50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

27/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan ezartzen den Arbitraje Batzordeko kideak eta idazkaria.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa abenduaren 16ko 28/1990 Legearen bidez onetsi zen, eta haren 51. artikuluan Arbitraje Batzordearen araubidea ezartzen da, gatazkak ebazteko organo gisa, honako eginkizun hauek esleitzen zaizkiolarik:

a) Hitzarmen hau banakako zerga harremanei buruzko kasu zehatzetan aplikatu eta interpretatzearen ondorioz administrazio interesdunen artean sortzen diren gatazkez arduratzea.

Bereziki, Hitzarmen Ekonomikoan jasotako lotura puntuen aplikazioari buruzko kontsulten inguruko desadostasunak ebaztea, horietan adostasunik ez badago Koordinazio Batzordearen barruan, bai eta hitzarmen ekonomiko honen 46 bis artikuluan aurreikusitako kasuei buruzkoak ere.

b) Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta beste autonomia erkidego bateko administrazioaren artean auzi hauen gainean sortzen diren gatazkak konpontzea: Nafarroako Foru Komunitateak ordainarazi behar dituen tributuen lotura puntuen aplikazioa eta, sozietateen gaineko zergan edo balio erantsiaren gaineko zergan, baterako tributazioa egiten denean administrazio bakoitzari dagokion proportzioa zehaztea.

c) Zergadunen helbideratzea dela-eta sor daitezkeen desadostasunak konpontzea.

51.2 artikuluan ezartzen denez, Arbitraje Batzordea hiru kidek osatuko dute; kide horiek ogasun arloko eskumena duen ministroak (gaur egun lehen presidenteorde eta Ogasuneko ministroak) eta Nafarroako Gobernuan ogasun arloko eskumena duen kontseilariak (gaur egun Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak) izendatuko dituzte, zergen edo ogasunaren arloko izen handiko adituen artean, sei urteko aldi baterako, zeina gehienez urtebete luzatzen ahalko baita.

Ildo beretik jotzen du Arbitraje Batzordearen Erregelamenduak, zeina martxoaren 24ko 353/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen. Erregelamendu horren 5.1 artikuluak aditzera ematen du arbitroen izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dela.

Arbitraje Batzordeko kideen kargualdia iraganik, berriro, batzordearen osaera berritu eta beste izendapen bat egin behar da.

Orobat, aipatu erregelamenduaren 7. artikuluak ezartzen duenez, Arbitraje Batzordean idazkari bat izanen da, Estatuko Administrazio Orokorraren edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langile bat, nahitaez; aldiz, idazkari lanetan aritzen dena ezin da izan Arbitraje Batzordeko kide. Idazkaria txandaka eta hiru urteko aldietarako izendatuko dute Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak eta Nafarroako Gobernuan zerga arloko eskumena duen kontseilariak.

Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroaren 2021eko abenduaren 28ko Aginduaren bidez eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 31E/2021 Foru Aginduaren bidez, Arbitraje Batzordeko idazkari izendatu zen Zerga Administrazioaren Nafarroako Ordezkaritza Bereziko Erakundeen Harremanetarako Eskualde Bulegoko burua.

Arbitraje Batzordearen idazkari kargua hutsik gelditu da hari dagokion kargualdia amaitu aurretik, eta, horrenbestez, beste norbait izendatu behar da, hiru urteko epe hori osatu arte gelditzen den denboran idazkariaren eginkizunetan aritu dadin.

Azaldutakoarekin bat, eta Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan eta Arbitraje Batzordearen Erregelamenduaren 7. artikuluan ezartzen dena betez,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Kargutik kentzea Eugenio Simón Acosta jauna, Arbitraje Batzordeko burua.

Bigarrena.–Antonio Vázquez del Rey Villanueva jauna izendatzea Arbitraje Batzordeko buru.

Hirugarrena.–José Antonio Asiain Ayala jaunaren eta Ismael Jiménez Compaired jaunaren izendapenak berritzea, Arbitraje Batzordeko kide gisa.

Laugarrena.–Ana Blanco Guada andrea, Nafarroako Ordezkaritza Bereziko Erakundeen Harremanetarako Eskualde Bulegoari atxikita dagoen Ogasuneko kidego teknikoko funtzionarioa, Arbitraje Batzordeko idazkari izendatzea.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ondorioak izanen ditu 2024ko martxoaren 15etik aurrera.

Iruñean, 2024ko otsailaren 28an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2403553