52. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Gaztetxeko instalazioen erabilerari buruzko araudia. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2023ko urriaren 26ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Gaztetxeko instalazioen erabilerari buruzko araudia.

Onetsitako araudia Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan egon da ikusgai 30 egun baliodunean, hasierako onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik zenbatzen hasita. Epe horretan, herritarrek ez dute alegaziorik jarri, eta, hortaz, behin betiko onesten da dokumentua.

Aplikatzekoa den araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Zizur Nagusian, 2024ko otsailaren 26an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIKO GAZTETXEKO INSTALAZIOEN ERABILERARI BURUZKO ARAUDIA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Definizioa.

1.1. Zizur Nagusiko Gaztetxearen titularra Udala da, eta sortu da baliabideak eskaintzeko herriko 12-35 urteko bizilagunei eta haien premiei erantzuteko, aisialdiari eta denbora libreari dagokienez. Zizur Nagusiko Udalaren ardura da Gaztetxea nola erabiliko den erabakitzea. Haren helburu nagusia da Zizur Nagusiko gazteen parte hartzea bideratzea eta haien erreferentzia puntua izatea.

Gainera, Gaztetxea saiatuko da eskualdean inplikatzen. Horregatik, lurralde esparru horretan sortzen diren planteamenduei erantzuten saiatuko da.

1.2. Zizur Nagusiko Udalak, alkatearen bidez, Gazteria eta Herritarren Parte-hartzeko Arlo Teknikoaren esku utzi du Gaztetxea kudeatzeko ardura, bai eta zerbitzu horrek aurrera eramaten dituen jardueren gaineko ardura ere. Horretarako, bai eta zerbitzuaren antolaketa, garapen, arreta eta funtzionamendurako ere, hezitzaile talde bat kontratatuko da, eta haren ardura izanen dira eraikinaren barnean egiten diren jarduera, ikastaro eta ikuskizun guztiak.

1.3. Gazteria Arloaz arduratzen diren teknikariek zuzenduko dute Gaztetzea. Besteak beste, honako eginkizun hauek izanen dituzte, bai gazteria programa espezifikoari dagokionez, bai araudi honen mendeko instalazioen kudeaketari dagokionez:

–Gazteria Plana ezartzea, kudeatzea, bultzatzea eta ebaluatzea. Horretarako, plana abiarazteko behar diren neurriak eta estrategiak koordinatuko dituzte beste udal arloekin eta inplikatutako erakunde eta eragileekin.

–Gazteen eskariak, interesak, premiak eta errealitateak aztertzea, eta horietatik abiatuta, esku hartzea eta jarduketa berriak programatzea, bai Gaztetzearen bidez, bai eta hortik kanpo ere.

–Gaztetxean egiten diren jarduketak kudeatzea, hartaz arduratzen diren hezitzaileekin batera lan eginez.

–Gazteentzako Informazio Bulegoa koordinatzea.

–Gazteriaren Arlorako erabiltzen den aurrekontu zuzkidura kudeatu eta kontrolatzea.

–Zizurko gazteentzat interesgarriak diren jardueren antolaketan parte hartzea, eta horiek kontrolatzea eta baimentzea. Horien barnean sartzen dira, orobat, Gaztetxeak antolatzen dituenak, eta, bereziki, aisialdi osasungarrira eta kirol- eta kultura-jardueretara bideratutakoak, eta azken horien artean, artearen alderdi guztiei lotutakoak (musika, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak, etab.).

–Araudia prestatzea, Gaztetxean gazteei ematen zaien arretari eusteko, eta hura bermatzeko eta bideratzeko.

–Programaturiko jardueren gauzatze-mailari jarraipena egitea eta hura ebaluatzea, eta zuzentzeko behar diren ekintzak egitea.

–Gaztetxeko aretoak erabiltzeko egiten diren eskaerak jasotzea.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko dituzte, beren karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkienak.

1.4. Hezkuntza-taldea arduratuko da instalazioak kudeatzeaz eta behar bezala erabiltzeaz, baldintza-agirian zehaztutako lan-ordutegiaren barnean, eta une oro bete beharko ditu teknikari arduradunek emandako jarraibideak. Hona hemen Gaztetxean izanen dituen eginkizunetako batzuk:

–Gazteak elkartzeko eta sozializatzeko espazioa dinamizatzea, eta, horretarako, espazio komunak partekatzea, kontratua arautzen duen baldintza-agirian adierazitako zereginak betetzeko.

–Gazteriako teknikariarekin modu koordinatuan lan egitea, azpiegituren, instalazioen, materialen eta higiezineko altzarien erabilera kudeatzeko.

