51. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

85E/2024 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusia emana, zeinaren bidez formulatu baita I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatzen duen "‘Larraga’ eta ‘Arroitz’ 66 kV-ko linea elektriko berriak, Oteitzako udal mugartean proiektatutako Lizarrerriko azpiestazio berrikoa eta 220/66 kV-ko Lizarrerriko azpiestaziokoa" proiektuaren Ingurumen Eraginaren Txostena.

2023ko urriaren 3an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. multzoan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen eraginaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena:

Proiektuaren helburua da inguruko elektrizitate horniduraren kalitatea eta segurtasuna hobetzea, 66 kV-ko zirkuitu bikoitzeko sare berri bat proiektatuz, Oteitzako udal mugartean proiektatutako transformazio azpiestazioa, Lizarra azpiestazio berria izenekoa, lotzeko titular den 66 kV-ko "Tafalla-Allo" lineekin (3097-7).

Lizarra azpiestazioa Oteitzako udal mugartean kokatuko da (Nafarroa), zehazki 1. poligonoko 439. lurzatian, eta 15.580 metro koadro inguru hartuko ditu. Instalazioak "in situ" eraikitako eraikin panelagarri bat izanen du.

Zirkuitu bikoitzeko linea proiektatua airetikoa eta lurpekoa izanen da, eta 9.724 metro lineal izanen ditu: 5.922 metro airetikoak eta 3.802 metro lurpekoak. Linea Oteitzako iparraldean hasi eta hegoalderantz eta hego-ekialderantz doa, N-122 errepidearekiko paraleloan, 2,5 km-ko distantziaz. Oteitzako hirigunea lurpetik inguratu eta gero, linea airera aterako da Aberineko mugan, eta zeharkatuko ditu udal mugarte hori eta Ega ibaia, Morentinen. Ibaia zeharkatu ondoren, ipar-hego noranzkoan, Morentin eta Deikaztelu udal mugarteak zeharkatuko ditu, eta Allon amaitu.

–Ingurumen eraginaren ebaluazioa izapidetzea:

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta egin zaie Aberingo, Alloko, Deikazteluko, Morentingo eta Oteitzako Udalei, baita askotariko erakundeei eta Nafarroako Gobernuko atalei ere, linea berriaren eraginpeko lurretan edo zerbitzuetan eskumenak dituztenei.

Legeak ezarritako epean, kontsultek ez dute erantzunik jaso, salbu eta Nafarroako Gobernuko Ondare Arkitektonikoaren Atalarena (proiektuak ez die eragiten atalaren eskumenekoak diren gaiei), Baso Plangintzarako Atalarena (aldeko erantzuna eman du, zenbait baldintzarekin) eta Oteitzako Udalarena (eskatu du Oteitzako hirigunearen inguruko trazatua aldatzea, zehazki, hiri lurzorutik igarotzen dena zatia aldatzea gehien bat urbanizaezina den lurzorura).

Txosten horren berri izan eta gero, sustatzaileak trazatua aldatu zuen Oteitzako Udalaren ia eskaera guztiak kontuan hartuz. Hala, proiektatu zuen behin betiko trazatua lerrozuzenagoa da alor landuen inguru batean. Ingurumenari dagokionez, aldaketak eragin nabaririk sortzen ez duenez, espedientea izapidetzen jarraitu dute.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareko gunerik, ezta ingurumen babeseko figuraren bateko gunerik ere. Lehenik eta behin, lurpeko kanalizazioa eginen da azpiestazioaren irteeratik, guztira 3.802 m-ko luzerakoa, espaloitik edo lurrazaletik gutxienez 0,6 metroko sakonerarekin eta galtzadatik, 0,8 metrokoa. Lubakia 0,60 metro zabal izanen da, eta egun badauden bideetatik igaroko da ia osorik. Zati horretan, lanak behar bezala eginez gero, inpaktua gutxienekoa izanen da.

Ondoren, X584654-Y4718453 puntuan gutxi gorabehera, trazatua altxatu eta airetik jarraituko du 5.922 metroz. Zati hori planifikatu da Aberin-Larragako estepako hegaztiak kontserbatzeko eremu kritikotik kanpo igaro dadin. Gainera, hortik hurbilen dauden guneetan, talken aurkako balizak jarriko dira gutxi gorabehera 3.275 metroan.

