50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: "Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2024".

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 37. artikuluan honakoa adierazita dago: laguntzak eta dirulaguntzak. Kultura arloan eskuduna den departamentuak urtero dirulaguntzak eta laguntzak ezarriko ditu kultur sektore batzuetan.

Argitalpenaren sektoreko kultura politikaren esparruan, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du onestea "Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2024" izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak, 55.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartzen da betetzen direla aipatutako gastua baimentzeko beharrezkoak diren helburua eta legez ezarritako baldintzak eta betebeharrak, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat 2024" dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20000-A2010-4816-334200: Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat

2024

55.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 15ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK.–EDIZIORAKO LAGUNTZAK IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEENTZAT, 2024

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdiak hauxe du helburu: irabazi-asmorik gabeko entitateei ekonomikoki laguntzea liburuak eta aldizkariak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan, edo argitalpen diskografikoak, baldin eta edukiak artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak badira. Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, eta 2023ko azaroaren 24tik 2024ko azaroaren 25era bitarte argitaratuak, bi data horiek barne.

1.2. Deialdi honen helburua da obren argitalpena sustatzea, lotura dutenean beren komunitatean errotze handia duten, lurralde osoan presentzia duten eta izaera kultural edo artistikoko lan aitortua edo memoria berreskuratzeko eta ondarea zaintzekoa egiten duten entitateekin edo entitate horiek bultzatu dituztenean, baita obrek izaera sozial eta komunitarioa dutenean ere.

1.3. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira obrak.

1.4. Deialdi honen ondorioetarako, ez da argitalpen artistiko, kultural edo zientifikotzat hartuko:

–Kultur edo eskola buletinak, gida didaktikoak, ikuskizun gidak, urtekariak, auzo aldizkariak, katalogoak eta antzekoak.

–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.

–Urteko ale guztiak hartuta, espazioaren %30etik gora, batez beste, publizitateari uzten diotenak.

–Beste argitalpen baten gehigarri edo ale berezi gisa edo harekin batera eskaintzen diren argitalpenak.

–Maiztasun egonkorra ez duten aldizkako argitalpenak.

–Web-orriak.

–Erakusketetako katalogoak.

–Balorazio batzordearen iritziz egileak eta haien lanak sustatzeko egiten diren argitalpenak.

–Batzordearen iritziz, nagusiki laguntzaren xede den argitalpenaz bestelako obra edo prozesu sortzaile baterako euskarri izatea helburu duten materialez edo baliabide teknikoez osatuta daudenak.

–Berrinprimatzeak, berrargitaratzeak eta argitaratutako obren itzulpenak.

1.5. Ez da onartuko aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektu argitaratu gabeak.

1.6. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

2.1. Laguntza hauen onuradun izan nahi duten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Haren estatutuetan agertuko da helburu kulturala duela. Entitatearen helburu kulturala frogatu behar da, b) puntuan eskatzen den antzinatasunarekin eta c) puntuan eskatzen den Nafarroako egoitza sozial eta fiskalarekin batera.

b) Legez 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.4. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Toki-erakundeak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak.

–Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeen partaidetza nagusia duten fundazioak eta sozietate publikoak.

–Sindikatuak eta entitate korporatibo profesionalak.

–Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuetan deialdi honen xede diren proiektuak egiteko partida izenduna duten entitateak.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (55.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da eta proportzionalki jaitsiko da zenbatekoa, puntuazioaren arabera.

3.2. Entitate bakoitzeko laguntza ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen.

3.3. Entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, hori banatu daiteke proportzionalki 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak lortu dituzten proiektuen artean, oinarri hauetan ezarritako laguntzaren portzentajea eta gehieneko zenbatekoa errespetatuz betiere.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Clave sistema eduki beharko da. Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da.

Entitateak aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko. Kanpoan geldituko dira entitatearen legezko ordezkaritzarik ez duten pertsona fisikoek egindako eskaerak.

4.3. Laguntza eskaera eskaera ereduaren (I. eranskina) arabera aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

a) II a eranskina. Liburuaren datu orokorrak eta ezaugarri teknikoak.

b) II b eranskina. Obraren kostuak, BEZa banakatua.

c) Argitalpen osoa edo, gutxienez, argitalpenaren aurkibidea eta kapitulu bat, edo diskoaren maketa, argitaldiaren ahalik eta egoera aurreratuenean dagoena eskaera aurkezten den unean. Proiektua 2023ko azaroaren 24tik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte editatua bada, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.

d) Memoria bat, honako hauek jasoko dituena:

–Edukiaren laburpena.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehaztuko dira.