–Arreta ematea Gaztetxera joaten diren gazteei, aisialdiaz eta denbora libreaz gozatzeko ezarritako ordutegiaren barnean, eta haien intereseko gaietan behar duten informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematea.

–Gazteentzako jarduerak sustatzea, koordinatzea eta aurrera eramatea Gaztetzearen barnean eta hortik kanpo.

–Arreta ematea, Gazteentzako Informazio Bulegoan zentroa irekita dagoen bitartean.

–Funtzionamendu eta erabilerarako barne-araubidea, Udalak berariaz onetsitakoa, betetzen dela zaintzea eta haren jarraipena egitea.

–Gaztetxean antolatu edo kudeatu nahi diren prestakuntza-ikastaroen eta jardueren egutegia proposatzea.

–Gaztetxeko aretoak erabiltzeko egiten diren eskaerak jasotzea.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko dituzte, beren karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkienak.

2. artikulua. Ordutegia.

2.1. Hau izanen da Gaztetxearen ohiko ordutegia, eta langile hauek izanen ditu:

Neguko ordutegia:

Astelehenetan

9:00 - 12:30

2 profesional

16:00 - 21:00

3 profesional

Astearte eta ostegunetan

16:00 - 21:00

3 profesional

Asteazken eta ostiraletan

9:00 - 12:00

2 profesional

16:00 - 21:00

3 profesional

Larunbatetan

11:00 - 14:00

Profesional 1

17:00 - 21:00

2 profesional

Igandeetan

17:00 - 21:00

2 profesional

Udako ordutegia:

Astelehenetik ostiralera

10:00 - 14:00

17:00 - 20:00

Larunbatetan

10:00 - 13:30

2.2. Ordutegian zehaztutako eguneko langile kopurua malgua izanen da, eta aldatzen ahalko da programatutako jarduerei erantzuteko beharren arabera. Langileek ez dute nahitaez instalazioetan egon behar une oro, eta beste gune batzuetan aritzen ahal dira lanean. Edonola ere, bermatu behar da Gaztetxean zuzeneko arreta egokia ematen dela ezarritako ordutegi guztietan.

2.3. Zerbitzua urtean 15 egunez egonen da itxita, uztailaren lehenbiziko hamabostaldian.

2.4. Udako eta neguko ordutegiak egokituko dira Zizur BHIko eskola-ordutegira. Horrek esan nahi du Gaztetxearen udako ordutegia hasiko dela Zizur BHIn udako oporraldia hastearekin bat, eta negukoa, berriz, eskolak hasten direnean udako oporraldiaren ostean.

2.5. Edonola ere, Gaztetxean arreta zuzena emateko egutegi hori aldatzen ahalko da. Horretarako, aldez aurretik berariazko espediente bat abiarazi beharko da, eta teknikari arduradunak eta arduradun politiko eskudunek baimendu beharko dute.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

3.1. Gaztetxeko erabiltzaileak behartuta daude bertan herritarren bizikidetza errespetatzera eta instalazioak zerbitzu publiko bezala erabiltzera, gainerako erabiltzaileek haietaz baliatzeko duten eskubidea errespetatuz; hortaz, debekatuta daude zentroaren barrenean bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu, ondasun edo elementuetan kalte egin edo pertsonei zor zaien errespetuari huts egiten dioten portaerak, araudi honetan ezarritako moduan.

3.2. Erabiltzaileek eskubidea dute Gaztetxeko instalazioak libreki erabiltzeko, eta beren askatasuna errespetatuko zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta beste pertsonak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

4. artikulua. Jarduerak.

4.1. Batez ere gazteriaren arloko ekintzak eginen dira; honako hauen tankerakoak:

–Gizarte eta gazteriaren eta hezkuntzaren esparruetako ikastaroak, solasaldiak edo mintzaldiak.

–Arte diziplinetako entseguak (musika, dantza, antzerkia...).

–Txapelketak.

–Ikastea eta prestakuntza-lanak egitea.

–Proiekzioak eta ikus-entzunezkoak.

–Erakusketak.

–Topagunea.

–Bilerak.

–Entrenamenduak.

–Jolas-jarduerak.

–Prestakuntza eta aisialdi tailerrak.

–Udal-eskumenen barruan sartzen den eta instalazioetan egin daitekeen beste edozein jarduera, baldin eta udalerriko gazteentzat interesgarria bada.

4.2. Udal-programan sartuta ez dauden jarduerak egiteko, Gazteriako teknikariaren onespena beharko da. Are gehiago, gerta liteke jardueraren berri eman behar izatea arloko arduradun politikoari, alkateari edo hark eskuordetutako pertsonari.

