54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

187E/2024 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, gastua baimentzen duena nekazaritzaren sektorean kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen deialdirako, eta deialdi horretako oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 743463.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2024. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak urriaren 25ean emandako 2711/2018 Ebazpenaren bidez onetsi ziren nekazaritzaren sektorean kontratazioa sustatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak.

Hortaz, bidezkoa da 2024rako gastua baimentzea, aurretik aipatutako dirulaguntzen deialdirako. Gainera, deialdia aldatzen da, "de minimis" araudira egokitzeko eta zenbatekoak KPIaren igoeren arabera eguneratzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 180.000 euroko gastua baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuko "Nekazaritzako enpleguari arreta emateko programetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4819 241108 partidaren kargura, nekazaritzaren sektoreko langileak kontratatzeko (DDBN: 743463).

2. 40.000 euroko gastua baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuko "Nekazaritzako enpleguari arreta emateko programetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4819 241108 partidaren kargura, nekazaritzako enpleguarekin zerikusia duten sentsibilizazio, hedapen eta dibulgazio jarduketetarako (DDBN: 743463).

3. Deialdiaren 2. eta 16. oinarri arautzaileak aldatzea. Hona hemen testu berria:

2.–Jarduketa diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Jarduketa diruz lagungarriak Nafarroan egin beharko dira, eta honako hauek izanen dira:

a) Nekazaritza sektoreko langileekin egiten diren kontratazioak, baldin entitate onuradunak bitartekari izan badira.

Hauxe izanen da dirulaguntza: egindako kontratu bakoitzeko 41 euro. Kontratua egiten denean pertsona kontratatua errenta bermatua jasotzen ari bada, zenbatekoa 59 euro izanen da.

Jarduketa honengatik gehienez 90.000 euroko dirulaguntza izanen da denera, urteko deialdiaren kargura.

b) Biltzarrak, jardunaldiak, mintegiak, sentsibilizazio eta zabalkunde ekintzak eta, oro har, jendearentzako informazio ekintzak, nekazaritza sektoreko kalitatezko enpleguarekin lotuak, eta lana aktibatzeko hainbat neurri.

Jarduketa hauengatik gehienez 20.000 euroko dirulaguntza izanen da denera, urteko deialdiaren kargura.

Aurreko 2a) oinarrian jasotako jarduketetarako dirulaguntza ordaintzearen ondorioetarako, pertsona bakoitza bitan konta daiteke gehienez jarduketaren hilabete naturaleko.

16.–"De minimis" laguntzak.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da).

Erregelamendu horrekin bat, estatu kide batek enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako beste "de minimis" laguntzak aitortu behar dituzte."

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2402887