58. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

48E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Osasuneko kontseilariak emana, Prestazio ortoprotesikoa eta laguntza teknikoak baimentzeko aholku batzorde teknikoa eratzen duena.

Urtarrilaren 22ko SCB/45/2019 Aginduan (zeinaren bidez aldatzen baita Osasun Sistema Nazionalaren Zerbitzu Erkideen Zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren VI. eranskina), produktu ortoprotesikoen eskaintzan produktu horiek sartu, aldatu eta baztertzeko prozedura arautzen da eta koefiziente zuzentzaileak ezartzen dira.

Urtarrilaren 27ko SND/44/2022 Aginduak eguneratu egiten du irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren (Osasun Sistema Nazionalaren Zerbitzu Erkideen Zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituena) VI. eranskina, honako hauen katalogo erkideari dagokionez: goiko eta beheko gorputz-adarretako kanpoko protesiak, agenesietarako ortoprotesiak, gurpil-aulkiak, ortesiak eta linfedemaren terapiarako produktuak. Hala, 7. puntuan, kanpoko protesiei buruzkoan, zehazten du ospitaleetako errehabilitazio zerbitzuek baino ez dituztela preskribatuko era horretako protesiak, eta autonomia erkidegoek ezarriko dutela hori nola egin. Gainera, ondoren, espresuki esaten du protesi mioelektrikoak preskribatzeko administrazio eskudunek horretarako ezartzen dituzten protokoloei jarraitu beharko zaiela.

Bestetik, Osasun Sistema Nazionalaren eta Farmaziaren Zerbitzu Erkideen Zorrorako Zuzendaritza Nagusiak "Preskripzio bereziko produktu motak preskribatzeko baldintzak" igorri zizkien autonomia erkidegoei, non aipatzen baita Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko mediku espezialista batek preskribatu beharko dituela halakoak, diziplina anitzeko lantaldea duen ospitaleko zerbitzu baten esparruan betiere. Halaber, produktu horietako bakoitzerako jarraitu beharreko protokoloak zehazten dira.

Nafarroan, prestazio ortoprotesikoari buruzko araudia foru dekretu batean jasoa dago: 33/2023 Foru Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaren bidez prestazio ortoprotesikoa (kanpoko ortoprotesien modalitatea) arautzen baita, eta sortzen baita Nafarroan prestazio ortoprotesikoa kudeatzen laguntzen duten establezimenduen erregistroa.

Gainera, foru dekretu horren 5.1 artikuluan ezartzen denez, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez zehaztuko da zer produktutarako beharko den aldez aurretik baimena edo ikus-onespena izatea horiek eman ahal izateko". Aipatu ebazpena, hain zuzen ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 21eko 422/2023 Ebazpena da; haren bidez ezartzen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barruan, martxoaren 29ko 33/2023 Foru Dekretuaren bidez onetsitako kanpoko ortoprotesien katalogoko produktuen preskripzio zerbitzuak, zehazten dira halakoak eman aurretik Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuaren baimena edo onespena behar dutenak, eta finkatzen dira horien preskripziorako irizpide eta indikazio klinikoak.

Horiek horrela, komenigarritzat jo da Prestazio ortoprotesikoa eta laguntza teknikoak baimentzeko aholku batzorde teknikoa sortzea. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu: aurkezten zaizkion kasuei buruzko eztabaida, azterketa eta aholkularitza ez-loteslea, produktu bat eman aurretik hura baimendu behar den erabakitzeko, eta, halaber, produktuen indikazioak, preskripzioaren egokitasuna eta produktuen arteko bateraezintasunak baloratzea.

Batzorde horrek, orain arte, lantalde gisa jardun du, baina ez zenez sortu administrazio egintza baten bidez, babes hori izan dezan, komenigarritzat jo da kide anitzeko organo gisa eratuko duen eta haren eginkizunak eta osaera jasoko dituen ebazpen bat onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19.3 artikuluak xedatzen duenez, erabakiak hartu edo proposamenak egiteko eginkizunak, administrazio-erabakiak hartzeko oinarri diren aginduzko txostenak egiteko eginkizunak eta beste organo batzuen jardueren segimendu edo kontrola egiteko eginkizunak ez dituzten kide anitzeko organoak lan-batzorde edo lantaldetzat joko dira, eta horiek sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez eginen da, edo arloaren arabera eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez. Kasu horietan, erabaki horiek ez dute zuzeneko ondoriorik sortuko hirugarrenen aurrean.