4.3. Aurreko 4.1 puntuko apartatuetan sartuta ez dauden jarduerak ez dira lehentasunezkoak izanen, eta, hortaz, aurrera eraman ahal izateko, instantzia bat aurkeztu beharko da Udalaren Erregistro Orokorrean, Gazteria eta Herritarren Parte-hartzeko Arloari zuzenduta, eta zehaztu beharko da jarduera non egin nahi den, Gaztetzeko espazioak nola erabiliko diren eta jarduerak zer helburu dituen. Artikulu honetan xedatutakoa berariaz bete beharko dute gazteenak ez diren talde edo kolektiboek, baldin eta Gaztetxea erabili nahi badute bilerak egiteko edo bestelako gauzetarako.

5. artikulua. Erabiltzaileak. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

5.1. Gaztetxeko erabiltzailetzat hartu dira hara joaten diren guztiak, baldin eta 12 eta 35 urte artean badituzte. Instalazioetara sartu eta horiek erabiltzeko lehentasuna izanen dute udalerrian erroldatuta daudenek.

5.2. Erabiltzaileen eskubideak.

–Instalazioak zertarako diren, erabiltzaileek hartarako erabiltzeko eskubidea dute, baita bertan egiten diren jardueretan parte hartzeko ere. Halaber, Gaztetxeko erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:

–Errespetuz eta modu duinean tratatua izatea.

–Gaztetxea erabiltzea, haren ondasun eta zerbitzuak baliatuta.

–Informazioa eta aholkua hartzeko eskubidea, bai jarduerena bai kezka, zalantza, arazo eta abarrena, taldeko kide gisa zein bakarka.

–Egokiak iruditzen zaizkion erreklamazio eta oharrak egitea Zizur Nagusiko Udalari.

5.3. Erabiltzaileek honako betebehar hauek dituzte:

–Zizur Nagusiko Gaztetxean dauden langileak eta gainerako erabiltzaileak errespetatzea, tratu duina emanez.

–Zentroko ondasun eta zerbitzuak egokiro erabiltzea, eta bai ondasunak altzariak, materialak, etab. bai lokala bera errespetatuz.

–Ezarritako ordutegiak errespetatzea.

–Gaztetxeak duen ekipamendua zuzen erabiltzea.

–Lokaleko ordena eta garbitasuna begiratzea.

–Espazio horretako arduradunek eman ditzaketen jarraibideei men egitea.

–Indarrean dagoen araudia betetzea Gaztetxean dagoen bitartean.

5.4. Lokalak behar ez bezala erabiltzeak eta 5.3 artikuluan ezarritakoa ez betetzeak zehapena ezartzea ekar dezake.

5.5. Udalaren Gazteria eta Herritarren Parte-hartzeko Arloko teknikariek jarriko dituzte zehapenak, Gaztetxeko hezkuntzako profesionalek nahitaez egin beharreko txostenaren bitartez. Teknikariek falta kalifikatu eta dagokion zehapena jarriko dute. Dagokion organo zehatzaileak erabaki hori hartzen lagunduko die eta prozesua gainbegiratuko du. Orobat, organo zehatzailearen onespena beharko du teknikarien erabakiak.

5.6. Astunak ez diren faltak Gaztetxeko profesionalek ebatziko dituzte, baina Gazteriako teknikariari edo Gaztetxeko zuzendariari haren berri eman beharko diote eta azken horren onespena beharko dute.

5.7. Egoerak hala eskatzen duenean, hezkuntza-taldeak edo Gaztetxeko edozein erabiltzailek laguntza eskatzen ahalko die Udaltzaingoari edo beste polizia-kidego batzuei.

Halaber, eta arlo honetan indarrean dagoen araudiarekin bat, eskatzen ahalko da Gaztetxean instalatuta dagoen bideozaintzako sistemara jotzea.

6. artikulua. Espazioak.

6.1. Gaztetxeak gune hauek ditu:

–Beheko solairua:

  • Harrera.
  • Erabilera anitzeko aretoa (artea eta kirola).
  • Musika-gela.
  • "Jolastoki" topalekua.
  • Chill out gunea.
  • Hezitzaile taldearen bulegoa.
  • 1. biltegia.
  • 2. biltegia.
  • Kaxa elektrikoaren gela.
  • Komunak.

–Lehenbiziko solairua:

  • Zuzendaritzaren bulegoa, Gazteriako teknikarientzat.
  • Erabilera anitzeko gela (tailerrak).
  • Nutrizio-tailerra.
  • Ziberespazioa.
  • Ikus-entzunezkoen gela.
  • 1. bilera gela.
  • 2. bilera gela.
  • Komunak.

7. artikulua. Erabilera. Lagatzeko irizpideak eta lagapen motak.

