51. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

552/2024 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako Foruzaingoko komisarioen 8 lanpostu betetzeko.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza hori Estatuko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako berritze-tasari zegokion, eta hartan sartu ziren, besteak beste, Nafarroako Foruzaingoko komisarioen 8 lanpostu, funtzionario araubidekoak eta A mailakoak.

Hala xedatzen baitu 41. artikuluan azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legeak, Nafarroako Poliziei buruzkoak, komisarioen lanpostu hutsak beteko dira, deitutako lanpostu hutsen gainean, inspektore lanpostua dutenen barne igoeraren bidez. Horretarako, oposizio-lehiaketa eginen da.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da deialdia eta dagozkion oinarriak onestea Nafarroako Foruzaingoko komisarioen 8 lanpostu betetzeko barne igoeraren bidez, oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez. Lanpostu horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea, Nafarroako Foruzaingoko komisarioen 8 lanpostu betetzeko barne igoeraren bidez, oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez. Lanpostu horiek Nafarroako Foruzaingoari atxikirik daude, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak dira.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari, Barne Zuzendaritza Nagusiari, Foruzaingoko buruari eta epaimahaikideei.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

DEIALDIA, NAFARROAKO FORUZAINGOKO KOMISARIOEN 8 LANPOSTU BETETZEKO BARNE IGOERAREN BIDEZ, OPOSIZIO-LEHIAKETAREN PROZEDURAREN BIDEZ

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea Nafarroako Foruzaingoko komisarioen 8 lanpostu betetzea da. Lanpostu horiek funtzionario araubidekoak eta A mailakoak dira, Nafarroako Foruzaingoari atxikirik daude, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak dira. III. eranskinean jasota daude bakoitzaren lanpostu zenbakia eta destinoa.

1.2. Zortzi lanpostu hutsak txanda hauetan banatuko dira:

a) 5 lanpostu barne igoerako txandan, Nafarroako Foruzaingoko kide finkoentzat (barne igoerako txanda).

b) 3 lanpostu igoera txanda irekian, Nafarroako polizia kidego guztietako kide finkoentzat (igoera txanda irekia).

1.3. Igoera txanda irekian betetzen ez diren lanpostuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio.

Barne igoerako txandan lanpostu hutsen bat bete gabe gelditzen bada izangaiak hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabekotzat joko da, eta ez zaie gehituko igoera txanda irekikoei.

Barne igoerako txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.4. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldia egin aurretik zehaztuko da zenbat lanpostu huts hauta daitezkeen txanda bakoitzean. Ekitaldi hori deialdiaren 8. oinarrian aipatzen da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Hautapen prozedura hau honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz gauzatuko da: azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzkoa; abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena; abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; martxoaren 25eko 30/2005 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituena; azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan; aplikatu beharreko gainerako arauak; eta deialdiaren oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan, barne igoerako txandan, onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Barne igoerako txandako izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostuaren jabetza hartu zuen egunetik.

b) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

c) Titulu hauetako bat izatea: gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Bigarren jarduerako egoera administratiboan deklaratua ez izatea.

3.1.2. Igoera txanda irekiko izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, Nafarroako polizia kidego bateko inspektore lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

c) Titulu hauetako bat izatea: gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Bigarren jarduerako egoera administratiboan deklaratua ez izatea.

3.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

3.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

4.–Eskaerak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikorako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

4.3.1. Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta eta telematika bidez, aurreko apartatuan adierazitako helbidea erabiliz:

Bat.–Oposizio-lehiaketan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, bi igoera txandetako edozeinetan parte hartzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiaren 3. oinarriko 3.1.1.c) eta 3.1.2.c) apartatuetan eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Alegaturiko merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, II. eranskineko baremoaren araberakoak, eta, horiekin batera, alegatzen diren merezimenduak jasotzen dituen zerrenda bat.

Izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

Aurrekoa gorabehera, barne igoerako txandan parte hartzen dutenek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Bestalde, igoera txanda irekian parte hartzen dutenek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Igoera txanda irekian parte hartzen dutenek egindako zerbitzuei buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eskumena duen administrazio publikoak emana, non zehatz-mehatz agertuko baita zer zerbitzu eman den lanpostu bakoitzean, II. eranskineko baremoari jarraikiz, berariaz adierazita zer egunetan hasi eta bukatu ziren zerbitzu horiek, bai eta egokitzat jotzen den beste edozein datu ere.

