56. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2024 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2024ko industria-doktoregoak". DDBN identifikazioa: 744295.

2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. Planaren 1. erronkak talentua erakarri eta mantentzeko hainbat neurri jasotzen ditu, besteak beste, 2. neurria –doktoregai industrialak kontratatzea–, ulertuta I+G+Baren oinarria pertsonak direla, eta, beraz, ikerkuntza alorreko talentu hori prestatzeko, mantentzeko eta erakartzeko neurriak hartzen direla.

"2024ko industria-doktoregoak" kontratatzeko laguntzen deialdiaren bidez urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik: enpresak, ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2022-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2024ko industria-doktoregoak".

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 1.500.000 euroko kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean eta honako banaketa honekin:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(eurotan)

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak, teknologiako langileak eta industria-doktoreak kontratatzea

2025

500.000

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak, teknologiako langileak eta industria-doktoreak kontratatzea

2026

500.000

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak, teknologiako langileak eta industria-doktoreak kontratatzea

2027

500.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Sarrigurenen, 2024ko otsailaren 15ean.–Zientzia, Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

1. Laguntza hauen xedea da enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen ikerketa-ildoak sendotzea prestakuntzaldian doktorego bat ikasten ari diren ikertzaileak kontratatuz, eta, orobat, ikertzaile horiek errazago izatea lanean hastea edo lana finkatzea.

2. Horretarako, doktoregoa ikasten ari den pertsona bat (aurrerantzean, doktoregaia) prestakuntzaldian kontratatzea lagunduko da diruz, ikerketa-proiektu bat egiteko bere doktorego tesiaren esparruan, unibertsitate batekin lankidetzan, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.

3. Dirulaguntza erabiltzen ahalko da, halaber, beste gastu batzuk egiteko eremu akademikoan, mugikortasunean eta ikerketa-proiektuaren zabalkundean.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke enpresa pribatuak eta publikoak eta Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragile egiaztatuak (SINAI), unibertsitateak izan ezik, doktoregai bat kontratatzen badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantokia Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea eta lantoki horretan egitea diruz lagundutako jarduera.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Ezin dira onuradun izan:

a) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden entitateak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren; ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

b) "Krisian dauden enpresak", 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. puntuan ezarritako definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

c) 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektoreetan eta baldintzetan jarduten duten entitateak.

3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradunak izaten ahalko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten irabazi-asmoko entitateak (lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu).

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, hurrengo atalean aurreikusitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa).

Nahi izanez gero, 3. apartatuko dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta egiaztagiri hori eskuratu eta berehala aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

5. Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 8.3.a) oinarrian adierazitako eskaera telematikoan bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

6. Laguntza hauen onuradun izateko betebeharrak eskaera aurkezten den unean bete beharko dira, eta dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu.

3. oinarria.–Kontratatutako pertsonak egin beharreko jarduerak.

1. Doktoregaiaren jarduerek barnean hartuko dute entitate kontratatzailearen intereseko ikerketa-proiektu bat egitea, haren doktorego tesiaren esparruan. Horretarako, proposatutako jarduerak berriak izanen dira, edo entitateak bere I+Gko ohiko jardueren barruan gauzatuko ez lukeen ikerketa edo ikerketa-ildo bat hobetzea, zabaltzea edo gauzatzea ekarriko dute. Eskabidean, laguntzaren beharra eta eragin sustatzailea justifikatu beharko dira. Efektu pizgarria betetzen dela bermatzeko, ikerketa-proiektuak ezin izanen dira hasi laguntzaren eskaera aurkeztu baino lehen.

2. Egin beharreko proiektua "industria-ikerketakoa" edo "funtsezko ikerketakoa" izanen da, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 84) eta 85) apartatuetako definizioei jarraituz. Antzeko jarduerek ere jasotzen ahalko dute dirulaguntza, hala nola ikerketa-proiektuaren jarduna eta zabalkundea osatzeko xedez egiten diren ikerketa-egonaldiek eta unibertsitate bateko doktorego ikasketen barnean daudenek.

3. Halaber, proiektu hori kokatu beharko da Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategian identifikatutako lehentasun tematiko batean edo batzuetan:

a) Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.

b) Elikadura osasungarria eta jasangarria.

c) Energia berdearen industria.

d) Medikuntza pertsonalizatua.

e) Turismo jasangarria.

f) Ikus-entzunezkoen industria.

g) Trantsizio ekologikoa.

h) Trantsizio digitala.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko kontratazioa.

