50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2024 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoen oinarriak onesten dituena eta horietarako deialdia egiten duena 2024-2025 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluak xedatzen du kirol irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntza gisa integratuko direla hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan irakaskuntza horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da irakaskuntza mota bakoitzaren curriculuma ezartzea, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartuta betiere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol irakaskuntzetako zikloetan sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. apartatuan xedatzen da ezen titulua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen errege dekretuak zehaztuko dituela proba espezifikoen egitura, irakastorduak, edukia eta ebaluaziorako irizpideak, bai eta kasuan kasuko zikloan sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen du ezen, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako kirol modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortu artean, kirol modalitate eta espezialitateak irakatsiko direla kasuan kasuko titulua eta gutxieneko irakaskuntzak arautzen dituen errege dekretuan xedatu bezala, salbu eta aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. apartatuetan zehazten diren alderdiei dagokienez.

Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol irakaskuntzetan sartzea arautzen du, eta 1. apartatuan xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan ezarritakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak salbuetsiko dira kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol irakaskuntzetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da egokiak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murrizketa bidegaberik ekar ez dezan.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako irakaskuntzen indarraldia ezartzen du, eta 2. apartatuan, berriz, adierazten du honako hauek salbuetsiak egonen direla irakaskuntza horietan sartzeko proba espezifikoetatik: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean, autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat hartzen dituztenak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak izan direla edo sailkatu direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. apartatuko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du, irakaskuntza horietan sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifiko bat gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. apartatuarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzerakoan.

Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ezartzeak berekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen eredu baten alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin lankidetzan aritzea ere.

Martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuak eta martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen dituzte Mendi Kirolak eta Eskalada kirol modalitateko espezialitateetan, bai eta horiei dagozkien gutxieneko irakaskuntzak eta horietan sartzeko probak eta baldintzak ere.

Azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuak kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen ditu Arroilak, Mendia eta Eskalada espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen ditu.

Martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuak kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen ditu Futbola eta Areto-futbola espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

933/2010 Errege Dekretuak hipikako diziplina hauetako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu: jauzia, heziera eta lehiaketa osoa, batetik, eta erresistentzia, orientazio eta zaldi turismoa, bestetik. Horrekin batera, titulu horietako gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu, bai eta horietan sartzeko baldintzak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legeak, 36. artikuluan, 14. eta 15. tarifak sortu zituen, honako kontzeptu hauei dagozkienak, hurrenez hurren: araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoan izena ematea, eta "Mendi Kirolak eta Eskalada", "Futbola" eta "Atletismoa" modalitateetan araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoan izena ematea.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena –Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak, 2024-2025 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiari buruzkoa–, eta erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoen oinarriak, 2024-2025 ikasturteari dagozkionak, eta proba horietarako deialdia egitea, ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

Iruñean, 2024ko otsailaren 7an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

1. ERANSKINA.–OINARRI OROKORRAK

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen bidez, 2022. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak egiteko, 2023-2024 ikasturteari dagozkionak.

2. Deialdi honetako probak araubide bereziko kirol irakaskuntza hauetan sartzeko egiten dira:

a) Mendi Ibilietako erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloa.

b) Mendi Ertaineko erdi mailako irakaskuntzen bukaera zikloa.

c) Eskaladako erdi mailako irakaskuntzen amaiera zikloa.

d) Futboleko erdi mailako irakaskuntzen lehen ikasmaila.

e) Atletismoko erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloa.

f) Hipikako erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloa.

g) Hipikako Diziplinetako erdi mailako irakaskuntzen amaiera zikloa (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa).

2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.

1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, izena emateko orrian, salbuespena eskatuko dute, horretarako adierazitako atalean. Horretarako, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.

2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako arrazoiak, harik eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean ezarritako modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortzen diren arte.

3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, inskribatzeko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.

3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera probak.

1. Desgaitasuna duten pertsonek egoera hori frogatzen duen egiaztagiria, erakunde eskudunak emana, aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.

2. Hezkuntza Departamentuak txosten bat eskatuko dio erakunde eskudunari, horren bidez epaimahaiak baloratu ahal izateko izangaiak gai diren edo ez irakaskuntza hauek probetxuz egiteko –kontuan harturik bakoitzaren desgaitasunaren maila, ezaugarriak eta mugak–, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.

3. Epaimahaiak egokitzen ahalko ditu egoera horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak. Nolanahi ere, errespetatu beharko dira urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko irakaskuntzak eta horietan sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol irakaskuntzetarako definitzen diren helburuak ere.

INSKRIPZIOA

4.–Sarrera proba espezifikoetan izena ematea.

1. Honela ematen ahalko da izena:

a) Aurrez aurre: aukeratutako kirol irakaskuntzak zer ikastetxetan ezarrita dauden, ikastetxe horren bulego administratiboetan.

b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:

–"Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak: Mendi Kirolak eta Eskalada".