7.1. Hezkuntza-taldea arduratuko da Gaztetxeko programazioaz eta Gaztetxeko guneak behar bezala erabiltzeaz, eta Gazteriako teknikariak une oro gainbegiratuko du haren jarduna.

7.2. Espazioak adjudikatzerakoan, lehentasuna izanen dute Zizur Nagusian kokaturiko eta antolaturiko talde edo elkarte kulturalek. Era berean, lehentasuna izanen dute gazteentzako jarduerek, beste motako batzuetakoen aurretik.

7.3. Eskatzaileak ez baditu betetzen araudi honen 5. artikuluan ezarritako parametroak eta egin nahi duen jarduera ez badago 4. artikuluan jasotakoen artean, honako irizpide hauei jarraituko zaie Gaztetxeko espazioak lagatzeko:

–Eskaera bat aurkeztu beharko da idatziz Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean edo egoitza elektronikoan, Gazteria eta Herritaren Parte-hartzeko Arloari zuzendua, adierazita jardueraren ezaugarriak, iraupena eta ordutegia eta parte-hartzaileen kopurua. Eskaeran, orobat, zehaztuko da laga beharko litzatekeen materiala (mahaiak, aulkiak...) edo ekipamendua (bideoa, arbela...). Edonola ere, araudi honetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

7.4. Inguruabarrek hala eskatzen dutenean, eta salbuespen gisa, Gazteria Arloak eta gazteek edo gazte-taldeek lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko dituzte. Hitzarmen horien helburua izanen da kontraprestazioak aurrera eramateko modua zehaztea Gaztetxeko espazioak erabiltzeagatik.

7.5. Hauek dira Gaztetxeko aretoen lagapen motak eta horiek izapidetzeko moduak:

–Lagapen puntualak: Egun baterako edo egun zehatz batzuetarako lagatzea talde natural edo elkarte bati, aretoa behar baitute amaiera-data daukan jarduera espezifiko bat egiteko. Horren adibide dira, esate baterako: elkarte batek bilerak egitea jarduera bat prestatzeko edo talde natural batek gela bat behar izatea eskola lan bat egiteko edo ikasteko.

Kasu horietan, eta eskatzaileak badira gazteen taldeak, gazte-elkarteak edo banakako gazteak, hezkuntza-taldeak unean bertan erantzungo dio eskaerari, ezarritako irizpideetan oinarrituta (barne-araudian ezarritakoak, alegia). Irizpide horiek honako arlo hauei buruzkoak dira: sartzeko adina errespetatzea, lehentasuna ematea Zizurko herritarrei, jarduerak lotuta egotea gazteen sustapenerako helburuei eta espazio fisiko horretarako egokiak izatea, espazioak libre egotea eta abar.

Eskaera konplexuagoa bada, eskabidea bete eta aurkeztu ondoren, hezkuntza-taldeak kontsulta eginen die udal teknikariei, eta azken horiek erabakiko dute beharrezkoa den ala ez alkateak edo hark eskuordetutako pertsonak eskaera aztertzea, baloratzea, onestea edo ezestea.

–Hiruhileko lagapenak: Lagapen puntualak ez bezala, lagapen hauek luzeagoak dira eta amaiera-data ezagunik ez duten jardueretarako izan ohi dira. Proiekzio egonkorragoa duten jarduerak dira, eta espazio propiorik edo espezifikorik ez duten gazteei espazio bat ematen zaie, beren jarduerak egiten jarrai dezaten. Horren adibide dira, esate baterako: gazte-kolektiboen edo -elkarteen bilerak (egutegia dutenak), musika-taldeen entseguak, entrenamenduak eta hainbat diziplinatako praktikak eta abar.

Lagapen horiek hiruhileko naturaletarako dira, eta eskaerak jasotzen dira aurreko hiruhilekoa amaitu aurreko hilaren azken hamabostaldian, horretarako gaitutako epea ireki ondoren. Jasotako eskaerak baloratuta, taldeei horien ebazpenaren berri ematen zaie.

Egun eta ordu bererako eskaerak badaude eta onartzen badira, lehentasuna emanen zaio lehenago entregatu zenari. Dena den, hezkuntza-taldeak ahalegina eginen du zerbitzua eskatu duen talde edo elkarte orori eskaintzeko jarduera egiteko espazio bat. Horretarako, bi taldeekin adosten ahalko du eskatutako ordutegia murriztea, bi eskaerei erantzun ahal izateko, edo udal-jabetzako beste espazio erabilgarri batzuk eskatzen ahalko ditu. Dena den, azken horretarako, beharko du dagokion espazioa kudeatzen duen arloaren baimena, edo, bestela, alkatearena edo hark eskuordetutako pertsonarena.

