58. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Generazinema Jaialdiak" izeneko laguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 745109.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets daitezela "Generazinema Jaialdiak 2024" laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak, baimen dadila 45.000 euroko gastua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau.

Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Generazinema Jaialdiak" laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102 [PEP: E-23/000583-01]: GENERAZINEMA: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2024

30.000,00

A20002-A2500-4816-334113: GENERAZINEMA Jaialdiak: elkarteentzako laguntzak zinema jaialdiak antolatzeko

2024

15.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 20an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–"GENERAZINEMA JAIALDIAK 2024" LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroan 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31 arte (biak barne) egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatzeko enpresa eta profesionalentzako laguntzak arautzea.

1.2. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak dira zinema ekoizpena eta ikus-entzunezkoak Nafarroan sustatu eta hedatzeko asmoz egiten diren agerraldi, erakusketa eta, oro har, antzeko ekitaldi guztiak. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketek izaera kultural edo artistikoa izan beharko dute, eta aurretik gutxienez bi edizio eginak izan beharko dituzte.

1.3. Aurreko edo ondoko faseak kontuan hartu gabe (prestatzeko fasea, baloraziokoa edo itxierakoa), jarduerak herritar guztientzat irekiak izanen dira eta denbora tarte zehatz batean egin behar dira, eta tarte hori ez da izanen hiru egunetik beherakoa edo bi hilabetetik gorakoa (elkarren segidakoak ez direnak).

1.4. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

c) Elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateak.

Entitate eskatzaileek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik. Gainera, zinematografia- edo ikus-entzunezko jarduerak egin izan beharko dute, gutxienez data horretatik aurrera.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek, eskaera aurkezten den unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, dagokion erakundearenean, zinemagintzari edo ikus-entzunezkoei loturiko jarduerekin zerikusia duen edozein epigrafetan.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:

a) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza nagusia duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2024ko aurrekontu orokorretan laguntzaren eskaeraren xede den proiektua finantzatzeko partida izenduna duten entitateak.

c) Filmak erakusteko aretoen titularrak diren enpresak.

d) Sindikatuak eta lanbide-elkargoak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitateek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.

2.5. Pertsona edo entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.6. Eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.–Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek 45.000 euro izanen ditu guztira, honako partida hauen kontura:

–2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuko A20002 A2500 4709 334102 partida; "GENERAZINEMA: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak": 30.000 euro.

–2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuko A20002 A2500 4816 334113 partida; "GENERAZINEMA Jaialdiak: zinema jaialdiak antolatzeko elkarteentzako laguntzak": 15.000 euro.

3.2. Laguntzen zenbatekoak ezin izanen du gainditu aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoaren %50, ezta onartutako aurrekontuaren %70 ere (deialdi honetan diruz laguntzeko ezarritako denborari eta gastuen tipologiari buruzko mugekin). Gainera, proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duena izanen da, behin kendurik (bidezkoa denean) deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuak, eta, orobat, balorazio batzordearen iritziz, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez direnak.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

3.4. Pertsona edo entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

3.5. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, pertsona edo entitate onuradunari eskatuko zaio eskaeran aurkeztutako aurrekontua berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak proposatzen den dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio batzordeak aurrekontu berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaeraren aurrekontua berregitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, baita ezarritako balorazio-irizpideak ere.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo tramiteen bilatzaileko "Generazinema Jaialdiak 2024" deialdiaren fitxaren bidez. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bat eman beharko da, zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio- eta jakinarazpen-kanala izanen dena.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.2. Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

4.3. Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen bilatzaileko "Generazinema Jaialdiak 2024" deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri.

4.4. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ) zinemagintzari edo ikus-entzunezkoei loturiko jarduerekin zerikusia duen epigraferen batean alta emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Elkarteen, fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko gainerako erakundeen kasuan, estatutuen kopia eta gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera zinematografia- eta/edo ikus-entzunezko jarduerak egin izanaren egiaztagiria.

c) I. eranskina (Informazio teknikoa eta ekonomikoa), Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

–Aurrekontu osoa: proiektuaren aurrekontu osoaren zenbatekoa jasoko du.

