54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, gidariaren bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Lehendakaritzaren otsailaren 14ko 2024/0024 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, gidariaren bi lanpostu hautaprobak eginez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-araubidean eta aldizkako finko gisa jardun dezaten, Mairagako Mankomunitatearen zerbitzura. Hona hemen:

OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoan sartzea gidariaren bi lanpostu (2024ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 15ekoa) lan-araubidean eta aldizkako langile finko gisa jardun dezaten hondakinen atalean.

Halaber, deialdi honen bidez, honako zerrenda hauek osatu nahi dira, hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako lan kontratuak egiteko, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat:

–Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen direnak Mairagako Mankomunitateko aldizkako lan-kontratudun finko bihurtuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaie.

1.3. Lanpostuek izanen dituzte Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere (2024ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 15ekoa).

1.4. Urteko lanaldia izanen da hondakinen bilketa zerbitzuko gainerako langileek duten bera, eta zerbitzu horren beharretara egokituko da; beraz, Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak deialdiaren kategoriari egokituko zaizkio, eta bere mailari dagozkionak izanen dira; ibilbideen eta hondakin-bilketaren beharrei erantzutea, horiek behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, indarrean dagoen araudiaren eta enpresaren jarraibide eta prozeduren arabera. Deialdiaren III. eranskinean zehazten dira erantzukizunak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako edukitzea Eskola graduatuen titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak badituztela, baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) C mailako gidabaimena edukitzea, lanbide gaikuntzako agiria indarrean izanik. Ezinbestekoa da baimena indarrean egotea kontratatu ahal izateko.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dituzte, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mairagako Mankomunitateko buruari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Indarrean dagoen C motako gidabaimenaren kopia sinplea.

d) Indarrean dagoen lanbide gaikuntzako agiriaren (LGA) egiaztagiriaren kopia.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

Denborak eta baliabideak egokitu daitezela eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du, onesteko deialdiko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen gardentasun atarian, honako esteka honetan: https://mairaga.sedelectronica.es/info.0.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratu dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen gardentasun atarian, honako esteka honetan: https://mairaga.sedelectronica.es/info.0.

Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak garaiz argitaratuko ditu, Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Carlos Alcuaz Monente, Mairagako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Miguel Ibiricu Varona, Mairagako Mankomunitateko buruordea.

1. epaimahaikidea: José Antonio Echeverría Cerdán, Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomikoa.

Ordezkoa: Luis Santesteban Arana, Mairagako Mankomunitateko Arlo Teknikoko burua.

2. epaimahaikidea: José María Alcuaz Zaratiegui, Mairagako Mankomunitateko Hondakinen arduraduna.

Ordezkoa: Laura Irigoyen Azpilicueta, Mairagako Mankomunitateko ingeniari teknikoa.

3. epaimahaikidea: Luis Usoz Josué, Mairagako Mankomunitateko taldeen koordinatzailea eta langileen ordezkaria.

Ordezkoa: María Victoria García Muro, Mairagako Mankomunitateko administrari-ofiziala.

Epaimahaikide idazkaria: Julen Jiménez Jiménez, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Jesús Marco Del Rincón, Erriberriko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean.

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizioa 2024ko apiriletik aurrera hasiko da.

6.2. Oposizioaldia. Oposizioaldian 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

6.2.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez ere 20 puntu lor daitezke, eta gutxienez ere 10 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Puntuak kenduko dira erantzun okerrengatik, proba egin aurretik kalifikazio-epaimahaiak esanen duen eran.

6.2.2. Bigarren proba: praktikoa. Kamioi bat gidatu beharko da Mankomunitateko herri bateko kaleetan barna, hondakinak biltzeko ibilbideak simulatuz, eta hondakinak biltzeko ibilgailua erabiltzeko gaitasuna baloratuko da.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.

Proba praktikoan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.2.3. Hirugarren proba: gaitasun psikoteknikoaren ebaluazioa. Proba batzuk egin beharko dira, neurtu dadin izangaiak noraino egokitzen diren lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hauek eginen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, zehazki Psikologia Aplikatuaren Atalak, edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Gaitasun psikoteknikoaren proban 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Aurreko bi probak (teorikoa eta praktikoa) gainditu dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

6.2.4. Oposizioaldiko ariketak baztertzaileak izanen dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez dutenak.

6.2.5. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da proba teorikoan. Ariketa zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu, Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun atarian, kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

6.2.6. Epaimahaiak oposizioko ariketaren behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun atarian. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.2.7. Ariketa praktikorako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu dokumentuetako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