1. Kontratatu beharreko doktoregaiak honako baldintza hauek bete beharko ditu kontratazioaren unean:

a) Ezin izanen du partizipaziorik izan entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzio edo sozietate bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, baldin horren ondorioz entitatearen benetako kontrola –zuzena edo zeharkakoa– izateko ahalmena badu.

b) Doktorego programa ofizial batean sartzeko baldintzak betetzea, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluak zehaztutakoaren arabera.

c) Espainiako edo atzerriko unibertsitate batek emandako doktore titulurik ez izatea.

d) Entitate eskatzaileak laguntza eskaera egin baino 4 urte lehenago doktorego programa batean matrikulatuta ez egotea.

e) Kontrataziorako dirulaguntzarik ez da emanen baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza edo odol ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitatearen kontrola bere gain daukaten pertsonak, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kide direnak.

Ondorio horietarako, dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko.

2. Erakunde onuradunak doktoregaiarekin egiten dituen kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratu horiek sinatzea 2. oinarrian onuraduntzat ezarririko entitateek eta oinarri honetako 1. puntuko baldintzak betetzen dituzten doktoregaiek.

b) Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

I. Kontratatutako pertsonaren prestakuntza maila eta titulazio espezifikoa.

II. Hasierako eguna eta bukaerako eguna, gutxienez 36 hilabete izanik (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.

III. Beteko den lanpostua edo eginkizuna.

IV. Urteko soldata gordina eurotan adierazia, eta ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.

V. Deialdi honetako dirulaguntzaren aipamena.

c) Lanaldi osokoa izatea.

d) Kontratazioa Gizarte Segurantzaren 1. kotizazio-taldean sartuko da.

e) Kontratatuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.

f) Ezin izanen dira kontratatu norberaren konturako langileak.

g) Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, kontratatzen den pertsona entitatearen Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 27.000 euro izanen da gutxienez.

i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

Entitate onuradunak doktoregaia kontratatua badu laguntza eskatu aitzinetik, kontratuak b) puntuko baldintzak bete beharko ditu. Bestela, kontratu hori aldatu egin beharko da.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Edozein gastu diruz lagungarriri aplikatzen ahalko zaio 7. oinarrian ezarritakoari jarraituz prestatutako emakida-ebazpenean agertzen den laguntza-intentsitatea. Honako hauek izanen dira gastu diruz lagungarriak:

1. Kontratazio gastua.

Onartuko dira kontratatutako doktoregaiaren lan- eta soldata-kostuekin lotutako gastuak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio-gastuak barne.

2. Doktorego irakaskuntzetako gastu akademikoak.

Gastu hauek onartuko dira:

a) Gehienez ere hiru ikasturteko doktorego ikasketen matrikula-gastuak.

b) Tesia defendatzearen eta/edo doktore-titulua lortzearen tasak, betiere aldi diruz lagungarrian gertatzen badira.

Unibertsitateak egindako jarraipen eta koordinazio gastuak kanpo gelditzen dira.

3. Mugikortasun gastuak.

Diruz lagunduko dira entitate kontratatzailean eta doktoregaiak matrikula egina duen unibertsitatean ez beste ikerketa entitate batzuetan egindako egonaldien gastuak. Gastu horiek kontzeptu hauek hartzen dituzte:

a) Ostatua eta mantenua: kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza zenbateko baten gisan ezartzen da, egonaldiko egun bakoitzeko, helmugako herrialdearen arabera.

Espainiako egonaldietarako, 50 euroko kostua aplikatuko da egun bakoitzeko.

Hurrengo taulan jasotako herrialdeetako egonaldien kasuan, adierazitako kostua aplikatuko da.

HERRIALDEA

KOSTUA
(euro/egun)

Saudi Arabia, Aljeria, Argentina, Australia, Austria, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kamerun, Txile, Txina, Korea, Kroazia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Etiopia, Gabon, Guatemala, Ekuatore Ginea, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irlanda, Israel, Jamaika, Jordania, Kenya, Kuwait, Libano, Libia, Malaysia, Maroko, Mexiko, Montenegro, Nikaragua, Nigeria, Pakistan, Peru, Polonia, Portugal, Txekiako Errepublika, Errumania, Serbia, Singapur, Siria, Taiwan, Kongo.

60

Alemania, Angola, Belgika, Brasil, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua, Errusia, Suedia, Suitza, Yemen.