–Diruz lagun daitekeen aurrekontua: soil-soilik sartuko dira 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen direnak, kontuan hartu gabe 5.1i, 5.1j eta 5.1k oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

–Soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak: aurrekontuan sartutako soldatapeko langileen gastuak jasoko dira, 5.1j eta 5.2d oinarrietan ezarritako muga kontuan hartu gabe.

–Oharrak: "5.1e) Gonbidatuak" oinarrian jasotako zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira: ostatu-gastuak, mantenua (bazkaria/afaria) eta joan-etorriak.

–Finantzaketa bermatua: proiektu bererako eskatutako eta jasotako laguntzen eta horien zenbatekoaren aitorpena jasoko du, baita proiektuaren bermatutako finantzaketa eta horren zenbatekoa ere.

Bermatutako finantzaketa egiaztatu beharra dago proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko puntuak lortzeko (7.1.4 oinarria).

Honako dokumentu hauek erabiltzen ahalko dira: emandako laguntzen ebazpenak, banku-abalak edo elkar bermatzeko sozietate batenak, kontu korrontearen banku-ziurtagiriak, banku-kredituak, inbertitzaile pribatuen ekarpenen ziurtagiriak.

–Onartutako aurrekontua: emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren eta Nafarroako gastuaren ehunekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak hori berretsiko du, azterketa teknikoa egin ondoren.

–I.A eranskina (Eskaera); PDF formatuan aurkeztu beharko da.

–I.B eranskina (Proiektuaren azalpen memoria), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

Aukeran, "Memoriari erantsitako materiala" izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da. Formatu librean eginen da, eta argazkiak, ilustrazioak eta abar jasoko ditu, bai eta proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazio artistikoa egiteko garrantzitsutzat jotzen den oro ere.

d) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdiren batean parte hartu duten pertsona edo entitate eskatzaileek ez dituzte aurreko oinarriaren b) atalean aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.7. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean akatsa zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.8. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Filmen kudeaketa: erakusteagatiko eskubideen gastuak, kopien azpitituluak egiteko gastuak, kopiak garraiatzekoak, erakustaretoak alokatzekoak.

b) Argitalpenen edizioa: programaturiko jardueren programak editatzeko gastuak.

c) Komunikazioa eta prentsa: prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

d) Publizitatea eta zabaltzea: publizitate kanpainen eta sustapenerako materialaren gastuak.

e) Gonbidatuak: ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak, muga hauekin:

–Ostatua: gehienez 75 euro gau bakoitzeko. Fakturan gaua igarotzen duen pertsonaren datuak jaso beharko dira.

–Mantenua: gehienez 50 euro pertsonako eta eguneko (bazkarietarako eta afarietarako bakarrik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

–Joan-etorriak: norberaren autoa erabiliz gero, 0,35 euro ordainduko dira kilometroko, eta aparkalekuko gastuak eta bidesarikoak. Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko ibilbideetarako taxi edo AIG gastuak.

f) Online jarduerei eta digitalizazio prozesuei lotutako gastuak:

–Online jardueretarako plataforma birtualak erabiltzeko alokairuaren gastuak;

–Programatutako jardueretan hautatutako proiektu edo profesionalekin lotutako edukien ostatatze birtualaren gastuak;

–Jarduerei, marketin-azterlanei, bertaratutako publikoari testak egiteari eta publiko berriak hautemateari adimen artifizialaren teknologia aplikatzea.

g) Jasangarritasunari eta kontziliazioari lotutako gastuak:

–Hirugarrenekin kontratatutako kontziliazio eta jasangarritasun planei lotutako gastuak.

–Jasangarritasunaren arloko prestakuntza jarduerak.

–Erakunde aitortuen jasangarritasun ziurtagiriak lortzea.

