54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAIZKO KONTZEJUA

Ordenantza, Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Olaizko Kontzejuak, 2023ko abenduaren 5ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2024ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta osorik ematen argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Olaitzen, 2024ko otsailaren 19an.–Kontzejuko burua, Ángel Chocarro García.

ORDENANTZA, OLAIZKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Olaizko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako ondasunen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan ukatu gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Olaizko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Olaizko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Olaizko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, ondasun horiek Olaizko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.

Horretarako, jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Olaizko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta haiek defendatzeko behar diren ekintzak oro egin beharko ditu.

8. artikulua. Olaizko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik Aholkularitza Juridikoko idazkariaren edo, hala bada, legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. Herri-ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, berariaz adierazi behar da herri-ondasun direla.

9. artikulua. Olaizko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Olaizko Kontzejuak ezin du herri-lurren gaineko jabariari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demanda judizialetan etsi, ezta haiei amore eman ere, non ez duen Udalbatzak osoko bilkuran hala erabakitzen, kideen legezko kopuruaren gehiengo osoz. Gainera, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da aldez aurretik.

11. artikulua. Olaizko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungi daitezen, ahalmen hertsagarriez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da; eta utzarazpen administratiboaren bidezko prozeduraren arauei jarraitu beharko zaie.

12. artikulua. Olaizko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Kontratuak interpretatzeko erabaki horiek betearazleak izanen dira lehen unetik, horrek galarazi gabe kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Olaizko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izanen da, hain zuzen ere Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 26. artikuluak xedatzen duen moduan. Olaizko Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Iralekuen aprobetxamendua.

d) Zuraren eta egurraren aprobetxamendua.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Olaizko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen.

16. artikulua.

1. Orokorrean, Olaizko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 4 urte lehenagotik.

c) Olaizen bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Onuraduna zer toki erakunderi dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherakoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Olaizko Kontzejuak osoko bilkuran batzarturik, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondotik.

17. artikulua.

1. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da izanen azken enkanteko hasierako prezioa baino merkeagoa.

2. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteak iragarri beharko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, enkantea egin baino 15 egun natural lehenago, gutxienez.

3. Hala ere, laborantzako herri-lurren edo herri-larreen bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da toki erakundearen iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

18. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Olaizko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Olaizko Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA.–LEHENTASUNA DUTEN HERRITARRENTZAKO APROBETXAMENDUAK

19. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, laborantzako lurrak edukitzea errentan edo beste tituluren baten bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapital zergagarria, salbu norberaren etxebizitzari dagokiona, jardueretan aritzeagatik dagokion zerga-oinarria, bai eta antzeko beste edozein datu ere.

20. artikulua.

1. Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotetzat, modalitate honetan:

–Lehorreko alorra: 14 erregu.

–Ureztalurra: 7 erregu.

2. Zehazteko zenbat lote emanen zaizkien 18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hau da, lehorreko 14 erregu edo ureztalurreko 7 erregu.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hau da, lehorreko 28 erregu edo ureztalurreko 14 erregu.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hau da, lehorreko 42 erregu edo ureztalurreko 21 erregu.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hau da, lehorreko 70 erregu edo ureztalurreko 35 erregu.

21. artikulua.

1. Olaizko Kontzejuak, kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki apaldu ahalko ditu 19. eta 20. artikuluetan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala justifikatuz gero, baina ez handitu, ordea.

2. Olaizko Kontzejuak laborantzako herri-lurren ehuneko berrogeita hamarra erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

22. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Olaizko Kontzejuak aurretik baimena ematen badu, epe hori luzatzen ahal da laborearen balio-bizitzaren arabera.

23. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:

–Lehorreko lurrak: 11 euro erreguko eta urteko.

–Ureztalurrak: 18 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere Nafarroako gehieneko kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera. Nolanahi ere, kanonak Olaizko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

24. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

25. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, norberak zuzenean landutzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak nahiz haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, baldin Olaizko Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen badira. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Olaizko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Olaizko Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurrak norberak zuzenean landu ezin baditu, 26. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Olaizko Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Olaizko Kontzejuak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondotik.