70

Aitzineko zerrendan ez dauden herrialdeetako egonaldietarako, aplikatutako kostua 50 euro izanen da eguneko.

b) Garraioa:

Kontzeptu honi dagokion gastuagatik dirulaguntza hau emanen da:

I. 400 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainian dagoenean.

II. 1.200 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainiatik kanpo dagoenean.

III. Dirulaguntza emanen da egonaldia eginen den tokirainoko joan-etorriak entitate onuradunaren ibilgailuan edo ibilgailu partikularrean egiteagatik, 0,35 euro/km, aitzineko I. eta II. puntuetan adierazitako gehieneko zenbatekoetaraino.

c) Atzerriko laguntza-asegurua eta bisatua: ikerketa entitateetan egonaldiak egiteko eta egonaldiaren helmuga den lekura garraiatzeko beharrezkoak diren kostuak izanen dira diruz lagungarriak.

4. Zabalkunde gastuak.

Diruz lagundutako proiektua zabaltzeko gastu hauek onartuko dira:

a) Doktoregaiak izena ematea jardunaldi teknikoetan, hitzaldietan edo kongresuetan, haietan ikerketa-proiektuaren aurrerapenak edo emaitzak aurkezten badira.

b) Doktoregaiak a) atalean adierazitako jardunaldi, hitzaldi edo kongresuetan parte hartzeari lotutako mugikortasun gastuak oinarri honetako 3. puntuan ("Mugikortasun gastuak") ezarritako moduan onartuko dira.

c) Aldizkari espezializatuetan argitaratzeko kostua. Argitaratzeko aurkeztutako lana doktoregaiak sinatu beharko du.

Zabalkunde gastuak onargarriak izateko, 17. oinarriko publizitate- eta zabalkunde-baldintzak ere bete beharko dituzte.

6. oinarria.–Laguntzaren iraupena.

1. Laguntzek 37 hilabete estaliko dituzte gehienez, urteko hiru epealditan banatuta, honela:

a) 1. urteko epealdia: ez da laguntza eskaera baino lehenagokoa izanen. Gehienez 13 hilabete izanen ditu, eta honela hasiko da:

–Deialdia argitaratu ondoren hasitako kontratuen kasuan, kontratu horien hasiera-data izanen da.

–Deialdia argitaratu edo laguntza eman aurretik hasitako kontratuen kasuan, 4.2 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, doktorego ikasketetan matrikula egiten den hilaren 1ean hasiko dira kontratuak.

–Deialdia argitaratu edo laguntza eman aurretik hasitako kontratuen kasuan, 4.2 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, oinarri horretan ezarritakora egokitzeko kontratuaren eranskin gisa jasotako baldintza berriak sinatzen diren eguna joko da hasieratzat.

1. urteko epealdiaren amaiera 13. hileko azken egunean izanen da, hasiera hilabetetik aurrera.

b) 2. urteko epealdia: 1. urteko epealdia amaitu eta hurrengo egunean hasten da, eta 12 hilabete betetzean amaitzen.

c) 3. urteko epealdia: 2. urteko epealdia amaitu eta hurrengo egunean hasten da, eta 12 hilabete betetzean amaitzen.

2. 11.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren, I+G+b Zerbitzuak (aurrerantzean, organo kudeatzailea) txosten bat eginen du, non zehaztuko baitira laguntzaren entitate onuradun bakoitzaren urteko epealdiko kuoten datak eta justifikazio-epeak.

7. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

1. Honako hau izanen da laguntzaren intentsitatea, 5. oinarrian adierazitakoari jarraituz gastu diruz lagungarriei aplikatu beharrekoa:

Entitate
onuradunak

Industria ikerketako (IIP)
edo oinarrizko ikerketako (OIP) proiektua (%)

IIP edo OIP
eta emakumeen kontratazioa (%) (c)

IIP edo OIP
zabalkunde
handiarekin (%) (d)

IIP edo OIP
zabalkunde handiarekin
eta emakumeen
kontratazioa (%) (e)

Enpresa handiak (a)

45

50

55

60

Enpresa ertainak (b)

55

60

65

70

Gainerako entitateak

65

70

75

80

(a) Enpresa handiak: 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

(b) Enpresa ertainak: 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera.

(c) Ikerketa zientifiko-teknikoaren eremuan dagoen genero-arrakala arintzen laguntzeko, kontratatutako pertsona emakumea denean, %5eko laguntza gehigarria emanen da IIP edo OIP baterako ezarritako ehunekoaren gainetik.