–Ziurtagiri ekologikoa duten mezularitza zerbitzuen hornitzaileak kontratatzea.

–Edukiontziak eta garbiguneak instalatzea, birziklapena eta berrerabilpena errazteko.

–Jarduera diruz lagungarriak ingurumenean duen inpaktua konpentsatzeko ekintzak egitea.

h) Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola talde artistikoaren ordainsariak eta tokien, ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

i) Jaialdiari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren gastu orokorrak. Gastu horiek aurrekontuan sartu beharko dira, eta ezin izanen dute gainditu a) apartatutik h) apartatura bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %5.

j) Pertsona edo entitate onuradunak kontratatutako langileen soldata kostuak eta gizarte segurantza, proiektua abian jartzeko behar direnak, beren arduraldiaren proportzioan. Gastu horiek ez dute gaindituko a) apartatutik h) apartatura bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %20.

k) Proiektuaren garapena finantzatzeko maileguek sortzen dituzten finantza-interesak eta negoziazio gastuak, a) apartatutik h) apartatura bitartean jasotako zenbatekoen baturaren %20ko mugara arte.

5.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Laguntza justifikatzeko unean justifikatuko dira alderdi horiek eta, horretarako, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza gutxienez aurkeztu beharko dira, gastua egin aurrekoak.

5.3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipo ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Jaialdira gonbidatutako talde artistikoa alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

g) Amortizazio gastuak.

h) Tributuen gastuak.

i) Ordezkaritza gastuak eta protokolozko ekitaldietakoak, hala nola festak, koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk; elikagaien, edarien eta antzekoen erosketak.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarri bezala.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak izapideen bilatzaileko "Generazinema Jaialdiak 2024" deialdiaren fitxan argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: zinemagintzaren edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 2 pertsona, eta Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko burua, edo hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

6.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea: Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea: balorazio batzordeko kideek onartu diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko. Fase honetan, I.A eranskinean, dagokion laukitxoan, hala adierazi duten eskatzaileek beren proiektuak defendatzen ahalko dituzte balorazio batzordearen aurrean, gehienez 15 minutuko azalpena eginez.

3. fasea: batzordea bilduko da, aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 7.1 oinarrian eskatutako 50 puntuak gainditzen dituzten proiektuen artean. Horretarako, lortutako puntuazioen ordena hartuko da kontuan, baita 3.2 eta 3.3 oinarrietan ezarritakoa ere. Banaketa egin ondoren pertsona edo entitate onuradun bati eskatutakoa baino dirulaguntza txikiagoa ematea proposatzen bada, aurrekontua birformulatzeko eskatuko zaio, 3.5 oinarrian adierazten den bezala. Aurrekontu berri horrek balorazio batzordearen adostasuna izan beharko du.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea: azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak, balorazio batzordeak emandako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1. Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

7.1.1. Eskatzailearen eta jaialdiaren ibilbidea (gehienez 15 puntu).

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorean: jarduera-urte osoak ikus-entzunezkoen sektorean (gehienez 5 puntu):

IBILBIDEA

HAZTAPENA

15 urte baino gehiago

5 puntu

10 urte baino gehiago eta 15 urte bitarte

4 puntu

5 urte baino gehiago eta 10 urte bitarte

3 puntu

3 urte baino gehiago eta 5 urte bitarte

2 puntu

3 urte gehienez

Puntu 1

b) Jaialdiak egindako edizio kopurua (5 puntu gehienez):

EDIZIO KOPURUA

HAZTAPENA

10 edizio baino gehiago

5 puntu

5 ediziotik 10 bitarte

3 puntu

4 edizio arte

Puntu 1

c) Enpresa edo profesional eskatzaileak ikus-entzunezkoen sektorean azken hiru urteetan egindako beste zabalkunde eta prestakuntza jarduera batzuk, laguntzaren xede den jaialdiari lotuta ez daudenak (gehienez 5 puntu).