Bestetik, 19.1 artikuluak ezartzen du zer alderdi zehaztu behar diren aldez aurretik, kide anitzeko organo bat eratu ahal izateko. Zehaztapen hori Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko buruaren txostenean egin da.

Osasuneko kontseilariak 1990eko urtarrilaren 12an emandako Foru Aginduak osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzen du, eta haren manuei jarraitu zaie aholku batzorde tekniko hau eratzean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Prestazio ortoprotesikoa eta laguntza teknikoak baimentzeko aholku batzorde teknikoa eratzea.

Bigarrena.–Eginkizun hauek izanen ditu aipatu batzordeak:

–Erabakitzeko eskumena duen organoak iritzia eskatzen dion kasuetan, protesi mioelektrikoen preskripzioak eta preskripzio bereziko produktuen preskripzioak baimentzeari buruzko balorazioa eta proposamena egitea, izaera loteslerik gabe, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleetako Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko mediku fakultatibo espezialistek egindako preskripzioei dagokienez.

–Erabakitzeko eskumena duen organoak iritzia eskatzen dion kasuetan, bestelako produktu ortoprotesikoen preskripzioak baimentzeari buruzko balorazioa eta proposamena egitea, izaera loteslerik gabe, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleetako Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko mediku fakultatibo espezialistek eta horretarako eskumena duten gainerako medikuek egindako preskripzioei dagokienez.

–Erabakitzeko eskumena duen organoak iritzia eskatzen dion kasuetan, bestelako produktu ortoprotesikoen preskripzioak baimentzeari buruzko balorazioa eta proposamena egitea, izaera loteslerik gabe, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzutik kanpoko mediku fakultatiboek egindako preskripzioei dagokienez.

–Ebazteko ahalmena duten organoei proposamenak egitea, protesi mioelektrikoen, preskripzio bereziko produktuen eta bestelako produktu ortoprotesikoen preskripzioa baimentzeko baldintzak eta prozedurak ezartzeko.

–Ebazteko ahalmena duten organoei proposamenak egitea, produktu ortoprotesikoen mota bakoitza preskribatzen ahalko duten espezialitateak ezartzeko.

–Preskribatzaileei neurriak proposatzea, preskripzioaren egokitasuna hobetzeko, indikazioak eta produktuen arteko bateraezintasunak baloratuta.

–Produktu ortoprotesikoak emateari eta fakturatzeari buruzko arazoak hautematea eta aztertzea.

Hirugarrena.–Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko burua; batzordeburua izanen da.

–Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko Osasun Garraioaren eta Prestazioen Ataleko burua.

–Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko Unitate Administratiboko burua, zeregin horretarako izendatua.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Errehabilitazio Zerbitzuko burua.

–Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko mediku ikuskatzaile bat, zeregin horretarako izendatua.

–Ortoprotesietako eta laguntza produktuetako goi mailako teknikari bat.

–Errehabilitazioko hiru mediku fakultatibo espezialista, zeregin horretarako izendatuak.

Ondorioz, jarraian izendatzen diren pertsonek osatuko dute batzordea:

–Patricia Serra Arbeloa andrea, Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko burua; batzordeburua izanen da.

–Itziar Igea Larráyoz, Prestazioen Unitateko burua.

–María Teresa Cisneros Lanuza, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Errehabilitazio Zerbitzuko burua.

–José Ignacio Gost Garde, mediku ikuskatzailea.

–Lorena Torres Tenorio, ortoprotesietako eta laguntza produktuetako goi mailako teknikaria.

–María Isabel Gambarte Valencia, Elena Roldán Arcelus eta Santiago Martínez Gorostiaga, Errehabilitazioko barrutiko fakultatibo espezialistak.

Laugarrena.–Batzordean, unean-unean, zerbitzua preskribatzen eta ematen duten beste profesional batzuk parte hartzen ahalko dute. Horiek hitza izanen dute, baina botorik ez.

Bosgarrena.–Batzordea eratzeko bileran, osatzen duten kideek erabakiko dute haien arteko nork izanen duen idazkari kargua.

Seigarrena.–Batzordea eratzeko bilera egin eta bi hilabeteko epean, batzordeak bere funtzionamendu-araubidea aurkeztuko dio Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzari.

Zazpigarrena.–Batzordeko kideen izendapenak dagozkion ondorioak izanen ditu, bat etorriz Karrera Profesionalari buruzko 11/1999 Foru Legea garatzeko 376/2000 Foru Dekretuan (I. eranskina, B apartatua) xedatutakoarekin eta karrera profesionalari buruzko gainerako araudiarekin.

Zortzigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta batzordeko kideei igortzea.

Iruñean, 2024ko otsailaren 20an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2403036