7.6. Aretoak ez dira lagako politikotzat jotzen diren jarduerak egiteko. Kasu horretan, Gazteria eta Herritarren Parte-hartzeko teknikariak egin nahi den jarduerari buruzko informazioa bilduko du, eta haren berri emanen dio lagapen mota hori baimentzeko ardura duen agintaritzari.

8. artikulua. Espazioak erabiltzeko irizpideak.

Honako hauek dira Gaztetxeko espazioak lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak:

–Beheko solairua:

  • Harrera:

Harreragunea irekita egonen da Gaztetxea irekita dagoenean (2. artikuluan ezarritako ordutegian). Han tramitatuko dira herritarren eskaera guztiak eta zuzeneko arreta eskatzen duten izapide guztiak.

  • Erabilera anitzeko aretoa (artea eta kirola):

Mugimendu-jarduerak egiteko espazioa da, haiek egiteko toki zabala behar baita. Horrelako jarduerak dira, esaterako, honako hauek: antzerki- eta dantza-entseguak, entrenamenduak, yoga saioak eta abar. Areto horretan lagapen puntualak edo hiruhilekoak egiten ahalko dira, eta lagapenok kudeatuko dira araudi honen 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  • Musika-gela:

Musikarekin lotutako jarduerak egiteko tokia da. Udal-langileek edo adituek manipulatuko dituzte gela horretako materialak. Izan ere, berariaz debeku da erabiltzaileek horiek manipulatzea Gaztetxeko hezitzaileen baimenik edo ikuskapenik gabe. Eskatzen dutenei aukera emanen zaie horiek erabiltzeko baldin eta aldez aurretik proba bat egiten badute, frogatzeko badakitela eskatutako materialak behar bezala erabiltzen. Proba hori Gaztetxeko hezitzaileek baloratuko dute. Espazioa erabiltzeko baimena eskuratzeko, aldez aurretik entregatu beharko da nortasun-agiri bat (izen-abizenak eta argazkia). Pertsona bakoitzak gehienez ere 2 orduz erabiltzen ahalko du egunean, horrela lortu nahi baita ahalik eta jende gehienak erabiltzea espazio hori. Gela horretan lagapen puntualak edo hiruhilekoak egiten ahalko dira, eta lagapenok kudeatuko dira araudi honetako 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  • "Jolastoki" topalekua:

Irekita egonen da ostiraletan 16:00etatik 21:00etara, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara eta igandeetan 17:00etatik 21:00etara. Elkarren artean harremanak izateko eta jolasteko tokia da. Topalekua irekita egonen da gazteen eskola-oporraldietan. Dena den, langileen bileraren bat edo jarduera bereziren bat badago, gela hori itxita egonen da.

  • Hezitzaile taldearen bulegoa:

Gaztetxeko hezitzaileek administrazio-lanak egiteko tokia da. Bulegoaren erabilera ezin da laga, eta erabiltzaileek debeku dute hara sartzea hezitzaileen aldez aurreko baimenik gabe.

  • 1. eta 2. biltegiak:

Jardueretarako materiala eta garbiketa zerbitzuko ekipamenduak gordetzeko tokia da.

  • Kaxa elektrikoaren gela:

Erabiltzaileek guztiz debekatuta dute kaxa elektrikoaren gelara sartzea.

–Lehenbiziko solairua:

  • Zuzendaritzaren bulegoa, Gazteriako teknikarientzat:

Han ariko da lanean Gazteriako udal-teknikaria. Teknikaria, hain zuzen, Gaztetxeko zuzendaria ere izanen da. Bulegoaren erabilera ezin da laga, eta erabiltzaileek debeku dute hara sartzea teknikariaren aldez aurreko baimenik gabe.

  • Erabilera anitzeko gela (tailerrak):

Erabilera anitzeko gunea da, eta batez ere erabiliko da eskulanetarako tailerrak antolatu eta aurrera eramateko. Ikasteko edo talde-lanak egiteko ere lagatzen ahalko da, horretarako eskaerak egonez gero eta gelan ez badago beste jarduera espezifikorik programatua eskaera egin aurretik. Gela horretan lagapen puntualak edo hiruhilekoak egiten ahalko dira, eta lagapenok kudeatuko dira araudi honetako 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  • Nutrizio-tailerra:

Elikadura kudeatzen ikasteko gunea da, eta, besteak beste, honako jarduera hauek eginen dira bertan: sukaldaritza ikastaroak, norbere burua onartzeko eta zaintzeko ikastaroak, hitzaldi teorikoak eta praktikoak elikatzeko ohiturei buruz eta abar. Gune hori behar bezala erabiltzen dela bermatzeko, gazteek fitxa bat bete beharko dute, adierazteko konpromisoa hartzen dutela materiala eta gela egoki erabiltzeko eta garbi uzteko. Gune horretan ezin da inolaz ere alkoholik edo legez kanpoko substantziarik sartu janaria prestatzeko.