7.1.2. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (45 puntu gehienez).

a) Interes kulturala, kontuan hartuta jaialdiaren kalitatea, berezitasuna, berrikuntza eta espezifikotasuna, bai eta Espainiako zinema-jaialdien testuinguruan duen garrantzia eta egokitasuna ere (gehienez 15 puntu).

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen osaera eta gaitasuna (5 puntu gehienez).

c) Erronka demografikoari eta lurralde-orekari laguntzea, proiekzio eta jardueren programazioa hainbat eremutan eta, bereziki, zinema-eskaintza urria duten eremuetan (gehienez 5 puntu).

d) Jaialdiak edo lehiaketak beste jaialdi, elkarte edo entitate batzuekin egiten dituen lankidetza ekintzak, baldin eta beren eragin-eremuan bertan egotea eta jarraitzea bermatzen badute, ekitaldiak egiteko data zehatzetatik harago (gehienez 4 puntu).

e) Zirkuitu nazionalean presentzia txikia duten eta gure herrialdean kultura aniztasun handiagoa lortzen laguntzen duten zinema lanak zabaltzea (puntu 1 baldintza hori betetzen duen film bakoitzeko, gehienez 3 puntu).

f) Nafarroako zinemagileak sustatzea (puntu 1 baldintza hori betetzen duen film bakoitzeko, 3 puntu gehienez).

g) Euskarazko JBak sustatzea (puntu 1 baldintza hori betetzen duen film bakoitzeko, 2 puntu gehienez).

h) Jasangarritasunari laguntzea, emakumeen benetako berdintasuna sustatzea sektorean, publiko berriak erakarri eta prestatzea, eta desgaitasuna duten pertsonen inklusioa (gehienez 3 puntu).

i) Laguntzaren xede den jaialdia eginen den egoitzen kalitate teknikoa (gehienez 5 puntu). Proiekzio-aretoen egokitzapen teknikoa eta proiekzio-formatua hartuko dira kontuan.

7.1.3. Hedapen, prestakuntza eta irisgarritasun estrategiak (gehienez 30 puntu).

a) Komunikazio ekintzak.

Komunikazio- eta publizitate-ekintzen eragin mediatikoa eta inpaktua baloratuko dira. Elkarrizketak, artikuluak, kritikak eta abar kontuan hartuko dira telebistan, irratian, prentsa orokor eta espezializatuan, baita blog profesionaletan, podcastetan, sare sozialetan eta abarretan ere. Gainera, kanpainaren originaltasuna eta material grafikoen eta ikus-entzunezkoen kalitatea baloratuko dira (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak.

Tailerrak antolatzea, bitartekaritza ekintzak, topaketak, solasaldiak, ikasle guztientzako proiekzioak, erakusketak eta abar baloratuko dira (gehienez 10 puntu).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituzten eta gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden ikus-entzuleak emanaldietara joateko ekintzak. Ekintza horien barruan sartzen dira arkitektura-oztopoei erreferentzia egiteaz gain, edukiak eskuratzeko berdintasuna bultzatzen duten guztiak (gehienez 10 puntu).

7.1.4. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (gehienez 10 puntu):

a) Proiektuaren aurrekontu osoaren gainean bermatutako finantzaketaren portzentajea, behar bezala egiaztatua (gehienez 5 puntu):

BERMATUTAKO FINANTZAKETAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%75etik gora

5 puntu

%60 baino gehiago eta %75 arte

3 puntu

%45 baino gehiago eta %60 arte

2 puntu

%15 eta %45 artean

Puntu 1

Puntu horiek lortzeko, finantzaketa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

b) Proiekturako 2023an laguntza publikoak eman izana (gehienez 5 puntu):

