54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48E/2024 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez jo baita ez dela bidezkoa isuriak kontrolatzeko maiztasunak eta aztertu beharreko parametroak aldatzea. Hermanos Valencia Gil SL enpresak eskatu du aldaketa hori egiteko, Iruñeko udal-mugartean den instalazio batean.

Egun martxan den instalazio horrek badu lehendik ingurumen-baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 28ko 381E/2022 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 9.5 taldean.

2023ko abenduaren 12an, titularrak eskatu zuen aldatzeko jarduera sailkatuaren udal-lizentzian ezarritako isuriak kontrolatzeko maiztasunak eta aztertu beharreko parametroak, lizentzia horretan ezarri baitzen hilero kontrolatu behar dela industriako hondakin-uren isuria udal-kolektorera.

Kontrol horren periodikotasuna aldatu zen eta ezarri zen baimendutako ikuskapen entitate batek hiru urtean behin eginen zuela kontrola; hori guztia onetsi zen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 28ko 381E/2022 Ebazpenaren bidez, zeinak ingurumen-baimen bateratua eta instalazioa handitzeko baimena eman baitzituen. Halere, ebazpen horretan ezarritakoaren arabera, bertan adierazitakoa ez da aplikatuko harik eta titularrak instalazioa abian jartzearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu arte, eta, beraz, momentu horretara arte jarduera-lizentzian jasotako baldintzak bete beharko ditu.

Baina egun martxan dagoen nabeak 2010eko azarotik du irekitzeko lizentzia; hortaz, titularrak ez du instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenik aurkeztu behar instalazioaren zati horretarako. Hori dela eta, instalazioaren zati horri aplikatu behar zaio 381E/2022 Ebazpenean ezarritakoa, zehazki, udal-kolektorean hondakin-uren isuriak hiru urtean behin kontrolatuko direla.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen-baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Jotzea ez dela bidezkoa isuriak kontrolatzeko maiztasunak eta aztertu beharreko parametroak aldatzea, baldintza horiek indarrean baitzeuden eskaera egitean. Hermanos Valencia Gil SL enpresak eskatu du aldaketa hori egiteko, Iruñeko udal-mugartean den instalazio batean.

Bigarrena.–Aldatzea Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak urriaren 28an emandako 381E/2022 Ebazpenaren bosgarren puntua. Honela idatzita geratuko da:

"Handitzeak ezin izanen dio jarduerari ekin titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatua baitago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta proiektutik gauzatu den zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da".

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Hermanos Valencia Gil Slri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 21ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F2403372