(d) Halako proiektuen aurrerapenen edo emaitzen zabalkunde handia egin beharko da, 12.2.f) oinarrian adierazitako jardueren bidez.

(e) Ikerketa zientifiko-teknikoaren eremuan dagoen genero-arrakala arintzen laguntzeko, kontratatutako pertsona emakumea denean, %5eko laguntza gehigarria emanen da IIP edo OIP baterako ezarritako ehunekoaren gainetik. Haren aurrerapenen edo emaitzen zabalkunde handia egin beharko da, 12.2.f) oinarrian adierazitako jarduketen bidez.

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza-intentsitateak.

Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragile akreditatuek laguntzaren intentsitatea "gainerako entitate" gisa eskuratzen ahalko dute, baldin eta gauzaturiko jarduerak ez-ekonomikokoak badira. Ondorio horietarako, "jarduera ez-ekonomikotzat" hartuko da Europako Batzordeak 2022ko urriaren 28ko EBAOn argitaratutako "Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu laguntzei buruzko esparruaren" 2.1.1 paragrafoko 19. paragrafoan zehaztutakoa, hain zuzen ere.

Europar Batasuneko esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoa. Hau da, ez da Estatuaren laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereizten ahal badira bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

2. Eskabide bakoitzeko, gehieneko laguntza 90.000 eurokoa izanen da, urteko epealdi bakoitzeko 30.000 euro, hain justu.

8. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko apirilaren 30ean bukatuko (egun hori barne), 23:59an.

2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira soilik, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoari dagokion webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Eskaera horretan adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektronikoa izatea (hemendik aitzina, GHE), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskaera telematikoa, 2., 4.1) eta 8.3.c) IV oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa, 9. oinarriko balorazio irizpideak aplikatzeko.

Justifikatu beharko da doktorego tesiaren ikerketa-jarduerak badirela entitate onuradunak garatzen duen ikerketa-ildo batekoak edo I+G proiektu batekoak. Baldin proposatutako jarduerak berriak badira edo ikerketa edo ikerketa-ildo bat hobetu, handitu edo gauzatzekoak, entitateak bere I+G jarduera arrunten barnean eginen ez lituzkeenak.

Memorian hau ere sartuko da:

–Aurrekontuaren atal bat, zehazten dituena aurreikusten diren gastu diruz lagungarriak: kontratazioa, matrikula, mugikortasuna eta zabalkundea.

–Intentsitate osagarriari heldu nahi izanez gero emaitzen zabalkunde handiarengatik, berariazko atal bat, zabalkunde plan zehatza dakarrena, balorazio tekniko-ekonomikorako.

c) Doktoregoa egiteko kontratatuko den pertsona doktoregoa egiteko gisan dagoela frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, agiri hauetako bat aurkez daiteke:

I. Doktorego programa bateko onarpena.

II. Doktorego programa batean onartua izateko eskaera.

III. Doktoregoko sarbidea ematen duen master bateko matrikula. Doktoregaia matrikulaturik egon behar da masterra 2023-2024 ikasturtean bukatzeko behar diren kreditu guztietan, master bukaerako lanarenak barne.

IV. Doktoregoa egiteko prest dagoela eta eskaera egin aurreko 4 urteetan doktorego programa batean matrikulatuta ez dagoela egiaztatzen duen beste dokumentu edo adierazpen bat.

d) Doktoregaiaren curriculum vitaea (CV). CV formatu normalizatua erabili beharko da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

e) Eskatzailea irabazi-asmorik gabeko entitatea bada, 2.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa, ordainketa-epeak betetzeari buruzkoa.

f) Entitate eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat bada, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa, eta, horrez gainera, azken 3 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan erregistratuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak. Dokumentazio hori aurkeztu ezean, enpresa handientzat 7. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuko dira.

4. Eskaera bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Ez da zuzentzeko aukerarik izanen "Ikerketa-proiektuko memoria zientifiko-teknikoa" aurkezten ez bada.

9. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, oinarri honen 2. ataleko irizpideen arabera baloratutako eskaerak elkarrekin konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 7. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak aplikatuko zaizkie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Organo kudeatzaileak irizpide hauen arabera baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO
PUNTUAZIOA

A.–Ikerketaren eragina

30

20

a.1. Erronka teknologikoa

15

-

a.2. Konpondu beharreko arazoa

15

-

B.–Ikerketaren berritasun maila

30

20

b.1. Konparazioa artearen egoerarekin

15

-

b.2. Ikerketak dakarren berritasuna

15

-

C.–Ikerketaren ondorioz entitate onuradunean espero den eragina

20

10

c.1. Ikerketaren garrantzia

10

-

c.2. Espero diren emaitzen garrantzia

10

-

D.–Balorazio estrategikoa. Proiektuaren ekarpena gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak lortzeko

20

-

d.1. GJH

5

-

d.2. Proiektuaren eragin soziala

5

-

d.3. Lurralde kohesioa

10

-

E.–Onuradun berria

10

-

Guztira

110

50

A.–Ikerketaren eragina. 30 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

I. Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, espero den zailtasun teknikoa: 15 puntu, gehienez.

II. Konpondu beharreko arazoa eta merkatuko aukera: 15 puntu, gehienez.

B.–Ikerketaren berritasun maila. 30 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

I. Konparazioa egungo egoerarekin; ikerketak sektoreari ekarriko dion aurrerapenaren justifikazioa: gehienez 15 puntu.

II. Ikerketaren berritasuna, entitate onuradunak garatzen dituen ikerketa-ildoei lotuta: gehienez 15 puntu.

C.–Ikerketaren ondorioz entitate onuradunean espero den eragina. 20 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

I. Aurrera eraman beharreko ikerketaren garrantzia, entitate onuradunak epe luzera dituen ezagutza eta esperientzia premiei dagokienez. 10 puntu gehienez.

II. Espero diren emaitzen garrantzia, honako hauei dagokienez: produktu berriak lortzea; prozesuak hobetzea; dibertsifikazioa; espero den inpaktu ekonomikoa. 10 puntu gehienez.

D.–Balorazio estrategikoa: 20 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

I. Ikerketaren aurreikusitako emaitzen eragina eta ekarpena Nafarroako Foru Komunitateak Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) aurrerapena lortzeari dagokionez (https://ods-agenda2030.navarra.es/) eta trantsizio ekologikoari dagokionez: 5 puntu gehienez.

II. Proiektuaren eragin soziala: 5 puntu gehienez.

III. Lurralde kohesioa: 10 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

i. Entitatea 1.500 biztanle edo gutxiagoko udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 10 puntu.

ii. Entitatea 1.500 biztanletik gorako udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 5 puntu.

Irizpide hau Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat) webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

E.–Onuradun berria: 10 puntu emanen zaizkie deialdi honen 2021, 2022 edo 2023ko edizioetan laguntza honen onuradun izan ez diren entitateei.

3. Kudeaketa organoak entitate eskatzaileei eskatzen ahal die eskaerak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

4. Laguntza eskaera ezetsi eginen da baldin balorazioak ez badu gutxieneko puntuazioa lortzen A), B) edo C) ataletan.

5. Eskabideei emandako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, hurrengo ataletan eta ordenan lortutako puntuak kontuan hartuta ebatziko da berdinketa: A), B) eta C).

10. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Organo kudeatzaileak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena aurkeztuko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du entitate onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

Zerrenda hori konfiguratzeko, kontuan hartuko da hasiera batean dirulaguntza bakarra emanen dela entitate onuradun bakoitzeko. Hala ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, bigarren dirulaguntza bat ematen ahalko da entitate bakoitzaren eskaeren artean bigarren balorazio handiena kontuan hartuta, eta prozedura bera errepikatuko da hirugarren eta hurrengo eskaeretarako, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematikoki, entitate onuradunen gaitutako helbide elektronikoan (aurrerantzean GHEa), eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

3. Entitate onuradun batek laguntzari uko egiten badio edo hura kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratzen bada, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuan krediturik ez egoteagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, organo kudeatzaileak epe berriak ezartzen ahalko ditu konpromisoak aurkezteko, kontratazioa egiteko eta laguntza justifikatzeko.

11. oinarria.–Laguntza eman ondoren dokumentazioa aurkezteko modua eta epeak.

1. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, laguntzen webgunearen bidez, hilabeteko epean gehienez ere, laguntza ematen dela jakinarazten denetik:

a) Entitate onuradunaren eta doktoregoa ematen duen unibertsitatearen arteko konpromisoen agiria. Atal hauek izanen ditu, gutxienez: doktore-tesiko proiektuaren aipamena, lan denboraren banaketa, jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideak, finantzaketaren baldintzak eta jarraipen mekanismoak; halaber, beste atal batzuk ere izaten ahalko ditu, alderdiek beharrezkotzat jotzen badituzte.

b) Tesi konpromisoa, doktoregaiak eta tesiaren zuzendariak sinatua.