Gune hori ezin da laga, eta nahitaez erabiliko da elikaduraren eta nutrizioaren arloko tailerrak egiteko. Hezitzaileek edo berariaz kontratatutako profesionalek zuzenduko dituzte tailerrok.

  • 1. eta 2. bilera-gelak:

Gela horiek gazteen kolektiboek eta elkarteek erabiltzen dituzte, koordinazio-bilerak egiteko, 4. artikuluan ezarritako arauei jarraikiz. Gela horietan lagapen puntualak edo hiruhilekoak egiten ahalko dira, eta lagapenok kudeatuko dira araudi honen 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  • Ikus-entzunezkoen gela:

Ikus-entzunezko artearekin lotutako jarduerak egiteko gunea da. Udal-langileek edo adituek manipulatuko dituzte gela horretako materialak. Izan ere, berariaz debeku da erabiltzaileek horiek manipulatzea Gaztetxeko hezitzaileen baimenik edo ikuskapenik gabe. Eskatzen dutenei aukera emanen zaie horiek erabiltzeko baldin eta aldez aurretik proba bat egiten badute, frogatzeko badakitela eskatutako materialak behar bezala erabiltzen. Proba hori Gaztetxeko hezitzaileek baloratuko dute. Espazioa erabiltzeko baimena eskuratzeko, aldez aurretik entregatu beharko da nortasun-agiri bat (izen-abizenak eta argazkia). Pertsona bakoitzak gehienez ere 2 orduz erabiltzen ahalko du egunean, horrela lortu nahi baita ahalik eta jende gehienak erabiltzea espazio hori. Gela horretan lagapen puntualak edo hiruhilekoak egiten ahalko dira, eta lagapenok kudeatuko dira araudi honetako 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  • Ziberespazioa:

Gune horretan gamer motako 7 ekipo daude, eta Interneterako sarbidea eskaintzen diete gazteei. Ekipoak lagako dira nortasun-agiriak aurkeztu eta entregatu eta gero. Areto horren helburua da erabiltzaileei aukera ematea bideojokoetan banaka edo taldeka jolasteko. Hala ere, lagapenak egin ahal izango zaizkie beste erabilera batzuetarako Interneterako konexioa behar duten herritarrei, hala nola lan akademikoak, lanarekin zerikusia duten kontuak eta abar. Ekipo bakoitzak aparteko osagarri batzuk ditu (entzungailuak, bozgorailuak, mikrofonoa eta webcama) eta erabiltzaileek, horiek nahi izanez gero, hezitzaileei eskatu beharko dizkiete, ekipoa lagatzeko eskaera egiten duten unean. Erabiltzaile bakoitzari gehienez ere 1,5 ordurako lagako zaio ekipoa egunean. Horrela, beste pertsona batzuek ere erabiltzen ahalko dituzte ekipoak, eta beste arazo batzuk (pantailekiko adikzioa, esate baterako) saihestuko dira. Eskatzaileak nortasun-agiri bat entregatuko die hezitzaileei, eta ekipo informatiko bat esleituko diote. Erabiltzeari uzten dionean, bada, hezitzaileek ekipoa eta lagatako osagarriak behar bezala daudela egiaztatuko dute. Erabili bitartean ekipoak edo osagarriek kalteren bat izaten badute, horiek konpontzea eskatzen ahalko zaio erabili dituenari.

Ekipo informatikoek iragazkiak izan beharko dituzte, eduki desegokietara sartzerik ez izateko, eta adingabeak babesteko eduki horietatik. Hain zuzen, honako hauek jotzen dira eduki desegokitzat:

  • Eduki ez-zilegiak: delitu-jarduerekin lotutako eduki oro. Adibidez: adingabeek egindako pornografia, eduki pedofiloak, arrazistak edo xenofoboak, terrorismoaren apologia, lehergailuen fabrikazioa, drogak, armak, elkarte ez-zilegiak eta abar.
  • Eduki kaltegarriak, arriskutsuak edo ez oso osasungarriak: eduki ez-zilegiak izan ohi dira, eta gainera kaltegarriak direnak adingabeen garapen intelektual eta emozionalerako. Adibidez: pornografia, online egiten diren apustuak eta ausazko jokoak; anorexia, bulimia eta are suizidioa sustatzeko komunitateak, edozein motatako jazarpen sustatzea eta abar.