–Egilearen CV laburra.

e) Entitatearen estatutuak.

f) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

g) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

4.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko e), f) eta g) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Eskaera ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

4.6. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko, eta liburua, aldizkaria edo diskoa argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira, mugaeguna 2024ko azaroaren 25a izanik. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira argitalpena garatzean egiten diren hauek:

–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).

–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).

–Itzulpena, idazketa, zuzenketa edo dokumentazioa, entitate eskatzaileak eginak ez direnak.

–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.

–Grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada, entitate eskatzaileak eginak ez badira. Proiektua gauzatzeko ezinbesteko gastuak, hala nola estudioa alokatzea, grabazio eta argitalpen lanak, musikariak kontratatzea, argazkia, libretoaren diseinua, azala eta galleta, CDaren inprimaketa, etab.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Igorketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak, baita langileria gastuak ere.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Entitateak berreskuratu edo konpentsatzen ahal duen balio erantsiaren gaineko zerga.

–Ostatu eta bidaia gastuak eta dietak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko ditu, ebazpen bidez, batzorde horretako kideak, eta haien izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (http://www.nafarroa.eus/home_eu/Servicios/). Honako hauek izanen dira:

–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Argitalpen Batzordeko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua eta Argitalpen Bulegoko burua.

–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea: Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, deialdian onartua izateko bete behar diren baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea: ebaluazio batzordeak onartzen diren proiektuak jaso eta aztertuko ditu, bakoitza bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea: ebaluazio batzordea puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, ebaluazio batzordeak zehaztuko du 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da eta proportzionalki jaitsiko da zenbatekoa, puntuazioaren arabera.

Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sormena, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (35).

–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak izatea (20).

–Egileen ibilbidea (10).

–Lanean genero estereotipoak hausten dituzten eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten edukiak sartzea, bai eta hizkuntza inklusiboa eta ez-diskriminatzailea erabiltzea ere. (5).

b) Proiektua bat etortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen helburuekin, gehienez ere 15 puntu:

–Garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarri izan diren edukiak (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, antropologia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), eta gai esparru berriak, gaur egunekoagoak (soziologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak, filosofia, arte garaikidea, kultur aniztasuna edo herritarren parte-hartzea) (8).

–Euskararen presentzia (5).

–Emakumeek edizioaren balio-katean parte hartzea (egiletza, diseinua, maketazioa) (2).

c) Nafarroarekiko lotura, gehienez ere 5 puntu:

–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kulturalak, historikoak, herrikoak eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.

d) Entitate eskatzailearen ibilbidea (gehienez ere 10 puntu).

–Entitatearen lurralde eremua edo lurraldeari dagokionez duen garrantzia (gehienez ere 5 puntu).

–Entitateak jardueran emandako urte osoak (5 puntu).

  • 10 urte baino gehiago: 5 puntu.
  • 7tik 10 urte bitarte: 3 puntu.
  • 4tik 6 urte bitarte: 2 puntu.
  • Urte 1etik 3 urtera bitarte: 1 puntu.

7.2. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzeko ere.

Ez dute inolako laguntzarik jasoko 50 puntu lortzen ez dutenek.

7.3. "Argitalpenaren kalitate artistikoa eta interesa" 7.1.a) apartatuan gutxienez 35 puntu lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Horretaz gainera, entitate eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskaeran berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: ipvpubli@navarra.es.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultura mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat joko dira.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultura proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, entitate onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro telematikoaren bidez:

a) Gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena eta, hala badagokio, eskatutako dokumentazioa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. eta 12.4 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.

b) Hala badagokio, Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, BEZaren aitorpenak egitetik aske edo salbuetsita dagoela egiaztatzen duena.

c) III. eranskina (Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak).

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2023ko azaroaren 24tik 2024ko azaroaren 25era bitartean, bi data horiek barne.

