54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

188E/2024 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita dirulaguntza deialdi honen gastua: "30 urtetik beherako gazte langabeak praktiketan kontratatzeko dirulaguntzak". DDBN identifikazioa: 743438.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2024. urtea baino lehen onetsi ziren.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen gastua baimentzea 2024. urterako. Gainera, deialdia aldatzen da, de minimis laguntzen araudira egokitzeko.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 23ko 1496/2017 Ebazpenaren bidez, 30 urtetik beherako langabeak praktiketan kontratatzeko dirulaguntzak arautu ziren.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2.000.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko Gastuen Aurrekontuaren kargura, 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko dirulaguntzetarako, hain zuzen, 2024ra luzatutako 2023ko Gastuen Aurrekontuaren partida honen kontura: "Enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4709 241205 partida. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 23ko 1496/2017 Ebazpenaren bidez arautu ziren eta 743438 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

2. Aurreko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2024ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. 500.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez xedatutako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

4. Deialdiko 9. oinarri arautzailea aldatzea. Honela geldituko da:

"9.–De minimis laguntza.

9.1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

9.2. Horretarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako beste de minimis laguntzak aitortu behar dituzte".

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2403029