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Deportes-de-Montana-y-Escalada

–"Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak: Futbola".

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Futbol

–"Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak: Atletismoa".

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Atletismo

–"Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak: Hipika".

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Disciplinas-hipicas

3. Izangai bakoitzak izena emateko orri bakar bat bete beharko du, arestian aipatutako kirol espezialitate edo modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan agertzen den ereduaren arabera.

Izena emateko orria zer ikastetxetan aurkezten den, ikastetxe horrek hura aurkeztu izanaren frogagiria emanen du.

4. Taula honetan ageri da zein den kirol irakaskuntzen modalitate bakoitzean sartzeko proba espezifikoetarako izena emateko orria aurkezteko epea:

EPEA

KIROL IRAKASKUNTZAK

2024ko apirilaren 15etik 19ra (14:00ak arte), biak barne

Hipikako hasiera zikloa

Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplinetako amaiera zikloa

2024ko apirilaren 15etik 19ra (14:00ak arte), biak barne

Mendi Ibilietako erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloa

Mendi Ertainetako amaiera zikloa

Eskaladako amaiera zikloa

2024ko abuztuaren 26tik 29ra (14:00ak arte), biak barne

Atletismoko kirol teknikaria, hasiera zikloa

2024ko abuztuaren 26tik 29ra (14:00ak arte), biak barne

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

5.–Dokumentazioa.

Izena emateko orriarekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren nortasun txartelarena.

–Erdi mailako edo goi mailako kirol irakaskuntzetan sartzeko eskakizun akademikoa betetzen dela frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Kasua bada, desgaitasunaren frogagiria.

–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.

6.–Izena emateko tasak.

Honako hauek dira probetan izena emateko tasak Zenbait zerga aldatzeari eta beste tributu neurri batzuk aldatzeari buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, non sortu baitziren 14. eta 15. tarifak, hots, araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoan izena emateko tarifa eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoan izena emateko tarifa:

a) Futboleko erdi mailako irakaskuntzen lehen ikasmailan eta Atletismoko erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloan sartzeko proba:

–Tarifa arrunta: 45 euro.

–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako familia ugariko kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 22,50 euro.

–Familia ugari bereziko edo 2. kategoriako familia ugariko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak; eta langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez): doan.

b) Honako hauetan sartzeko probak: mendi Ibilietako erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloa, Mendi Ertaineko erdi mailako irakaskuntzen bukaera zikloa, Eskaladako erdi mailako irakaskuntzen bukaera zikloa, eta Hipikako Diziplinetako (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa) irakaskuntzen hasiera eta amaiera zikloak:

–Tarifa arrunta: 80 euro.

–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako familia ugariko kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 40 euro.

–Familia ugari bereziko edo 2. kategoriako familia ugariko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak; eta langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez): doan.

ONARTUEN ETA BAZTERTUEN ZERRENDA

7.–Onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Deitutako probetan izangai kopuru hau onartuko da gehienez:

–25 izangai, Mendi Ibilietako hasiera zikloko probetan.

–20 izangai, Mendi Ertaineko amaiera zikloko probetan.

–12 izangai, Eskaladako amaiera zikloko probetan.

–60 izangai, Futboleko lehen ikasmailako probetan.

–25 izangai, Atletismoko hasiera zikloko proban.

–15 izangai, Hipikako hasiera zikloko proban eta Hipikako Diziplinetako (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa) amaiera zikloko proban.

2. Deitutako probetan, kasuan kasuko modalitatean onartzen den gehieneko izangai kopuruaren %30ek eman beharko du izena.

3. Baldin izena ematen duten izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda prestatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:

a) Mendi Ibilietako hasierako zikloan, Atletismoko hasierako zikloan, Futboleko lehen ikasmailan eta Hipikako hasiera zikloan sartzeko probak:

–Lehenik: Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Nafarroako Futbol Federazioak, Nafarroako Atletismo Federazioak eta Nafarroako Hipika Federazioak emandako federazio lizentzia indarrean duten izangaiak, zer dagokien.

–Bigarrenik: Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Futbol Federazioak, Atletismo Federazioak eta Hipika Federazioak emandako federazio lizentzia indarrean duten izangaiak, zer dagokien.

–Hirugarrenik: Federazio lizentziarik indarrean ez duten izangaiak.

Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratzen diren taldeetan ikasleen hurrenkera ezartzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2022-2023 ikasturteko onarpen-prozedurarako egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.

b) Mendi Ertaineko amaiera zikloan eta Eskaladako amaiera zikloan sartzeko probak:

–Lehenik: Mendi Ibilietako hasiera zikloa Altsasuko "FP Sakana LH" IBPan egin duten ikasleak.

