56. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Udal ordenantza, 2023ko Eguberriko ludotekaren prezio publikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2023ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, arautzen duena 2023ko Eguberriko ludotekaren prezio publikoa. Horren iragarkia 2024ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 49. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2024ko otsailaren 27an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

2023ko EGUBERRIKO LUDOTEKAREN PREZIO PUBLIKOA ERREGULATZEN DUEN ARAUA

Azkoiengo Udalak, kontziliaziorako tokiko itunen harira, xede nagusi izan du baliabideak, proposamenak, eginahalak eta planteamendu berriak koordinatzea, hainbat ekimen abian jar daitezen geure herriko ikuspuntutik, bateragarri egite aldera familia, lana eta norberaren bizitza.

Oporraldietan haurrei zuzendutako zerbitzuen falta izan da atzemandako arazo nagusietako bat. Behar hori, gainera, udalerri honi buruzko hainbat azterlanetan agertu da. Hori dela eta, lehentasuneko erabakia izan zen udarako eta Eguberrietarako "ludoteka" kontziliazio zerbitzua sortzea, eta, emaitzak baloratu ondoan haiek positiboak izanez gero, zerbitzuari eustea hurrengo oporraldietan. Horrenbestez, Azkoiengo Udalean finkatu egin da ludoteka zerbitzua, helburu nagusia izanik Azkoiengo herritarrek bateragarri egitea familia, lana eta norberaren bizitza.

Orain arte eskaini diren ludoteka zerbitzuak Gizarte-ongizate Batzordeak antolatu eta arautu ditu, eta osoko bilkuran onetsi ohi dira zerbitzuaren arauak eta prezio publikoak, behin irizpena eman ondoan Gizarte Ongizate eta Berdintasuneko Informazio Batzordeak.

Arau erregulatzaile honen xedea da, hortaz, zerbitzua ematearen alderdi komunak arautzea, nahiz eta jakin banan-banan hartu eta zehaztu behar direla ludoteka bakoitzaren alderdiak.

I. TITULUA.–ZERBITZUAREN NONDIK NORAKOAK

1. KAPITULUA.–ZERBITZUAREN DESKRIBAPENA

1. artikulua. Xedea.

1. Xedapen honen helburua da oinarrizko alderdiak arautzea Azkoiengo Udalak antolatzen duen ludoteka zerbitzurako, zehaztuz printzipio sozialak, betiere bete behar direnak zerbitzua ematean, eta erregulatuz horren prezio publikoa ezartzeko arau orokorrak.

2. Arau honek ezarritako esparruaren barnean, Gizarte Ongizate eta Berdintasuneko Batzordeak erabakiko ditu ludoteka bakoitzaren ezaugarriak, eta ondotik Tokiko Gobernu Batzarrak onetsiko.

2. artikulua. Ludoteka zerbitzuaren edukiak.

1. Azkoiengo Udalak ludoteka zerbitzua emanen du eskola oporraldi bakoitzean. Hasiera batean, aurreikusi da 2023. urteko Eguberrietarako programatzea.

2. Zerbitzua honako ordutegi honetan emanen da: abenduaren 26, 27, 28 eta 29an eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean, 8:45etik 13:15era.

Ordutegi hori aldatzen ahalko da ludoteka bakoitzean, baldin eta eusten bazaie artikulu honetan ezarritako egiturari eta zerbitzu motei.

3. artikulua. Zerbitzuaren helburuak.

1. Zerbitzuaren antolakuntzak eta eskaintzak kalitatea izan beharko dute helburu, nahiz eta horretarako defizit ekonomikoa sortu. Hala izanez gero, jokatuko da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 32. artikuluari jarraikiz.

2. Hona hemen zerbitzuaren helburu orokorrak:

a) Erraztea Azkoiengo emakumezkoak eta gizonezkoak laneratzea eta gizarteratzea, eta egoera horri eustea.

b) Babesa ematea bateragarri izan daitezen Azkoiengo gizonezkoen eta emakumezkoen familia, lana eta bizitza pertsonalak.

c) Herritarren parte-hartzea bultzatzea.

Orobat, honako hauek dira zerbitzuaren helburuak:

a) Seme-alabei kasu egiteko denbora faltagatik gurasoek izaten duten ezegonkortasun emozionala gutxitzea.

b) Seme-alabei kasu egiteak eta haiek zaintzeak familiari ekartzen dion gehiegizko zama arintzea, eta, hala, erraztasunak ematea aisialdiaz gozatzeko.

c) Udal instalazioen erabilera optimizatzea.

d) Jostatzeko eta hezteko zerbitzuen eskaintza handitzea 3 eta 12 urte bitartekoentzat.

e) Zerbitzuaren jarraitutasuna sendotzea.

f) Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera-berdintasuna bultzatzea.

g) Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erantzukizun partekatua bultzatzea.

h) Esparru bat sortzea haurrak pertsona moduan haz daitezen, jolas- eta heziketa-jardueretan parte hartuz eta jostaketaren bidez.

i) Umeen artean bultzatzea ingurumena babestearen eta kontsumo arduratsuaren aldeko balioak eta jarrerak.

ZERBITZUA KUDEATZEKO ARAUAK

4. artikulua. Eremu subjektiboa.

