50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4/2024 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baita Abartzuzako Udalaren proposamena, lurzati hauei buruzko oinarrizko datuak kolektiboki berritzekoa: Abartzuzako 2. poligonoko 231., 232., 233., 234., 235., 239., 240., 243., 244., 245., 248., 679., 250., 251., 252., 253. eta 254. lurzatiak.

AURREKARIAK

2023ko uztailaren 21ean, Abartzuzako Udalak zerbitzu honetan aurkeztu zuen arestian adierazitako lurzatien oinarrizko datuak kolektiboki berritzeko prozedurari buruzko dokumentazioa. Prozedura hori Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legearen 28.bis artikuluan araututa dago.

Dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztu zen, eta 2023/1013396 erregistro zenbakia eman zitzaion. Dokumentazioa agiri hauek osatzen dute:

I.–Alkatetzaren Ebazpena, 2023ko otsailaren 3koa, zeinaren bidez erabakitzen baita Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legearen 28.bis artikuluan araututako prozeduraren tramitazioa abiaraztea, Lur-ondasunen Erregistroan modu okerrean edo dibergentean inskribatuta dauden lursail horien oinarrizko datuak aldatzeko.

II.–Abiarazteko ebazpen hori, 2023ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 16koan.

III.–Udal idazkariak 2023ko uztailaren 21ean egindako ziurtagiria, alkateak ontzat emana.

IV.–Berritzeak ukitutako higiezinen mugarritze grafiko berriaren eta ezarri zaizkien ezaugarrien iragarkia. 2023ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 11koan.

V.–Aipatutako lurzatien irudikapen grafiko berria erakusten duten artxibo grafikoak.

OHAR TEKNIKO ETA JURIDIKOAK

Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako dokumentazioa ikuspuntu teknikotik eta juridikotik.

Lehena.–Ikuspuntu teknikotik, jotzen da berritze kolektiboaren prozedurak ukitutako lurzatien mugarritze grafiko berria eta ezarri zaizkien ezaugarriak indarreko araudi teknikoarekin bat datozela.

Bigarrena.–Ikuspuntu juridikotik, egiaztatzen da Abartzuzako Udalak bete duela Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legearen 28.bis artikuluan araututako prozedura, nahitaez bete beharreko tramite hauek ezartzen dituena:

1. Prozedura abiarazteko ebazpena. Esan bezala, 2023ko otsailaren 3an eman zen.

2. Abiarazteko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. 2023ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 16koan, eta horrekin hilabeteko adierazpen epe bat hasi zen, ukitutako titularrek beren jabetza tituluak eta egokitzat jotzen dituzten gainerako agiriak aurkeztu ahal izateko.

3. Adierazpen epe hori bukatuta, udalak ukitutako eremuaren mugarritze grafiko berria egin behar du eta, horrekin batera, ondasunen titulartasunak esleitu eta ezaugarriak eta balorazioa ezarri.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratu behar da, adierazteko mugarritze grafiko berria bukatu dela eta jendaurrean dagoela udal bulegoetan 15 eguneko gutxieneko epe batez. Adierazi bezala, iragarki hori 2023ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 11koan, eta 15 eguneko jendaurreko epe bat ireki zen, interesdunek kontsulta zezaten espedientearen dokumentazioa eta aurkez zitzaten komenigarritzat jotzen zituzten alegazioak.

5. Zerbitzu honetara udal espedientearen dokumentazioa igortzea aurkeztutako alegazioekin eta mugarritze grafiko berriaren proposamenarekin batera. Ebazpen honen aurrekarietan aipatu denez, 2023ko uztailaren 21ean udal idazkariak ziurtagiri bat egin zuen, alkateak ontzat emana, zeinean adierazten baita, egindako jendaurreko aldien berri eman ondoren, legezko epeak bukatu direla eta ez dela inolako alegaziorik aurkeztu.

6. Zerbitzu honetako zuzendariaren ebazpena, oinarrizko datuak berritzeko proposamena onesteko; ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; eta oinarrizko datu berri horiek zuzenean inskribatzea Lur-ondasunen Erregistroan.

Hirugarrena.–Abartzuzako Udalak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, oinarrizko datuak berritzeko udal proposamena aski funtsaturik dagoela iritzita, bidezkoa da hura onesteko ebazpena ematea, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legearen 28.bis artikuluko 7. apartatuari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36. artikuluak eta Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuaren 42. artikuluak eta hurrengoek eta 72. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Abartzuzako Udalaren proposamena, lurzati hauei buruzko oinarrizko datuak kolektiboki berritzekoa: Abartzuzako 2. poligonoko 231., 232., 233., 234., 235., 239., 240., 243., 244., 245., 248., 679., 250., 251., 252., 253. eta 254. lurzatiak.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legearen 28.bis artikuluko 7. apartatuan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Lur-ondasunen Erregistroaren Ataleko buruari agintzea bere kargura dauden langileei behar diren jarraibideak eman diezazkien, egindako aldaketaren mantentze-lanak egin ditzaten katastroan, hura argitaratu ondoren.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Abartzuzako Udalari, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legearen 18.4 artikuluarekin bat.

Bosgarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea onetsi den berritze kolektiboak ukitutako lurzatien katastroko titularrei, eta adieraztea ezen ebazpen honek ez duela amaitzen administrazio bidea, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez daitekeela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzenduta, hilabeteko gehieneko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legearen 28.bis artikuluko 7. apartatuko 2. paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.

Iruñean, 2024ko otsailaren 5ean.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.

Iragarkiaren kodea: F2402543