Bi.–Igoera txanda irekian parte hartzea eskatzen duten izangaiek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

Organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela inspektore lanpostuan, jabetza hartu zuen egunetik hasita; orobat agertuko da jatorrizko lanpostuan zer-nolako egoera administratibotan dagoen interesduna (jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian), zein den haren lanbide-identifikazioko zenbakia, eta Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den.

4.3.2. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.5. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan izangaien datu hauek baizik ez dira jasoko: lanbide-identifikazioko zenbakia, izangaia Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den, eta zein igoera txandatan aurkezten den.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Eduardo Sainz de Murieta García de Galdeano jauna, Foruzaingoko komisario nagusia, Ikerketa Kriminalaren Arloko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Gerardo Goñi Ilundain jauna, Foruzaingoko komisario nagusia, Ikuskapen Orokorraren Arloko burua.

Epaimahaikidea: Miguel Ángel Azanza Moreno jauna, Foruzaingoko inspektoreordea, Barne Segurtasuneko Brigadaren Justiziako Taldeko burua.

Ordezkoa: Unai Alzualde Espinal jauna, Foruzaingoko inspektoreordea, Bide Segurtasuneko 2. Taldeko burua.

Epaimahaikidea: José Antonio Goicoa Andrés jauna, Foruzaingoko inspektorea, Barne Araubideko Brigadako burua.

Ordezkoa: Mikel Lorda Beola jauna, Foruzaingoko inspektoreordea, Barne Segurtasuneko Brigadaren Segurtasun Pribatuaren Taldeko burua.

Epaimahaikidea: Iosune Sánchez Hernández andrea, Langileen Batzordea ordezkatuz.

Ordezkoa: Maialen Izan de la Fuente Roldán de Aranguiz andrea, Langileen Batzordea ordezkatuz.

Idazkaria: Diego Izco Valle jauna, Foruzaingoko inspektoreordea, Herritarren Babeserako eta Arretarako Lizarrako Taldeko burua.

Ordezko idazkaria: Ignacio Alli Turrillas jauna, Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldeko agente lehena.

6.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin epaimahaia eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia-egoera justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Epaimahaiak oposizio-lehiaketaren elementu hauek baloratuko ditu, elkarren segidan eta hurrenkera honetan:

a) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko ezagutzen gaineko proba teoriko-praktikoa: gehienez ere ehun eta berrogeita hamar (150) puntu.

b) Proba psikoteknikoak: gehienez ere hirurogeita hamar (70) puntu.

c) Lehiaketaren merezimenduak:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

–Sariak: gehienez ere bi koma berrogeita hamar (2,50) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita hiru koma berrogeita hamabi puntu (23,52).

7.2. Hautaprobak 2024ko irailetik aurrera izanen dira.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean lehen proba egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

Proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren webgunean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Hautapen prozedura deialdiaren oinarri honetako hurrengo apartatuetan zehazten da. Hautaprobak deialdiko I. eranskinean adierazten diren gaiei buruzkoak izanen dira, eta aipatu eranskinean ezarritako ordena berean eginen dira.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

7.3. Ezagutzen proba teoriko-praktikoa.

100 galderari erantzun beharko zaie idatziz, Nafarroako Foruzaingoko komisario lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz (I. eranskinean dago gai-zerrenda). Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzarengatik zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena kenduko da.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko, ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik edo gailu elektronikorik erabili ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Proba 150 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 75 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek proba honetan lortzen dituzten puntuazioak.

7.4. Proba psikoteknikoak.

Galdetegi batzuk bete beharko dira izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak ezagutzeko, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko du proba hori. Ebaluazio talde berak eginen die proba izangai guztiei, eta diskrezioz jokatuko da, halako moduan non bermatu beharko baita ebaluazio taldeak ez duela jakinen zein izangairi dagozkion aurreko probaren emaitzak.

Unitate horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 70 puntura baloratuko da.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek proba honetan lortzen dituzten puntuazioak.

