51. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30E/2024 EBAZPENA, otsailaren 29koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira deialdi honen oinarriak: turismo enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzen deialdia, NextGeneration EB-Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 668465.

2022ko martxoaren 29an, Turismoaren Konferentzia Sektorialak 2022ko aurrekontuari dagokion kreditua lurraldeen artean banatzeko Erabakia hartu zuen: SEEPren turismo enpresetako energia-efizientziako proiektuak finantzatzeko lerroa (14. O., 4. I., 2 jarduketa ildoa). Erabaki hori 2022ko 83. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 7koan.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 265E/2022 Ebazpenaren bidez turismo enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzen deialdia onetsi zen, NextGeneration EB-Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 668465.

Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 351E/2023 Ebazpenaren bidez, aldatzen dira deialdi honen oinarriak: turismo enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzen deialdia, NextGeneration EB-Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 668465.

Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 381E/2023 Ebazpenaren bidez, aldatzen dira deialdi horren oinarriak, eskaerak 2024ko martxoaren 31ra arte, hori barne, aurkeztu ahal izateko, NextGeneration EB-Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 668465.

2023ko abenduaren 29an, Turismoaren Konferentzia Sektorialak kredituaren lurraldeen arteko banaketa handitzeko Erabakia hartu zuen, 2023ko aurrekontuaren kargura. Kargu hori ezarri egin zen 2022ko martxoaren 29an, Turismoaren Konferentzia Sektorialak hartutako Erabakian: SEEPren turismo enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko lerroa (14. osagaia, 4. inbertsioa, 2. azpineurria). Erabaki hori 2024ko 20. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 23koan. Erabaki horren bidez proiektu gehiago izaten ahal dira finantzagarri eta laguntzen azken onuradun.

Laguntza horien helburua da klima-aldaketaren aurkako estrategia garatzen laguntzea, zeina 2023 Horizontea-Nafarroako Energia Planarekin lerrokatuta baitago, turismo ostatuen sektorean energia berriztagarrien ekarpena areagotzeko eta energia-kontsumoa arrazionalizatzeko ekintzak bultzatuz.

2023ko Turismoaren Konferentzia Sektorialaren erabaki berria dela eta, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak proposatzen du aldatzea turismo enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzen deialdiko 4., 5., 7., 8.1, 16.1 eta 17. oinarriak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea deialdi honen 4., 5., 7., 8.1, 16.1 eta 17. oinarriak: turismo enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzen deialdia, NextGeneration EB-Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Testu hau izanen du aurrerantzean:

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzen azken onuradun (hemendik aurrera, onuradun) izaten ahal dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta titularrak, enpresa ustiatzaileak, errentariak edo emakidadunak badira. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Merkatuan ondasunak edo zerbitzuak eskaintzen dituen jarduera ekonomiko bat gauzatzea.

b) Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan alta emana egotea, jarduera ekonomikoa gauzatzen duten lekuan bertan.

c) Jarduera sailkatuta egotea Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN) honako kode hauetakoren batean:

551 Hotelak eta antzeko ostatuak.

5510 Hotelak eta antzeko ostatuak.

552 Turismo ostatuak eta egonaldi laburretarako bestelako ostatuak.

5520 Turismo ostatuak eta egonaldi laburretarako bestelako ostatuak.

553 Kanpinak eta karabanendako aparkalekuak.

559 Bestelako ostatuak.

5590 Bestelako ostatuak.

561 Jatetxeak eta janari postuak.

5610 Jatetxeak eta janari postuak.

7721 Aisialdi eta kirolerako gauzak alokatzea.

7911 Bidaia-agentzien jarduerak.

7912 Bidaia-agentzia handizkarien jarduerak.

910 Liburutegi, artxibategi eta museoen jarduerak eta bestelako kultur jarduerak.

9102 Museoen jarduerak.

9103 Leku eta eraikin historikoen kudeaketa.

9104 Lorategi botanikoen, parke zoologikoen eta natura-erreserben jarduerak.

9321 Jolas parkeen jarduerak eta parke tematikoenak.

9329 Jolas eta entretenimendu jarduerak.

d) Enpresa edo establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan izena emanda izatea, izen-ematea beharrezkoa bada. Datuak behar bezala eguneratuta egon beharko dira.

