50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4E/2024 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, akatsak zuzentzen dituena Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak abenduaren 20an emandako 233E/2023 Ebazpenean, zeinaren bidez dirulaguntza honen deialdia onetsi baitzen: "Irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzako dirulaguntza, migratzaile eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak egin ditzaten". DDBN identifikazioa: 735478.

Akats batzuk atzeman dira Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 233E/2023 Ebazpenean: alde batetik, I. eranskinaren 7. oinarriaren 3.atalean, A azpiatalaren I) tartekian, finantza-gastuen finantzaketa aipatzen da, eta, aldiz, horren aurretik, 2.3 oinarrian zehazki, adierazten da finantza-gastuak ez direla kostu diruz lagungarriak (I. eranskinean deialdiaren oinarriak daude, irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak nola eman arautzen dituztenak, migratzaile eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak egin ditzaten); bestetik, 12. oinarriaren h) atalean erreferentzia egiten zaio, oker egin ere, IX. eranskinari, Europar Batasunaren ikurrak izan behar dituen ezaugarri teknikoei dagokienez, erreferentzia hori XI. eranskinari egitekoa baitzen; eta, azkenik, ez dira agertzen X. eta XI. eranskinak. Horregatik guztiagatik, horiek zuzentzeko, bidezkoa da akats zuzenketa egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125.1 artikuluaren bidez eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zuzentzea Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 233E/2023 Ebazpenaren I. eranskineko 7. oinarriaren 3.atala, zehazki, A azpiatalaren I) tartekia –eranskin horretan daude deialdiaren oinarriak, irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak nola eman arautzen dituztenak, migratzaile eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak egin ditzaten 2024. urtean–. Honela idatzita geldituko da:

"l) Hala badagokio, eta 10. oinarrian xedatutakoari dagokionez, aurrerakin eskaera eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eta premia frogatzeko egiaztagiriak, III. eranskineko ereduaren arabera."

2. Zuzentzea Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 233E/2023 Ebazpenaren I. eranskineko 12. oinarriaren h) atala –eranskin horretan daude deialdiaren oinarriak, irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak nola eman arautzen dituztenak, migratzaile eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak egin ditzaten 2024. urtean–. Honela idatzita geldituko da:

"h) Dirulaguntzaren jatorria jakitera ematea, diruz lagundutako proiektuen zabalkunde eta publizitate orotan, baita zerbitzua ematen den lokalean ere. Zabalkunde idatziaren edo grafikoaren kasuan, Batasunaren ikurra jarri beharko da, XI. eranskinean agertzen diren ezaugarri teknikoen arabera, inbertsio fisikoak eskatzen dituzten eragiketen betetze fisikoa hasi bezain laster edo erositako ekipoak instalatu bezain laster. Onuradunaren webgunean, halakorik badute, eta hedabide sozialetako beren kontuetan, eragiketaren deskribapen laburra jarri beharko dute, laguntzaren mailaren, helburuen eta emaitzen neurrikoa, eta Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute."

3. Zuzentzea Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 233E/2023 Ebazpenean X. eta XI. eranskinak jarri ez izana, aipatu ebazpenarekin argitaratu behar ziren-eta; jarraian adierazten direnak dira:

X. ERANSKINA.–EGIF+ KAPITULUAREN ADIERAZLE KOMUNAK, BABES OROKORRARI BURUZKOAK, KUDEAKETA PARTEKATUKO ARAUBIDEAN

Datu pertsonalak generoaren arabera banakaturik eman beharko dira («gizonezkoa», «emakumezkoa» edo «ez binarioa» (1)).

Emaitza jakin batzuk posible ez badira, emaitzen adierazle horiei dagozkien datuak ez dira ez bildu ez jakinarazi beharko.

Bidezko denean, zilegi izanen da gauzapenaren adierazle komunak jakinaraztea eragiketaren hartzaile den taldearen arabera.

1.–Gauzapenaren adierazle komunak, pertsonei zuzendutako eragiketei buruzkoak.

1.1. Hauek dira gauzapenaren adierazle komunak, parte-hartzaileei buruzkoak:

  • Langabeak, luzarokoak barne (*1),
  • Luzaroko langabeak (*1),
  • Jardunean ez daudenak (*1),
  • Landunak, norberaren kontura ari direnak barne (*1),
  • 18 urtetik beherako haurren kopurua (*1),
  • 18 eta 29 urte bitarteko gazteen kopurua (*1),
  • 55 urteko edo hortik gorako parte-hartzaileen kopurua (*1),
  • Gehienez ere bigarren hezkuntzako lehen zikloa (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua –HNSN– 0-2) duten pertsonak (*1),
  • Bigarren hezkuntzako bigarren zikloa (HNSN 3) edo ondorengoko hezkuntza maila (HNSN 4) duten pertsonak (*1),
  • Goi mailako edo hirugarren mailako ikasketak (HNSN 5-8) dituzten pertsonak (*1),
  • Parte-hartzaile kopurua guztira (2).

Datuak erregistroetatik hartzen badira, edo iturri baliokideetatik, Europar Batasuneko estatuek definizio nazionalak erabiltzen ahalko dituzte.

1.2. Gauzapenaren beste adierazle komun batzuk, parte-hartzaileei buruzkoak:

  • Desgaitasuna duten parte-hartzaileak (*2),
  • Hirugarren herrialdeetako nazionalitatea dutenak (*1),
  • Atzerritar jatorria duten parte-hartzaileak (*1),
  • Gutxiengoen parte diren parte-hartzaileak (barne direla komunitate baztertuak, hala nola erromaniak) (*2),
  • Etxerik ez duten pertsonak edo etxebizitza arloko bazterkeriak ukitutakoak (*1),
  • Landa eremuetako parte-hartzaileak (*1).