7.5. Lehiaketako merezimenduen balorazioa.

Epaimahaiak aurreko probak gainditu dituzten izangaiek alegatzen eta justifikatzen dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko ditu.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu horiek frogatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira online eskaeran, 4.3 oinarrian adierazitako helbidearen bitartez, eta, horiekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, adieraziz zer merezimendu alegatzen diren.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.6. Proba guztiak bukatuta eta merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

Erreklamazioen epea igarota eta horiek ebatzita, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Probak bukatu eta merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian argitaratuko du oposizio-lehiaketako probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, igoera txandaren arabera bereizirik (barnekoa eta irekia), lortutako puntuazio-ordenan, handienetik txikienera, oposizio-lehiaketako elementu bakoitzean lortutako puntuazioak batuta. Orobat, kontuan hartuko da euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela beharreko lanpostu hutsen atxikipen eremuaren arabera.

Berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzurako lanetan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, izangai zaharrenaren alde joko da.

8.2. Lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen eginen da.

Lehendabizi, barne igoerako txandako izangaiek aukeratuko dute lanpostu hutsa, hots, Nafarroako Foruzaingoko kide direnek; bigarrenik, igoera txanda irekiko izangaiek aukeratuko dute.

8.3. Barne Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia deituko du, eta zehaztuko du zein den aukeraketa egiteko epea. Horretarako, honako hauek emanen ditu argitara: hauta daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda; txanda bakoitzean zenbat lanpostu hauta daitezkeen, deialdi honen lehenengo oinarriarekin bat; eta txanda bakoitzeko izangaien zerrenda, lanpostu hutsak aukeratzeko duten lehentasun-ordenari jarraikiz, eta puntuazioaren arabera ordenatuta, aintzat hartuta euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela bete beharreko lanpostu hutsen arabera.

Informazio hori deialdiaren fitxan jarriko da jendaurrean, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zein lanpostu nahiago duten, Nafarroako Foruzaingoko komisarioen lanpostu hutsen artetik.

9.–Prestakuntza ikastaroa.

9.1. Behin lanpostu hutsak aukeraturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio prestakuntza ikastaroan onartu diren izangaien zerrenda. Onartutako izangaien kopurua ezin da izan deialdiko lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa. Zerrenda hori ere Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki taulan argitaratuko du.

Horrekin batera, eta aldi berean, epaimahaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari behar den komunikazioa igorriko dio, hark zehaztu ditzan prestakuntza ikastaroa hasteko eguna, ordua, tokia eta bestelako jarraibide batzuk.

9.2. Ikastaroa egiteko, onartuen zerrendan ageri diren izangaiek zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa eskatuko diote kide diren Nafarroako administrazio publikoari, Nafarroako Foruzaingoko komisario lanpostuan sartzeko prestakuntza ikastaroa hasten den egunetik aurrerako ondorioekin. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan eta abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoarekin.

9.3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko dizkio.

Ikastaroak iraun bitartean, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitako izangaiek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, indarreko araudiarekin bat.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, izangaiek berehalakoan itzuli beharko dute jardunera, jatorrizko administrazioan zerbitzu berezietan deklaratuak izan aurretik zuten lanpostura.

9.4. Prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz arautuko da (Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesteko foru dekretua).

Ikastaroaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

Ezin dira izendatu "ez gai" kalifikazioa lortzen dutenak.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan "gai" kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

9.5. Kalifikazio epaimahaiak izangaiek prestakuntza ikastaroan erdietsitako kalifikazioak jaso eta espedientean bilduko ditu, gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (hautapen prozesuan ateratako guztirako puntuazioaren arabera) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio izendapen proposamena.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruzko fitxan ere, 11. oinarrian aurreikusitakoarekin bat, eta izangaiei eskatuko zaie beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezatela.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak Nafarroako Foruzaingoko komisario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak.

10.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiek Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emanen dute eta bertan afiliatuko dira, eta araubide horrek babestuko ditu, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean afiliatuta badaude aurrez; orduan babes araubide horretan irautea erabakitzen ahalko dute izendatuak izan aurretik, edo aipatutako Gizarte Segurantzaren araubide orokorrera afiliatzen ahalko dira.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangaiek izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostuaz jabetzen ez direnek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario bihurtzeko eta Nafarroako Foruzaingoko komisario lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei eta balorazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, helbide honetan argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Enplegu publikoaren deialdiak" atalean, deialdi honi dagokion fitxan.