Olaizko Kontzejuak eskumena du erabakitzeko ea noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bestelakorik, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Lurra kentzeko, aurretik Olaizko Kontzejuak espedientea irekiko du eta interesdunari entzunaldia emanen dio.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

27. artikulua. Olaizko Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Erabakiko da ez duela norberak zuzenean lantzen lurra honako kasu hauetan:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustean, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, ez lantzea.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan ematea.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK

28. artikulua. 1. atalean ezarritakoaren arabera lurzati eskaerei erantzun ondoan, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.

29. artikulua. Zuzenean adjudikatzen diren loteen azalera Olaizko Kontzejuak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen da, familia-unitate bakoitzak dituen diru-sarrera garbien proportzioan edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, adjudikazio hartzaileak nekazariak izanez gero.

30. artikulua. Adjudikazioaldia 22. artikuluan ezarritako berbera da.

31. artikulua. Aprobetxamendu modalitate honen bidez herri-lurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak: 20 euro erreguko eta urteko.

–Ureztalurrak: 30 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio eta urtero eguneratuko da, gehienez ere Nafarroako KPIa aplikatuz.

32. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du adjudikaziodunak. Horretarako, 24, 25, 26 eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

33. artikulua. Olaizko Kontzejuak azalera bat erreserbatuko du, laborantzako herri-lurren azaleraren %5 gehienez, onuradun berriei adjudikatzeko.

Toki-erakundeak behin-behinekoz adjudikatzen ahalko ditu aurreko apartatuan aipatzen diren erreserbako lurrak, baina behin-behineko adjudikazio hori indarrik gabe geldituko da baldin aprobetxamendua lehentasuna duen beste onuradun bati ematen bazaio. Behin-behineko adjudikazioetan, baldintza suntsiarazle hori ezarriko da, besteak beste.

34. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurren eskaintza gainditzen badu, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, ezetsiko dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraikiko zaie ordenantza honen 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei.

3. ATALA.–KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA

35. artikulua. Olaizko Kontzejuak, Lehen eta Bigarren Ataletan aplikaturiko prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; izanen da inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Olaizko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

36. artikulua. Olaizko Kontzejuak erabakia hartu ondotik, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitara eman ondoan. Bertan, eskabideak onartzeko epea zehaztuko da.

37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo nahikoa den frogagiria, besteak beste honako hauen gainekoa:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez 4 urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzejuarekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak laborantzako zenbateko azalera duen jabetzan, bai Olaizko Kontzejuan bai beste batzuetan, lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak ote diren zehaztuz.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuz.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko kapital zergagarriak, salbu eta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai mugarte honetakoak bai besteetakoak, familia-unitateko kide bakoitzak dituen azienden kopurua eta espeziea adieraziz.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Olaizko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo herritarren artekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrendak Kontzejuaren iragarki-taulan paratuko dira 15 egun balioduneko epean, eta interesdunei jakinaraziko, bidezko juzgatzen diren alegazioak egin daitezen. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 20. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie bigarren modalitatean (herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamendua) behin betiko zerrendan dauden familia-unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 29. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean jarriko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Olaizko Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

42. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

43. artikulua. Olaizko Kontzejuaren herri-larreek ustiapen unitatea osatzen dute beste finka partikularrekin batera, antzinako ohitura, edo lege nahiz hitzarmenari jarraikiz, eta bazkatoki bakarra osatzen dute, inguru osoa itxia duena: iparraldetik muga egiten du Enderitzekin; ekialdetik, Anotzekin eta Nagitzekin; eta hegoaldetik, Soraurenekin.

Bazkaleku edo esparru horretatik kanpo, Ultzama ibaiarekiko paraleloa den ibarbaso eremua dago, eta hori ere Olaizko Kontzejuko herri-lurraren parte da.

44. artikulua. Olaizko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

45. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako tilularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Olaibarko Kontzejuaren baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

46. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.

47. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

48. artikulua. Olaizko Kontzejuak honela kalkulatu du bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:

–Zaldi-aziendako 30 buru.

Horri dagokionez, Olaizko Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

–Zaldi-aziendako buru 1 behi-aziendako buru 1 adina da.

