54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, Kontu hartzailetza-Kontabilitate Alorrean jarduteko

Gobernu Batzarraren 2024ko otsailaren 7ko erabaki baten bidez, deialdia onetsi zen, honako oinarri hauei jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Berriozarko Udalean oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea administrari-ofizialaren lanpostu bat, Kontu hartzailetza-Kontabilitate Alorrean jarduteko. Lanpostuak 54 zenbakia dauka plantilla organikoan.

Lanpostua oposizio-lehiaketa murriztura atera da titularrak 2024ko abuztuaren 2an erretiroa hartuko duelako. Hori dela eta, lanpostuaren jabetza ez da hartuko 2024ko abuztuaren 3a baino lehenago.

1.2. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.3. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, bat etorriz xedaturik dagoenarekin uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Berriozarko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan.

1.4. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Udalaren gastu-fakturak kontrolatzea.

–Gastu-fakturak eta helbideratutako ordainketak kontabilizatzea.

–FACE kontrolatu eta kudeatzea.

–Arlokako txostenak sortzea.

–Musika eskolaren ordainagiriak eta bekak sortzea.

–Haur eskolaren eta jantokiaren ordainagiriak sortzea.

–Kamioiak aparkatzeko ordainagiriak kudeatzea.

–Udaleko alorrentzat garatutako datu-baseen aplikazioak kudeatzea, mantentzea eta aldatzea.

–Ebazpenen kudeaketa.

–Faktura elektronikoaren interfazea - Kontabilitatea.

–Nominen interfazea - Kontabilitatea.

–Hilerriaren kudeaketa.

–Esku hartzeko administrazio-lanak (ordainagiriak, kobrantzak, ordainketak, bekak, etab.) eta Excel eta Acces erabiltzea.

–Gainbalioak.

–Jendearentzako arreta, udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea eta administrazio-lan orokorrak.

–Eta, oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak egitea, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion beste edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari eta bere mailaren eta kategoriaren barnean.

2.–Baldintzak.

Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa murriztu honetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete behar dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Berriozarko Udaleko langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Deialdiaren xedeko lanpostua baino maila apalagoan egotea, hau da, E edo D mailan.

c) Euskara maila hau frogatzea: C1.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Gutxienez titulu hauetakoren bat izatea: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, eta administrazio publikoetan aitortutako bost urteko antzinatasuna frogatzea.

Ez bada betetzen baldintza hori, zortzi urteko antzinatasun aitortua frogatu beharko da, administrazio publikoetan.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.

g) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, Berriozarko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.berriozar.es/eu/carpeta-ciudadana/). Aukeran, NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daitezke. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera 2.1. oinarrian zehaztutako agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar bezala bete ondotik:

a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) 2.1. oinarriko b) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Euskarazko C1 mailaren ziurtagiri ofiziala edo euskara maila horren proba egiteko eskabidea.

d) 9. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

e) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik batere aurkezten ez bada, alkateak ebazpen bat emanen du, lehiaketako lanpostua bete gabe uzteko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzirik, alkateak onetsiko du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da proba praktikoa non eta noiz eginen den (proba baztertzailea izanen da).

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1.–Epaimahaiburua: Iker Marriezcurrena Celaya, Berriozarko Udaleko alkatea.

2.–Epaimahaikidea: Amaia Zalba Martínez, Berriozarko Udaleko berdintasun-teknikaria, Berriozarko Udaleko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen batzordeak proposatuta.

3.–Epaimahaikidea: Sofía Peña Vidondo, Berriozarko Udaleko kontu-hartzailea.

4.–Epaimahaikidea: Clara Osteriz Zoraquiain, Berriozarko Udaleko administrari-ofiziala.

5.–Epaimahaikide-idazkaria: Bidane Zabalza Alonso, Berriozarko Udaleko Giza Baliabideetako arduraduna.

Kalifikazio epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Kalifikazio epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Laneko esperientzia.

Oposizioa gainditu duten izangaiei baloratuko zaie lehiaketaldia, eta 30 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:

–Edozein administrazio publikotan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 4 puntu urteko.

–Edozein administrazio publikotan administrari laguntzailearen lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren hartuko da kontuan, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

Aurreko bi atalen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.

6.1.2. Prestakuntza.

Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak edo titulazioak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez. Ez da punturik emanen 5 ordutik beherako ikastaroengatik.

–Erakunde ofizialek edo/eta elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu bakoitzeko (10 eskola-ordu); eta 5 puntu gehienez.

–Lanpostuaren edukiarekin lotutako goi-mailako titulazioak: 4 puntu gehienez.

–Bigarren mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea, baldin haren edukia lanpostuarekin zuzenean loturik badago: 3 puntu gehienez.

–Ofimatikako ikastaroak (Word, Excel, Access, Outlook):

  • 0,05 puntu, 5 eta 15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,10 puntu, 15 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,15 puntu, 30 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.

6.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute deialdi honen 2.1.f oinarrian eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek.

Proba horretan bi ariketa eginen dira, idatzizkoa eta ahozkoa, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, C1 hizkuntza mailari dagokionez. Proba horiek Euskarabideko langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna. Probaren emaitza gai edo ez gai izanen da; gai kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuak izanen dira hautapen prozesutik.

Hautapen-prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta guztiak baztertzaileak izanen dira. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 70 puntukoa izanen da.

6.2.1. Proba teorikoa: test motako ariketa izanen da, eta erantzuteko zenbait aukera emanen ditu, baina bat bakarra izanen da zuzena. Gaiak izanen dira deialdiko II. eranskinean ageri direnak. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Probaren balorazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (15 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.2.2. Proba praktikoa: idatziz garatu beharko dira II. eranskineko gai-zerrendan jasotakoari buruzko kasu praktiko bat edo batzuk, epaimahaiak horretarako zehaztutako gehieneko denboran.

Probaren balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio-ordenan, eta puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio organo deitzaileari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak.

7.3. Proposatutakoak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta, orduan, probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengo dagoen izangaia izendatuko da.

7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.–Esleitzea eta lanpostuaz jabetzea.

Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki baten bidez, lanpostua esleituko dio puntuazioaren arabera hala dagokion lehiakideari, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Lanpostua oposizio-lehiaketa murriztura atera da titularrak 2024ko abuztuaren 2an erretiroa hartuko duelako. Hori dela eta, lanpostuaren jabetza ez da hartuko 2024ko abuztuaren 3a baino lehenago.

9.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Berriozarko Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@berriozar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.berriozar.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10.–Errekurtsoak.

10.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

10.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutakoak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, isiltasun administratiboa, baldintzak eta epeak (zenbatzea). Administrazio egintzak: Baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: xedapen orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. titulua, III., IV., V., VI. eta VII. kapituluak; II. titulua, I., II., III., IV. eta V. kapituluak; III. titulua, I., IV. eta V. kapituluak.

5.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa. I. titulua, II., III., IV. eta V. kapituluak; II. titulua; III. titulua.

6.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: II. titulua, I. eta III. kapituluak; III. titulua, I., II. eta III. kapituluak.

7.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

8.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

9.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

10.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatu duena aurrekontuen eta herri gastuaren arloan. II. kapitulua: 1. atala: Aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: Gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: Gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.

11.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.

12.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki entitateen aurrekontu egitura onesten duena.

13.–Berriozarko Udalaren Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako ordenantza.

14.–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

15.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

16.–Access 2010 datu basea: oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak inportatzea, esportatzea eta estekatzea.

Berriozarren, 2024ko otsailaren 26an.–Alkatea, Iker Mariezcurrena Celaya.

Iragarkiaren kodea: L2403455