–Bigarrenik: Mendi Kiroletako eta Eskaladako irakaskuntzen lehen ikasmaila beste ikastetxe batean egin duten ikasleak.

Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratzen diren taldeetan ikasleen hurrenkera ezartzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2023-2024 ikasturteko onarpen-prozedurarako egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.

4. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan ere.

Zerrenda horietan adieraziko da, halaber, izangaiek eskatutako salbuespenen eta probaren egokitzapenen gaineko ebazpena.

5. Erreklamazioak kasuan kasuko ikastetxean aurkezten ahalko dira, dagokion tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiko buruari zuzenduko zaizkio.

6. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.

7. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:

KIROL IRAKASKUNTZAK

PROZEDURAREN FASEA

EGUNAK

Hipikako hasiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2024ko apirilaren 23a

Erreklamazioak

2024ko apirilaren 24tik 26ra

Behin betiko zerrenda

2024ko maiatzaren 6a

Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa hipikako diziplinetako amaiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2024ko apirilaren 23a

Erreklamazioak

2024ko apirilaren 24tik 26ra

Behin betiko zerrenda

2024ko maiatzaren 6a

Mendi Ibilietako erdi mailako kirol teknikaria, hasiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2024ko apirilaren 29a

Erreklamazioak

2024ko apirilaren 30etik maiatzaren 3ra

Behin betiko zerrenda

2024ko maiatzaren 9a

Mendi Ertaineko kirol teknikariaren amaiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2024ko apirilaren 29a

Erreklamazioak

2024ko apirilaren 30etik maiatzaren 3ra

Behin betiko zerrenda

2024ko maiatzaren 9a

Eskaladako kirol teknikariaren amaiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2024ko maiatzaren 8a

Erreklamazioak

2024ko maiatzaren 9tik 11ra

Behin betiko zerrenda

2024ko maiatzaren 17a

Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2024ko irailaren 3a

Erreklamazioak

2024ko irailaren 4tik 6ra

Behin betiko zerrenda

2024ko irailaren 10a

Atletismoko kirol teknikari tituluaren hasiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2024ko irailaren 3a

Erreklamazioak

2024ko irailaren 4tik 6ra

Behin betiko zerrenda

2024ko irailaren 10a

SARRERA PROBA ESPEZIFIKOAK

8.–RAE-MOSE101 sarrera proba espezifikoa, Mendi Ibilietako erdi mailako irakaskuntzen lehen ikasmailan sartzeko.

Mendi Kirolak eta Eskaladako erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuaren X. eranskineko 1. eta 2. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Arroiletako kirol teknikariaren, Eskaladako kirol teknikariaren eta Mendiko kirol teknikariaren tituluak, bai eta irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculuma ere.

9.–RAE-MOME214 proba espezifikoa, Mendi Ertaineko erdi mailako irakaskuntzen amaiera zikloan sartzeko.

Mendi Ertaineko erdi mailako irakaskuntzen bigarren ikasmailan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuaren XIII. eranskineko 1. eta 2. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Arroiletako kirol teknikariaren, Eskaladako kirol teknikariaren eta Mendiko kirol teknikariaren tituluak, bai eta irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculuma ere.

10.–RAE-MORO209 proba espezifikoa, Eskaladako erdi mailako irakaskuntzen amaiera zikloan sartzeko.

Eskaladako erdi mailako irakaskuntzen bigarren ikasmailan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuaren XII. eranskineko 1. eta 2. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Arroiletako kirol teknikariaren, Eskaladako kirol teknikariaren eta Mendiko kirol teknikariaren tituluak, bai eta irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculuma ere.

11.–Futboleko kirol teknikariaren ikasketen lehen ikasmailan sartzeko proba espezifikoa.

Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen ditu Futbola eta Areto-futbola espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

12.–RAE-ATAT101 sarrera proba espezifikoa, Atletismoko erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloan sartzeko.

Atletismoko erdi mailako irakaskuntzen hasierako ziklora sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago irailaren 6ko 669/2013 Errege Dekretuaren VII. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek Atletismoko kirol teknikari tituluak ezartzen ditu, bai eta irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculumak ere.

13.–RHE-HIHI101 sarrera proba espezifikoa, Hipikako Diziplinetako (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa) hasiera zikloan sartzeko.

Hipikako Diziplinetako (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa) erdi mailako ikasketen hasiera zikloan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak Hipikako Diziplinetako (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa) espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko baldintzak arautzen.

14.–RAH-HISD-201 sarrera proba espezifikoa, Hipikako Diziplinetako (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa) amaiera zikloan sartzeko.

Hipikako Diziplinetako (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa) erdi mailako ikasketen amaiera zikloan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuaren IX. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen ditu Hipikako Diziplinetako (jauzia, heziera eta lehiaketa osoa) espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko baldintzak arautzen.

15.–Informazio bilera.

