58. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58E/2024 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita aldaketa nabarmen bat egitea esnetarako behi azienda ustiatzeko eta hondakin organikoen biometanizazioa egiteko instalazio batean. Instalazioaren titularrak Hibridacion Termosolar Navarra SL eta Valle de Odieta dira.

Jadanik baden instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 2275/2009 Ebazpenaren bidez emana, esnetarako behi aziendaren ustiategi baterako eta hondakin organikoen biometanizazio zentro baterako, geroago aldatu zena Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 27ko 1383/2021 Ebazpenaren bidez.

2017ko azaroaren 21ean, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, esnetarako behien ustiategiko simaurra, minda eta hondakin urak kudeatzeko sistema hobetzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2017ko abenduaren 12an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori "ez-funtsezkoa" da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa "nabarmena" dela zioen, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketa horiek ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2017ko abenduaren 12an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2018-10-11n, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektuaren arabera, minden fase likidoa eta fase solidoa bereiziko dira, biometanizazio zentrora instalazioan sortutako minda likidoa soilik bidaltzeko, eta fase solidoa konpostatze behartura bidaltzeko. Gainera, instalazioan egindako prozesu osagarrietan sortutako efluenteak behi-haztegiarentzat bakarrik izanen den uren araztegi batean tratatuko dira.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, udalaren eskumenekoa da, eta ez du lurzoru urbanizaezineko jardueraren baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea aldaketa nabarmen bat egiteko Caparrosoko udal mugartean esnetarako behi azienda ustiatzeko eta hondakin organikoen biometanizazioa egiteko dagoen instalazio batean, esnetarako behien ustiategi horretan ongarria, minak eta hondakin urak kudeatzeko sistema hobetzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazio horren titularrak Hibridacion Termosolar Navarra SL eta Valle de Odieta SCL dira.

Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hirugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketen programa, non azalduko baitira lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak ekiditeko aurreikusi diren neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

–Titularraren adierazpena, non hitzemanen baitu ezen, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero, lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratuko duela gehienez ere bost urteko epean.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

–Arroko organoaren baimena, ur araztuak berrerabiltzeko araubide juridikoa ezartzen duen abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren araberakoa.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Hibridación Termosolar Navarra SLra, Valle de Odieta SCLra, Caparrosoko Udalera, Greenpeacera, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2403482