6.2.8. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.3. Lehiaketaldia: lehiaketaldia oposizioaldiaren ondoren eginen da, eta deialdiko 6.2 puntuan xedatutakoaren arabera oposizioaldia gainditu duten izangaiek soilik parte hartzen ahalko dute. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 20 puntu emanen dira, baremo honen arabera:

6.3.a) Gidari edo trakzio mekanikoko ibilgailuen gidari gisa lan egin izanagatik, baldin eta C, C1, D, D1 eta CE motetako gidabaimena behar izan badute. Baimen hori frogatu beharko da dagokion administrazio publikoaren edo enpresa pribatuaren ziurtagiriaren bidez: puntu 1, urte oso bakoitzeko. Urte-zatietarako, puntuazioa proportzionala. Apartatu honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Oharrak:

–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).

–Hori frogatuko da dagokion administrazio publikoko edo enpresa pribatuko organo eskudunaren ziurtagiriaren bidez; bertan, berariaz agertu beharko da zerbitzu-ematearen iraupen osoa. Zerbitzuak lanaldi partzialean ematen diren kasuetan, honako hauek ere adierazi beharko dira: a) edo eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko ordu kopurua, eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia; b) edo horiek ohiko lanaldiarekiko duten ehunekoa.

–Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko zerbitzuak.

–Ez du balioko soilik aurkeztea curriculum vitaea edo lan-bizitza.

6.3 b) Deialdian eskatutakoa baino titulazio handiagoa izatea, zehazki automozioaren edo trakzio mekanikoko ibilgailuen mekanikaren edo elektrizitatearen arloko erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketakoa, osorik, eta frogatu beharko da dagokion ikastetxe publiko edo pribatuaren ziurtagiriaren bidez. Apartatu honetan gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira:

–Automozioaren edo trakzio mekanikoko ibilgailuen mekanikarekin edo elektrizitatearekin lotutako gaietan erdi-mailako lanbide-heziketako titulazio bakoitzeko: 5 puntu.

–Automozioaren edo trakzio mekanikoko ibilgailuen mekanikarekin edo elektrizitatearekin lotutako gaietan goi-mailako lanbide-heziketako titulua izateagatik: 10 puntu.

Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Aurreko bi apartatuen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.

Lehiaketaldiaren balorazioari dagokionez, oposizioaldia gainditu duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dituzte alegatutako merezimenduen frogagiriak, betiere lehiaketaldian ezarritako baremoaren arabera.

Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, fase hori gainditu duten izangaiek 10 egun balioduneko epea izanen dute alegatutako merezimendu guztien frogagiriak aurkezteko.

6.3.c) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta zehaztuko ditu bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak entitatearen iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren gardentasun atarian jarriko du hautaprobak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuenak lortu dituzten bi izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioak.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, frogatzeko betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak; zehazki, honako agiri hauek:

a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

c) Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta Legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

d) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

e) Izangaia baldin bada Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoa, deialdi hau egin duena ez beste batekoa, aurrekoaz gain aurkeztu beharko du ziurtagiri bat, frogatzen dituena aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak: sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkien erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra esateagatik.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 apartatuak aipatzen duen zerrendan ondotik datorren izangaiarekin beteko da hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duten izangaiek 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Mairagako Mankomunitateko lehendakariak izendatuko ditu Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun, jardun dezaten gidariaren lanpostuan.

8.2. Izendapen horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

8.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badute (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko dituzte Mairagako Mankomunitateko aldizkako langile finko izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

9.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

–Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Mairagako Mankomunitatean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, eta horren bidez onetsiko dira probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrendak; hori guztia, jarraikiz une oro indarrean dauden kudeaketa arauei. Zerrenda horiek argitara emanen dira Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta gardentasun atarian.

Hautatze prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena, probak gaindituta ere lanposturik eskuratzen ez dutenendako. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzerakoan ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte. Deialdi honetako aldi baterako kontratazio-zerrendak lehentasuna izanen du Mairagako Mankomunitatean lehendik dauden aldi baterako kontratazio-zerrenden aurrean.

9.3. Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko toki-erakundean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo izan daitezkeen beste behar batzuei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:

9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.

Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio egiaztatzea kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

9.4.2. Dei egiteko sistema.

9.4.2.1. Deiak egiteko arau orokorrak.

Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera, eta kontuan hartuta lanpostuaren eskakizunak.

Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, eman ditzakete harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

Kontratua eskaintzeko deiak izangaiek emandako zenbakietara eginen dira, zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Deiaren emaitza jasoko da, hauetako bat adierazita: "interesatzen zaio", "ez zaio interesatzen", "ez du erantzun".