Halaber, airetiko zatiak zeharkatuko duen Ega ibaiko inguruan, egun ia ez dago ibaiertzeko landaredirik, baina baliteke bisoi europarra edo igaraba arrunta egotea. Airetiko zatiak katalogatutako abelbideak zeharkatzen ditu bitan, zehazki, kontrastatu gabeko Lizarra-DUAEA (CRTUA gaztelaniaz).

Airetiko trazatuan, Europar Batasunaren intereseko habitat gisa katalogatutako eremuak daude. Zehazki, proiektatutako eremuko zenbait tokitako habitat honela katalogatuta daude: zuhaixka eta Juniperus zuhaiztiak (5210), artadiak (9340), erkameztiak (9240) eta Mediterraneoko ameztiak (4090).

Proiektuan ez daude sarbideak zehaztuta; hortaz, ezin da balioztatu sarbideak egokitzeak landaredi naturalari nola eraginen dion.

Proiektu berean, azkenik, Lizarrerriko 220/66 kV-ko azpiestazioa balioztatzen da, Red Eléctricak inguruan proiektatu eta onartu duen garraio azpiestazioaren ondoan dago. Azpiestazio berria Red Eléctrikak onartutakoaren ondoan jarrita, inpaktuak minimizatzen dira. Lizarrerriko azpiestazioaren ezarpenak 15.580 m²-ko azalera hartuko du (hesiak eta ezpondak barne). Egun lur horiek labore belarkarek hartzen dute.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Hala, proposatu du ingurumen eraginaren aldeko txostena ematea, "‘Larraga’ (3822 54) eta ‘Arroitz’ (3822-55) 66 kV-ko linea elektriko berriak, Oteitzako udal mugartean proiektatutako Lizarrerriko azpiestazio berrikoa eta 220/66 kV-ko Lizarrerriko azpiestaziokoa" proiektuaren gaineko txosten honetan jasotako baldintzak betetzen dituelako, eta adierazi da ez zaiola ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1.–"‘Larraga’ eta ‘Arroitz’ 66 kV-ko linea elektriko berriak, Oteitzako udal mugartean proiektatutako Lizarrerriko azpiestazio berrikoa eta 220/66 kV-ko Lizarrerriko azpiestaziokoa" proiektuak, zeina I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumenaren eraginaren txosten honetan adierazten den bezala, eta, beraz, ez zaio ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar (21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean arautua).

2.–Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Linea lurperatuko da, bi lineei buruzko proiektuan adierazitako moduan, Lizarrerriko azpiestazioaren inguruko 2,5 km-ko eremuan.

–Era berean, lurpeko zatiaren ondoko zatiko hiru eroaleak seinaleztatuko dira hegaztiak babesteko balizekin. Fase bereko elkarren segidako bi balizaren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. Hasiera puntua X584654-Y4718439 izanen da, eta amaierakoa, X583002-Y4715956.

–Abifauna elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko, hurrengo hau bete beharko da: lotzeko euskarrietan gutxienez 1 m-ko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio botilak ere. Ganga erako euskarrietan, erdiko eroalea isolatuko da, esekitze grapa barne, 1 m alde bakoitzean. Isolatzeko erabiliko den materialak egokia izan beharko du goi tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Debeku da silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Sarbiderik zehaztu ez denez, horiek ez dute Europar Batasunaren intereseko landaredia kaltetuko eta dagoenaren gaineko eraginak minimizatuko dira. Obra zuinketan euskarriak eta kanalizazioak markatu eta sarbideak eraginak minimizatzeko moduan planteatu beharko dira.

–Sarbide berriak, ahal den guztietan, lehendik dauden azpiegituretan edo soro landuetan zehar eginen dira, landaredi naturalari ahalik eta kalte txikiena eragiteko, bereziki Batasunaren intereseko habitatak badira.

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren abuztuaren 22ko 198/2023 Ebazpenaren bidez, ezartzen da saihestu beharko dela azpiestaziorako sarbidea Lorca I Bidea aztarnategitik. Zirkuitu bikoitzeko linea instalatzeko lanetan ere kontuan hartuko da baldintza hori.