2. Onuradunen betebeharrak:

2.1. Eskatzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunekoak ez diren atzerritarren kasuan, egoitza fiskala eta zentro operatibo iraunkorra Espainian izan beharko dute, eta gutxienez dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiten diren aldian mantendu beharko dituzte.

Eskatzaileak pertsona juridikoak badira, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera behar bezala eratuta daudela frogatu beharko dute.

2.2. Azken onuradunek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa kasuan kasuko jarduketa diruz lagungarriak ordaintzera bideratuko dute. Arau hori aplikatzekoa izanen da, halaber, pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak direnean eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak direnean, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak gauzatu baditzakete edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran badaude, alde batera utzita bai dirulaguntzaren zenbatekoa, bai obren kostua elkarteen kideen artean jasanarazi behar diren. Hala ere, kideren batek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debekuren bat edo batzuk urratzen baditu, ez zaio kide horri emanen jasotako laguntzan legokiokeen zati proportzionala, zeina gainerakoen artean hainbanatuko baita, betiere dagokion entitateak azken onuraduna izateko eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitzen badu.

2.3. Azken onuradun diren pertsona edo entitateek bermatuko dute ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (Do No Significant Harm-DNSH printzipioa) eta etiketatze klimatikoa eta digitala erabat betetzen direla, bat etorriz Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena) aurreikusitakoarekin, bai eta Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eskatutakoarekin ere.

2.4. Plantillan 50 pertsona baino gehiago dituzten enpresek berdintasun plan bat eduki beharko dute erregistraturik, hala ezartzen baitu Berdintasun Planak eta haien Erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuak, zeinak Laneko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatu baitzuen.

2.5. Eskatzaileek eratzen badute pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko ekimen pribatuko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.

Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Hala egin ezean, Nafarroako Foru Ogasuneko Entitateen Erroldan eskatzailearen izen-ematearen agirian agertzen diren partaidetza ehunekoak aplikatuko dira. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

3. Honako hauek ezin izanen dira laguntzen onuradun izan:

3.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debekuren bat betetzen ez dutenak.

Dirulaguntzaren eskaera egitean, baimena ematen zaie bai administrazio organo emaileari bai instrukzio organoari zuzenean eskura ditzaten eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten egiaztagiri telematikoak, prozedura izapidetu bitartean beharrezkoa denean.

3.2. Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

3.3. Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharren bat bete gabe dituztenak, edo emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende daudenak, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.

3.4. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, eta merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mendeko eskatzaileen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko lege horretan jasotako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.

Egoera hori kontabilitate araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten sozietateek frogatu beharko dute, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudiaren (887/2006 Errege Dekretua) 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Kontabilitate araudiari jarraikiz, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez frogatzeko beharra ezarri da. Ziurtagiri hori Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duen auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

Debeku hori modu automatikoan nabarmenduko da eta bere horretan jarraituko du hura zehazten duten inguruabarrak segitzen duten bitartean.

4. Eskatzaileek onuradun izateko debekurik ez dutela frogatu beharko dute; horretarako, aurreikusten da eskaera egiteko formularioan atal horretan jasotako erantzukizunpeko adierazpenak sartzea, eta ez da beharrezkoa izanen adierazpen horiek dokumentazio gehigarri gisa aurkeztea.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntza jaso ahal izateko, onuradunek gauzatu beharreko jarduketak tipologia batekoak edo batzuetakoak izan beharko dute, eta jarraian adierazitako betebehar espezifikoak eta deialdiko web-fitxan eskuragarri dagoen II. eranskineko AII.1 atalean jasotakoak bete beharko dituzte (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-financiacion-de-proyectos-de-eficiencia-energetica-y-economia-circular-en-empresas-turisticas):

