58. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

53/2024 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana. Haren bidez deialdi bat onesten da, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sarturik gelditu diren espezialitate zaharretako izangai zerrendetan aldi baterako kontratazioetarako agertzen diren izangaiei zuzendua, aukera izan dezaten espezialitate horietako betekizunak frogatzeko. Betekizun horiek Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarrita daude.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) zazpigarren xedapen gehigarrian –abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak ematen dion idazketan– Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzekoa dela deklaratzen da, eta martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian zehazten da irakaskuntzako zer espezialitate sartuko diren Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan.

Inguruabar horiek kontuan harturik, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak (apirilaren 19ko 39/2023 Foru Dekretuak erantsia) 3. apartatuan xedatzen du ezen desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko aldi baterako kontratazioetarako izangaien egungo zerrendak sarturik geldituko direla Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan edo Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoan, bat etorriz martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriarekin, eta izangaiek zerrenda horietan duten hurrenkera mantenduko dutela, harik eta izangaien zerrenda berriak osatu arte.

Bestalde, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduak Hezkuntza Departamentuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten ditu, eta 14.2.a) artikuluan ezartzen du, indarra hartu zuenean indarrean zen gainerako araudiarekin bat etorrita, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateetara sartu ahal izateko baldintza orokorra izanen dela titulazio hauetako bat izatea: doktore, ingeniari, arkitekto, lizentziadun edo gradudun titulua, edo irakaskuntzan aritzeko baliokidea den titulazioa.

Bestetik, 14.2 artikuluaren b) letrak ezartzen du ezen izangaiek foru aginduaren I. eranskinean espezialitate bakoitzerako zehazten diren berariazko tituluen jabe izan beharko dutela, edo unibertsitate irakaskuntza ofizialen antolamendu berriaren ondorio diren tituluen jabe, kasua bada.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 31n emandako 97/2023 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sarturik gelditu diren espezialitateetako zerrendetan aldi baterako kontratazioetarako agertzen diren izangaiei zuzendua, aukera izan dezaten espezialitate horietako betekizunak frogatzeko. Betekizun horiek Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarrita daude.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 23ko 179/2023 Ebazpenaren bidez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien behin betiko zerrendak onetsi ziren; hor agertzen dira, hain zuzen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sarturik gelditu diren espezialitateei dagozkien zerrendetako izangaiak.

Hori horrela, eta ikusirik balitekeela interesdun batzuek orduan titulazioa aurkeztu ez izana, edo titulazio hori beranduago lortu izana, bidezkoa da ebazpen honetan zehazten den prozedura abiatzea, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sarturik gelditu diren espezialitate zaharretako zerrendetan dauden irakasleek aukera izan dezaten titulazio hauek aurkezteko, haien jabe badira: doktore, ingeniari, arkitekto, lizentziadun edo gradudun titulua, edo irakaskuntzan aritzeko baliokidea den titulazioa; hori, aipatu foru aginduaren I. eranskinean zehazten diren espezialitateetarako.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa desagertzearen ondorioz Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sarturik gelditu diren espezialitate zaharretako izangai zerrendetan aldi baterako kontratazioetarako agertzen diren izangaiei zuzendua, aukera izan dezaten espezialitate horietako betekizunak frogatzeko –betekizun horiek Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarrita daude–. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehena.–Izangaien betekizunak.

1. Deialdi honetan parte hartzeko, interesdunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Hezkuntza Departamentuak aldi baterako kontratazioetarako dituen izangaien zerrenda indardunetako batean egotea, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko honako espezialitate hauetan:

–Ekipo elektronikoak.

–Bero eta fluido ekipoen instalazioa eta mantentze-lanak.

–Instalazio elektroteknikoak.

–Laborategia.

–Eraikuntza proiektuen bulegoa.

–Fabrikazio mekanikoko proiektuen bulegoa

–Elikagaien elaborazioko eragiketa eta ekipamenduak.

–Prozesu eragiketak.

–Nekazaritzako ekoizpeneko lan eta ekipoak.

–Diagnostiko kliniko eta ortoprotesikoko prozedurak.

–Osasun eta laguntza prozedurak.

–Merkataritzako prozesuak.

–Administrazio kudeaketako prozesuak.

–Komunitatearentzako zerbitzuak.

–Sistema eta aplikazio informatikoak.

–Irudi eta soinuko teknika eta prozedurak.

b) Izangaia 1.a) ataleko zer espezialitatetarako zerrendan dagoen, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean haietarako zehazten den titulazioetako baten jabe izatea. Foru agindu horrek Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten ditu.

c) Aurreko letrak aipatzen dituen titulazio horien jabetza egiaztatu ez izana Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 31n emandako 97/2023 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdian.

Informazio ondorioetarako, deialdi honen web fitxan ematen da argitara (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/acreditacion-titulacion-listas-vigentes-integracion-591-a-590) aipatu espezialitateetarako eskatzen diren titulazioen zerrenda.

d) Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa izatea; hori egiaztatzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzetako irakasleen lanbide arautuetan jarduteko gaitzen duen unibertsitateko master titulu ofiziala aurkeztu beharko da.