–Zaldi-aziendako buru 1 izanen da ardi-aziendako 6 buru adina.

–Zaldi-aziendako buru 1 izanen da ahuntz-aziendako 6 buru adina.

49. artikulua. Kontuan hartuz zenbat azienda har dezakeen, baita larreen aberastasuna, eta eskortarik dagoen ala ez ere, Olaizko Kontzejuak adjudikazio prozedura hastean finkatuko du kanona, kontuan harturik larreen balio errealaren %80tik %90era bitartekoa izan behar dela.

50. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da KPIaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onesten dituen indizeen arabera, herri-larre horiek aprobetxatzen dituzten azienda motendako.

51. artikulua. Bi epetan ordainduko da urteko kanonaren zenbatekoa:

–Lehenbiziko epea: urteko zenbatekoaren %50i dagokio, adjudikazioa egin eta sei hilabeteren buruan.

–Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta hamabi hilabeteren buruan.

52. artikulua. Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 15 eguneko epean, adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %10 utzi beharko du fidantza moduan.

53. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak beharko du osasun ziurtagiria, frogatzeko betetzen direla behar diren baldintzak, ezarrita daudenak herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan, hau da, dagokion foru legean eta haren erregelamenduetan.

54. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari eta abeltzainentzako kalteak eragozteko, Olaizko Kontzejuak honako baldintza hauek ezartzen ditu:

1. Ez da aziendarik pasako herriko kaleetatik, ez eta herriguneetatik ere. Horrela egiten bada ezohiko arrazoi batengatik izanen da eta Alkatetzak aldez aurretik baimendu beharko du.

2. Aisialdi edo jostetarako eremuak ez dira aziendarendako erabiliko.

55. artikulua. Prozedura. Olaizko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, 15 eguneko epea hasiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazio zuzena eska dezaten, aurretik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki entitatearen iragarki-taulan.

56. artikulua. Olaizko Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako baldintza hauek kontuan harturik:

a) Guztira irabazpide urrienak dituzten familia-unitateek izanen dute lehentasuna.

b) Jasan dezaketen abelburu kopuruaren arabera sailkatuko dira bazkalekuak, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean adjudikatzeko.

c) Bazkatoki bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, baldin guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen abelburu karga baino handiagoa. Halakoetan, kanona abelburuko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, baldin behar adina azienda badu eta bete badira herriko gainerako abeltzainen eskaerak.

57. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

58. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 8 urterako, indarrean dagoen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. KAPITULUA.–IRALEKUEN APROBETXAMENDUA

59. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan xedatutakoa betez, Olaizko Kontzejuak, hemendik aurrera, ez du herritarren arteko iralekuen aprobetxamendurik emanen.

60. artikulua.

1. Gaur egun iralekuen emakida duten bizilagunen aprobetxamendua errespetatuko da, zuzenean aprobetxatzen badute eta beren abeltzaintzako ustiategirako bada, eta onuradunek ezin izanen dute hesirik jarri iralekuaren inguruan, ez eta ira aprobetxatzea ez den bestelako erabilerarik egin ere.

2. Ondorio horietarako, iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunek horien aprobetxamendua eskatuko diote Olaizko Kontzejuari, ordenantza hauek indarrean jarri eta hilabeteko epean, adieraziz parajea eta gaur egun erabiltzen diren iralekuen hedadura. Iralekuen aprobetxamendua berresteko erabakia hartuko du Olaizko Kontzejuak, 16. artikuluko baldintzak beteta artikulu honen aurreko paragrafoan xedatua ere frogatzen dutenei; Kontzejuak bere egiten du iralekuen kokapena aldatzeko edo azalera urritzeko eskubidea, justifikatuz gero.

3. 10 urtean behin onuradunak iralekuen aprobetxamendua berresteko eskaera eginen du, eta egun iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunen aprobetxamendua berretsiko du Olaizko Kontzejuak.

61. artikulua. Herri-lurretako iralekuen aprobetxamenduaren lehen eta ondoz ondoko berrespenetan, Olaizko Kontzejuak onuraduna aldatzea baimendu ahalko du, onuradun berriak betetzen baditu aurreko artikuluan ezarritako baldintzak eta, legez baliozkoa den agiri baten bidez frogatzen badu aldatuko den iralekuaren aprobetxamenduaren jatorrizko abeltzaintzako ustiategiaren titulartasuna duela.