Betiere, azkar eginen dira banakako deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Bi egunean hiru dei, bederen, eginen dira kontratua eskaintzen zaion izangaiak emandako telefonora.

Lehenbiziko deian ezin bada izangaiarekin harremanetan jarri, SMS bat eta/edo posta elektroniko bat igorriko zaio horren berri emateko.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, eta horrela jokatuko da harik eta eskaintzen den lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Interesdunak 24 ordu izanen ditu deiari baiezkoa emateko. Izangaiak eskaintzari uko egiten badio edo epe hori igarota erantzunik jasotzen ez bada, atzera egin duela ulertuko da, eta zerrendako azken postura igaroko da.

Izangaiarekin ezin bada harremanetan jartzea, lehenik telefonoz, eta bigarrenik SMS eta posta elektronikoz, zerrendako azken postua beteko du hurrengo deietarako.

Sei hilabeteko epean behin ere aurkitu ez den izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da zerrendan.

Kontratazioa presakoa bada (eta halakoa izanen da lanpostuan 24 orduko epean hasi behar denean) eta, aurreikuspenen arabera, kontratuaren iraupena 3 hilabetetik beherakoa, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenbiziko izangaiari eskainiko zaio, gorago ezarritakoa bete behar izan gabe.

Espedientean jasoko dira egiten diren deien ondorioz zerrendan gertatzen diren aldaketak. Zerrendako edozein kidek kontsultatzen ahalko du. Egindako aldaketak ez dira pertsonalki jakinaraziko.

9.4.2.2. Administrazio araubideko kontratazioa.

Aldi baterako langileak administrazio araubidean kontratatzeko, jarraituko zaio irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan ezarritako araubide juridikoari. Dekretu horrek ezartzen ditu arauak Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko. Dei egiteko, deialdi honetan jasotako sistema aplikatuko da, 68/2009 Foru Dekretuari aurka egiten ez dion orotan.

9.4.2.3. Araubide orokorraren salbuespenak.

a) Mairagako Mankomunitatearekin aldi baterako lotua dagoenak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio baldin kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa denean, kasuan kasuko zerrendan dagoenean eta kasu hau gertatzen denean:

–Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio (kontratua laburtzat hartuko da baldin aurreikusitako iraupena gehienez 6 hilabetekoa bada, eta luzetzat hortik gorakoa bada).

b) Izangai bat jada lanpostu batean ari bada ordezte kontratu batekin, eta baldin kontratua bukatzen denetik 20 egun iragan baino lehen sortzen bada lanpostu bera aldi baterako betetzeko premia, kontratua izangai berari eskainiko zaio, baldin dei egiten zaion unean baldintza hauek betetzen badira:

–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

–Aurreko kontratua bukatzeko arrazoia ez izatea zerrendatik kanpo uzteko arrazoietako bat.

c) Izangai batek lanaldi partzialeko kontratua daukanean, premia bat sortzen bada eta lanpostu hori betetzen ahal badu, berari eskainiko zaio premia hori lanaldiaren %100 bete arte, baldin kontratazio berriaren ondorioz hartu behar dituen ordu guztiak bateragarriak badira ordura arte esleituta zituenekin. Langile batek baino gehiagok baldin badute lanaldi partzialeko kontratua, dagokionari eskainiko zaio, zorrotz jarraikiz aldi baterako kontrataziorako indarrean den zerrendako hurrenkerari.

9.4.2.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan duen postuari eutsiko baitio:

–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–6 urte baino gutxiagoko alaba edo semea zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Izangaia ezkondu berria izatea edota uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera pareko egoeran suertatzea (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera-eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak "deitzeko moduan" agertzea eskatzen duen arte, alegatutako inguruabarra desagertu delako. "Deitzeko moduan" dagoela adierazten duen unean agiri bidez eta modu sinesgarrian frogatu beharko du kontratua eskaini zitzaion unean alegatu zuen egoera.

9.4.2.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu 9.4.2.3 apartatuan ezarritako kasuetan.

9.4.2.6. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Kontratua probaldian hutsaldu izana zuzendaritzak txosten arrazoitua eman ondoren.

b) Lantokitik ateratzea bidezko arrazoirik izan gabe eta zuzendaritzari jakinarazi gabe.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiengatik, dela kontratatutako langilearen lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, hala agertzen bada lanpostuaren eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasean, dela lanpostuaren edukia aldatzeagatik, betiere interesdunari entzunaldia eman ondotik eta Langileen Batzordeak edo langileen ordezkariek txostena egin ondotik.

10.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Mairagako Mankomunitatea da.

Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, nahitaezkoa dena bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.

Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez. Azken horretan informazio gehiago dago eskura (https://mairaga.sedelectronica.es/info.11).

Datuak babesteko ordezkariarekin ere jar daitezke harremanetan, mairaga@mairaga.es helbidean, eta erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Mairagako Mankomunitateko buruari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2024ko otsailaren 28an.–Mankomunitateko burua, Carlos Alcuaz Monente.

I. ERANSKINA.– ESKABIDE EREDUA

Deialdia, gidariaren bi lanpostu aldizkako langile finkoen araubidean eta Mairagako Mankomunitatearen zerbitzura jarduteko

Izena: ………………......................................................................, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ……..............……, jaioteguna:................................., jaioterria:............................. (.................................) eta helbidea:.................................................. (................................), kalea:................................, zenbakia: ..................., solairua: ..........................., posta kodea: .............................., telefono finkoa: ........................., sakelako telefonoa: ......................, helbide elektronikoa: ............................................. Mairagako Mankomunitatearen aurrean agertu eta

Honako hau adierazten dut:

1.–Honako honetan parte hartu nahi dudala: deialdia, Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko gidariaren bi lanpostu betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta aldizkako langile finkoen lan-araubidean.

2.–Hori helburu, adierazten dut deialdi honetako bigarren oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen ditudala eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

3.–Ezen deialdian ezarritako ondorioetarako, honako dokumentazio hau eransten dudala:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Indarrean dagoen C motako gidabaimenaren kopia sinplea.

d) Indarrean dagoen lanbide gaikuntzaren agiriaren kopia.

e) Hala badagokio, %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren frogagiria, deialdian adierazi bezala aurkeztu behar dena.

4.–Baimena ematen dut prozedura hau tramitatzeko jarduketen ondoriozko jakinarazpenak lehen adierazitako helbide elektronikora egiteko.

Eskatzen dut eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izateko, eta aitortzen dut, erantzukizuna nirea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.

......................................(e)n, 2024ko ........................ aren ........(e)(a)n.

SINADURA

II. ERANSKINA.–PROBA TEORIKOKO GAIAK

1.–Mairagako Mankomunitatearen eremu geografikoa.

2.–Hondakin-bilketa motak Mairagako Mankomunitatean.

3.–Mairagako Mankomunitatearen Hondakinen bilketa arautzen duen ordenantza.

4.–14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa. (Artikuluak: 1, 6, 7, 20, 21, 22).

5.–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea: 3. artikulua. Definizioak

6.–Bide segurtasuna: urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina: II. titulua: "Portaera arauak zirkulazioan"; eta III. titulua: "Seinaleztapena".

7.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–:

II. titulua.–"Ibilgailuen zirkulazioa":

I. kapitulua.–"Tokia bidean".

II. kapitulua.–"Abiadura".

III. kapitulua.–"Bide lehentasuna".

V. kapitulua.–"Zirkulazioan sartzea".

VI. kapitulua.–"Norabide eta noranzko aldaketak eta atzerako martxa".

VII. kapitulua.–"Aurreratzea".

VIII. kapitulua.–"Gelditzea eta aparkatzea".

X. kapitulua.–"Argien erabilera".

XI. kapitulua.–"Gidarien ohartarazpenak".

III. ERANSKINA.–LANPOSTUAREN ERANTZUKIZUNEN FITXA

Gidaria

Arloa:

Menpekotasuna:

Hondakinak

Honako honen mende: Hondakin-ekipoen arduraduna eta koordinatzailea

Lanpostua:

Titularren zenbakiak:

Gidaria

Egitekoa:

Ibilbideen eta hondakin-bilketaren beharrei erantzutea, horiek behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, indarrean dagoen araudiaren eta enpresaren jarraibide eta prozeduren arabera.

ALORRA

ERANTZUKIZUNAK

1. Gidatze lanak eta ibilbideak egitea

–Dagokion kamioia gidatzea (zabor-bilketakoa, edukiontzi-garbigailua, luma-kamioia, edukiontzien garraioa, eta abar) ezarritako ibilbidean, eta kamioiaren edukia eramatea transferentzia-instalazioetara, tratamendu-instalazioetara edo dagokion tokira edo sekzioaren koordinatzaileak edo arduradunak adierazitako tokira.

–Beharrezkoa denean, ura garraiatzea depositu-zisterna betetzeko, edo zerbitzuaren plangintza eta kalitatea betetzeko behar den beste edozein garraio egiteko.

–Kontrolatzea instalazioan sartu eta ateratzen den paper kartoia, bai eta kiloak plantako (ontzia, organikoa, etab.), dokumentu batean erregistratzea eta bulegoan entregatzea ere.