Sarrera proba espezifikoak egin baino lehen, baliteke informazio bilera bat egitea kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bileran, honako alderdi hauei buruzko argibideak emanen dira: probaren edukia eta ezaugarriak, probak egiteko behar diren jantziak eta kirol materiala, eta probekin loturiko beste alderdi batzuk.

Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta dagokion tramiteen fitxan argitaratuta.

16.–Izangaientzako informazioa eta orientazioa.

Kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek argibideak eta orientazioa eman beharko dizkiete interesdunei, honako hauei buruz: ikasketak, inskribatzeko prozedura eta kirol modalitateetan sartzeko proba espezifikoak.

17.–Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.

Baliteke proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egitea, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba egun batean baino gehiagotan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.

Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak egun hauetan eginen dira:

DATAK (1)

KIROL IRAKASKUNTZAK

2024ko maiatzaren 13a

Hipikako hasiera zikloa

Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa hipikako diziplinetako amaiera zikloa

2024ko maiatzaren 27a

Mendi Ibilietako erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloa

2024ko maiatzaren 28a eta 29a

Mendi Ertaineko kirol teknikariaren amaiera zikloa

2024ko maiatzaren 28tik 30era

Eskaladako kirol teknikariaren amaiera zikloa

2024ko irailaren 17a

Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila

2024ko irailaren 19a

Atletismoko hasiera zikloa

(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira, eta aurreratu edo atzeratzen ahalko dira. Nolanahi ere, garaiz argitaratu beharko dira "Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak" izeneko fitxan, kasuan-kasuan dagokion modalitatekoan. Fitxa horiek ikusteko, Hezkuntza Departamentuaren https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio web-orritik abiatu behar da.

Proba egiteko eguna, ordua eta tokia proben aurreko informazio bileretan jakinaraziko dira, bai, halaber, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan, behar den denborarekin.

Probak hasteko ezartzen den ordua baino ordu erdi lehenago eginen da proba bakoitzerako deia. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, eta ariketak egiteko beharrezkoa den materiala eta ekipamendua eraman beharko dute.

18.–Proba espezifikoak gidatzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaia.

1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.

2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarritik 12.era bitartekoetan adierazitako errege dekretuetan xedatutakoaren arabera.

3. Kirol modalitate eta espezialitate guztiei dagozkien irakaskuntzak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak izenda ditzake sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako.

4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da bermatzea sarrera proba garatzen dela ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz.

5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da sarrera probari buruzko aktak egitea, eta egiaztatzea proba hori egiten dela ebazpen honetan ezarritakoa eta gainerako araudi indarduna betez. Horrez gain, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.

6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hura modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak ebaluatzea proba osatzen duten ariketetan, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, beraiek bakarrik baloratuko dute proba.

7. Epaimahaiek aukera izanen dute Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko Zuzendaritzari aholkulariak izenda ditzan proposatzeko; horien zeregina izanen da probak prestatzeko eta egiteko aholkularitza eta laguntza ematea. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da, era berean, aholkulari horiek izendatzeaz.

8. Epaimahaiei dagokie sarrera proba espezifikoak martxan jartzean eta garatzean sortzen ahal diren kontu tekniko eta logistiko ororen berri izatea eta horiek ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute proben garapenarekin lotutako alderdietan eta, aipatutako gaiei dagokienez, oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.

9. Salbuesteko eskaerak ebaztea ere epaimahai ebaluatzaileei dagokie.

10. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.

PROBEN EMAITZAK ETA ERREKLAMAZIOAK

19.–Azken kalifikazioa.

Sarrera proba espezifikoak "Gai" edo "Ez gai" terminoekin kalifikatuko dira. "Gai" balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera.

20.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.

1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeetako iragarki-taulan eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan argitaratuko dira.

Sarrera proba espezifikoen behin-behineko emaitzak proba bakoitza bukatu ondoko hiru eguneko epean argitaratuko dira.

2. Behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita, izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan dagoen ereduaren arabera.

3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak bi eguneko epean argitaratuko dira, probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko epea bukatu eta biharamunetik, bai kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan, bai kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxan.

Behin betiko emaitzak argitaratuta beteko du epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.

AKREDITAZIOAK

21.–Proba espezifikoen balioa eta egiaztapena.

Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko baitu. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak emanen du egiaztagiri hori.

Interesdunek ebazpen honen xedeko kirol irakaskuntzetarako sarrera proba espezifikoak gainditu izanaren egiaztagiriak hartzeko aukera izanen dute, inskripzioa egin zuten ikastetxean, behin betiko emaitzak argitaratu eta zazpi eguneko epea igaro ondoren. Inskripzioa modu telematikoan egiten duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan) jasotzen ahalko dituzte ziurtagiriak, arestian adierazitako epean.

Ez da inola ere emanen probaren zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk.

Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2402538