Titulu hori izatetik salbuetsita daude honako hau frogatzen dutenak:

–Honako hauetako bat lortu izana 2009ko urriaren 1a baino lehenago:

  • Espezializazio Didaktikoaren titulu profesionala, Irakaskuntzarako Gaikuntza Agiria edo Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria.
  • Maisu-maistra titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diploma, Lehen Hezkuntzako maisu-maistra titulua edo Pedagogia eta Psikopedagogiako lizentzia eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa duen lizentzia edo titulazio baliokidea.

–Irakasle jardun izana, 2008-2009 ikasturtea bukatu baino lehen, 12 hilabetez gutxienez, behar bezalako baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatuetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan, Lanbide Heziketan edo Hizkuntza Eskola Ofizialetan, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira oinarri honetan aipatzen diren baldintza eta betekizun guztiak.

Bigarrena.– Parte hartzeko eskaera telematikoa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Parte hartzeko eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/acreditacion-titulacion-listas-vigentes-integracion-591-a-590); eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Tituluaren kopia eskaneatua, edo, kasua bada, administrazio dei egileari emandako baimen berariazkoa, Unibertsitate Titulu Ofizialen Erregistro Nazionalean kontsulta egin dezan, edo bestela, titulua edo tituluak erdiesteko behar diren ikasketa guztiak gauzatu izana frogatzen duen ziurtagiri akademikoaren kopia eskaneatua, titulua emateko tasak ordaindu izanaren frogagiria erantsita.

b) Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa frogatzen duen tituluaren kopia eskaneatua, edo titulu horren gaineko salbuespena frogatzen duten agiriena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan 2008-2009 ikasturtea amaitu baino lehen egindako zerbitzuak frogatzeko agiriak ofizioz emanen ditu Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak.

2. Titulua atzerrian eskuratu bada, eskaneatutako kopia ez ezik, titulua homologatuta edo onartuta dagoela edo betekizun gisa eskatzen den titulazioaren maila akademiko berekoa dela egiaztatzen duen agiriaren kopia ere aurkeztu beharko da.

3. Gaztelaniara edo euskarara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik; zinpeko itzultzaileek egindako itzulpenak izan beharko dira, eta jatorrizko agiriarekin batera aurkeztuko dira.

4. Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

5. Dokumentazio hori aztertuta ondorioztatzen bada izangaietako batek ez dituela betetzen eskatzen diren betebeharrak, haren jarduerak baliogabetuko dira, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

Hirugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.–Prozeduraren instrukzioa.

1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea amaituta eta eskatutako betekizunak egiaztatu ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpen bidez onetsiko ditu desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitateetan –zehazki deialdiaren lehen oinarriko 1.a) apartatuan sartutakoetan– aldi baterako kontratu bidez aritu nahi duten eta lehenbiziko oinarriko betekizunak frogatu dituzten izangaien behin-behineko zerrendak. Halaber, betekizun horiek frogatu ez dituztenen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, arrazoia adierazita.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren web-orrian, deialdiaren fitxan, emanen ditu argitara zerrenda horiek.

Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Interesdunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, akreditazioa ukatzea eragin duen akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu direnek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak bigarren oinarriaren 1. apartatuan aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.

Akatsak zuzentzeko emandako epea bukatutakoan, ebazpen bat argitaratuko da web-orrian, eta haren bidez ulertuko da atzera egin dutela aurkeztutako eskaera epe barruan zuzendu ez duten izangaiek.

2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak egiteko eta/edo akatsak zuzentzeko epea iraganda, bide beretan argitaratuko da Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena, zeinaren bidez onetsiko baitira Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateetan –zehazki deialdiaren lehen oinarriko 1.a) apartatuan zehaztutakoetan– aldi baterako kontratu bidez aritu nahi duten eta lehenbiziko oinarriko betekizunak frogatu dituzten izangaien behin betiko zerrendak. Halaber, betekizun horiek frogatu ez dituztenen behin betiko zerrenda argitaratuko da, arrazoia adierazita.

Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak behin betiko zerrendak onesteko ematen duen ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Behin betiko zerrendak argitaratu ostean atzematen bada hartan dagoen izangairen batek ez dituela betetzen Bigarren Hezkuntzako irakasle lanetan kontratu bidez aritzeko eskatzen diren betekizunak, izangai horrek deialdi honetan parte hartzeagatik eskuratutako eskubide guztiak galduko ditu.

Bosgarrena.–Deialdi honen bidez lortutako aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenden ondorioak.

Deialdi honen emaitzek ondorioak izanen dituzte 2024-2025 ikasturterako irakasle kontratuak esleitzeko.

Horrenbestez, laugarren oinarrian aipatzen diren behin betiko zerrendetan daudenei ebazpen honen lehenbiziko oinarrian aipatzen diren espezialitateetako lanpostu bat esleitzen bazaie 2024-2025 ikasturterako, Bigarren Hezkuntzako irakasle lanetan aritzeko kontratua izanen dute.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko Plantillen Atalera eta Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira.

Iruñean, 2024ko otsailaren 21ean.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.

Iragarkiaren kodea: F2403369