62. artikulua. Iralekuen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.

63. artikulua. Olaizko Kontzejuak iraleku guztiak erregistratzeko liburua edukiko du, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak eta izandako aldaketak.

64. artikulua. Aprobetxamenduaren titularrak eskubideak galduko ditu, eta iralekuaren aprobetxamendua udalerriari itzuliko zaio, honako kasu hauetan:

a) Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

b) Bi urtez jarraian iralekuaren aprobetxamendua egin dela ez frogatzeagatik.

c) Aprobetxamendua saltzeagatik edo lagatzeagatik.

d) Kanona ez ordaintzeagatik.

e) Udal basozaintzaren aurretiko txostena edukita, Olaizko Kontzejuak ikusten badu iralekuaren ekoizpen gaitasuna nabarmen galdu edo urritu dela, iralekuaren aprobetxamendu desegokiaren ondorioz, ira ez den beste landare espezie batzuen, otadien edo bestelako sastraken inbasioagatik.

65. artikulua. Iralekuen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko urteko kanona Olaizko Kontzejuak finkatuko du urtero.

V. KAPITULUA.–ZURAREN ETA EGURRAREN APROBETXAMENDUAK

66. artikulua. Herri-basoetako aprobetxamenduak eginen dira jarraikiz basoen arloko foru araudiak ezarritako baldintzei eta baimenei. Administrazioen arteko lankidetzaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan basoen arloan eskumena duen departamentuak txosten bat eginen du, toki-erakundeak eskatuta, aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoari buruz. Balorazioa orientabide modura eginen da, eta ez da loteslea izanen.

Herritarrek etxerako eta materialetarako egurraren aprobetxamendua egiten dutenetan, toki-erakundeak finkatuko ditu zenbatekoa, epeak eta gainerako baldintzak, eta ez da inola ere onartuko saltzea.

67. artikulua. Olaizko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

68. artikulua. Epaitzak zuzenean aprobetxatuko dira.

69. artikulua. Toki-erakundeak, Foru Komunitateko Administrazioak baimendu ondoren, epaitzen aprobetxamenduak ematen ahal ditu, bertako usadio eta ohituren arabera. Ordenantza honen 16. artikuluan aipatutako baldintzez gain, honako hauek ere eskatuko dira:

a) Onuradun izateko, beharrezkoa izanen da familia-unitatearen kide bakoitzeko edukitzea lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik behera, edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak egotea aipatutako soldata gehi erdiaren azpitik.

Familia-unitatean baldin badago ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera, kide bakoitzeko.

b) Eredu-lotearen bolumena izanen da bost metro kubiko, etxe bakoitzeko.

Onuradunei eman beharreko loteak kalkulatuko dira ereduzko loteari honako koefiziente hauek aplikatuz:

–Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

–Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 1,5 koefizientea.

–Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

–Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 2,5 koefizientea.

–Lote guztiek ez dute inola ere gaindituko mendiaren urteko errentaren edo ahalmenaren %25.

c) Toki-erakundeak, kontuan hartuta bere herri-ondasunen ezaugarriak eta herriko baldintza sozialak, proportzionalki eta justifikatuta apaltzen ahal ditu a) eta b) letretan ezarritako faktoreak, baina ez goratu.

d) Basoko produktuen lote horiek ezin izanen dira bakarka ustiatu: toki-erakundeek batera ustiatu beharko dituzte. Besterendu eginen dituzte eta onuradunei salmentaren zenbatekoa emanen diete, markatzearen eta enkantearen gastuak kendu ondoan.

70. artikulua.

1. Oro har, enkante publikoaren sistema erabiliko da, jarraikiz 17. artikuluari eta tokiko kontratazioaren arloan ezarritakoari, azpiatal honetan ezarritako berezitasunen arabera.

2. Enkantea hutsik geldituz gero, eta zur eta egurretako aprobetxamenduen ondorioetarako soilik, egin ahal izanen dira bigarren enkante bat eta, beharrezkoa bada, hirugarren bat ere bai; tasazioaren hasierako prezioa %10 merkatuko da bigarren enkantean, eta %20ra bitarte, berriz, hirugarrenean.