1. Ludoteka zerbitzuak xede ditu haur hezkuntzako 1. mailatik lehen hezkuntzako 6. mailara bitarteko haurrak. Lehenik eta behin, lehentasuna izanen dute Azkoienen erroldaturik dauden haurrek; bigarrenik, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoak dituztenek, eta familia gurasobakarra dutenekin jokatuko da etxetik kanpo lan egiten duten bi guraso dituztenekin bezala. Gurasoetako batek bakarrik lan egiten badu, lehentasuna emanen da, bietako bakar batek ere lan egiten ez dutenen aurretik.

2. Inskripzio epea bukatu ondoren egiten diren eskaerak kontuan hartuko dira baldin eta hala ahalbidetzen badute ludotekaren antolakuntzan aldez aurretik finkatutako ratioek.

5. artikulua. Familiak.

10. artikuluan zehazten den bezala, ekonomikoki lagunduko zaie inskripzio bat baino gehiago egiten duten familia-unitateei.

6. artikulua. Elkarlana Udalarekin.

1. Udalak konpromisoa hartzen du errazteko zerbitzua bideragarria eta eskuragarria izan dadin, eta, horretarako, laguntza ekonomikoak emanen ditu, ordenantza honen 3.1 artikuluan eta arau honen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Orobat, lagunduko du ahalik eta hobekien egin dadin jarduera, antolatzaileen esku utziz udal instalazioak eta behar diren gainerako bitartekoak.

7. artikulua. Kontratazioa.

1. Ludoteka zerbitzuaren kontratazioak beteko ditu Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen xedapenak.

ORDAINARAZPENAREN KUDEAKETAREN PREZIO PUBLIKOA

8. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezarri da Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraikiz, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

9. artikulua. Zenbatekoa eta ordaintzeko beharra.

1. Eguberrietako ludoteka zerbitzuaren prezio publikoa 65 eurokoa izanen da epealdi osorako.

2. Zerbitzuaren kostu osoa betetzen ez bada, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 32. artikuluaren 2. apartatuan xedatuari jarraikiko zaio, eta Udalak aldea ordainduko du, dela bere baliabideen bidez, dela horretarako jasotako dirulaguntzen zenbatekoa gastatuz, gorago adierazitakotik ondorioztatzen denez, hala jokatzera bultzatzen duten arrazoiak baitaude, gizarte-arloari, ongintzari, kulturari edo interes publikoari loturikoak.

3. Hala izanez gero, erakundearen aurrekontuetan kontsignatu beharko dira kasuan kasuko diru-zuzkidurak, ateratzen den aldea estaltzeko.

10. artikulua. Hobariak.

1. Familia-unitate beraren bigarren inskripziotik aurrera, prezio publikoak murriztu eginen dira. Deskontu hori ez da metatuko.

2. Prezioaren %20ko hobaria izanen da inskribatutako bigarren umearengatik eta hurrengoengatik.

11. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1. Arau honetako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra sortzen da zerbitzua ematen hasten denetik. Hala ere, zerbitzua hasi aurretik zenbateko guztia ordaintzeko eskatuko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 34. artikuluari jarraikiz.

2. Onuradun guztiek ordaindu beharko dute prezio publikoa, edo, bestela, gurasoek edo zerbitzuez baliatu diren adingabeen tutoreek edo haien legezko ordezkariek, Udalak zehaztutako finantza-erakundeen bidez.

3. Onuraduna bertaratzen ez bada, administrazioari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik, berdin egonen da tasa ordaintzera behartuta. Aldiz, baldin ikastaroa edo jarduera egiten ez bada prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik, halakoetan dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

4. Aipatutako epeetan ordaintzen ez diren zorrak premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko dira, bat etorriz uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuarekin.

5. Zerbitzua amaitzea edo etetea. Zerbitzua emateari uzten ahalko zaio honako arrazoi hauengatik:

–Erabiltzaileak eskatuta, arrazoi justifikatua baldin badago.

–Prezio publikoa ez ordaintzeagatik, horrek galarazi gabe sortu eta ordaindu gabeko zenbatekoak kobratzea, premiamendu administratiboaren bidez.

–Zentroaren arauak behin eta berriz ez betetzeagatik.

–Zerbitzua guztiz kentzeagatik, Udaleko osoko bilkurak hala erabaki ondoren.

12. artikulua. Osoko bilkuraren eskumenak.

Udaleko osoko bilkurak izanen du onesteko eskumena.

13. artikulua. Udalaren ekarpenak.

–Espazioak:

  • Udalak une bakoitzean eskura dauden instalazioen erabilera lagako du kanpalekuak egiteko.

–Ekarpen ekonomikoa:

  • Udalak behar den zenbatekoa emanen du defizitei aurre egiteko, halakorik gertatzen bada.
  • Udalak ordainduko du 10. artikuluan ezarritako hobaria aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa.
  • Udalak ordainduko du ludotekan erabiltzen diren instalazioak garbitzeko zerbitzua (langileak eta produktuak).

14. artikulua. Inskripzioak.

Erroldatuek lehentasuna izanen dute erroldatu gabeen aurretik.

Lehentasuna izanen du guraso biek etxetik kanpo lan egiteak. Bakar batek ere kanpoan lan egiten ez badu, lehentasuna izanen du batek lan egiteak bietako batek ere lan ez egitearen aurretik.

Familia gurasobakarren kasuan, aita edo ama horrek kanpoan lan egiten badu, jokatuko da bi gurasoek lan egiten duten familiekin bezala.

Iragarkiaren kodea: L2403468