Doktoregaiak unibertsitateak izendatutako tesi tutore bat izanen du, bai eta entitate onuradunak izendatutako arduradun bat ere; hala badagokio, tesiaren zuzendaria izan daiteke, doktorego ikasketei dagokien araudiaren arabera.

c) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, gardentasunari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat.

2. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen webgunearen bidez, 2024ko irailaren 30a baino lehen, hura barne:

a) Doktoregaiarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

Erakunde onuradunak deialdia argitaratu aurretik kontratatzen badu pertsona, 4.2 oinarriko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, hala nola kontratuaren eranskina, soldata fitxa edo bestelakoak.

b) 2024/2025 ikasturtean doktorego programa batean matrikula formalizatu izana edota, salbuespenez, onartua egotea frogatzen duen agiria. Programaren ardura duen unitateak edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emaniko agiria izanen da.

Unibertsitatean matrikula egiteko gaitzen den aldia irailaren 30etik aurrerakoa bada, matrikula aurkezteko epea luzatzen ahalko da, entitate onuradunak aldez aurretik eskatuta.

c) Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren konturako langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

3. Goiko 1. edo 2. puntuetako dokumentazioa aurkezten ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

12. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Entitate onuradunek epe hauek bete beharko dituzte:

a) 2025eko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 1. urteko epealdiaren egiaztagiriak aurkeztuko dira.

b) 2026ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 2. urteko epealdiaren egiaztagiriak aurkeztuko dira.

c) 2027ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 3. urteko epealdiaren egiaztagiriak aurkeztuko dira.

2. Entitate onuradunek kasuan kasuko urteko epealdiko justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez, hango ereduei jarraikiz:

a) Jardun memoria zientifiko-teknikoa, bertan deskribatuta doktoregaiak egindako jarduerak, barne daudela zabalkunderako jarduerak eta doktorego programako prestakuntza jarduerak, kasuan kasuko urtekoak. Bai eta, kasua bada, laguntzaren gainerako iraunaldirako lan-plana, zehazki aipatuz doktorego tesiaren egoera, bilakaera eta lorpena, baita egindako argitalpenak eta egonaldiak edo haiek egiteko plana ere.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:

I. 5.1 oinarrian adierazitako kontratazio gastuak:

i. Nominen kopia.

ii. Nominak ordaindu izanaren justifikazio agiriak.

iii. "Langilearen kalkulu globalak" dokumentua (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema), Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarena.

II. 5.2 oinarrian adierazitako doktorego-irakaskuntzetako gastu akademikoak:

i. Matrikula-agiriaren kopia eta tasa akademikoak ordaindu izanaren frogagiriarena.

ii. Tesiaren defentsaren agiriaren kopia eta/edo doktore-tituluarena, baita dagozkion tasak ordaindu izanaren frogagiria ere.

III. 5.3 oinarrian adierazitako mugikortasun gastuak:

i. Egonaldiaren ikerketa entitateak emaniko agiria, egonaldiaren datak adierazita.

ii. Erabilitako garraiobideen txartelak eta horien ordainagiriak. Ibilgailua entitate onuradunaren jabetzakoa den ibilgailua edo doktoregaiaren ibilgailu partikularra erabiliz gero, entitate onuradunak emandako agiria, bidaia, kilometrajea eta, hala badagokio, ordainagiria egiaztatzen dituena.

iii. Atzerriko laguntza-aseguruen fakturen eta ordainagirien kopia eta bisatua.

IV. 5.4 oinarrian adierazitako zabalkunde gastuak:

i. Doktoregaia jardunaldi teknikora, hitzaldira edo kongresura joan dela egiaztatzeko ziurtagiria, jardunaldia noiz edo noiz egin den adierazita.

ii. Jardunaldi teknikoan, hitzaldian, biltzarrean, posterrean edo argitalpenean ikerketa-proiektuaren aurrerapenak edo emaitzak aurkezteko erabilitako dokumentua, justifikatzen duena 17. oinarriko publizitate- eta zabalkunde-baldintzak betetzen direla.

iii. Zabalkunde gastuen fakturen kopia eta haiek ordaindu izanaren frogagiriena.

iv. Erabilitako garraiobideen txartelak eta horien ordainagiriak. Ibilgailua entitate onuradunaren jabetzakoa den ibilgailua edo doktoregaiaren ibilgailu partikularra erabiliz gero, entitate onuradunak emandako agiria, bidaia, kilometrajea eta, hala badagokio, ordainagiria egiaztatzen dituena.

v. Atzerriko laguntza-aseguruen fakturen eta ordainagirien kopia eta bisatua.

