56. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21/2024 FORU DEKRETUA, otsailaren 28koa, "Frantzisko Xabierkoa" saria Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeari ematen diona.

Abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez, "Frantzisko Xabierkoa" saria sortu zuen Nafarroako Gobernuak, esker ona adierazteko Foru Komunitatetik kanpora diharduten pertsonei, entitateei eta erakundeei, beren lanaren bidez Nafarroaren irudia erabakitasunez proiektatzeagatik aurrerapena, ongizatea eta gizartearen hobekuntza sustatzen dituen erkidego gisa.

Foru dekretu horrek ezartzen du saria Nafarroako Gobernuak emanen duela, lehendakariak edo kontseilari batek edo batzuek proposaturik.

Saria banatzeko ekitaldia jendaurrekoa izanen da, behar denean zehaztuko den egunean, eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo, kasua bada, horrek izendatutako kontseilari batek emanen du saria.

Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak Nafarroako Gobernuari proposatu dio saria Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeari ematea.

Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakunde bat da, independentea eta irabazi asmorik gabekoa. 1995ean sortu zen, Nafarroan egoera oneko materialen soberakin asko gelditzen zirela ikusita. 25 urte pasatxo hauetan, soberakin horiek biltzen, biltegiratzen, konpontzen eta hautatzen aritu dira, halakoak eskatzen dituzten herrialdeetara aldizka bidaltzeko. Bildutako eta garraiatutako materialaren bolumena nabarmen handitu da urtero. Hala, joan den urtearen bukaeran 300. edukiontzia kargatu zuten, Hondurasera igorri zutena.

Erakundearen misioa da laguntza humanitarioaren bidalketetan sostengu ematea gobernuz kanpoko beste erakunde batzuei, betiere egoera ahulenean dauden herrialdeen garapen jasangarria ahalbidetuko duten aldaketak eragiteko eta gizarte egitura justuak lortzeko asmoz. GKE horiek osasunaren, hezkuntzaren, saneamenduaren eta azpiegituren arloan lan egiten dute, besteak beste.

Ayuda Contenedoresek aintzat hartua izan nahi du aurrera eramaten dituen jarduketek xedeko komunitateen ongizatean eta garapenean duten eraginagatik, bai eta jarduteko moduan duen zintzotasunagatik eta profesionaltasunagatik ere. Giza eskubideetan oinarritutako garapenaren aldeko ikuspegia lantzen du, eskubide horiek betetzera eta lan egiten duen komunitateetan desberdinkeria desagerraraztera bideratua.

Talde-lanaren eta beste erakunde eta instituzio batzuekiko lankidetzaren alde egiten du, sinergiak sustatzeko eta lanaren errendimendua hobetzeko. Era berean, printzipio demokratikoak eta parte-hartzaileak sustatzen ditu, gizartea eraldatzeko ezinbesteko baliabide gisa eta garapenari lotutako helburu gisa.

Ayuda Contenedores erakundeko lantaldea egunero edo noizean behin laguntzen duten gizon eta emakume askok osatzen dute.

Guztiak boluntarioak dira, eta horietako asko erretiratuak. Europako Elkartasun Kidegoko gazteek ere parte hartzen dute bertan, baita espetxeraturik dauden zenbait pertsonak ere, gizartearentzat lan egiteko zigorra erakundearen instalazioetan betetzen baitute.

Ayuda Contenedores erakundearen jarduerak gora egin du azken urteotan. 2021ean 34 edukiontzi bidali zituen; 2022an 45, eta iaz 51. Hazkunde hori GKEak lortu duen ezarpenari eta aitortzari zor zaio, kontrako alderdien %78k errepikatu egiten baitu. 2023an bidalitako 51 edukiontzietatik 19 Afrikan banatu ziren, 11 Amerikan, 12 Asian eta 9 Europan.

Gatazkan dauden herrialdeetan ere lan egin dute. Ukrainara 9 edukiontzi bidali zituzten, elikagaiekin, arroparekin edo ekipo medikoekin, baita Siriara ere, eta Turkian lurrikarak suntsitutako eremuetara 12 edukiontzi igorri zituzten.

Lan hori aurrera eramateko, gune bat daukate Iruñean, Etxabakoitz auzoan, non biltegiak eta pabiloiak baitaude konponketak egiteko, materiala gordetzeko, bulegoetarako, etab.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du Ayuda Contenedores erakundeari ematea "Frantzisko Xabierkoa" saria.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2024ko otsailaren 28an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeari ematea "Frantzisko Xabierkoa" saria.

2. Foru dekretu hau Ayuda Contenedores erakundeari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo, kasua bada, horrek izendatutako kontseilari batek emanen du saria jendaurreko ekitaldi batean, aurrerago zehaztuko den egunean.

Iruñean, 2024ko otsailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2403530