10.4. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.6. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: «Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura, Deporte y Turismo/ Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana». Haren ondoan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala azalduko da, Agenda 2030 logoarekin batera. Logoa eta erreferentzia lotuta egonen dira beti.

Logotipoa eta hura erreproduzitzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orri honetan lortuko dira: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Logotipoa zuzen agerrarazi dela egiaztatzeko, beharrezkoa izanen da agertuko den orrialdeen proba bat igortzea, PDF formatuan, liburua, aldizkaria edo CDa inprentara igorri baino lehen.

Diruz lagundutako proiektuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitalpen enpresen eskuetan dauden aleetan.

10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.

Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.11. Dirulaguntzaren entitate onuradunek argitaratutako obraren ale bat aurkeztu beharko dute.

10.12. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

11. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

11.1.1. Ordainketa.

Behin onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Zerrenda zenbakitu eta zehaztua, egindako gastuen fakturena edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriena, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko. Honako hauek jasoko dira zerrendan: hornitzailearen/igorlearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZ, PFEZ eta osoko kopurua) eta ordainketa data. Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, fakturak aurkeztuko dira edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo egindako gastuak justifikatzeko eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, baldin eta ordainketa horiek dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen badute eta liburua, aldizkaria edo diskoa argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.1.2. Konturako ordainketa:

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen badute eta liburua, aldizkaria edo diskoa argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Salbuespenez:

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, entitateak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, dirulaguntzaren likidaziorako, entitate onuradunek honako material eta agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2024ko azaroaren 25a baino lehen, egun hori barne, frogagiri gisa:

a) Egindako argitalpenaren ale bat.

b) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa (erregistro telematikoaren bidez aurkeztuko da nahitaez).

Konturako ordainketaren bat egin bada, entitate onuradunek 2024ko abenduaren 20ra arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.

Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2025eko urtarrilaren 31n, egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkio Foru Ogasunari; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

13. Dirua itzultzea.

13.1. Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

13.2. Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Deialdi honen bidez dirulaguntza lortuz gero, ezin izanen da proiektu bera aurkeztu Nafarroako Gobernuaren beste deialdi batzuetan.

14.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTEN DUEN DOKUMENTAZIOA:

I. eranskina. Eskaera eredua.

II a eranskina. Liburuaren datu orokorrak eta ezaugarri teknikoak.

II b eranskina. Obraren kostuak, BEZa banakatua.

Argitalpen osoa edo, gutxienez, argitalpenaren aurkibidea eta kapitulu bat, edo diskoaren maketa.

Proiektuaren deskripzio-memoria.

Entitatearen estatutuak edo eskriturak.

2023ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

Izen-deiturak: ................................................................................. NANa/IFZ: ...............................; helbidea: ..................................................., kalea: ...................................................................................
PK: ......................................... Telefonoa: .....................................................................................................
Posta elektronikoko helbidea: .............................................................................................................
Bere izenean edo honako hau ordezkatuz (bidezko ez dena ezabatu): .......................................................................................................................... entitatea: ..................................... IFZ: ...............................;
helbidea: ..................................................., kalea: ...........................................................................................
PK: ......................................... Telefonoa: ......................................................................... Posta elektronikoko helbidea: ................................................................................."EDIZIORAKO LAGUNTZAK IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEENTZAT, 2024" izeneko deialdian eskaera aurkezten du, aren (e)ko /2024 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (2024ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ....(e)koa).

Destinoa: BALIABIDEEN ETA GARAPEN ESTRATEGIKOAREN ATALA.

AURKEZTUTAKO PROIEKTUAREN ZENBATEKOA, GUZTIRA

(eurotan)

ESKATUTAKO DIRULAGUNTZA *

(eurotan)

ESKATUTAKO DIRULAGUNTZAREN % **

%

Hiru eremuak derrigorrezkoak dira.

BEZa barne, BEZa berreskura dezaketen entitateen kasuan izan ezik.

* 3.000 euro gehienez.

** Proiektuaren kostuaren %70 gehienez.

Eta oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) II a eranskina. Liburuaren datu orokorrak eta ezaugarri teknikoak.

b) II b eranskina. Obraren kostuak, BEZa banakatua.

c) Argitalpen osoa edo, gutxienez, argitalpenaren aurkibidea eta kapitulu bat, edo diskoaren maketa.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria.

e) Entitatearen estatutuak edo eskriturak.

f) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

g) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

h) Edo, bestela, agiri horiek Administrazioak badituela adierazten du (adierazi zein agiri den eta erregistro zenbakia).

