54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

190E/2024 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, gastua baimentzen duena errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen deialdirako, eta deialdi horretako oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 743450.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2024. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2023an eta 2024an errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen 2024rako gastua baimentzea. Horrez gain, deialdiaren oinarriak aldatzen dira, de minimis araudira egokitzeko eta deialdia doitzeko, halako moduz non bakar-bakarrik lagunduko baitira manufakturakoak ez diren lanpostuetako kontratuak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 23an emandako 25380E/2022 Ebazpenaren bidez, 2023an eta 2024an errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dira.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea, 2024ko Gastuen Aurrekontuaren kargura, 2023an eta 2024an errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen gastua, 500.000 euro, hain zuzen, 2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuen partida honen kargura: "Enplegurako zailtasunak dituzten taldeen kontrataziorako laguntzak" izeneko 950001 96100 4709 241118 partida. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 23ko 25380E/2022 Ebazpenaren bidez arautu ziren, eta 743450 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

2. 125.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

3. Deialdiaren 1., 5. eta 16. oinarri arautzaileak aldatzea. Hona hemen testu berria:

1. oinarria.–Xedea eta jarduketa esparrua.

Oinarri hauen xedea da enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta bete beharrekoak arautzea, manufakturakoak ez diren lanpostuetan errelebo-kontratuak sina ditzaten sustatzeko, bereziki laneratzeko zailtasunak dituzten errelebo-hartzaileen kontratuak.

Dirulaguntza honen xede diren kontratuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden lantokietan zerbitzu emateko sinatuko dira, 2023ko azaroaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Eman beharreko zenbatekoak:

a) 11.520 euroko dirulaguntza emanen da, baldin eta errelebo-kontratuak 36 hilabeteko iraupena badu. Laburragoa izanez gero, 320 euro kenduko dira hilabete bakoitzeko.

b) Errelebo-hartzailea jarraian adierazitako lehentasunezko taldeetako batekoa bada, dirulaguntza 13.320 eurokoa izanen da, baldin eta errelebo-kontratuak 36 hilabeteko iraupena badu. Laburragoa izanez gero, 370 euro kenduko dira hilabete bakoitzeko.

Lehentasunezko taldetzat hartuko dira honako hauek:

–Gazte Bermearen Erregistroan inskribatutako gazteak.

–Luzaroko langabeak.

–Errenta bermatuaren hartzaileak.

–Emakumeak.

5.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hilabete osoak bakarrik kontatuko dira, ulertuta hilabete batek 30 egun hartzen dituela.

16. oinarria.–De minimis laguntza.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako beste minimis laguntzak aitortu behar dituzte.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2402969