54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

25/2024 FORU AGINDUA, martxoren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu zen.

Uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu zen.

Foru dekretu horren I. eranskinean jasotako eskola-mapa aldatu zen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 4ko 45/2021 Foru Aginduaren bidez, martxoaren 31ko 21/2022 Foru Aginduaren bidez eta otsailaren 13ko 8/2023 Foru Aginduaren bidez.

Aipatutako foru dekretuak 2. artikuluan ezartzen du nolakoa izanen den ikastetxeak, lerroak eta hezkuntza-unitateak sortu, aldatu, bateratu, kendu, integratu eta atxikitzeko prozesua. Artikulu horren 1. apartatuan xedatzen da ezen, foru dekretuari gehitu zaion eranskineko ikastetxeen sarean edozein aldaketa egin nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak administrazio espedientea tramitatu beharko duela. Aldaketatzat hartzen da ikastetxe berriak sortzea, ikastetxeen osaera aldatzea, ikastetxeak bateratzea, zenbait ikastetxe bakar batean integratzea eta, azkenik, ikastetxeen, lerroen eta hezkuntza-unitateen atxikipenak aldatzea.

Era berean, 2. apartatuan adierazten da ezen hezkuntza arloko eskumenak esleiturik dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaiola honako hauek aurreikusten dituzten administrazio espedienteak tramitatu eta onesteko: ikastetxeen osaera aldatzea, ikastetxeak bateratzea, ikastetxeen, lerroen eta hezkuntza-unitateen atxikipenak aldatzea edo antolaketaren beste edozein alderdi aldatzea, baina ez ikastetxeak sortzeko edo kentzeko. Izan ere, eskumen hori Nafarroako Gobernuari dagokio, bat etorriz Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 17. artikuluan xedatutakoarekin.

Estamentu batek baino gehiagok aldatzeko eskaerak aurkeztu ondoren, eta Hezkuntza Departamentuak ere, hezkuntzaren arloan eskumena duen organoa den aldetik, hala planteatu ondoren, departamentuak beharrezkotzat jo du arau horren eranskina berrikusi eta aldatzea, Nafarroako hezkuntza sistemaren programazioa hobetzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu da kontsulta publikoa egin ondoren, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Legearen 21. artikuluan xedatutakoa betez, partzialki eraginpean egon daitezkeen herritarren eta erakunde adierazgarrien iritzia jasotzeko.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina honela aldatzea:

1.–B/D eta A/G ereduetan, Jaizko herria (Jaitz udalerria) aldatuko da: orain, sartuta dago "Remontival" HLHIP (Lizarra) Lehen Hezkuntzako eremuan eta "Tierra Estella" BHI (Lizarra) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpieremuan eta Bigarren Hezkuntzako eremuan (Lizarra-San Adrián-Lodosa eskualdea, Lizarrako barrutia). Aurrerantzean, sartuta egonen da "Zumadia" HLHIP (Abartzuza) Lehen Hezkuntzako eremuan eta "Tierra Estella" BHI (Lizarra) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpieremuan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eremuan (Lizarra-San Adrián-Lodosa eskualdea, Lizarrako barrutia).

2.–B/D ereduan, D eredua ezarri da Lodosako "Pablo Sarasate" BHIan. Hortaz, Lizarra-San Adrián eskualdean Lodosa barrutia sartuko da, eta hartan egonen da "Pablo Sarasate" BHI (Lodosa) Bigarren Hezkuntzako eremua eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpieremua, Lehen Hezkuntzako bi eremu hauek barne hartuko dituena: "Ángel Martínez Baigorri" LHIP (Lodosa) Lehen Hezkuntzako eremua (Lodosako udalerria, Lodosa herria) eta "Virgen de las Nievas" HLHIP (Sesma) Lehen Hezkuntzako eremua (Sesmako udalerria, Sesma herria).

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko martxoaren 11n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2404198