50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

91E/2024 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita, aldekoa, Doneztebeko Udal Plana 2. poligonoko 212., 522. eta 590 lurzatietan aldatzeari buruz, Jose Diego Sarratea Arreguik sustaturik.

Aldaketa hori Udalak 2023ko maiatzaren 24an onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2023ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8koan.

Aldaketaren helburua herriko hiri-lurzorua handitzea da, lurzoru urbanizaezineko 212. eta 590. lurzatiek eta hiri-lurzoru finkatugabeko 522. lurzatiak partez osatuko duten eremu bat erantsiz (lurzati horiek guztiak 2. poligonoan daude).

Eremua herrigunearen hego-mendebaldean dago, etorkizuneko saihesbide baterako erreserbatutako espazioaren (mendebaldeko muga), Ezkurra ibaiaren eta ur-bidearen (iparraldea) eta UN3 eta UC2 unitateetako (ekialdea eta hegoaldea) hiri-lurzoruaren artean. 4.329,41 m²-ko azalera du eta Ezkurra ibaiaren eskuinaldean dago. Ibaiarekin desnibel handi samarra dago, eta, hortaz, uholdeen eragin eremutik kanpo geratzen da.

Proposamenak berekin dakar eremu hori bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatzea. Bertan, familia bakarreko 6 etxebizitza ezartzea aurreikusten da, sarbidea Ameztia bidetik izanen dutenak. Iparraldeko mugan berdegunea erreserbatzen da (1.051,70 m²), mugakide den berdeguneari jarraipena emanez (UN-3koa), eta, horrela, Quercus rubra, Castanea sativa eta Corylus avellana espezieen formazioak finkatuko dira, zeinak ur-bidearen ertzeko ezpondan hedatzen ari baitira.

Aldaketa hau planteatzen da ingurumen balio handiko elementurik ez duten belardietan. Hornidurarako oinarrizko azpiegiturekiko loturari dagokionez, Ameztiako bidetik eta 590. lurzatiko bidetik abiatzea planteatzen da, eta, beraz, ez da aurreikusten ingurumen ukipenik. Proposamena ingurumenean integratzeko, beharrezkoa da desnibelak tratatzea eta integratzea, Doneztebeko Udal Plan Orokorraren 73. artikuluak adierazten duen bezala.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematen da, aldekoa, Doneztebeko Udal Plana 2. poligonoko 212., 522. eta 590 lurzatietan aldatzeari buruz, Jose Diego Sarratea Arreguik sustaturik, ingurumen ukipen nabarmenik eragiten ez duela iritzita.

Aldaketaren ingurumen integrazioa hobetzeko asmoz, Plan Partzialerako neurri gisa proposatzen da urbanizazio prozesuan azalera iragazkorrak maximizatzea iragazgaitzen kaltetan, urbanizazioaren egikaritze materialean ingurumen inpaktu baxua bermatuz eta lurzoruaren zigilatze masiboa saihestuz, hori guztia uraren ziklo naturalean ahalik eta gutxien eragiteko asmoz. Hori, bereziki, aparkaleku publikoetan aplikatu beharko da, non zoru iragazkorrak jartzea lehenetsiko baita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Doneztebeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2402933