2023AN JAIALDIRAKO EMANDAKO LAGUNTZAK

HAZTAPENA

Estatuaren laguntzak

3 puntu

Tokiko laguntza

puntu 1

Entitate pribatuaren laguntza

puntu 1

7.2. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

7.3. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena pertsona eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta argitaratuko da tramiteen bilatzaileko "Generazinema Jaialdiak 2024" laguntzen deialdiaren fitxan.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Presuntziozko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, aipatu legearen 25.1.f) artikuluan adierazten diren pertsonek eta entitateek egiten baldin badituzte, gizarte interesekotzat hartuko dira. Ondorio horietarako, eskatzaileek II. eranskina (Mezenasgoaren Erantzukizunpeko Adierazpena) bete beharko dute, zeina Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez bete eta izapidetzen ahalko baita.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Era berean, proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgoko edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten pertsona edo entitate onuradunek IV. eranskineko "Finantzabideak" atalean adierazi beharko dituzte mezenasgoko edo babesletzako modalitateen bidez jasotako ekarpenak.

10.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

10.2. Izapideen bilatzaileko "Generazinema Jaialdiak 2024" deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.

10.3. Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

10.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

10.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

10.6. Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.7. Pertsona edo entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik onespena eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

10.8. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen hedapenerako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

10.9. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako hedapen euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte hedapenerako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatzen ahal dira (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

10.10. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.11. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren gastua egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2024ko urriaren 31 izanen da (egun hori barne).

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Jarduera egin duela justifikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (IV. eranskina bertako jarraibideen orrian azaltzen den bezala bete behar da):

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) Excel formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

1. Kostu erreala, guztira: proiektuari lotutako gastuen zenbateko osoa jasotzen du, epigrafeka. Gastu guztiak sartzen dira, diruz lagungarriak izan edo ez, bai eta diruz lagungarri den epetik kanpoko gastuak ere.

2. Fakturen zerrenda: diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta), eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoiztetxe eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

3. Nominen zerrenda: proiektuari atxikitako langileen nominen zerrenda zenbakitua, zenbateko gordinak, gizarte-segurantza eta PFEZ adierazita: proiektuari aplikatutako ehunekoa eta Nafarroako lurraldean egindakotzat jotzen den gastu-zatia ere adieraziko dira.

4. Finantzabideak: finantzabideak eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

5. Azken memorien datuak: epigrafe honetako c eta d apartatuetako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko apartatuko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

Nominen kasuan, Gizarte Segurantza eta PFEZ kontzeptuei dagozkien ordainagiriak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, IV. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria bat. Bertan, filmen emanaldiei eta programatutako jarduera guztiei buruzko informazioa jasoko da eta, ahal den neurrian, bertaratutakoen adinaren eta sexuaren arabera segmentatutako bertaratze datuak. Halaber, memoriak izan beharko du proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta. Jasangarritasuna eta kontziliazioa errazteko neurriak hartu badira, horiei buruzko informazioa sartu beharko da.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena: ikus VI. eranskina.

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Jaialdiko taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

–Jaialdiak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo hedapena egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

11.1.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2024ko irailaren 30a baino lehen (egun hori barne). Horretarako, eskaera idazki bat aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo tramiteen bilatzaileko "Generazinema Jaialdiak 2024" deialdiaren fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:

–Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda excel formatuan igorriko da, nafarroa.eus helbidean dagoen V. eranskina erabilita (Konturako ordainketaren eskaera).

–Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak, aurreko zerrendaren arabera ordenatuta, PDF formatuan.

–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

11.1.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Aurrerakinaren zenbatekoa dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, 2024ko abuztuaren 31rako, egun hori barne, aurrerakina eskatzeko III. eranskina (aurrerakinaren eskaera) aurkeztu beharko da, behar bezala beteta (bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo bere banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak), zehaztuz dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela.

11.2. Gastu diruz lagungarrien barruan 2024ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZren atxikipenak sartu badira, bai eta 2024ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak, beranduenez 2025eko otsailaren 15ean, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

11.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

11.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.5. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak xede eta helburu bererako 2024an eman dezakeen beste batekin.

12.2. Halere, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2024. urtean, xede eta helburu bererako lortutako beste edozein dirulaguntzarekin.

12.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2403321