12.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

6. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

7. gaia.–Administrazio egintzak: Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

8. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

9. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean: Administrazio publikoen organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

10. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: Administrazio Elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

11. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

13. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Gardentasuna jarduera publikoan". III. kapitulua, "Publizitate aktiboa". III. titulua: I. kapitulua, "Arau orokorrak". II. kapitulua, "Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura". III. kapitulua, "Aurkaratze araubidea". VI. titulua: "Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua".

14. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

15. gaia.–7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa: I. kapitulua, "Xedapen orokorrak". II. kapitulua, "Printzipioak, tratamenduaren zilegitasuna eta bideozaintza". III. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

16. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: I. titulua. Berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.

17. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa: I. titulua. "Xedapen orokorrak". V. titulua. "Arretarako eta oneratzeko baliabideak eta zerbitzuak". VII. titulua. "Poliziaren arreta eta babes eraginkorra". VIII. titulua: I. kapitulua, "Laguntza juridiko espezializatua".

18. gaia.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

19. gaia.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

20. gaia.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa: Hitzaurrea. I. kapitulua, "Xedapen orokorrak". II. kapitulua, "Dokumentazio eta identifikazio pertsonala". III. kapitulua, "Herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak". V. kapitulua, "Zehapen araubidea" (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era eta 52. artikulua). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

21. gaia.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun indarrek eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzkoa.

22. gaia.–Zigor Kodea: Atariko titulua: "Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa". I. liburua: I. titulua, "Zigor arloko arau-hausteak". II. titulua, "Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak". V. titulua: I. kapitulua, "Erantzukizun zibila eta horren hedadura". II. kapitulua, "Erantzukizun zibila duten pertsonak".

23. gaia.–Prozedura Kriminalaren Legea. II. liburua: I. titulua: "Salaketa". III. titulua: "Polizia judiziala". V. titulua: "Delitua egiaztatzea eta delitugilea nor den ikertzea". VI. titulua: II. kapitulua, "Atxiloketa". IV. kapitulua, "Defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua".

24. gaia.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, "Habeas Corpus" prozedura arautzen duena. Espainiako zigor-arloko jurisdikzio-ordena eta Nafarroako barruti judizialak.

25. gaia.–769/1987 Errege Dekretua, ekainaren 19koa, Polizia Judiziala arautzeari buruzkoa.

26. gaia.–227/2023 Foru Dekretua, urriaren 25ekoa, Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi, ordutegi eta ordainsarien erregelamendua onesten duena.

27. gaia.–132/2021 Foru Agindua, urriaren 8koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Foruzaingoaren zerbitzu karta emakumeen kontrako indarkeria kasuetan jarduteko.

28. gaia.–56/2017 Foru Agindua, apirilaren 5ekoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren araubidezko armak arautzen dituena.

29. gaia.–170/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Ikuskapen Orokorraren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

30. gaia.–171/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

31. gaia.–172/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

32. gaia.–173/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Herritarren Segurtasunaren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

33. gaia.–174/2016 Foru Agindua, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Ikerketa Kriminalaren Arloaren egitura organikoa garatzen duena.

34. gaia.–72/2016 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua.

35. gaia.–55/2010 Foru Dekretua, irailaren 13koa, Nafarroako Foruzaingoko funtzionarioen jardueran laneko arriskuen prebentziorako arauak ezartzen dituena.

36. gaia.–85/2008 Foru Agindua, otsailaren 20koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren uniforme, ezaugarri eta kredentzialei buruzkoa.

37. gaia.–57/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua.

38. gaia.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena.

39. gaia.–27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

40. gaia.–Polizia-deontologia: definizio orokorrak; aplikatzeko araudia; polizia-deontologia eta giza eskubideak Nafarroako Foruzaingoan.

41. gaia.–Kriminologia: kontzeptua. Kriminalitatea eta Delitua. Kriminologiaren funtzioak: delituaren azalpen soziologikoa, biologikoa eta psikologikoa. Kriminologia eta polizia-lana.

42. gaia.–Plangintza estrategikoa, prozesuetan oinarritutako kudeaketa eta aginte-koadroak.

43. gaia.–Kudeaketa aurreratuaren eredua.

44. gaia.–Lidergoa.

45. gaia.–Gatazkak konpontzeko bitartekaritza.