–Materiala lagatzea:

  • Armairuak:

Urte natural baterako lagatzen zaizkie banakakoei, taldeei eta elkarteei. Armairu horietan gordetzen ahal dira Gaztetxean egiten diren gazteentzako jardueretarako objektuak, materialak eta abar. Izan ere, jarduera horietako batzuen ezaugarriak direla eta, toki komun bat behar da materiala gordetzeko, izan objektuen bolumenagatik edo talde guztiak erabiltzen duen materiala izateagatik. Horren adibide dira honako hauek: musika-tresnak, partiturak, film laburrak egiteko materiala, tailerretarako materiala, egoitzarik ez duten elkarteen materiala eta abar. Armairuak esleitzen dira jasotako eskaeren arabera eta erreparatuta jarduerak gizartearentzat duen interesari. Lagapenak urtebeterako dira, jardueren jarraitutasunari laguntzeko.

  • Armairu txikiak ("takillak"):

Armairu txikiak modu puntualean lagako dira, horretarako eskaera bete eta gero.

  • Materiala:

Gazteek edo gazte-taldeek erabilera partekaturako materiala eskatzen ahalko dute. Horretarako, mailegatze-fitxa bat bete beharko dute, eta amaitutakoan dena utzi mailegatzerakoan zegoen egoera berean. Material hau lagako da: kanpin-dendak, bibliografia, mahai-jokoak eta abar.

50 eurotik gorako kostua duten materialen kasuan, fidantza ekonomiko bat eskatuko da, mailegatutako materialaren balioaren araberakoa. Hezkuntza-taldeak fidantza itzuliko dio erabiltzaileari, materiala itzuli eta gero egiaztatu ondoren dena dagoela egoera onean.

9. artikulua. Publizitatea.

Orokorrean, instalazioen barrenean ezin da inongo publizitate eta propagandarik egin, Udalak kasu bakoitzean espresuki baimentzen duena izan ezik.

Jarduerak egiteak berarekin ekarriko du Udalaren logotipoa –Udalbatzak onetsitako eredu tipografikoekin– sartu behar izatea jarduera horren dokumentazio eta propaganda idatzi edo grafiko guztietan.

ZEHAPEN ARAUBIDEA

10. artikulua. Xedapen orokorrak.

10.1. Zehapenak jartzeko, jarraituko zaio administrazio publikoek zehapen ahalmena erabiltzeko darabilten legezko eta arauzko prozedurari.

10.2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte. Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

11. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Araudi honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.

12. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Hauek dira arau-hauste oso astunak:

–Araudi honetan ezarritakoa ez betetzea instalazioetako espazioen iruzurrezko erabilera eginez, egintza hori ez dagoenean astuntzat edo arintzat tipifikatuta araudi honetan, eta organo eskudunek oso astuntzat jotzen dutenean, haren izaera dela eta.

–Zizur Nagusiko Gaztetxeko erabiltzaileei edo profesionalei behin eta berriro errespetua galtzea eta mehatxuak edo eraso fisikoak egitea.

–Instalazioen funtzionamendu egokia nahastea, instalazioetako beste erabiltzaile batzuen edo arduradunen kontra eginez gatazkak, zalaparta eta eraso fisiko zein hitzezkoak.

–Nahita eta kontzienteki ebastea edo lapurtzea Gaztetxeko erabiltzaileei edo langileei, eta hondatzea instalazioak eta materiala.

–Instalazioetara sartzea ezarritako ordutegitik kanpo.

–Araudi honetan astuntzat edo arintzat jotzen ez den beste edozein arau-hauste, baldin eta, eragindako kalteen izaera dela eta, organo eskudunek oso astuntzat jotzen badute.

13. artikulua. Arau-hauste astunak.

Hauek dira arau-hauste astunak:

–Araudi honetan ezarritakoa ez betetzea instalazioetako espazioen iruzurrezko erabilera eginez, egintza hori ez dagoenean oso astuntzat edo arintzat tipifikatua araudi honetan, eta organo eskudunek astuntzat jotzen dutenean, haren izaera dela eta.

–Gaztetxearen barrenean erretzea, baita alkohola eta edozein sorgorkari hartzea ere.

–Instalazioetako langileen esanei kasurik ez egitea, baita arduradunak iraintzea edo haiei errespetua galtzea ere.

–Gaztetxera sartzea mozkor zantzu nabarmenekin edo drogen eraginpean, eta hezitzaileek zentrotik irteteko egindako eskaerari men ez egitea.

–Araudi honetan oso astuntzat edo arintzat jotzen ez den beste edozein arau-hauste, baldin eta, eragindako kalteen izaera dela eta, organo eskudunek astuntzat jotzen badute.

14. artikulua. Arau-hauste arinak.