3. Ez baldin bada aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzen edo azkeneko enkantea izan ondoren hutsik gelditzen bada eta, hala ere, Olaizko Kontzejuak beste eskaintza bat jasotzen badu, orduan haren balio ekonomikoari buruzko txostena eskatuko dio basoen arloko administrazioari. Halakoetan, toki-erakundeak zur eta egurretako aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu jarraikiz ordenantza honen 75. artikuluan ezarritakoari.

71. artikulua.

1. Olaizko Kontzejuak eskatuta, zur eta egurretako baso aprobetxamenduak lote desberdinetan zatitzen ahalko dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

2. Zenbait toki-erakunderen zur eta egurretako aprobetxamenduak lote bakarrean biltzen ahal dira, besterentzeko. Horretarako, eta zur eta egurretako produktuak saltzearen ondorioetarako, salmenta-zentralak erabiltzen ahalko dira, bat etorriz kontratu publikoei buruzko foru legediarekin eta foru lege honek salmenta-zentraletarako xedatutakoarekin.

72. artikulua.

1. Kontzejuak esparru-akordioak egin ahalko ditu enpresa batekin edo gehiagorekin zur eta egurretako produktuen aprobetxamenduari dagokionez. Esparru-akordioetan honako hauek zehaztu beharko dira gutxienez: indarraldia, baldintza tekniko eta administratibo orokorrak, ezaugarri bolumetrikoak eta aprobetxamenduen produktu-motak eta prezioak.

2. Esparru-akordio horiek onesteko prozedura erregelamendu bidez garatuko da.

Osagarri gisa, eta zur eta egurretako produktuak saltzeari dagokionez, jarraituko zaio kontratu publikoei buruzko foru legeetan xedatuari.

73. artikulua.

1. Kontzejuak zur eta egurretako aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu, enkantearen tramitea egin gabe, kasu hauetan:

a) Lote bakarraz osatuak daudenean eta kubikazioak erregelamenduz zehaztutakoak direnean.

b) Aprobetxamenduak egiten direnean herri-lanetarako, edo interes publikokoak diren obra pribatuetarako, urgentzia aitortua izanik.

c) Mendiko produktuak premiaz erauzi behar direnean, basoko suteengatik, izurriteengatik eta gaitzengatik edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak izateagatik.

d) Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 166.3 artikuluan edo ordenantza honen 72.3 artikuluan jasotzen diren kasuetan (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

2. Artikulu honetako 1. apartatuko b) eta c) letretan jasotzen diren kasuetan, txostena egin beharko du Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan basoen arloko eskumena duen departamentuak, eta loteslea izanen da.

74. artikulua. Zur eta egur aprobetxamenduarengatik ordaindu beharrekoa urtero finkatuko du Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

75. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Nolanahi, basozainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTELAKO APROBETXAMENDUAK

76. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako ehiza barrutietako aprobetxamendua eginen da jarraikiz gai horri buruzko foru araudiari.

77. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza orriei lotuko zaizkie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

78. artikulua. Kontzejuak ezin izanen du hemendik aurrera iratzeen herritarrendako aprobetxamendurik eman. Lehenago espresuki nahiz isilbidez emandako iralekuak toki-erakundeari itzuliko zaizkio baldin bi urtez elkarren segidan haien egiazko aprobetxamendurik egiten ez bada, utzarazteko ahalmena ukatu gabe, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legeak aipatzen duen gisara.

VII. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

79. artikulua.

1. Olaizko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Kontzejuaren Osoko Bilkuraren erabakia, edo toki-erakundeko gobernu eta administrazio organo gorenarena, onesten dituena proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Foru Komunitateko Administrazioak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak ordainduko zaizkie, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

80. artikulua.

Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.

d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen Erregelamendua.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

81. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak.

Aipatutako g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da. Aprobetxatutakoaren balioa edo eragindako kaltearena ezin bada zehaztu, zehapena izanen da 60 eta 12.000 euro artekoa.

Iragarkiaren kodea: L2403227