Datu bilketa egitea beharrezkoa da soil-soilik bidezkoa eta egokia bada.

1.2 puntuan aipatzen diren adierazleen balioak zehazteko, zilegi izanen da onuradunak egindako estimazio funtsatuak hartzea oinarri.

1.2 puntuan aipatzen diren adierazleetarako, Europar Batasuneko estatuek definizio nazionalak erabiltzen ahalko dituzte, adierazle hauetarako izan ezik: «hirugarren herrialdeetako nazionalitatea dutenak» eta «landa eremuetako parte-hartzaileak».

2.–Berehalako emaitzen adierazle komunak, parte-hartzaileei buruzkoak.

Hauek dira berehalako emaitzen adierazle komunak, parte-hartzaileei buruzkoak:

  • Parte hartu ostean lana bilatzen duten parte-hartzaileak (*1),
  • Parte hartu ostean hezkuntza edo prestakuntza sistemara sartu diren parte-hartzaileak (*1),
  • Parte hartu ostean kualifikazio bat lortu duten parte-hartzaileak (*1),
  • Parte hartu ostean enplegua –norberaren konturakoa barne– duten parte-hartzaileak (*1).

Datuak erregistroetatik hartzen badira, edo iturri baliokideetatik, Europar Batasuneko estatuek definizio nazionalak erabiltzen ahalko dituzte.

3.–Epe luzerako emaitzen adierazle komunak, parte-hartzaileei buruzkoak.

Hauek dira epe luzerako emaitzen adierazle komunak, parte-hartzaileei buruzkoak:

  • Parte hartu eta sei hilabetera enplegua –norberaren konturakoa barne– lortu duten parte-hartzaileak (*1),
  • Parte hartu eta sei hilabetera lan merkatuan zuten egoera hobetu duten parte-hartzaileak (*1).

Datuak erregistroetatik hartzen badira, edo iturri baliokideetatik, Europar Batasuneko estatuek definizio nazionalak erabiltzen ahalko dituzte.

Epe luzerako emaitzen adierazle komunak 2026ko urtarrilaren 31n jakinarazi beharko dira beranduenez, bat etorriz 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 42. artikuluko 1. atalarekin eta erregelamendu horren 43. artikuluak aipatzen duen errendimenduari buruzko amaierako txostenarekin.

Gutxieneko baldintza da epe luzerako emaitzen adierazle komunak parte-hartzaileen lagin adierazgarri batean oinarritzea, 4. artikuluko 1. ataleko a) letratik k) letrara bitarte ezarritako helburu espezifikoetan. Laginaren barne baliozkotasuna bermatu beharko da, datuak helburu espezifikoaren mailan orokortu ahal izan daitezen.

(1) Zuzenbide nazionalaren arabera.

(*1) Emandako datuak datu pertsonalak dira, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 4. artikuluko 1. atalaren arabera.

(2) Adierazle hau automatikoki kalkulatu behar da lan egoerari buruzko gauzapenaren adierazle komunak oinarri hartuta.

(*2) Emandako datuak datu pertsonalen barneko kategoria berezi batean daude, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera.

XI. ERANSKINA

1. Ikurrak gailenduta agertu beharko du eragiketa baten aplikazioaren berri emateko eta publikoari eta parte-hartzaileei zuzendutako material guztietan, hala nola inprimatutako produktuetan edo produktu digitaletan, webguneetan eta horien mugikorrerako bertsioetan.

2. "Europar Batasunak finantzatua" edo "Europar Batasunak kofinantzatua" adierazpena laburtu gabe idatziko da, ikurraren ondoan.

3. Ikurrarekin batera erabili behar den letra tipoa honako hauetako edozein izan daiteke: Arial, Auto, Calibri, Garamond, Trebuchet, Tahoma, Verdana edo Ubuntu. Ezin dira erabili letra etzana, azpimarra edo gailentzeko beste edozein efektu.

4. Ikurrarekin batera jarri beharreko testuaren kokalekuak ez dio inola ere eragin behar ikurrari.

5. Ikurraren tamainaren araberakoa izanen da erabiliko diren karaktereen tamaina.

6. Karaktereen kolorea Reflex Blue, beltza edo zuria izanen da, hondoaren arabera.

7. Ikurra ez da ez aldatuko ez beste elementu grafiko edo testuren batekin konbinatuko. Ikurrarekin batera beste logotipo batzuk paratzen badira, ikurrak eta logotipo handienak tamaina berbera izanen dute, altueran edo zabaleran. Ikurraz gain, ez da beste inolako ikus-identitate edo logotipo erabiliko Batasunaren laguntza nabarmentzeko.

8. Hainbat eragiketa toki berean egin behar direnean, egon horiek finantzaketa tresna berberak edo desberdinek finantzatuta, edo eragiketa bererako finantzaketa osagarria ematen denean beranduago, plaka edo kartel bat paratuko da gutxienez.

Erabili beharreko ikus baliabideak (logotipoak) eta ikurra erabiltzeko eskuliburuak honako esteka honetan deskargatu daitezke:

https://www.navarra.es/es/web/programas-europeos/fse-2021-2027/comunicaci%C3%B3n

4. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko otsailaren 13an.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Marisol de la Nava Martín.

Iragarkiaren kodea: F2402588