2. Adierazten du ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik, ezta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakorik ere.

3. Dirulaguntzaren xedeko proiektuari dagokionez, adierazten du:

Ez duela eskuratu ez eskatu inolako dirulaguntzarik administrazio honen, beste administrazio publikoen, ente publiko edo pribatuen edo partikularren aldetik, ez Espainian ez nazioartean.

Espainian edo nazioartean eskuratu/eskatu dituela administrazio honen, beste administrazio publikoen, ente publiko edo pribatuen edo partikularren aldetik, dirulaguntza hauek:

ZER ENTITATERI ESKATU ZAION
LAGUNTZA

ESKATUTAKO
ZENBATEKOA

DIRULAGUNTZAREN EGOERA

(ESKATUA/ONARTUA/ORDAINDUA)

4. Datuak eguneratzeari dagokionez, aitortzen du konpromisoa hartzen duela Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari idatziz adierazteko, 15 eguneko epean gehienez, aitorpen honetan zehaztutako dirulaguntzen gainean izaten den edozein aldaketa.

5. Organo kudeatzaileari baimena ematen dio behar diren ziurtagiriak lortzeko Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik, Nafarroako Zerga Ogasunetik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik.

DATU PERTSONALAK BABESTEAREN GAINEKO INFORMAZIOA:

Datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (enlace a EUR-lex) eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf). Erregelamendu horren 13. artikuluan xedatutakoa betez, hauxe jakinarazten da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA

Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua.

Navarrería kalea 39, 31001 Iruña.

culturaydeporte@navarra.es

DATUAEN BABESERAKO ORDEZKARIA

Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritza.

dpd@navarra.es

TRATAMENDUAREN XEDEA

Deialdi honetan duen parte-hartzea kudeatzea.

TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA

Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

DATUEN JATORRIA

Identifikazio eta harremanetarako datuak, datu fiskalak eta lanekoak, finantza eta banku datuak, eta, kasua bada, datu akademikoak eta profesionalak, eskaeratik jasoko dira, eta, errekerimendua egin ondoan, baita beste edozein administraziotatik ere, batez ere Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik, Nafarroako Zerga Ogasunetik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik.

DATUAK GORDETZEKO EPEA

Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, datuak gordetzen ahalko dira interes publikoko gaiak artxibatzeko, ikerketa zientifiko edo historikoetarako edota helburu estatistikoetarako.

DATUEN LAGAPENA

Ez da aurreikusten datuak hirugarrenei lagatzea, salbu eta araudiak baimentzen badu edo ukitutakoek adostasuna ematen badute.

ERABILTZEN AHAL DIREN ESKUBIDEAK

Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea duzu datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, indarreko araudiak ezarritako moduan.

Datuen babesari buruz dituzun eskubideak urratu direla uste baduzu, erreklamazioa aurkez dezakezu Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan. https://www.aepd.es/.

.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.

(Sinadura)

Izen-deiturak:

NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURA, KIROL ETA TURISMO DEPARTAMENTUA.

III. ERANSKINA.–KULTUR MEZENASGOARI LOTUTAKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAK

Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, legegintzako foru dekretu horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako.

1.–Adierazi deialdi honetan laguntza eskatu duen proiektuak edo jarduerak interes sozialeko deklarazioari buruzko berariazko ebazpenik duen.

BAI

EZ

2.–Baldin eta proiektuak edo jarduerak dirulaguntza eskuratzen badu, adierazi ea nahi duzun horren berri ematea Nafarroako Gobernuaren www.culturanavarra.es/eu web-orrian.

BAI

EZ

Baietz erantzun baduzu, adierazi datu hauek:

–Pertsonaren edo entitatearen izena.

–Proiektuaren edo jardueraren titulua.

–Proiektuaren deskribapen laburra (gehienez ere bost lerro):

–Kontu-zenbakia, informazio hori adierazi nahi baduzu.

–Pertsonaren edo entitatearen harremanetarako datuak.

–Web-orria, informazio hori adierazi nahi baduzu.

Iragarkiaren kodea: F2402893