46. gaia.–Suizidioa. Jokabide suizidei loturiko aldagaiak. Osasun sistemaren erantzuna suizidioaren aurrean. Bizirik ateratzen direnak. Jokabide suizidak zaintzeko protokoloa Foruzaingoan.

47. gaia.–Polizia-inteligentzia. Inteligentziaren hastapenak: informazioaren zikloa. Analisi kriminalaren kontzeptua eta aplikazioak.

48. gaia.–Erakunde eta talde kriminalak. Gazte talde biolentoak.

49. gaia.–Genero indarkeria. Genero indarkeriaren subjektuak: erasotzaileak eta biktimak. Indarkeriaren zikloa. Protokoloa genero indarkeriaren arrisku mailaren polizia-balorazioa egiteko eta biktimen segurtasuna kudeatzeko.

50. gaia.–Delitugilea: delituen tipologia. Delitugile arrunta. Delitugile bortitza. Delitugile sexuala. Delitugile gazteak. Adingabearen erantzukizun penala. Ziberdelinkuentzia.

51. gaia.–Biktima: sarrera eta esparru kontzeptuala. Biktimizazio motak. Delituak biktimarengan dituen ondorioak. Biktima motak. Beldurra eta delitua. Polizia eta biktima.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO LEHIAKETAREN BAREMOA

A) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

a) Nafarroako polizietan egindako zerbitzuak:

a.1) Nafarroako polizietan, polizia edo agente lanpostuan, lanpostu finkoa izanda benetan egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: zero koma hirurogeita hamabost (0,75) puntu.

a.2) Nafarroako polizietan, kabo edo agente lehen lanpostuan, lanpostu finkoa izanda benetan egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: puntu bat (1).

a.3) Nafarroako polizietan, inspektoreorde lanpostuan, lanpostu finkoa izanda benetan egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: bat koma hogeita bost (1,25) puntu.

a.4) Nafarroako polizietan, inspektore lanpostuan, lanpostu finkoa izanda benetan egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: bat koma berrogeita hamar (1,50) puntu.

a.5) Nafarroako polizietan, komisario lanpostuan, bitarteko izaeraz egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: bat koma hirurogeita bost (1,65) puntu.

b) Administrazio publiko baten menpe, beste segurtasun indar eta kidego batzuetan, lanpostu finkoa izanda, egindako zerbitzuak: zerbitzu urte bakoitzeko, 0,75 eta 1,50 puntu artean, a.1) ataletik a.4) atalera ezarritako banaketaren arabera, dagokion polizia kidegoan zer lanpostu edo kategoria dauden, horren arabera.

c) Edozein administrazio publikotan Nafarroako polizia kidegoetakoak edo udaltzain zerbitzuetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: zero koma hogeita bost (0,25) puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: zero koma hamar (0,10) puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere hamar (10) puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (1) balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko (1) iraupena agertzen duten ziurtagiriei hamabi (12) kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea, nahiz eta erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatutakoak.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: hiru (3) puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa den.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere bi (2) puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere lau (4) puntu.

5) Doktore edo lizentzia maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere bi (2) puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere lau (4) puntu.

Oharrak B) atal osorako:

1. Poliziaren eginkizunari lotutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honetan. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko prestakuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa hogeita bost (25) puntukoa izanen da, gehienez.

C) Sariak: gehienez ere 2,50 puntu eskuratzen ahalko dira.

1. Zerbitzu Goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

D) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita hiru koma berrogeita hamabi (23,52) puntu.

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira: 5 puntu bakoitzagatik, gehienez ere.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 8,52 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak D) atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5 (edo baliokideak).

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

III. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORUZAINGOKO KOMISARIOEN LANPOSTU HUTSAK

LANPOSTU ZK.

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN
ESPARRUA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

HERRIA

EREMUA

5617

BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DPTU.

BARNE ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

5619

BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DPTU.

BARNE ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

5936

BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DPTU.

BARNE ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

11275

BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DPTU.

BARNE ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

11276

BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DPTU.

BARNE ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

11277

BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DPTU.

BARNE ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

11278

BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DPTU.

BARNE ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

11279

BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DPTU.

BARNE ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

MISTOA

Iragarkiaren kodea: F2402912