52. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituena 2024rako. Behin betiko onespena

Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2023ko abenduaren 18an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Larrialdi sozialeko laguntzak 2024rako arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 7an, eta jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta agintzen da aldaketak argitara daitezela, behar diren ondorioak izan ditzaten. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Azkoienen, 2024ko otsailaren 23an.–Mankomunitateko burua, Iñigo Bailos Azcona.

LARRIALDI SOZIALEKO LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK

1. Xedea.

Ekonomiaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak berdintzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta/edo familiak diruz laguntzea, baldin eta Faltzesko, Funesko, Martzillako eta Azkoiengo bizilagunak badira. Horretarako, sortuko dira prestazio ekonomikoen bidez babesa emateko bitartekoak, osagarriak direnak eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen esku-hartzearekin.

Laguntza horien helburua da:

–Udalak, bere ardura soziala aintzat harturik, tresna espezifiko bat eskaintzea, egoera arindu diezaien pobrezia endemiko edo koiunturalean dauden eta beren kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenei, tresna hori erabiliz gainerako prestazio sozialen osagarri.

–Deserrotzea edo gizarte-bazterketa eragiten edo larritzen duten egoerak arintzea.

–Jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programetan taxuturiko gizarteratze prozesuetan.

2. Eskatzaileen betebeharrak:

1.–Azkoienen, Faltzesen, Funesen edo Martzillan egotea erroldatuta laguntzaren eskatzailea eta haren familia-unitatea.

2.–Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo ardurapean adingabeak dituen adingabe emantzipatua izatea.

3.–Eskaera egiten denean, familia-unitateko kide guztien hileko diru-sarrerak ez izatea handiagoak ondoko eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino (familia-unitateko kide kopuruaren arabera):

FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEKO DIRU-SARREREN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

1

1.255 euro familia-unitateko

2

1.506 euro familia-unitateko

3

1.631 euro familia-unitateko

4

1.757 euro familia-unitateko

5

1.882 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

2.008 euro familia-unitateko

4.–Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan handiagoak azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino. Foru lege horren bidez arautu ziren gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak.

5.–Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan handiagoa kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko errenta bermatua halako 10 baino. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori diru bihurtzea.

6.–Gastu zehatzei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea errenta bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 3., 4. eta 5. apartatuetan eskatutakoa.

3. Gastu diruz lagungarriak.

1.–Gastu diruz lagungarriak dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira, pertsonen gizarteratze prozesua errazten badute, eta 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten badira.

2.–Diruz lagungarriak izanen dira, betiere, kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako gehieneko kopururaino. Familia-unitate bakoitzeko, 3.000 euroko muga ezarri da urte osorako.

3.–Gastu diruz lagungarriek kategoria hauetako batekoak izan beharko dute:

a) Bizitokia.

a.1) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen erkidegoko gastuak. Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 3.000 euro familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua izateko betiere, baldin beharrezkoa bada hasierako aparteko ordainketa bat egitea eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko. Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko. Dirulaguntzan ezin da egotzi kontzeptu honen konturako gastua, baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, helburu bererako laguntzak jasotzen baditu eta laguntza horiek abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legean araututa badaude (foru lege horren bidez arautzen da etxebizitzarako eskubide subjektiboa Nafarroan).

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotza banatzeko gastuak eta beste zerbitzu batzuk (estolderia, zabor-bilketa, etab.). b.2) Argindarraren, gasaren, berokuntzaren, ur bero zentralaren eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa, etab.).

Aurreko b.1) eta b.2) kontzeptuengatiko gehieneko laguntza izanen da, urtean eta bi atalak baturik, 800 euro familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak, ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere. Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko. Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Nutrizioa eta higienea.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Lagun bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 lagun

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 lagun

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 lagun

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

d) Prestakuntza eta gizartean eta lan munduan sartzea.

d.1) Honetarako gastuak: parte hartzea prestakuntza ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean. Gehienez ere 800 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

e) Oinarrizko beste premia batzuk. Apartatu honetan jasoko dira aurreko apartatuetan zehaztu gabeko laguntzak, baldin Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada horiek eman behar direla. Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Lagun bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 lagun

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 lagun

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 lagun

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

4. Eskaerak aurkezteko epea, lekua eta modua.

Eskaerak aurkezteko epea urte bakoitzaren abenduaren 15a arte izanen da, aurrekontu-kontsignaziorik baldin badago. Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, instrukzio-organoak eskatuko dio interesdunari eskaera zuzen dezala 7 egun naturaleko epe luzaezinean, errekerimendua egin eta biharamunetik aurrera, eta ohartaraziko zaio ezen, egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela horretarako ebazpena eman ondoan, bat etorriz Administrazio-prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin.

Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzan aurkeztu behar da eskaera (Corte kalea 13, behea. 31350 Azkoien).

Eskaerak aurkeztu behar dira eskatzaileak sinatuta eta agiri hauekin batera:

a) Eskaera-orria, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak emanen duen ereduaren araberakoa.

b) Entitateak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

5. Aurrekontuaren muga orokorra.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onarpenak muga kuantitatiboa izanen du, hain zuzen ere, Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen urteko aurrekontuan aurreikusitako 23183 48000 Gizarte Larrialdietarako Laguntzak partidak dakarren muga kuantitatiboa, eta muga horrek ez ditu gainditu beharko ekitaldi bakoitzerako ezarritako aurrekontu-xedapenak. 2021. urterako, 30.000 euroko zuzkidura du partidak. Ez da deialdian ezarritako kopurutik gorako dirulaguntzarik emanen.

Adierazitakoa ezertan galarazi gabe, ezarritako zenbatekoa agortuz gero, handitzen ahalko da zehaztutako aurrekontuko partidan dagoen aurrekontu-kredituarekin, deialdi berririk egin beharrik gabe, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/3003 Lege Orokorraren Erregelamendua).

Kopuru osagarri hori izateko, nahitaezkoa izanen da deklaratzea badagoela kreditu erabilgarria, aldez aurretik behar den aurrekontu-aldaketa onetsirik; betiere, dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik.

6. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau jasotzea bateragarria da beste edozein administraziok edo entitatek helburu bererako ematen dituen dirulaguntzekin.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen gastu diruz lagunduaren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa eskatuko.

7. Prozedura.

Banakako ebaluazioaren araubidean emanen da dirulaguntza.

Buruaren ebazpenaren bidez emanen da dirulaguntza, Gizarte Zerbitzuko teknikariek balorazioa egin ondoan.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen dirulaguntzaren xedeko gastuak baino handiagoa.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, proposamen-txosten bat prestatuko dute, igorriko zaiona ebazteko eskumena duen organoari, Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatu ondoan.

Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da, eskabidea izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistro orokorrean sartu zen egunetik zenbatzen hasita.

Epea iraganik berariazko ebazpena jakinarazi gabe, ulertuko da eskaera ezetsi egin dela administrazio-isiltasun negatiboagatik.

Laguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta ondokoak adierazi beharko ditu espresuki: dirulaguntza jasotzen duen pertsona edo entitate eskatzailea edo eskatzaileak, emandako laguntzaren zenbatekoa eta, eskaeraren bat ezetsiz gero, horren pertsona edo entitate eskatzailea edo eskatzaileak.

Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta hura entitate edo pertsona eskatzaileari jakinaraziko zaio, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

8. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, interesdunek justifikatu behar dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela. Mankomunitateak eskatzaileei eska diezazkieke bidezkotzat jotzen dituen azalpen guztiak.

Behar diren egiaztapenak egindakoan, Mankomunitateak laguntzak ordaintzeko ebazpena emanen du.

9. Itzultzeko prozedura.

Jasotako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da, eta berandutze-interesa ordaindu –dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte–, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan dirua itzultzeko ezartzen diren arrazoietako bat gertatzen denean (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra).

Honako hauek dira diru guztia edo zati bat itzultzeko arrazoiak:

–Deialdi honetan zehaztutako baldintzak ez betetzea, Administrazioak ohiko kontroletan egiaztatu ondoan.

–Iruzurra egitea edo datuak ezkutatzea.

–Zenbait dirulaguntza batera jasotzea, salbu eta haien artean bateragarriak badira eta deialdi honetan ezarritako muga gainditzen ez bada. Halakoetan, mugatik gora dagoena itzuli beharko da.

10. Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, bai eta oinarri hauen aurka eta berauek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2403414