1.1. Eraikinetako energia-efizientziako proiektuak:

a) Jarduketak, halabeharrez, turismo establezimendu diren eraikin edo eraikin multzoetan egin beharko dira. Eraikinek Nafarroako Turismo Erregistroan izena emanda egon beharko dute, datuak eguneratuta daudela, izen-ematea beharrezkoa bada.

b) Jarduketak honako azpitipologietako batekoak edo batzuetakoak izan beharko dute:

1. Inguratzaile termikoaren energia-efizientzia hobetzea.

2. Energia-efizientzia hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea berokuntza, klimatizazio, hozte, aireztatze eta etxeko ur beroaren instalazio termikoetan, zenbait eraikinetako konplexu turistikoetarako energia-iturri berriztagarriek eta/edo hondar-beroak elikatutako bero eta hotz sareen instalazioa barne.

3. Argiztapen instalazioen energia-efizientzia hobetzea.

c) Jarduketak honako turismo establezimenduetakoren batekoak edo batzuetakoak izan beharko dute:

i. 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraikitako turismo establezimenduak; jarduketak energia primario berriztaezinen kontsumoa %30 murriztea lortu eta justifikatu beharko du hasierako egoerarekiko. Laguntzaren xedeko jarduketek eraikinaren energia-kalifikazio osoa hobetu behar dute, gutxienez ere letra bat, karbono dioxidoaren isurien eskalan neurtuta (CO2 kg/m² urtean), eraikinaren hasierako energia-kalifikazioarekin alderatuta. Irizpide hori ez da aplikatuko honako kasu hauetan:

1. Eraikinak A energia-kalifikazioa duela egiaztatzen badu, eta hobetzeko neurriak proposatzen badira; kasu horretan, irizpide honetarako aplikatuko den laguntza gehigarria A letrari dagokiona izanen da.

2. Eraikinak energia-kalifikazioa izateko prozedurarik ez badu. Kasu horretan, energia primario berriztaezinaren kontsumoa %30 murriztu beharko du; horren ondorioa letra bat hobetzearen baliokidea izanen da.

Energia-kalifikazioaren hobekuntza hori jarduketa tipologia bat edo zenbait konbinatuz egiten ahal da, bai eta jarduketa baterako edo zenbaiterako neurri partzialak hartuz ere.

Eraikin osoetan (A aukera), eta, salbuespen modura, eraikin baten zati bat hartzen duten turismo establezimenduetan (B aukera), baldin eta horretara bideratutako aurrekontuak ez badu gainditzen 2. oinarrian adierazitako aurrekontu-zuzkiduraren erdia. Ehuneko horretara iritsitakoan, ez da B aukera horri buruzko eskaera gehiagorik onartuko, eta ebazpen arrazoitua emanen da. B aukeraren barruan ezin izanen dira instalatu hainbat eraikinetako konplexu turistikoetarako energia-iturri berriztagarriz eta/edo hondar-beroaz elikatutako bero eta hotz sareak.

ii. Turismo establezimenduek, eraikuntzaren urtea edozein dela ere, jarduketari esker energia primario berriztaezinaren kontsumoa %5 murriztu beharko dute gutxienez, baita karbono dioxidoaren isuriak (CO2 kg/m² urtean) ere, eraikinaren hasierako kalifikazio energetikoarekiko.

1.2. Turismo establezimendu edo enpresetan autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak (biltegiarekin edo gabe) jartzea. Instalazio horiek energia elektrikoaren autokontsumorako baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen dituen apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuaren araberakoak izan beharko dira. Diruz lagungarriak izanen dira, halaber, apirilaren 5eko 244/20219 Errege Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo dauden sareko instalazio isolatuak.

2. Jarduketa guztiak, halabeharrez, Nafarroako turismo establezimendu eta enpresetan egin beharko dira, eta aplikatzekoa den indarrean dagoen araudia bete beharko dute. Era berean, nahitaezko lizentzia eta administrazio-baimenak izan beharko dituzte, administrazioek hala eskatzen dutenean. Aintzat hartuko dira, bereziki, 2022ko martxoaren 29ko Turismoaren Konferentzia Sektorialaren Erabakiaren 17. oinarriko 10. ataleko oharrak, eta, tipologiaren arabera, 8. atalekoak ere. Zehazki, aipatu erabakiko 17. oinarriko 8.a) atala c.i) letran jasotako establezimenduei bakarrik aplikatuko zaie.

