50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

87E/2024 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ingurumeneko zuzendari nagusiak ekainaren 17an emandako 568E/2021 Ebazpena. Ebazpen horren bidez, ingurumen baimen integratua eman zitzaion Cárnicas Iruña SAk Irunberriko udal mugartean duen instalazioari.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 17ko 568E/2021 Ebazpenaren bidez, instalazio horri ingurumen baimen integratua eman zitzaion.

Horri dagokionez, akats bat atzeman da, hots: ez da sartu suteen aurkako babes neurriei buruzko VIII. eranskina.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125 artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzea kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio. Orobat, akats zuzenketan aipatu beharko dira zuzenketaren ondorio juridikoak eta, jakinarazi edo argitaratu diren egintzak direnean, nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko da zuzenketa.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 26.4.c) artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen baimen integratua ofizioz berrikusiko da prozesuaren edo jardueraren funtzionamenduaren segurtasuna dela-eta beharrezkoa denean beste teknika batzuk erabiltzea.

Hortaz, bidezkoa da instalazio horren ingurumen baimen integratua ofizioz berrikustea Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako emisioei buruzko Erregelamenduaren 16. artikuluan araututako prozeduraren bidez (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua), suteen kontra babesteko neurriak jasotzeko.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.g) artikuluan ezarritakoarekin,

EBAZTEN DUT:

Aldatzea Ingurumeneko zuzendari nagusiak ekainaren 17an emandako 568E/2021 Ebazpena, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua eman baitzitzaion Cárnicas Iruña SAk Irunberriko udal mugartean duen instalazioari. Aldaketaren helburua da atzemandako akatsa zuzentzea, "Suteen aurkako babes neurriak" izeneko VIII. eranskina gehituz, zeina ebazpen honi erantsi baitzaio.

Bigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Cárnicas Iruña SAra, Irunberriko Udalera, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2402932