–Ibilguen ondoko lanei dagokienez, lanek ibaiertzeko landaredia errespetatu beharko dute erabat, eta, eragin zehatzen bat egin behar izanez gero, leku horiek jatorrian zeuden moduan utzi beharko dira garbiketaren ondoren. Jarduketaren guneko kanabera (Arundo donax) ale guztiak desagerraraziko dira, lurpeko errizoma kenduz, espezie exotiko inbaditzaile gisa katalogatu denez.

–Linea elektrikoaren ibilguen gurutzaketek Arroko Erakundeak (CHE) ezarritako gutxieneko altuerak eta babesak bete beharko dituzte.

–Lanek dirauten bitartean, solido asko mugituko dira, beraz, ibaia gertu dagoenez, solidoak atxikitzea bermatzeko neurriak hartu beharko dira.

–Lanak agorraldian eginen dira, hartara saihesteko, uholdeak gertatuz gero, urak ibilgutik ateratzea obrek ukitzen duten eremuan.

–Makina astunak erabili behar badira, ertzetatik lan egin beharko dute, ibilgura sartu gabe. Ibilguan sartzea ezinbestekoa izanen balitz, urak desbideratu beharko dira hodien edo ur hesien bitartez, ez daitezen uhertu eta/edo kutsatu.

–Eragin puntualik egin behar izanez gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak amaitu ondoren.

–Jarduketa eremua bisoi europarraren ohiko habitata denez, espeziearen ugalketa aldian eragozpenik ez sortzeko, lanak irailaren 1etik martxoaren 31ra arte eginen dira.

–Arrain faunaren garrantzia dela eta, ahal dela, lan guztiak makinek ibai ohea inbaditu gabe eginen dira. Beharrezkoa izanez gero, Ingurumena Zaintzeko Atala jakinaren gainean jarri beharko da, neurri egokiak hartzeko (arrantza elektrikoa). Ur ibilgua eta ingurua ukitzen dituzten lanak egin behar izanez gero, ekainaren 1etik azaroaren 15era bitartean eginen dira, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko.

–Espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Ibilguan hormigoi freskoa botaz gero, arrain fauna berehala hilko da.

–Baimen honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik (bereziki, Ebroko Ur Konfederazioarenak). Eskaerako jarduketak Ur Jabari Publikoan daude kokaturik, eta hori Estatuaren eskumena da, Uren Legearen arabera (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua; haren bidez onetsi zen Uren 29/85 Legearen testu bategina), eta Ebroko Ur Konfederazioaren bidez gauzatzen du.

–Erreka zulo edo erretenetako gurutzaketak, ahal dela, urik ez daramatenean eginen dira. Lehorrean lan egin beharko da beti, urak uhertzea eta/edo kutsatzea saihestuz.

–Bidetik kanpoko zangak irekitzeko lanetan eta euskarri berriak zimendatzeko zuloak egitean, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak kendu beharko dira.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, behar bezala lehengoratuko dira lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Lehengoratze lanak egitean, makinak igarotzean zanpatutako laborantza lurrak harrotu beharko dira.

–Abelbideak zeharkatzeari dagokionez, inolaz ere ez dira jarriko dorreen euskarriak, zimendatze zapatak barne, ez abelbidearen barruan ez abelbidearen mugatik 3 metroko zortasun eremuan.

–Obrak bukatutakoan, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Lanak gauzatzeko fasean ez da altxonbidea erabat oztopatzen ahalko; bestela, aziendendako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondoriozko material eta/edo landare lurra ez dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan uzten ahalko, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, lan horiek bukatutakoan, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea ezta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak ere.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa abisatu beharko da (seguimiento.ambiental@navarra.es), espedientearen kodea aipatuz eta bidaliz linearen zein euskarrien geoerreferentzia jasotzen duen artxibo bat eta euskarrien argazkiak.

–Lanak hasi baino aste bat lehenago, Lizarra hegoaldeko barrutiko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari gaztigatuko zaio (gmaestellasur@navarra.es), obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu.

3.–Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura; Aberingo, Alloko, Deikazteluko, Morentingo eta Oteitzako Udalei, Basozaintzara (Lizarra hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2402929