58. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

59E/2024 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren zuzendariak emana, zeinaren bidez irizten baita ezen, Urdiaingo udal mugartean kokatutako oilo erruleen ustiategian 5. pabilioiaren erabilera aldatu eta ekoizpeneko pabilioi bihurtzeko proiektua, instalazioaren guztizko plaza kopurua aldatu gabe, aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmen bat dela. Explotaciones Agropecuarias Sakana SL da instalazioaren titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua; Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0866/2008 Ebazpenaren bidez eman zen, eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 23ko 450E/2021 Ebazpenaren bidez eguneratu eta berrikusi zen.

2023/08/24an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman du, 5. pabilioiaren erabilera aldatzeko, simaurtegia beharrean ekoizpeneko pabilioia izan dadin, instalazioak guztira duen plaza kopurua handitu gabe. Aldaketa horren funtsa da 5. pabilioi hori egokitzea oiloak hartu ahal izateko, hegaztientzako gunea eta neguko baratzea instalatuta eta instalazioan dagoen ekipo elektrogenoa aldatuta ere bai.

Proposatzen da, halaber, simaurrak biltegiratzeko sistema berri bat jartzea, plastikoko poltsa hermetikoetan siloratuta eta pabilioien artean lerroka biltegiratuta hormigoizko zoladuraren gainean. Horren harira, adierazi behar da instalazioan simaurrak kudeatzeko egun dagoen sistema, baimendutako kudeatzaile batek oilo zirina pabilioietatik zuzenean kentzekoa, egokitzat jotzen dela eta ez duela simaurtegirik behar. Gainera, kontuan hartzen da biltegiratzeko proposatzen den sistemak alferrikako beste arrisku bat dakarrela ingurumenerako. Beraz, ez da baimenik ematen siloratze hori izan dadin simaurrak biltegiratzeko ohiko sistema; hala ere, jarduketa planean sartzen ahal da instalazioan funtzionamendu anomaloa egonez gero alternatiba gisa.

Ikusirik industria-instalazioa aldatzeko proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honek uste du 5. pabilioiaren erabileraren aldaketa eta sorgailu berria instalatzea aldaketa ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Izan ere, ez dakar berekin aipatutako erregelamenduaren artikulu horretan ezarritako inguruabarretatik bat ere, ez eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako inguruabarrik ere (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Nolanahi ere, aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmen hori egiteko proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren testua aldatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Beste alde batetik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aldaketa proiektuak ez du behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edota sinplifikatua, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko egina dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatutako 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik ez ukipenik.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Iriztea ezen, Urdiaingo udal mugartean kokatutako oilo erruleen ustiategian 5. pabilioiaren erabilera aldatu eta ekoizpeneko pabilioi bihurtzeko proiektua, instalazioaren guztizko plaza kopurua aldatu gabe, aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmen bat dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioaren titularra Explotaciones Agropecuarias Sakana SL da.

Bigarrena.–Ez ematea baimenik oilo zirina siloratzea izan dadin simaurrak biltegiratzeko ohiko sistema; instalazioaren funtzionamendu anomaloa egonez gero soilik erabiltzen ahalko da.

Hirugarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak aurreikusitako proiektua gauzatzen ahalko du, ezertan galarazi gabe dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk tramitatzea (aipatutako erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Laugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen integratuaren testua aldatzea, eta ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak sartzea.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Explotaciones Agropecuarias Sakana SLri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2403484