3. Jarduketa guztiek energia primario berriztaezinaren abiapuntuko kontsumoa eta karbono dioxidoaren isuriak murriztea lortu eta justifikatu beharko dute. Hori frogatzeko, egun dagoen eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiria eta eraberritu ondoren lortutako energia-efizientziaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Eraikinaren energia-ziurtapena egin beharko da eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozedura arautzen duen araudiarekin bat, aitortuta dauden programa informatiko ofizialetako bat erabiliz.

Lortzen den azken energiaren aurrezpena kontuan hartuko da 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren 7. artikuluko azken energiaren aurrezpenaren helburuak betetzearen ondorioetarako. Zuzentarau hori 2018/2002 Zuzentarauak berrikusi zuen, urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera. Betebeharpekoek ezin dute energiaren aurrezpen hori bitan kontatu, aipatutako zuzentarauaren 7. artikuluan jasotzen den helburua –2014-2020 epean energiaren aurrezpen metatuarena betetzearen ondorioetarako–. Azken energiaren aurrezpena kalkulatzeari eta hautagarri diren jarduketak zehazteari begira, Batzordearen 2019ko irailaren 25eko 2019/1658 (EB) Gomendioa aplikatuko da, energia aurrezteko betebeharren transposizioari buruzkoa, Energia-efizientziaren gaineko Zuzentaraua betez.

4. Honako hauek ez dira jarduketa diruz lagungarriak izanen:

Eraikin berrietan egindakoak.

Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta eraikitako azalera edo bolumena handitzen badira.

Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta, horrekin batera, eraikinaren erabilera aldatzen bada.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako klima eta ingurumen arloko helburuei kalte nabarmena, zuzenekoa edo zeharkakoa, eragiten dieten jarduketak. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu zuen.

Zehazki, ezin izanen dira diruz lagundu Kontseiluaren Betearazpen Erabakian inbertsio honetatik kanpo gelditzen diren jarduerak ezartzeko zerrendaren barruan daudenak (152. orrialdea). Horiek 2022ko martxoaren 29ko Turismoaren Konferentzia Sektorialaren Erabakiaren 17. oinarriko 5. apartatuko d) letran zerrendatuta daude.

Era berean, Espainiako eta Europako ingurumen legedia betetzen duten jarduerak soilik hautatu ahal izatea eskatuko da.

5. Diruz lagungarria den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipo ondasunez hornitzearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxako "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

7. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Jarduketa mota bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa eta mugak eguneratu dira, Turismoko Estatuko Idazkaritzaren 2022ko martxoaren 31ko Ebazpenari dagokionez, zeinaren bidez argitaratzen baita 2022ko martxoaren 29ko Turismoaren Konferentzia Sektorialaren Erabakia. Zenbatekoa eta mugak laguntzen fitxaren III. eranskinean daude jasota.

8. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea:

Laguntza jasotzeko eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta 2024ko uztailaren 1era arte iraunen du, edo deialdian baimendutako aurrekontu kreditua agortu arte. Hori laguntzen fitxan jakinaraziko da.

16. Oinarria.–"De minimis" laguntzak eta finantzaketa bikoitzik ez izatea.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 2831. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2023ko abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.

17. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Erabaki honetako laguntzak ez dira bateragarriak finantzagarriak diren kostu berak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, administrazio edo erakunde publiko zein pribatuek, nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko erakundeek eman.

Onuradunek adierazi beharko dute ez dutela funts publikoko inolako laguntzarik jaso finantzagarriak diren kostu berak dituzten jarduerak finantzatzeko. Gainera, adierazpen hori eguneratu beharko dute inoiz hasieran adierazitakoa aldatzen bada.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko otsailaren 29an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2403797