Hauek dira arau-hauste arinak:

–Araudi honetan ezarritakoa ez betetzea instalazioetako espazioen iruzurrezko erabilera eginez, egintza hori ez dagoenean astuntzat edo oso astuntzat tipifikatuta araudi honetan, eta organo eskudunek arintzat jotzen dutenean, haren izaera dela eta.

–Noizean behin errespetua galtzea jendeari, hala zentroko erabiltzaileei nola profesionalei. Arau orokor gisa, pertsonei errespetua galdutako kasuetan, hitz egitea bilatuko da zehapena jarri aurretik, baldin eta ukitutakoak prest badaude.

–Udalaren materialean edo altzarietan kaltea egiten duten edo egin dezaketen ekintza edo portaera desegokiak.

–Instalazioaren funtzionamendu-ordutegiak ez errespetatzea, profesionalen abisua jaso ondoren.

–Instalazioen funtzionamendu egokia lardaskatzea, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten oihuak eginez, baita lasterka, jauzi edo bulka egitea ere, edo gainerako erabiltzaileei traba egin edo beroriek arriskutan jar ditzakeen edozein ekintza, eta oro har gainerako erabiltzaileak gogaitzen ahal dituen edozein gauza egitea.

–Araudi honetan oso astuntzat edo astuntzat jotzen ez den beste edozein arau-hauste, baldin eta, eragindako kalteen izaera dela eta, organo eskudunek arintzat jotzen badute.

15. artikulua. Zehapenak.

14.1. Arau-hauste oso astunak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

–251 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna eta/edo

–Behin betiko debekua instalazioetan sartzeko.

14.2. Arau-hauste astunak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

–101 eurotik 250 eurora bitarteko isuna eta/edo

–Aldi baterako kanporatzea; 2 hilabete eta 2 urte bitarte.

14.3. Arau-hauste arinak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

–100 euro bitarteko isuna.

–Aldi baterako kanporatzea; hilabeterako, gehienez ere.

–Ohartarazpena.

16. artikulua. Goragoko mailako zehapena.

Edozein mailatako arau-hausteak behin eta berriz eginez gero, goragoko mailako zehapena jarriko da, baldin eta kalifikazio bereko 3 arau-hauste baino gehiago egiten badira egun berean, 5 aste berean eta 10 hilabeteko epean.

17. artikulua. Ordezko zehapenak.

Gaztetxetik kanporatzea edo zehapen araubide honetan ezarritako isun ekonomikoak dakartzaten arau-hausteen kasuan, horien ordez eskatzen ahalko da hezkuntzako helburuak dauzkaten lanak egitea. Horretarako, Zizur Nagusiko Udaleko Gazteria eta Herritarren Parte-hartzeko Arloko teknikariek txosten tekniko loteslea egin beharko dute, hezitzaile taldeak proposatuta.

Edonola ere, zehapen araubide honetan ezarritako zehapen bat jartzeak ez du esan nahi arau-hausleak ez dituenik konpondu behar udal-instalazioetan eragindako kalteak. Kalte horien balorazio ekonomikoa Zizur Nagusiko Udalak eginen du.

Kalte-ordaina, bada, arau-hausleari berari eskatu zaio (adinez nagusia bada) edo, bestela, bere aitari, amari edo legezko tutoreari, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1ko 29/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean.

18. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Arau-hausteak egin dituztenak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Oro har, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

19. artikulua. Zehapenak pilatzea.

Egintza eta oinarri juridiko berengatik arau-hausleari ordenantza honetako, beste ordenantza bateko eta aplikatzeko diren beste lege batzuetako zehapenak ezartzen ahal zaizkionean, zehapenik handiena ezarriko zaio.

Organo eskudunak irizten dionean egitateak zigor arloko arau-hausteak izan litezkeela, zigor arloko jurisdikzioko organo eskudunari jakinaraziko dio, edo Ministerio Fiskalari. Zehapen prozedura administratiboaren organo instrukziogileak tramitazioa etengo du epaileek ebazpena eman bitartean, baldin eta berberak badira delitu administratiboaren eta delitu penalaren egintza, subjektuak eta oinarria.

20. artikulua. Zehapen prozedura.

20.1. Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozedura instruituko da, administrazio prozedura erkideari eta sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko estatuko legeetan ezarritakoarekin bat.

20.2. Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu. Prozedura hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei.

21. artikulua. Organo eskuduna.

Alkatetza izanen da organo eskuduna zehapen-prozedurak hasteko eta dagozkion zehapenak ezartzeko. Zizur Nagusiko Udaleko Gazteria eta Herritarren Parte-hartzeko Arloari dagokio prozedura instruitzea.

Iragarkiaren kodea: L2403437