58. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

54E/2024 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eskatutako aldaketa partez onesten baita Tuterako udal-mugartean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten ingurumen-baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Instalazioaren titularra Ciudad Agroalimentaria de Tudela SL da.

Egun martxan den instalazio horrek badu lehendik ingurumen-baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 1.1 taldean.

2024ko urtarrilaren 12an, titularrak eskatu zuen aldatzeko ingurumen-baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak, zehazki, ingurumen-baimen bateratuaren III. eranskineko "Hondakinen kudeaketa" izeneko zerrendan sartzea 020301 EHZ kodea (garbiketa, zuritze, zentrifugatze eta banaketa lohiak) duen hondakin mota bat. Hondakin hori dagokie karga handiko eta lurrungailu bidez tratatzen diren prozesuko urei, zeinak fintzearen, zapaltzearen eta biltegiak garbitzearen ondoriozkoak baitira.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin. Halere, aurkeztutako kodea ez da zuzena, 020301 EHZ kodearen deskribapenean "lohia" dela aipatzen baita, eta Ciudad Agroalimentaria de Tudela SLk emandako deskribapena instalaziora iristen diren eta lurrungailu bidez tratatzen diren prozesuko urei dagokie. Hortaz, hondakin horri dagokion kodea 020399 (beste kategoria batean zehaztu ez diren hondakinak) da.

Halaber, nabarmentzekoa da gaur egun titularrak baimendua duela 161002 EHZ kodeko (161001 kodean jasotakoak ez diren hondakin likido urtsuak) hondakina, eta hori hondakin honetarako ere zuzena da.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen-baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea eskatutako aldaketa, Tuterako udal-mugartean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten ingurumen-baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Ciudad Agroalimentaria de Tudela SL da.

Bigarrena.–Instalazio honen ingurumen-baimen bateratuan sarturik dauden baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, hondakinak sortu eta kudeatzeari dagozkienak, betiere ebazpen honetan xedatutakoaren aurkakoak ez badira.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Ciudad Agroalimentaria de Tudela SLra eta Tuterako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2403410