Gastu guztiek trazabilitatea egiaztatu beharko dute, eta entitate onuradunak ordaindu beharko ditu, 5.3.a) oinarrian (ostatua eta mantenua) eta 5.3.b).III (kilometraje gastuak).

c) Unibertsitateko doktorego programaren batzorde akademikoak tesiaren bilakaerari buruz emandako aldeko txostena.

d) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuk jaso ez izanaren adierazpena.

e) 1. eta 2. urteko epealdiak aurkeztearekin batera, baldin eta gauzatutako gastua ez bada nahikoa emandako urteko epealdiko zenbatekoa justifikatzeko, dagokion epealdiaren ondorengo urriko, azaroko eta abenduko gastu-estimazioaren deklarazioa.

f) Hedapen handiko proiektuei dagokien laguntzaren intentsitatea eman bada (7.1 oinarrian adierazitakoa), diruz lagundutako aldi osoan gutxienez 5 jarduera aurkeztu beharko dira modalitate hauetako batean:

I. Hitzaldiak.

II. Posterrak, komunikazioak edo kongresuetan, jardunaldi teknikoetan eta abarretan zabaldutako beste lan batzuk.

III. Aldizkari espezializatuetako argitalpenak.

IV. Komunikabideetako argitalpenak.

V. Interneteko zabalkundea (entitatearen webgunea, eginiko lana sustatzeko bideoak, etab.).

VI. Irispide libreko datu-baseetan sartu izana.

VII. Doako edo kode irekiko programa informatikoak.

VIII. Patenteen edo baliagarritasun modeloen eskaera.

Jarduketak zenbatzeko, jarduketaren berri ematen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da: jarduketa bistaratzeko gertaeraren webgunerako esteka, ekitaldian aurkeztutako dokumentazioa (posterra, komunikazioa, etab.), argitalpenaren laburpena, Patenteen edo Erabilera Modeloen eskaera, etab.

Era berean, jarduketek paragrafo honetan xedatutakoaren arabera zenbatzeko, 17. oinarrian deskribatutako publizitate eta zabalkunde baldintzak bete beharko dituzte.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Organo kudeatzaileak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta dena delako urteko epealdiaren saria ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamenean, ikerketa-proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboa jasoko da, eta adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

Horrekin batera, 12.2.e) oinarriaren araberako gastu-aitorpena aurkeztu bada, gastuaren estimazioari dagokion dirulaguntzaren konturako ordainketa eginen da.

2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 12. oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, entitate onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

4. 3. urteko epealdiaren ordainketarekin, laguntza osoaren likidazioa eginen da, eta entitate onuradunak gauzatutako gastuari dagokion laguntza baino gehiago ordaindu bada, itzulketa bat eginen da.

14. oinarria.–Kontratua etetea.

1. Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:

a) Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

b) Amatasunagatik eta aitatasunagatik.

c) Haurdunaldiko arriskuagatik.

d) Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean dagoen arriskuagatik.

e) Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.

2. Aurreko puntuan adierazitako kasuetan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata gastuak. Organo kudeatzaileak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

3. Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

15. oinarria.–Kontratua azkentzea.

1. Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta azkentze horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, kontratua azkendu eta hilabeteko epean gehienez.

2. Kontratua azkentzen bada, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Kontratua 1. urteko epealdian azkentzen bada, edo azkentzeko arrazoiak entitate onuradunari egoztekoak bazaizkio, ez da laguntza ordainduko.

b) Kontratua azkentzen bada 2. edo 3. urteko epealdian, eta horretarako arrazoiak ez badira entitate onuradunari egoztekoak, kontratua azkendu izanaren komunikazioari 12.2 oinarrian zehaztutako frogagiriak erantsi beharko zaizkio, hain zuzen. Behar bezala justifikatzen bada, gauzatutakoaren laguntza-zati proportzionala ordainduko da.

c) Bidegabetzat jotako kaleratzeagatik kargua utziz gero, ez da ordainduko ordaintzeke dagoen laguntza.

16. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du telematikoki, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ezin izanen da emandako dirulaguntza ordaindu, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 11. eta 12. oinarrietan adierazten den moduan.

c) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa-jarduerak.

d) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea organo kudeatzaileari.

e) Aitzinetik jakinaraztea organo kudeatzaileari kontratatuak doktorego tesia defendatuko duen eguna. Kontratatutako pertsonak jakinarazi egin beharko dio entitate onuradunari zer egunetan izanen den defentsa hori; halaber, organo kudeatzaileari bidali beharko dio, laguntzen webgunearen edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, doktore-tesiaren ale bat.

f) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 15.1 oinarrian adierazten den gisan.

g) Ikerketa-proiektuaren aurrerapenak edo emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 17. oinarrian aipatzen den gisan.

h) Kontratatutako pertsonari aukera ematea parte har dezan bikaintasun zientifikoko prestakuntzan eta ikerketa-jardueran generoari buruzko prestakuntzan, halakorik emanez gero (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusia da sustatzailea).

i) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiari eman behar diote hark laguntza ebaluatzeko eskatzen dien informazioa, gauzapenari, emaitzari eta inpaktuari buruzko adierazleak lortze aldera. Betebehar hori doktoregaiari ere aplika dakioke.

j) Bioetikari, animalien esperimentazioari, biosegurtasunari, segurtasun biologikoari, ingurumenaren babesari, natura-ondareari eta biodibertsitateari eta datuen babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzea laguntza hauen babesean kontratatutako pertsonek parte hartzen duten proiektuetan eta gainerako jardueretan.

k) Europako Batzordearen martxoaren 11ko (2005/251/EE) Gomendioan (2005eko L75. EBAO, martxoaren 22koa) xedatutakoa betetzea. Gomendio hori ikertzaileen Europako Gutunari eta ikertzaileak kontratatzeko Jokabide Kodeari buruzkoa da.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.

Ildo horretan, 2. edo 3. urteko epealdiari dagozkion jarduketa zientifiko-teknikoek jasotako balorazioa kontrakoa bada, aitortu egin beharko da eskubidea galdu dela dagokion urteko epealdi horri dagokion laguntza kobratzeko.

c) Hedapen handiko proiektuei dagokien laguntzaren intentsitatea eman bada (7.1 oinarrian adierazitakoa) eta diruz lagundu daitekeen aldia amaitzean 12.2.f) oinarrian jasotakoa egiaztatu ez bada, laguntzaren intentsitatea %10 murriztuko da.

d) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduketaren dokumentazioa aurkeztearen ingurukoak (12.2 oinarria).

3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, organo kudeatzaileak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.

4. Emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada eta zenbateko horiek askatzen badira, erabiltzen ahalko dira zati batean onartuta gelditu diren eskaerak osatzeko, edo, emakida ebazpenaren urte naturalean kobratzeko eskubidea galdu bada, dirulaguntza emateko kreditu nahikorik ez izateagatik ezetsi diren entitateei.

17. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen ikerketa-proiektuaren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute. Halaber, doktorego tesian finantzaketa hori aipatuko da, bai agirian bertan bai tesia defendatzeko ekitaldian.

Tesi dokumentuan zein argitalpen edo aipamen publiko batean testu hau edo antzeko bat sartuko da:

"Nafarroako Gobernuak doktoregaien kontratazioa finantzatu du «2024ko industria-doktoregoak» laguntzen deialdiaren barruan".

"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logoa erabil daiteke, hemen eskuratu daitekeena: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Era berean, "doktoregai" terminoaren ordez, doktoregaiaren izena eta abizenak jartzen ahalko dira.

2. Diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da betiere, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

18. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramite-katalogoko webgune egokiaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere: (https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm).

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

19. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluen mende daude, zehazki 25. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L 187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

Laguntza hauek pizgarriak izan daitezen bermatzeko, eskatzaileek ezin izanen diete ekintza diruz lagungarriei ekin eskaera aurkeztu baino lehen.

20. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

Diruz lagundutako gastuak bateraezinak izanen dira beste laguntza publiko batzuk jasotzearekin, gastu berak estaltzeko.

Bereziki, diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiaren beste lan kontratu oro indarrean edukitzearekin, bai eta soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kalte egiten badio ikerketaren eta prestakuntzaren xedeari edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, dirulaguntza hau bateraezina izanen da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.

21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2402972