artikuluaren izenburua "Okupazio mota (PM)" da. Akats hori zuzendu behar da.

–2. eranskineko (INDARREKO ARAUDIA) lehenbiziko orrialdean hauxe aipatzen da: "Aratzuri-Orkoien UGPSaren aldaketa. 6. etxe-saila. INDUSTRIALDEA". Erabilerari buruzko aldaketa.

Indarreko UGPSan eta aldaketa honetan araututako mugei dagokienez, askotariko erabilera logistikoko lurzatien erabilerarako, hauxe esaten da:

ASKOTARIKO ERABILERA LOGISTIKOKO
LURZATIAK

GEHIENEKO AZALERA ERAIKIA LURZATI BAKOITZEAN

GEHIENEKO AZALERA ERAIKIA OSOTARA LURZATIETAN

Erabilera bateragarriak

%25

%25

Erabilera onartua (industria-ekoizpen arinekoa)

%75

%60

Aldaketa justifikatzeko atala osatu behar da: kontzeptu berri bat (erabilera onartua) sartuko dela justifikatu behar da, eta indarreko araudietako erabilera bateragarrien aldean dituen arauak edo mugak ere.

Sailkapen akustikoari buruzko aldaketa.

Iruñeko Garraioaren Hiria bi UGPSren bidez planifikatu da: Imarkoainen (Elortzibar) Iruñerriko garraio terminala ezartzeko UGPSa, zeina behin betiko onetsi baitzen Nafarroako Gobernuak 1991ko abenduaren 23an hartutako Erabakiaren bidez (1992ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 13koa), eta Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSa, zeina behin betiko onetsi baitzen Nafarroako Gobernuak 2006ko uztailaren 26an hartutako Erabakiaren bidez (2004ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 20koa).

Tramitatzen ari den aldaketa dokumentuak hau adierazten du: "Bestalde, eta modu osagarrian, Iruñeko Garraioaren Hiriaren UGPSa aldatu nahi da egungo sektorizatze akustikoa zuzentzeko, Iruñeko Garraioaren Hiria eremu akustiko industrial gisa definituta, bat etorriz bertan nagusi den eta, hortaz, gailentzen den erabilerarekin, hau da, industriako logistika erabilerarekin."

Hori hala izanda ere, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSaren esparrurako baino ez da planteatu sailkapen akustikoaren zuzenketa (Iruñeko Garraioaren Hiriko azken bi faseetarako), baina egungo sektorizatzeak 4 faseei eragiten die. Hori horrela, aldaketa osatu behar da, eta justifikatu zergatik ez diren Iruñeko Garraioaren Hiriko lehen bi faseak zuzendu behar; hala eginez gero, agiria ere zuzendu beharko da, ez diolako Iruñeko Garraioaren Hiri osoari eragiten, baizik eta Iruñeko Hiri Garraioa handitzeko UGPSari (3. eta 4. faseak) –ez Iruñeko Hiri Garraioaren UGPSari (1. eta 2. faseak)–.

Aurrekoa ezertan galarazi gabe, proposatutako antolamendu plano berria ("ZONAKATZE AKUSTIKO BERRIA O-1") modu korrelatiboan zenbakitu beharko da, UGPSaren planoen ondotik. Izan ere, UGPSak badu dagoeneko O-1 izeneko antolamendu plano bat ("Sailkapen eta Kalifikazio Globala"). Halaber, beste izen hau eman beharko zaio: "Eremu akustikoaren sailkapena".

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostena, 2024ko otsailaren 27koa, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Abiatzea "Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) aldaketaren tramitazioa. Aldaketak erabilera araudiari eta sektorizatze akustikoari eragiten die, eta NASUVINSA enpresa publikoa da sustatzailea.

2. Sustatzaileak, espedientea ebatzi aurretik, ebazpen honetan jasotako oharrei erantzun beharko die; besteak beste, eta kasua bada, sailkapen akustikoaren zuzenketa zabaldu beharko du Imarkoainen (Elortzibar) Iruñerriko garraio terminala ezartzeko UGPSaren esparrura, hots, Iruñeko Garraioaren Hiriko 1. eta 2. faseetara.

3. Adieraztea aldaketak men egin beharko diola eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoari.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hilabete iraunen dute.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da bi tramite horien epea.

Horretarako, aldaketaren dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web-orri honetan egonen da ikusgai: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak. Epe horretan, egoki jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Noain Elortzibarko Udalari, Ingurumen Ebaluaziorako Atalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari eta espedientea sustatu duen enpresari.

Iruñean, 2024ko martxoaren 7an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Iragarkiaren kodea: F2404104