2. Hondakinak biltzeko

la­nak.

–Mota guztietako hondakinak biltzea, bakoitzarentzat ezarritako prozesuen arabera, eguneroko, asteroko eta hileroko plangintza betetzeko, betiere bilketa espazioak eta objektuak ahalik eta hobekien zainduz eta erabiliz.

–Garbiguneak edo ekopuntuak mantentzea, irekitzea, ixtea, eta herritarrek utzitako hondakinak sailkatzea, ordenatzea eta manipulatzea.

–Kartoia jasotzea, txukuntzea, paketatzea eta kokatzea, dagozkion espazioetan (atez ate, garbiguneak...) jarduera horretarako zehaztutako prozesuei jarraituz eta materia birziklagarria aprobetxatzen laguntzeko plangintza betez, Mairagako Mankomunitateak zehaztutako estandarren eta helburuen arabera.

–Konpostaje-eremuen mantentze-lanak eta jarraipena egitea.

3. Gorabeheren kudeake­ta.

–Gorabeheren parteak egitea eta betetzea, ezarritako prozeduraren arabera.

–Abonatuen eskaera sinpleei erantzutea, orientazio eta argibide egokiak emanez edo, hala badagokio, enpresaren barruan dagokion pertsonarengana edo arlora behar bezala eta eraginkortasunez bideratuz, adeitasuna eta tratu ona izanik harremanaren funtsezko ardatzak.

4. Lan-eremua eta ekipa­menduak garbitzea, antolatzea, konpontzea eta mantentzea.

–Kamioiaren mantentze-lanak egitea, olio-mailak berrikustea, koipeztatzea, bateria. Tarteka, tailerrera eramatea.

–Kartoia paketatzeko eta instalazioak mantentzeko eta garbitzeko beharrei erantzutea.

–Ibilgailuak, lanabesak, edukiontziak, erremintak eta laneko espazioak mantendu, garbitu eta konpontzeko lanak behar bezala egitea, baliabideen aprobetxamendu eta iraunkortasun handiagoa lortzeko, enpresak lanposturako ezarritako jarraibideen eta protokoloen arabera.

5. Lanaren eraginkortasuna eta kalitatea.

–Eraginkorrak izatea eta egindako lanaren kalitaterik handiena une oro bilatzea, enpresaren helburuak eta emaitzak betetzen laguntzeko eta enpresaren kanpoko eta barruko irudi onena helarazteko.

6. Segurtasuna eta arriskuen prebentzioa.

–Enpresak ezarritako jarraibideak eta araudiak une oro aplikatzea, jarduerak segurtasun eta osasun baldintza onenetan egiten direla bermatzeko, eta horren inguruko edozein gorabehera une oro minimizatzea.

7. Prestakuntza eta autoprestakuntza

–Prestakuntza jasotzea, enpresaren errendimendua eta emaitza eta helburuekiko ekarpen orokorra hobetzea ahalbidetzen duten ezagutzei, trebetasunei eta gaitasunei buruz, eta horiei buruzko autoprestakuntzako ekimenak hartzea.

8. Barne-lankidetza

–Ahal den neurrian, enpresako lankideei laguntzea eta haiekin lankidetzan aritzea, horren bidez sortzeko behar den giroa eta eraginkortasuna, bermatzeko helburuak betetzen direla eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena ematen zaiela.

–Euskara Zerbitzua eskatzea, barruko eta kanpoko komunikazioak ele bitan daudela bermatzeko.

–Berdintasun Zerbitzua eskatzea, berdintasun-printzipioa eguneroko kudeaketan pixkanaka txertatzeko eta baterako ekintzak garatzen laguntzeko.

Eskakizunak

Ezagutzak

Trebetasunak

Eskumenak

–C motako gidabaimena + lanbide gaikuntzaren agiria

–Hondakinen kudeaketa

–Arriskuen prebentzioa

–Ibilgailuen mantentze-lana

–Gidatze efizientea

–Eskorga erabiltzeko txartela

–Barne araudia

–Denboraren kudeaketa

–Idatzizko komunikazioa

–Arriskuen prebentzioa

–Euskara (hizkuntza-eskakizunaren azterketaren arabera)

–Kalitaterako orientazioa

–Emaitzetarako orientazioa

–Moldagarritasuna

Kualifikazioa

Eskarmentua

Maila akademikoa

Espezialitatea

Eskola-graduatua edo LH I

Beharrezko C motako gidabaimena + lanbide gaikuntzaren agiria

Ez da beharrezkoa

Iragarkiaren kodea: L2403750